6. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 14a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ZIZUR NAGUSIA

Deialdia, Zizur Nagusiko Udaleko kontu hartzaile-diruzain lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez eta bitarteko moduan, betetzeko

OINARRIAK

1. Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuan kontu hartzaile-diruzain lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez eta bitarteko moduan, betetzea da deialdi honen xedea.

2. Kontratua administratiboa izanen da eta urte bat iraunen du, nahiz eta luzatzen ahal den urtebeteko hurrnez hurreneko epeetan, gehienez ere lanpostua jabetzan bete arte. Hartara, izendapenak Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuko aldi baterako administrazio-kontratudun bilakatuko du hautatua.

3. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuari dagokionez 251/93 Foru Dekretuan definitzen diren mailetatik A mailari dagokion oinarrizko dirusariak izanen ditu, gehi bateraezineko osagarria, hau da, mailari dagokion oinarrizko soldataren ehuneko 35.

4. Aukeratutako hautagaiak, kontu hartzailearen eginkizunez gain, Diruzaintzari dagozkionak eta Arlo Ekonomikoaren arduradunari dagozkion eginkizunak beteko ditu; bertzeak bertze honako hauek:

-Barne kontrola eta fiskalizazioa.

-Ekonomia, finantza, aurrekontu eta kontabilitate arloko aholkularitza eta kudeaketa; txostenak, aurrekontu proiektuak, ordenantzen gaineko azterlanak eta zerbitzu berrien egokitasunari eta haien ondorio ekonomiko-finantzarioen ebaluazioari buruzkoak.

-Udal-kontabilitatea eraman eta horren garapen materiala egitea, aurrekontuko nahiz aurrekontuz kanpoko gastuak eta dirusarrerak egiteko aginduak ematea barne direlarik.

-Kontabilitate arloko eginkizunak, kontu orokorren prestakuntza eta aurrekontuaren likidazioa.

-Diruzaintza planak egitea, sail horri agintzen zaizkion kobrantzak eta ordainketak bere gain hartuz, baita toki entitatearen fondoak, baloreak eta efektuak erabiltzea eta hauen zainketa ere.

-Kontratazioak kudeatzea eta horietatik heldu diren betebehar fiskalak eta sozialak betetzea.

-Dirubilketa zerbitzuen buruzagitza.

-6/1990 Foru Legearen 294. artikuluan aurreikusten direnak ere.

5. Izangaien baldintzak

Lanpostu honetara aurkeztuko direnek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean ondoan aipatzen diren baldintzak bete behar dituzte:

a) Adinez nagusia izatea eta nazionalitate espainiarra edukitzea.

b) 6/1990 Foru Legearen 251.2.a) artikuluak ezartzen duena betez, Ekonomi edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko lizentziatuaren titulua edukitzea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izana.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoa izatea.

6. Aitzineko baldintzak 18. oinarrian aurreikusten diren epean eta moduan egiaztatu behar ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar ditu.

7. Probetan parte hartu ahal izateko eskabideak Zizur Nagusiko Udaletxeko Erregistroan aurkeztu behar dira, deialdi honetako IV. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabidearekin batera, espedientea gauzatzeko eta azterketarako eskubidea izateko, Diruzaintzan 1.000 pezeta ordaindu izanaren ziurtagiria eraman beharko da.

8. Deialdi honetako 7. oinarrian aipatzen diren eskabideekin batera lehiaketaldian baloratu behar diren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira. Agiri hauek jatorrizkoak nahiz fotokopia konpultsatuak izanen dira. Aipatu dokumentazioa deialdi honetako eskabideetarako 7. oinarrian ezarri diren epe eta eran aurkezten ez bada, ez dira merezimenduak baloratuko. Nolanahi ere, lehiaketaldian ekarri beharreko merezimenduak baloratzeko, epe muga deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen deneko data izanen da.

9. Behin eskabideak aurkezteko epea bukatuta, alkate udalburuak onartu eta, halakorik bada, baztertuen zerrenda argitaratuko du ebazpen baten bitartez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

10. Bazterturik baldin bada, berriz, zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar eguneko epean, erreklamazioak aurkeztu eta beren eskabideetan akatsik izan baldin bada, horiek zuzentzeko aukera izanen dute.

11. Aipatu epea bukatuta eta erreklamaziorik izan bada, horiek ebatzita, Alkatetzaren ebazpen baten bitartez onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

12. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Luis María Iriarte Larumbe jauna, Zizur Nagusiko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Félix Castor Zunzarren Fernández jauna, Zizur Nagusiko Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikide idazkaria: Jesús Javier Múgica Martirena jauna, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: María Isabel Abadía Sanz andrea, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordezkaria.

