57. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

557/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2002ko kanpainan nekazaritza lurrak oihantzeko laguntzen araubidea ezartzen duena.

Nekazaritza lurretako oihangintza neurrietarako laguntzen araubidea ezarri zuen urtarrilaren 31ko 31/1994 Foru Dekretuaren bidez, nekazaritzan oihangintza inbertsioak egiteari buruz Kontseiluak ekainaren 30ean emandako 2080/92 (EEE) Erregelamendua garatu eta aplikatu da Nafarroan.

Nekazaritzaren berme eta orientaziorako Europako fondoaren (FEOGA) kargura nekazaritza garatzeko ematen diren laguntzei buruzko maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1257/1999 (EE) Erregelamenduak (aurrekoa indarrik gabe utzi eta ordeztu du), eta horren aplikaziorako xedapenak ezartzen dituen Batzordearen uztailaren 23ko 1750 (EE) Erregelamenduak indarra hartu dutenez, Nafarroako Foru Komunitatean beste araudi bat ezarri behar da, Europako araudi berriarekin bat etortzeko.

Europako araudiak adierazten du oihangintza neurriak Batasunaren eta estatu kideen nazioarteko konpromisoekin bat etorriz hartu behar direla, eta bakoitzaren oihangintza programetan oinarritu. Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, Oihan Planak jarraibideak ezartzen ditu sektorearen plangintza egin eta mendiari lotutako natur baliabideak antolatzeko 1998tik 2007ra bitartean. Halaber, Nafarroako nekazaritza garatzeko 2000-2006 programak oinarria jartzen du, 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera aplika daitezen 1257/99 (EE) Erregelamenduko VIII. kapituluan oihangintzari laguntzeko ezarri diren neurriak. Horien artean daude nekazaritza lurrak oihantzeari buruzkoak, aipatu Erregelamenduko 31. artikuluan ageri direnak.

Laguntza horiek garatzearren, Nafarroako nekazaritza garatzeko 2000-2006 programan xedatutakoari jarraikiz, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2002ko kanpainan nekazaritza lurrak oihantzeko laguntzen araubidea onestea. Oinarriak Foru Agindu honen eranskinean bildu dira.

2. Laguntza horietarako gastua 2002ra arte luzatu den 2001eko gastuen aurrekontuko "Nekazaritza lurrak oihantzea (FEOGA-G)" izeneko 330100-31200-7700-533500 kontusailaren kargura (2.073.669 euro) eta hurrengo urteetan kontzeptu horretarako onesten diren kontusailen kargura izanen da.

2002 2.073.669

2003 1.027.307

2004 903.531

2005 833.022

2006 633.063

2007 625.843

2008 459.378

2009 450.785

2010 442.596

2011 442.379

2012 437.021

2013 426.906

2014 422.337

2015 389.215

2016 371.894

2017 330.991

2018 212.357

2019 137.010

2020 79.283

2021 60.468

3. Nekazaritza lurrak oihantzeko 2002ko dirulaguntzen deialdia egitea.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko ohiko hedabideetan argitaratzea.

5. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen 4/1999 Legeari jarraikiz.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hamabian.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

2002KO KANPAINAN NEKAZARITZA LURRAK OIHANTZEKO LAGUNTZEN ARAUBIDEKO OINARRIAK

1.-Laguntza araubidearen helburua.

Nekazaritzaren berme eta orientaziorako Europako fondoaren (FEOGA) kargura nekazaritza garatzeko ematen diren laguntzei buruzko maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1257/1999 (EE) Erregelamenduko (zenbait erregelamendu aldatu ditu) VIII. kapituluaren 31. artikuluan aipatu xedeekin bat, laguntza araubide honen helburua ondokoa da:

-Nekazaritza eremuetan funtzio ekonomiko, ekologiko eta sozialak mantendu eta garatzen laguntzea.

-Arbola eremuak handitzea, laborantza utziz malda handikoak edo produkzio urrikoak diren eremuetan edo arazo bereziak izateagatik nekazaritza lana uztea komeni denetan.

-Nafarroako Foru Komunitateko oihan baliabideak hobetzea.

-Nekazaritzako ingurunearen kalitatea hobetzea ekologiaren eta paisaiaren aldetik, tokietako formazioak eta konposizio floristikoak dibertsifikatuz.

