6. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

2878/2001 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten dio Alfonso Samanes Miranda jaunak eta F. Guerra París jaunak sustatzen duten proiektuari, hots, Valtierran ganadu beltzarentzako bazka granja zabaltzeko proiektuari.

Proiektatutako jarduketa nabe bat eraikitzea da (1.560 plaza), 1.260 m.2ko azalerarekin. Instalazioak Corral de la Quemada izeneko tokian daude, Valtierra udal mugartean, 20.000 m.2ko lur-zati batean. bertan daude sustatzailearen oraingo instalazioak (bi bazkategi nabe). Ustiapenaren edukia, guztira, proiektatutako jarduketekin, bazkako 3.800 plaza dira.

Hiru nabeetan sortzen diren mindak putzu iragazkaitz batean batuko dira, 3.648 m3ko edukierakoa. Lau hilero hustuko da putzu hori, eta mindak nekazaritzako ongarritzat erabiliko dira.

Eraikuntza eginen den aldea zekaleak hazteko alor baten eta oraingo nabeen ondoko lur alferren artean dago. Edonola ere, ez du kaltetuko flora, fauna edo habitat aldetik balio berezirik duen alderik. Inguruan (2 km) Errege Bardeen LIC dago.

Paisaia laborantza alorrak eta gaintoak dira. Granjatik gertu txerrien zazpi ustiapen daude, gutxienez. Horregatik, ez zaio irizten paisaiaren baitan eragin handirik izanen duenik.

Jarduera 97/11/CE Zuzentarauaren I. eranskinean dago. Beraz, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera (maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldarazia) tramitatu behar da.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 29ko 1947/2001 Ebazpenaren bidez, proiektua jendaurrean erakutsi zen ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura hasteko.

Tramite horretan inork ez du alegaziorik egin.

Beraz, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko funtzioak emateko abenduaren 4ko 580/1995eko Foru Dekretuak eman dizkidan eskumenak erabiliz, ondokoa

EBATZI DUT:

1. Valtierran ganadu beltzarentzako bazka granja zabaltzeko proiektuaren ingurumeneko eragin adierazpena egingo da (Alfonso Samanes Miranda jaunak eta F. Guerra París jaunak sustatua). Proposatu den irtenbidea bideragarria ingurumenari dagokionez, eta baldintza hauek bete behar dira:

Kea, gasa, lurrina eta hautsa: Atmosfera Ingurumena Babesteko Legean eta baterako araudian xedaturikoa beteko da.

Isurkin eta hondakin solidoak: Udal ordenantzetan eta indarreko araudian xedaturikoa beteko da. Industria ingeniariak proiektuan (10754 zenbakiz onetsia, 2001.04.05ean) eta geroko eranskinean (2001.07.04an onetsia) proposatutako baldintzak bete behar dira.

Obraren azken ziurtagirian plano topografikoak sartu behar dira, 5.000 eskalan. Bertan, nekazaritzako ureztatzea zein laborantza lurretan egingo den agerrarazi behar da, aurkeztutako agiri teknikoetan grafiatu ez badira, agiri horietan ezarri diren 145 hektarea erabilgarriak osatu arte.

Nekazaritzako ureztapena egiten denean, errege dekretu hauetan ezarritako mugak bete behar dira: uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretua (abere ustiapenak baimentzeko baldintza tekniko, higiene-osasunekoak eta ingurumenekoak ezarri zituena), eta martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretua (zerri ustiapenak antolatzeko oinarrizko arauak ezarri zituena). Nekazaritzako ureztapen hau, mindekin, egiteko, ureztatzen diren lur- zatietako alde erabilgarri guztietan berdin banatzen dela ziurtatzen duen sistema erabili behar da (kanioi bidez botatzea, banaketa sistema duen zisterna, etab), ureztatze bakoitzeko dosiak kontrolatu ahal izateko moduan. Ezin dira gainditu 20 m3 hektarea eta aplikazio bakoitzeko. Ezin dira lurrak minda horiekin bete.

Nekazaritzako Ureztapen Planeko erregistro eta kontrol liburu bat eduki behar da. Bertan, nahitaez, ondoko datu hauek idatzi behar dira: Aplikazio data, lur-zatia, lur-zatian ze laborantza egiten den, lur-zati horren azalera ureztatua eta azalera horren gaineko aplikazio dosia. Erregistro eta kontrol liburua etengabe eguneratu behar da. Instalazioan egon behar du, bere funtzioen baitan jarduera egiaztatzeko eta ikuskatzeko lanak egin ditzakeen langile ororen esku.

Hiltzen diren abereak arrisku handiko gaiak transformatzeko planta batera (baimenak dituena) eraman behar dira, edo, bidezkoa bada, errautsi edo lurperatu, 2224/1993 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan ezarritako kasuetan, baldin eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimentzen badu.

Lurperatzeko baimena ematen bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko albaitari zerbitzu ofizialek ikuskatuko dute.

Zarata eta dardarak: Uneoro bete behar dira funtzionamendurako baldintzak, eta soinu eta dardara mailak, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15, 16 eta 18. artikuluetan ezarriak.

Suaren aurkako babesa: Industria ingeniariaren proiektuko baldintzak, 10754 zenbakiz onetsia, 2001.04.05ean, eta geroko eranskina, 2001.07.04an onetsia. Suhilgailuak osatzeko, CO2ko bat jarriko da talde elektrogeno eta koadro elektrikoen ondoan.

2. Ingurumenaren gaineko Adierazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, jendeak jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko erregelamenduaren 22. artikuluan xedatutakoa betez.

3. Ebazpen hau ondoko hauei jakinaraziko zaie, ondoreak izan ditzan: Ingurumenaren Kalitate Zerbitzuari, Valtierrako Udalari eta sustatzaileari.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita hiruan.-Ingurumeneko zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

Iragarkiaren kodea: A0112437