13. Epaimahaia ezin osatuko da, ezta jardun ere, kideetatik gehiengoa bertan ez bada. Honako oinarrien interpretazioari eta hauek ezartzeari loturik egon daitezkeen aferak gehiengoz ebatziko ditu. Epaimahaiak, halaber, proba guztietan edo egoki ikusten dituenetan aholkulari adituen laguntza eska dezake.

14. Oposizio-lehiaketa nola eginen:

Oposizio-lehiaketa 2002ko otsailean hasiko da, nonbait hor. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean probak hasteko lekua, eguna eta ordua zehaztuko dira.

A) Lehiaketaldia: deialdi honetako I. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz, hautagaiek egindako ikastaroak, esperientzia eta bertze batzuk baloratuko dira, gehienez ere 30 puntu emanez.

B) Oposizioaldia:

1. Idatzizko proba teorikoa: deialdi honetako II. eranskinean jasotzen diren gaietan oinarrituta, idatzizko ariketak egin beharko dira. Ariketa hauek egiteko zozketaz aukeratutako gaien garapena, erantzun motzeko galderei erantzutea edo biak batera egin ahal izanen dira, epaimahaiak zer erabakitzen duen eta horrela. Proba honek gehienez ere 30 puntuko balioa izanen du. Oposiziotik bazterturik geldituko da gutienez ere 15 puntu lortzen ez dituena.

2. Idatzizko proba praktikoa: deialdi honetako III. eranskinean jasotzen diren gaietan oinarrituta, bi kasu praktikoren gainean idatzi beharko da. Proba honek gehienez ere 30 puntuko balioa izanen du. Oposiziotik bazterturik geldituko da gutienez ere 15 puntu lortzen ez dituena.

3. Proba psikoteknikoak egitea, izangaien egokitasuna neurtzeko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunei dagokienez.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak eginen ditu proba hauek.

Proba hauek, osotara, 10 puntu izanen dituzte, eta oposiziotik bazterturik geldituko dira gutienez ere 5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

15. Proben deialdia

Hauta-probak hasitakoan ez da nahitaezkoa izanen hurrenez hurren eginen diren iragarkien datak, orduak eta lekuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, bai, ordea, aitzineko probak egin diren tokietan eta Udaletxeko iragarki oholean paratzea, hogeita lau ordu lehenago ariketa bera baldin bada eta berrogeita zortzi ordu lehenago bertze ariketa bat baldin bada.

16. Identifikazioa eta bertzelakoak

Hautapen aldiko probak deialdi bakarraren bidez eginen dira eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez onartutako horren ordezkoren bat aldean daramatela agertu behar dute. Bazterturik geldituko dira iragarritako data, ordu eta tokietan edozein arrazoirengatik agertzen ez direnak.

Kopiatzeak eta probetan bertzelako iruzurrak egiteak berehala kanporatzea ekarriko du, deusetan ukatu gabe jarduketa penalak, bidezkoak badira.

17. Epaimahaiaren proposamena

Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak aditzera emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazio osoaren ordenan, izangai bakoitzak lehiaketan eta oposizioko ariketa guztietan ateratako puntuazio osoen batuketa eginda. Halaber, puntu gehien duena izendatzeko proposamena eginen du. Proposamen hori Udaletxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

18. Agirien aurkezpena.

Proposatutako izangaiak ondoko agiriak aurkeztu behar ditu, Udaleko erregistro orokorrean eta 30 egun naturalean banan banako jakinarazpena jasotzen duen egunetik aitzina:

-Nortasun Agiri Nazionalaren frotokopia konpultsatua edo, halakorik ez bada jaiotze aktaren ziurtagiria.

-Zinpeko aitorpena edo hitz emana, Estatu, autonomi erkidego, probintzia, udalerri nahiz toki erakundeen mailako ezein lanpostu edo eginkizunetatik kanporatua izan ez dela eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez dagoela dioena.

-Eskatzen den titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia konpultsatua.

-Karguari dagozkion eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela ziurtatzen duen osasun egiaztagiri ofiziala.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epean betetzen ez bada, behar bezala justifikaturiko ezinbertzeko kasuak salbu, ezin izanen da izendapena eta kontratazioa gauzatu, eta dagozkion eskubideak indarrik gabe geldituko dira.

Horrela izanez gero, izendapen proposamena puntuazioaren ariora hurrenez hurren ondo-ondotik heldu diren izangaiei dagokiela ulertuko da.

