6. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

2865/2001 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Arradan 2.200 zerramako zerri ustiapen proiektuaren ingurumeneko eragin adierazpena egiteko. 283/NA Obanos zenbakidun S.A.T.ak sustatu du.

Arradako lurretan zenbait nabe eraikitzeko proiektua egin da, Murillo El Cuende udal mugartean, El Villar izeneko tokian, zerrien ustiapeneko jarduerarako (zerramak, 20 kilorainoko kumeekin). Instalazioetan ondoko nabe hauek daude: ernaltzea eta estaltzea (1.949,64 m2), ernaltze baieztatua (2.508,66 m2), amatasuna (1.850,22 m2), umetegia (1.645,02 m2) eta aurrerakoak (748,96 m2). Ustiapenaren ahalmena 2.200 zerramatakoa da.

Proiektuak ez du zuzenean jotzen inolako habitatik ez interes erkideko tokirik. Lur-zatia laborantza finketan dago. "Aragoiko beheko tarteak" LICa lur-zatitik 2 kilometrotara dago. Errege Bardeen LICa, berriz, 4 kilometro eskasera dago.

Paisaiaren gaineko eragina murritza, inguruko gaintoak, lur-zatiko ipar eta hegoaldean, ikusmeneko pantaila direlako.

Jarduera 97/11/CE Zuzentarauaren I. eranskinean dago. Beraz, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera (maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldarazia) tramitatu behar da.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 24ko 1945/2001 Ebazpenaren bidez, proiektua jendaurrean erakutsi zen ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura hasteko.

Tramite horretan inork ez du alegaziorik egin.

Beraz, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko funtzioak emateko abenduaren 4ko 580/1995eko Foru Dekretuak eman dizkidan eskumenak erabiliz, ondokoa

EBAZTEN DUT:

1. Arradan 2.200 zerramako zerri ustiapen proiektuaren ingurumeneko eragin adierazpena egingo da (283/NA Obanos zenbakidun S.A.T.ak sustatu du). Proposatu den irtenbidea bideragarria ingurumenari dagokionez, eta baldintza hauek bete behar dira:

Lur-zatiko landare naturalak bere horretan utzi behar dira, baldin eta proiektuko eraikuntza elementuekin bat ez badatoz: osagrak eta milazkak, lur-zatiaren ertzetan, eta barrualdean, milazkak.

Lur-zatian landare espezieak landatu behar dira, ustiapena paisaian txertatzeko: milazkak (Tamarix canariensis eta Tamarix gallica), ipuruak (Juniperus oxycedrus eta Juniperus communis) eta erromeroa (Rosmarinus officinalis).

Kea, gasa, lurrina eta hautsa: Atmosfera Ingurumena Babesteko Legean eta baterako araudian xedaturikoa beteko da.

Isurkin eta hondakin solidoak: Udal ordenantzetan eta indarreko araudian xedaturikoa beteko da. Nekazaritza ingeniariak proiektuan (565 zenbakiz onetsia, 2001.03.12an) eta geroko eranskinean (2001eko maiatza) proposatutako baldintzak bete behar dira.

Solidoak bereizteko gailua jarri behar da, ezaugarri eta neurri egokiekin (bahe iragazle bat, mm 1eko zuloekin, edo antzeko eraginkortasuneko sistema bat), ustiapenean sortzen diren minda guztien aurretratamendua egiteko, kanpoko istilean bildu aitzin. Ateratzen diren solidoak ongarri gisa erabiliko dira espedientean proposatu diren laborantza finketan. Hondakin solido horiek batu egingo dira, eta simaur-biltoki iragazkaitz batean sartu. Biltoki horrek edukiera nahikoa izan behar du, eta balizko lixibiatuak batzeko eta atxikitzeko sistema izan behar du. Irekitzeko lizentzia eman baino lehen, sistema horri buruzko agiri grafiko eta idatziak ekarri behar dira.

Drainatze sarea optimizatzeko, behaketa kutxeta erabili behar da, minden kanpoko istilean ihesak detektatzekoa, sare hori istilaren azalera osorako izan dadin.

Inguruko ureztatze erretenen eta instalazioen arteko kanpoko espazioa garbi-garbi egon dadin, behar den neurri oro hartuko da. Uneoro bermatu behar da ur bideraketa horretara loturarik egonen ez dela.

Nekazaritzako Ureztapen Planeko erregistro eta kontrol liburu bat eduki behar da. Bertan, nahitaez, ondoko datu hauek idatzi behar dira: Aplikazio data, lur-zatia, lur-zatian ze laborantza egiten den, lur-zati horren azalera ureztatua eta azalera horren gaineko aplikazio dosia. Erregistro eta kontrol liburua etengabe eguneratu behar da. Instalazioan egon behar du, bere funtzioen baitan jarduera egiaztatzeko eta ikuskatzeko lanak egin ditzakeen langile ororen esku.

Nekazaritzako ureztapena egiten denean, errege dekretu hauetan ezarritako mugak bete behar dira: uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretua (abere ustiapenak baimentzeko baldintza tekniko, higiene-osasunekoak eta ingurumenekoak ezarri zituena), eta martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretua (zerri ustiapenak antolatzeko oinarrizko arauak ezarri zituena).

Hiltzen diren abereak arrisku handiko gaiak transformatzeko planta batera (baimenak dituena) eraman behar dira, edo, bidezkoa bada, errautsi edo lurperatu, 2224/1993 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan ezarritako kasuetan, baldin eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimentzen badu.

Lurperatzeko baimena ematen bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko albaitari zerbitzu ofizialek ikuskatuko dute.

Zarata eta dardarak: Uneoro bete behar dira funtzionamendurako baldintzak, eta soinu eta dardara mailak, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15, 16 eta 18. artikuluetan ezarriak.

Suaren aurkako babesa: Nekazaritzako ingeniariaren proiektuko baldintzak, 565 zenbakiz onetsia, 2001.03.12an.

Bestelako preskripzioak: Ustiapenak eta hura osatzen duten eraikuntza eta instalazio guzti-guztiek uztailaren 24ko 188/1989 Foru Dekretuan ezarritako distantziak gorde behar dituzte, batez ere ur bide naturalei dagokienez (35 metro). Ingurumenari buruz, errege dekretu hauetan ezarri ziren baldintza guztiak bete behar ditu: martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretua (zerri ustiapenak antolatzeko oinarrizko arauak ezarri zituena), eta abenduaren 29ko 3483/2000 Errege Dekretua, aurrekoa aldarazi zuena.

2. Ingurumenaren gaineko Adierazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, jendeak jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko erregelamenduaren 22. artikuluan xedatutakoa betez.

3. Ebazpen hau ondoko hauei jakinaraziko zaie, ondoreak izan ditzan: Ingurumenaren Kalitate Zerbitzuari, Murillo el Cuendeko Udalari, Arradako Kontzejuari eta sustatzaileari.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita hiruan.-Ingurumeneko zuzendari nagusiak, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego

Iragarkiaren kodea: a0112436