-Natur ingurunea kudeatzea ingurumenarekin bateragarriena den bidea erabiliz.

-Oso basoberritze lan gutxi izan den eremuetan nekazaritzako jarduera dibertsifikatzea, soberakindunak edo defizitarioak diren laboreendako beste errenta egoki bat sortzen laguntzeko.

2.-Hasierako definizioak.

2.1. Oihantzeko laguntzetarako egokiak diren lurrak: azken urteotan aprobetxamendu nagusia arbolak ez, baizik eta nekazaritza eta/edo abeltzaintza izan dutenak. Oro har, kategoria hauen barnean dagoena:

a) Goldatzen diren lurrak, ondoko laboreak dituztenak: zerealak, lekaleak, patatak, erremolatxa, baratzeko laboreak, jorra-landareak, industri landareak, plastikopeko laboreak, lore eta landare apaingarriak, bazka-landareak eta haziak.

b) Lugorriak: labore txandaketan sartzen diren lurrak, landuak edo ez, denbora batean uztarik ematen ez dutenak (soildutako lurrak, berez ateratzen diren landareak dituzten lurrak, ongarri berdeko lurrak).

c) Familia baratzeak.

d) Belardi eta larre iraunkorrak.

e) Labore iraunkorrak (frutarbolak, baiak, olibondoak, mahastiak eta hazitegiak).

2.2. Laguntza jasotzeko egokia ez den lurra.

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak balio naturalak eta fauna zaintzeko zehazten dituen eremuak, eta, bereziki, oihantzeak kalte egin diezaieketen taxon edo habitatei dagokienez, Batasunaren intereseko tokiak edo izaera hori jasotzeko hautatu direnak.

b) Nafarroako ureztaketen plangintzan edo lurzati berrantolamenduko prozesuetan sartutako lurrak, halako lanen ondorengo garapena baldintza badaiteke.

Lurzati berrantolamenduko prozesuan dauden lurretan oihantzeko dirulaguntzak jasotzeko aldez aurretik landaketarako baimena beharko da, lurzati berrantolamenduaren arloko organo eskudunak emanda.

2.3. Nekazaritzako ustiapena: titularrak, nekazaritzako jardunean, batez ere merkatuari begira enpresarialki antolatzen dituen ondasun eta eskubideen multzoa, berez unitate tekniko ekonomikoa osatzen duena.

2.4. Ogibide nagusia nekazaritza duena: 62/1998 Foru Dekretuak emandako definizioari (edo horren ordez emanen diren definizioei) lotzen zaion nekazaritzako ustiapeneko titularra.

2.5. Basozaleen elkartea: basoberritzeak, bai instalazio fasean bai arbolak bizirik dauden denboran, bateratuta kudeatzeko xedea duen pertsona fisiko edo juridikoen elkartea. Baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Oihantzeko lurzatiak mugakideak izatea, oihandutako gutxieneko azalera izan dadin, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

b) Oihantzea lur azalera orokorrean hartuta egitea, irizpide tekniko eta ekonomiko koherenteak izanik eta proiektu bakar batean oinarriturik.

c) Mantentze eta hobetze lanak, tratamendu fitosanitarioak eta suteei aurre hartzeko neurriak landatutako eremu osoan bateratuta egiteko konpromisoa.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrean ordezkari bat hautatzea.

e) Ezkontideek osatuta ez egotea.

2.6. Mozketa epea: arbola multzo bat erein, landatu edo naturalki birsortzen denetik zurtako aprobetxatzeko mozten den arteko denbora da. Sailkapen hau egiten da:

a) Epe laburreko espezieak: 15 urte edo gutxiagoko mozketa epea dutenak eta, edozein modutan ere, 10 urtetik gorakoak, hala nola makalak, sahatsak, akaziak eta gaztainondoak (azken biak basoberan bakarrik).

b) Epe erdiko espezieak: 15 urtetik 70era bitarteko mozketa epea duten espezieak, hala nola pinu beltza, Korsikako larizio pinua, insignis pinua, izei gorria, Sitkako izeia, Douglas izeia, Lawson altzifrea, alertzea, zedroa, basagereziondoa, lizarra, intxaurrondoa, tulipa arbola, haritz amerikarra, urkia, otsalizarra, haltza, ezkia, platanoa, zurzuria, astigarra eta gaztainondoa.

c) Epe luzeko espezieak: 70 urtetik gorako mozketa epea dutenak, hala nola basapinua, larizio pinu hispanikoa, Austriako larizio pinua, aleppo pinua, pinazi-pinua, mendi- pinua, izeia, hagina, pagoa, artea, haritz arrunta, haritz kandugabea, haritz ilaunduna, erkametza eta ametza.

d) Zuhaixkak: abaritza, gurbitza, legeltxorra, ezpela, gorostia, elorri beltza, hurritza, ipurua, miterra eta hostazuria, besteak beste.