19. Izendapena eta karguaz jabetzea

Hautapen prozesua amaiturik, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, proposatutakoa izendatutko du, 18. oinarrian xedatutakoa bete badu, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Izendatutako hautagaiak hilabeteko epea izanen du, izendapena jakinarazten zaionetik, karguaz jabetzeko. Behar bezala justifikaturiko ezinbertzeko kasuak salbu, epe horretan karguaz jabetzen ez bada, lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko ditu eta hura aitzineko oinarrian xedatutakoaren ariora beteko da.

Karguaz jabetu aitzin, izangaiak zin egin edo hitz eman beharko du Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari men eginen diola eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituela.

20. Errekurtsoak

Deialdi honen, bere oinarrien eta oinarriak ezartzeko egintzen aurka ondoren aipatzen diren errekurtsoak para daitezke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza sustatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean jasotzen den administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, aipatu jurisdikzioan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean errekurtsoa jaso duen egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta hurrengo egunetik hasita, aipatu egintza edo erabakia hartu duen organoari errekurtsoa paratzeko asmoaren berri emanda.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean errekurtsoa jaso duen egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, jaun alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetean.

Zizur Nagusian, bi mila eta bateko azaroaren zazpian. Alkate udalburua, Luis María Iriarte Larumbe.

I. ERANSKINA

Deialdi honetako 7. oinarrian ezartzen diren lekuan, moduan eta epean justifikatu beharko diren merezimenduak, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen den egunean izangai bakoitzak duen egoeraren arabera kalifikatuko dira. Puntuak baremo honi jarraikiz emanen dira:

A.1. Bi tituluak, Zuzenbideko lizentziatuarena eta Ekonomi edo Enpresa Zientzietako lizentziatuarena, izateagatik, 6 puntu emanen dira.

A.2. Nafarroako Administrazio Publikoendako egindako zerbitzu urte bakoitzeko, sei hilabetez gutienez, eta ondoren aipatzen diren baldintza hauek beteta, hau da, Ekonomi edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko titulazioa eskatu den lanpostuetan ekonomi, finantza, aurrekontu eta kontabilitate aholkularitza eta kudeaketa eginkizunak betetzeko, nomina eta plantilako funtzionarioa izatea, edo administrazio nahiz lan-kontratuduna izatea, finkoa nahiz aldi baterakoa: 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 9 puntu.

Urte kopurua osoa ez bada, lana egin duten egunei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie.

A.3. Kontabilitate publiko, kontabilitate orokor edo auditoretza finantzarioa lantzeko, unibertsitate publikoek, unibertsitate pribatuek nahiz ofizialki onartuak izan diren zentroek emandako ikastaroengatik; betiere, gutienez, 150 ordutako ikastaro edo masterrak direnean: 0,01 puntu eskola-ordu bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

A.4. Kontusail bikoitzeko sistemetan oinarrituko den kontabilitate publikorako aplikazio informatikoak lantzen dituzten ikastaroengatik : 0,03 puntu eskola-ordu bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu.

Hautagairen batek arestian aipatu diren ezaugarriak dituzten ikastaroetatik bat baino gehiago egin badu, puntuazioari dagokionez, egindako orduak batuko dira, betiere, A.4 epigrafe honek balora dezakeen gehienezko 3 puntuko muga errespetatuko delarik.

A.5. Excel eta/edo Acces-i buruzko informatika ikastaroengatik:

-Nafarroako Administrazio Publikoen Institutuak (NAPI) edo ofizialki onartuak izan diren zentroek emanak direnean: 0,05 puntu eskola-ordu bakoitzeko.

-Bertze zentro batzuek emanak direnean: 0,02 puntu eskola- ordu bakoitzeko.

Nolanahi ere, epigrafe honek gehienez ere 1,92 puntu izanen du.

A.6. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik gehienez ere 1,50 puntu lor daiteke bakoitzetik, eta euskaraz jakiteagatik, berriz, 1,58 puntu.

Hizkuntz eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriak edo ofizialki horren parekotzat jotzen den titulazioak aitzineko lerroaldeko balorazio bera hartuko du.

Halako titulaziorik ez izanez gero, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gainditutako ikasturte bakoitzagatik eta, euskarari dagokionez, gehieneko puntuazioaren 1/12 emanen da Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik.

Lau hizkuntza hauetako bakoitza dakiela ezin baldin bada egiaztatu aitzineko bi lerrokadetan aurreikusi den bezala, proba berariazkoak gainditu beharko dira, horietarako deialdia eginez. Bortz zailtasun mailatan mailakatuko dira, eta horietako bakoitza hizkuntza bakoitzari emandako gehieneko balorazioaren bortzen bateko balorazioa emanen zaio.

Betiere, A.6 epigrafe honetako puntuazioa 6,08 puntu izanen da gehienez.

