6. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

344/2001 FORU DEKRETUA, abenduaren 17koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duena. Erregelamendu hori maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onetsi zuen, Zerga arautzen duen abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legeko erregelamenduen aipu asko ere asko betetzeko.

Zenbait zerga eta beste tributu-neurri batzuk hein batean aldatzen dituen abenduaren 29ko 20/2000 Foru Legeak berrikuntza garrantzitsuak sartu ditu 22/1998 Foru Legean, familien gutxienekoetako zerga oinarria murriztu, likidazio oinarri bereziko karga ehuneko 18an ezarri eta aseguruko kontratuetako dirusarreren ondoriozko etekinen murrizketak handitzeko, besteak beste.

Foru Lege horrek aldaketa batzuk sartu ditu atzerrian eginiko lanengatik harturiko etekinen salbuespenei eta ehorzketa edo hilobiratzeen ondoriozko prestazioei buruz. Halaber, akzioak edo partaidetzak luzatzeko primaren itzuleraren eta diru-ekarpenak itzulizko kapital murrizketaren ondoriozko ondasun higigarrietako kapitaleko etekinei buruz kontura atxiki edo ordaindu beharraren kentzea ere gertatu da. Izan ere, errenta horien kalifikazioa aldatu egin da, erosketako balioaren gaineko soberakina ondarearen handitzetzat jotzetik ondasun higigarrietako kapitaleko etekin bihurtu da.

Aldaketa horiek denek justifikatzen dituzte berez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduan egin beharreko aldaketak, arau batzuk berrikuntza haiek ukitu baitituzte. Hori horrela, Zergaren Erregelamenduko 50. artikulua, elbarritasuna frogatzeko moduari buruzkoa, likidazio oinarri orokorrari buruzko IV. Kapituluan sartuko da, errenta zehazteko moduari buruzko II. Tituluaren barruan.

Bestaldetik, Zergaren kudeaketan izaniko esperientziak nabarmendu ditu erregelamendua arautzean agerturiko akats edo zalantza batzuk, zuzendu edo azaldu behar direnak. Adibidez, kasuan kasuko zergaldian murrizketaren xede ezin izan diren pentsio-planetarako diru-ekarpenen soberakinak aipatu behar dira, baita laneko etekinen gainean egin beharreko atxikipenei buruzko urteroko dirusarrera osoak ere.

Enpresa edo lanbideetako ondareko erabateko edo hein bateko eskualdaketen kasu batzuetan konturako atxikipen edo dirusarreretako hileroko likidazioa egin beharra ere aipatu behar da, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduarekin egin behar den koordinazioa kontuan hartuz, hori berriki aldatua baita.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 103. artikuluko 3. idatz-zatiak xedatzen duenez, kontu korronte, aurrezki depositu eta epekako depositu, mailegu eta kreditu kontuetako mugimenduak eta gainerako eragiketa aktibo eta pasiboak -kontu iragankorretan islatzen direnak edo entitatearen, bankuen, aurrezki kutxen, kreditu kooperatiben eta banku edo kredituen trafikoan aritzen diren pertsona fisiko edo juridikoen kargurako txekeetan edo beste motatako pagamendu aginduetan gauzatzen direnak barne direla- xedetzat dituzten banan-banako errekerimenduak eginen dira Ekonomi eta Ogasun kontseilariak baimena eman ondotik.

Azkenik, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren sorkuntzak behartzen du Ogasuneko zuzendari nagusiaren ordez erakunde autonomo horretako zuzendari kudeatzailea izatera organo eskuduna lan pertsonalerako gauzazko ordainketak baloratu baino lehenagoko erabakien prozeduraren ebazpenak emateko.

Foru Dekretu honen edukia Nafarroako Kontseilura igorri zuen Nafarroako Gobernuak, 2001eko abenduaren 22ko Erabakiaren bidez, hark aginduzko irizpena eman zezan.