II. ERANSKINA

1. Toki korporazioen aurrekontu orokorra: Edukia. Betearazpen oinarriak. Eranskinak. Eraketa, izapideak, onespena, argitalpena eta indarrean sartzea. Aurrekontuko aldaketak. 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa.

2. Toki korporazioen aurrekontua: gastuen aurrekontuen egitura. Sailkapen organikoa, funtzionala eta ekonomikoa. Diru sarreren aurrekontuen egitura. Aurrekontuko kontusaila. 271/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa.

3. Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren kanpo fiskalizazioa. Nafarroako Kontuen Ganbara. Eskumenak, eginkizunak eta osaketa. Auditoretzaren printzipio eta arauak sektore publikoan. Auditoretzaren txostena: erregulartasuneko auditoretza eta auditoretza eraginkorra.

4. Administrazio publikoetako kudeaketa adierazleak. Aurrekontuaren, kontabilitatearen, eraketaren, gizarte eta inguruaren adierazleak. Ekonomiaren, eragimenaren eta eraginkortasunaren adierazleak.

5. Administrazio publikoen finantzen azterketa. Epe motz eta luzerako kaudimenaren azterketa. Kapital zirkulatzailea eta haren erabilgarritasuna administrazio publikoetan. Ratioak.

6. Aurrekontuaren emaitza. Diruzaintzako soberakina. Kontu orokorra. Toki entitatearen eta haren erakunde autonomoen urteko egoera eta kontuak. Merkataritza sozietateen kontuak. Entitatearen osoko bilkurarendako eta kudeaketa organoendako informazioa.

7. Nafarroako toki korporazioen zorpetzea. Aurrekontuaren barneko nahiz kanpoko bertzeren finantzaketa: kontzeptua, finantzaketa mota hau ituntzeko mugak eta eskumenak. Abalak. Tutoretza finantzarioa eta baimen legalak.

8. Toki erakundeen ondasunak. Kontzeptua eta motak. Ondasunen kalifikazio juridikoaren aldaketa. Herri ondasunak. Ondasunen gaineko erregelamendua. Inbentarioa: eraketa, egitura eta prestaketa. Amortizazioaren finantza-eginkizuna sektore publikoan.

9. Harreman juridiko-tributarioa. Kontzeptuak: izaera eta osagaiak. Zergagaia: kontzeptua eta kalifikazioa. Subjektu pasiboa. Subjektu aktiboa. Ordena tributarioan eragiteko gaitasuna. Egoitza fiskala.

10. Zerga oinarria: kontzeptua eta determinazio araubidea. Baloreen egiaztapena. Likidazio oinarria. Karga tasa. Zerga zorra.

11. Nafarroako toki ogasunen baliabideak: zuzenbide publikoko dirusarrerak eta zuzenbide pribatuko dirusarrerak. Kontzeptua eta motak. Prezio publikoak. Zerga baliabideak: tasak, kontribuzio bereziak, zergak eta errekarguak.

12. Nafarroako toki ogasunen baliabideak: lurraren gaineko kontribuzioa, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, lurren balio handitzearen gaineko zerga. Trakzio mekanikoa duten ibilgailuen gaineko zerga. Eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga. Luxuzko gastuen gaineko zerga. Hutsik dauden etxebizitzen gaineko zerga.

13. 97/2001 Foru Dekretua, abuztuaren 10ekoa: premiamendu bidezko dirubilketarako prozedura.

14. Nafarroako toki erakundeen lege araubidea. Udalerriak. Udalak. Kontzejuak. Mankomunitateak. Nafarroako bertze toki erakunde batzuk: administrazio barrutiak, tradiziozko batasunak, udalerrien batasunak.

15. Konstituzioa: bilakaera eta ezaugarriak. Sistematika eta egitura. Funtsezko eskubide eta betebeharrak. Konstituzio Auzitegia. Herriaren Defendatzailea. Konstituzioaren erreforma.

16. Administrazio publikoaren ezagutza. Hainbat kontzeptu: lege formala, legegintza eskuordetua eta lege dekretua. Araudizko agintea: kontzeptua eta mugak. Arautegi motak. Araubidezko hierarkia.

17. Egintza administratiboa: kontzeptua, izaera eta sailkapena. Egintza administratiboa osatzen duten elementuak. Isileko egintzak eta administrazioaren isiltasuna. Jakinarazpena.

18. Administrazio egintza: haren betegarritasuna, baliozkotasuna, eraginkortasuna eta atzera botatzea.

19. Administrazio prozedura: kontzeptua eta faseak. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: egitura eta edukiaren azterketa.