Irizpen hori 2001eko azaroaren 19an luzatu zen eta, zioenez, arauaren edukia bat dator oso-osorik indarra duten legeekin.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian eginiko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzea. Erregelamendu hori maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuko artikuluen artetik ondoren aipatzen direnak aldatu eta honelaxe geldituko dira:

Bat.-5. artikulua.

"5. artikulua. Atzerrian egindako lanengatik jasotzen diren etekinak salbuestea.

1. Zergatik salbuetsirik egonen dira, Zergari buruzko Foru Legearen 7. artikuluko n) letran aurreikusitakoarekin bat, atzerrian egiaz egindako lanen etekinak, baldintza hauek betetzen direnean:

1go. Lan horiek Espainian egoitzarik ez duen enpresa edo entitate batendako edo atzerrian finkatutako establezimendu iraunkor batendako egitea.

2garren. Lanak egiten direneko lurraldean Zerga hau bezalako edo antzeko beste zerga bat aplikatzea eta erregelamenduz zerga paradisutzat jotzen den estatu edo herrialde bat ez izatea.

2. Salbuespena jaso dezaketen etekinak 10.000.000 pezeta (60.101,21 euro) izanen dira urtean, gehienez.

3. Salbuespen hau bateraezina izanen da, atzerrian kokatu diren zergadunendako, Erregelamendu honen 8.A).3.b) artikuluan aurreikusiriko tributaziotik salbuetsiriko soberakinen araubidearekin, zenbatekoa edozein delarik ere. Zergadunak erabakitzen ahalko du salbuespen honen ordez soberakinen araubidea aplika dakiola."

Bi.-10. artikulua, 1.d) idatz-zatia.

"d) Heriotza eta ehorzketa edo hilobiratze gastuetarako prestazioak, Zergari buruzko Foru Legeko 7.q) artikuluan ezarririko muga gainditzen badute, Zergari buruzko Foru Legearen 14.2.a) artikuluan aurreikusitakoak salbu."

Hiru.-19. artikulua, 3. idatz-zatia.

"3. Zergari buruzko Foru Legearen 32.2.c) artikuluan ezarritako 100eko 65eko murrizketa portzentajea ezintasunagatiko kalte-ordainetan aplikatuko da, baldin eta horiek jasotzen dituztenek 100eko 65eko elbarritasuna edo handiagoa badute."

Laugarrena.-49. artikulua, hirugarren lerroaldea.

"Adierazitakoari jarraikiz, murriztu ezin izan den soberakina lehen ekitaldiari egotziko zaio, ondoko bost ekitaldien barnean, egindako ekarpenak Zergari buruzko Foru Legearen 55.1 artikuluan ezarritako mugetan."

Bost.-50. artikulua.

"50. artikulua. Elbarritzat jotzeko prozedura eta elbarritasunaren frogak.

1. Zerga honen ondorioetarako, 100eko 33 edo hortik goitiko elbarritasuna duten zergadunak hartuko dira elbarritzat.

2. Aurreko idatz-zatiari dagokionez, elbarritasun gradua frogatutzat emanen da Foru Komunitateko gizarte ongizateko zerbitzuek, Migrazio eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak edo erkidego autonomoetako organo eskudunak ziurtatzen dutenean.

3. Hala ere, ulertuko da Administrazio Publikoek ezgaitasun iraunkor osoaren ondorioz aitorturiko prestazioak hartzen dituzten subjektu pasiboek ehuneko 33ko edo hortik goitiko elbarritasuna dutela; eta ehuneko 65eko edo hortik goitiko elbarritasuna dutela erabateko ezgaitasun iraunkorraren, ezgaitasun handiaren edo epaile batek aitorturiko ezgaitasunaren ondorioz denean."

Sei.-52. artikulua, 6. idatz-zatia, lehen lerroaldea.

"6. Zergari buruzko Foru Legeko 62.1 artikuluko f) letran aurreikusiriko kenkaria egiteko, subjektu pasiboaren ohiko etxebizitza egokitzeko obra eta instalaziotzat hartuko dira etxebizitzaren barneko aldea berritzea dakartenak, baita hiri finkaren eta kalearen artean beharrezko pasabidetako balio duten eraikinaren osagai komunak aldatzea ere, hala nola, eskailerak, igogailuak, korridoreak, atariak edo beste edozein osagai arkitektoniko, edo zentzumenezko komunikaziorako oztopoak gainditzeko edo haien segurtasuna bultzatzeko balio duten dispositibo elektronikoak aplikatzeko behar direnak."

Zazpi.-53. artikuluko 2.b) idatz-zatia.

"b) Lehenbiziko etxea erosi edo etxea gaiberritzeko erabiltzen ez diren eta gorde diren zenbatekoengatik, kontua ireki zeneko zergaldia bukatzen denetik hasita sei urteko epean."

Zortzi.-54. artikulua.

"54. artikulua. Enpresa eta lanbide jardueretako kenkarien mugak.

Zergari buruzko Foru Legearen 64. artikuluaren 2. idatz- zatiak aipatzen dituen lanbide eta enpresa jardueretako kenkarien mugak aipatutako Foru Legearen 62. artikuluan, 3 idatz-zatian ezarritakoa salbu, aipatzen diren kenkarietan kuota osoa kenduta ateratzen den kuota likidoaren gainean aplikatuko dira."

Bederatzi.-58. artikulua, 4. idatz-zatia.

"4. Zatikatzea Nafarroako Ogasun Publikoaren zuzenbide publikoko dirusarreren ordainketaren gerorapenak eta zatikatzeak arautzen dituen Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamenduan xedatutakoak zuzenduko du, berezitasun hauekin:

a) Eskabideak aitorpenerako erregelamenduzko epearen barrenean egin beharko dira.

b) Artikulu honen 1. idatz-zatiaren kasuan eskatzaileak ez du bermerik eskaini beharko.

c) Eskatutako zatikatzea emanez gero, zati bakoitzaren zenbatekoa eta epea emanen dira errenta horiek, subjektu pasiboaren heriotza edo izaera galtzea gertatu izan ez balitz, egotzi beharreko zergaldien arabera, lau urtetarako gehienez. Muga hori gainditzen duten denbora tarteei dagokiena zati berdinetan egotziko da zatikatze denboran."

Hamar.-64. artikuluko 3. idatz-zatiari i) letra gaineratzea:

"i) Akzioak edo partaidetzak luzatzeko primaren itzuleraren eta diru-ekarpenak itzulizko kapital- murrizketaren ondoriozko etekinak."

Hamaika.-71. artikulua, Bi.1 idatz-zatia.

1. Taula hori aplikatzeko kontuan hartu behar den seme- alaba eta beste ondorengo batzuen kopurua Zergari buruzko Foru Legearen 55. artikuluaren 4. zenbakiko b) letran jasotako kenkaria egiteko eskubidea ematen dutenena izanen da. Ondorio horietarako, familiaren egoera urte natural bakoitzaren lehenbiziko egunean dagoena edo etekinak ordaintzen dituenarekiko harremana hasten denean dagoena izanen da, egun hura baino geroago hasi bada harreman hori."

Hamabi.-71. artikulua, Bi.2 idatz-zatia, bigarren lerroaldea.

"Urtean jasoko den kopuru osoan ordainsari finkoak eta aurreikus daitezkeen aldakorrak sartuko dira."

Hamahiru.-71. artikuluko Hiru.4 idatz-zatiari beste lerroalde bat gaineratzea:

"Zergari buruzko Foru Legean 81. artikuluko 9. idatz- zatian aurreikusten diren kasuetan, 4. idatz-zatiko lehen lerroaldean aipatzen diren murrizketen aplikazioa ere hartuko da kontuan."