20. Administrazio errekurtsoak: kontzeptua eta motak. Errekurtsoa paratzeko legitimazioa eta errekurtsoa onartzen duten gaiak.

21. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa: esanahia eta ezaugarriak. Bilakaera historikoa. Alderdiak, gaitasuna, legitimazioa eta postulazioa. Kontra egin dakiekeen egintzak. Prozeduraren faseak. Epaia.

III. ERANSKINA

1. Kapitalizazio eta eguneratze bakun eta konposatua. Merkataritzako deskontua eta deskontu arrazional bakun eta konposatua. Mugaeguneratze arrunta eta banaz bertzeko mugaeguneratzea. Hitzarmen lineala eta esponentziala. Ehuneko baliokideak kapitalizazio bakun eta konposatuan. Ehuneko eraginkorra, ehuneko nominala, ehuneko zatikatua eta aldez aurretik ordain daitekeen ehunekoa.

2. Errentak. Kontzeptuak eta sailkapenak.

3. Maileguak. Amortizazio sistemak. Diru itzultze bakarra, korrituak aldizka ordaintzeko sistema duen amortizazio bakarra, sistema frantziarra, sistema alemaniarra eta amerikarra, amortizazio konstanteko kuota, urteroko aldagarriak progresio aritmetiko eta geometrikoan. Korritu zatikatuko amortizazio metodoa. Kapitalen osaketa.

4. Jesapen normalak, eta alde bakarreko eta alde biko merkataritza-ezaugarriak dituzten jesapenak.

5. Tasak sortzen dituzten zerbitzu publikoen kostuaren kalkulua.

6. Kontabilitatearen Plan Orokorra. Kontabilitatearen printzipioak; kontuen laukia; kontabilitatearen balorazio arauak, definizioak eta erlazioak. Eragiketa erregistroa, orokorrean.

7. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: kontabilitate agiriak eta kontabilitate liburuak. Kontabilitate eragiketak.

8. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: kontabilitatea abian jartzea. Gastuen aurrekontuaren kontabilitatea. Justifikatu beharreko ordainketak. Kutxa finkoko aurrerakinak. Dirusarreren aurrekontuaren kontabilitatea.

9. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: ibilgetuaren kontabilitatea. Kreditu eragiketen kontabilitatea. Finantza-tutoretzaren kontrola eta Nafarroako Gobernuaren aldetiko baimena jaso beharra. Bertze erakunde publikoen baliabideen administrazioaren kontabilitatea.

10. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: Diruzaintzak aurrekontutik kanpo egiten dituen bertze eragiketen kontabilitatea. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kontabilitatea. Gordailuan dauden baloreen kontabilitatea. Zergak biltzen dituzten agenteen kontrola. Ordenako kontuak. Ekitaldi amaierako eragiketak.

11. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: gastu proiektuak, finantzaketa lotetsia duten gastuak. Diruzaintzako soberakinaren kalkulua eta aurrekontuaren emaitza.

12. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: merkataritzako eragiketen kontabilitatea. Agiriak eta liburuak. Kontabilitateko eragiketak.

13. 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa. Onespenera eraman beharreko egoerak eta informazioa. Toki erakundeen kontu orokorra. Toki erakundeen eta haien menpeko erakunde autonomoen urteko egoera eta kontuak. Erakundearen osoko bilkurarako informazioa.

14. Administrazio publikoen kontabilitatearen magnitudeen azterketa eta interpretazioa, ondare, ekonomia eta finantza aldetik.

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............................................ Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiriaren) zenbakia: ..........., sorteguna: ......., sorlekua: ............ (.......), nazionalitatea: ............., bizilekua: ............ (.......), karrika: ................, posta kodea: ........, telefonoa: .........., lantokiko telefonoa: .........

Zure aitzinera agertuta, honako hau diot:

Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuan kontu hartzaile-diruzain lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez eta bitarteko moduan, betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Lanpostu hori betetzeko deialdian ezarri diren ezgaitasunetarik bakarrik ere ez dudala.

Eskabideak aurkezteko ezarri den epea amaitzean, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Hizkuntzen proba berariazkoak egin nahi dituela, hizkuntza hauei dagokienez: .................... (frantsesa, ingelesa, alemana eta/edo euskara).

Horrenbertzez,

Eskabide hau onar dezazula eta horren arabera, arestian aipatu den lanpostua betetzeko deialdirako eskabidea izenpetzen duena onartutzat jotzea eskatzen dut.

..........(e)n, .....(e)ko .......aren ..(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

ZIZUR NAGUSIKO UDALEKO ALKATE-LEHENDAKARI JAUNA.

Iragarkiaren kodea: A0112362