Hamalau.-75. artikulua, 6. idatz-zatia.

"6. Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, inter vivos irabazizko eskualdaketa denean, eroslea eskualdatzailearen erosketa balioan subrogatzen dela ulertuko da, aipatutako kostuaren justifikazio nahikoa egonez gero."

Hamabost.-90. artikulua, 1. idatz-zatia

1. Atxikipenaren egileak eta konturako sarrera egin behar duenak Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko dute urteko hiruhileko natural bakoitzean atxikitako zenbatekoen eta konturako sarreren aitorpena. Era berean, Nafarroako Ogasun Publikoan sartu beharko dituzte kopuru horiek.

Aitorpena eta dirusarrera egiteko epea hiruhileko bakoitzaren hurrengo hileko lehen hogei egun naturalena izanen da. Bigarren eta laugarren hiruhilekoetan, ordea, aitorpena eta dirusarrera abuztuaren 5 eta urtarrilaren 31ra arte egin ahal izanen dira, hurrenez hurren.

Halere, zenbaki honetako lehen lerroaldean aipatutako aitorpena eta dirusarrera hilabete bakoitzaren lehen hogei egun naturaletan eginen dira, aurreko hilabetean atxikitako kopuru eta konturako sarrerei dagokienez, atxikipenaren egile edo behartuek martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onartu zen Balio Erantsiaren Zergari buruzko Erregelamenduaren 62. artikuluaren 3. zenbakiko 1. atalean eta 1.bis atalean adierazten dena betetzen dutenenean.

Ekain, uztail eta abenduko aitorpenak abuztuaren 5, irailaren 20 eta urtarrilaren 31ra arte egin ahal izanen dira, hurrenez hurren.

Atxikipenaren egileek edo behartuek aitorpen negatiboa aurkeztuko dute, atxikipenaren edo konturako sarreren menpean dauden errentak ordaindu arren ez denean egokia, zenbatekoarengatik, atxikipen edo konturako sarrerarik egitea. Ez da aitorpen negatiboa egin behar izanen atxikipen edo konturako sarreren menpean dagoen errentarik ordaindu ez bada."

Hamasei.-"Bigarren xedapen gehigarria, 7. idatz-zatia

"7. Prozedura ebazteko eskumena Nafarroako Zerga Ogasuna izeneko erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak izanen du.

Prozedura Tributu Zerbitzuak izapidatuko du, eta horretarako Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Zerbitzuei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gainerako Departamentuei komenigarritzat jotzen dituen txostenak eskatu ahal izanen dizkie."

Hamazazpi.-Laugarren xedapen gehigarria, 4. idatz-zatia.

"4. Zerga Ikuskaritzaren informazio jarduketek eta zerga arloko administrazioak kontu eta eragiketen inguruan egindako galdatzeek, aurreko 2. idatz-zatian aipatzen diren horiek, beharrezkoa izanen dute aurretik Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren baimena."

Horretarako, zergaren arloko administrazioaren organo jarduleak aginduzko baimenaren eskabideari azalpen txosten bat erantsiko dio, pertsona edo banku edo kreditu entitate horrekiko jarduketa justifikatzen duten arrazoiak bilduko dituena."

2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko III. Tituluko 50. artikulua II. Tituluko IV. Kapituluan sartuko da, 1. idatz-zatiko Bost lerroaldeak emandako idazketarekin.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduko 53. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letran, Foru Dekretu honetako artikulu bakarreko 1.Zazpi idatz- zatiaren bidez emaniko idazketan, aipatzen den sei urteko epea etxebizitzarako kontuetan gorderik dauden zenbatekoei aplikatuko zaie, 1997ko urtarrilaren 1aren ondoren ireki badira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean bere edukiari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak indarrik gabe geldituko dira.

Bereziki Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 42. artikulua geldituko da indarrik gabe. Erregelamendu hori maitzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0113571