2.7. Erreferentziazko zabalera. Landaketak errenkadan egiten direnean edo landare-hesiak sartzen direnean, basoberritzen den esparruaren zabalera da. Esparru hori landu gabe utzi beharko behar da, eta bertan basoberritze lanak egin behar dira. Landaketa eremua eta inguruko aldea hartzen ditu.

3.-Laguntzen araubidea eta onuradunak.

1. Laguntzen araubidean honako hauek sartzen dira:

a) Oihantzeko gastuetarako laguntzak.

Nekazaritza lurrak oihantzen dituen eskubide pribatuko edozein pertsona fisiko edo juridikori emanen zaizkio.

b) Oihandutako hektarea bakoitzeko urteko saria, landaketak egin ondoko lehenengo bost urteetan arbolak dituzten lur azaleren mantentze gastuetarako.

Nekazaritza lurretan arbolak sartu eta mantentze lanak egiten dituen eskubide pribatuko edozein pertsona fisiko edo juridikori emanen zaizkio.

c) Hektarea bakoitzeko urteko saria, nekazaritza lurrak oihantzearen ondorioz dirusarreretan izandako galerak konpentsatzeko.

Ogibide nagusia nekazaritza dutenei eta beren elkarteei -nekazaritzako sektorean jarduerak aurretiaz uzteko araubidearen onurarik jaso ez dutenei- emanen zaie laguntza hau. Aipatu araubidea ageri da Nekazaritzaren berme eta orientaziorako Europako fondoaren (FEOGA) kargura nekazaritza garatzeko ematen diren laguntzei buruzko maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1257/1999 (EE) Erregelamenduko IV. kapituluan (Erregelamendu horrek beste zenbait erregelamendu aldatu eta indargabetu zituen).

4.-Laguntzen araubideko lehentasun irizpidea.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan jasotzen diren laguntza eskaerak multzotan sailkatuko dira eta, 6. oinarriko 5. puntuan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, lehentasun irizpide hau aplikatuko zaie:

1.-Basozaleen elkarteek aurkeztutako eskaerak, arbolak sartzeko lur azaleraren % 75 alorra baldin bada.

2.-Ogibide nagusia nekazaritza dutenen eskaerak.

3.-Basozaleen elkarteen gainerako eskaerak.

4.-Eskubide pribatuko beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek aurkeztutako eskaerak.

Multzo bakoitzean lehentasuna izanen dute PACen Erregionalizazio Planaren arabera eskualdeko errendimendu txikikoak diren lurrei dagozkien eskaerek. Errendimendu berdinak direnean, malda handieneko lurrek izanen dute lehentasuna.

Hala ere, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak lehentasuna eman ahalko die Europak hautatu edo proposatu tokietan dauden lurrei, betiere toki horiek 2. oinarriko 2.2 atalean ageri ez badira edo beren ezaugarriengatik degradatzeko arrisku nabaria badute.

5.-Laguntzak emateko baldintzak.

Pertsona fisiko edo juridikoek oinarri hauetako laguntzak eskatu nahi badituzte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Landaketak tokiko baldintzei egokitua izan beharko du eta ingurumenarekin bat etorri.

b) Onuraduna lurren titularra ez bada lurren titularraren baimen idatzia izatea.

c) Oihandu nahi den nekazaritza lurrak Nafarroako Foru Komunitatearen mugen barnean egon beharko du.

d) Eremuen azalerari dagokionez, honako muga hauek ezarri dira espediente bakoitzeko:

-Gehieneko mugak:

Banakako eskariak direnean, 40 hektarea.

Basozaleen elkarteak direnean, goiko zifra hori bider elkartearen bazkide kopurua egitearen ondorioz ateratzen dena.

-Gutxieneko mugak:

Banakako eskariak direnean, 1 hektarea.

Basozaleen elkarteak direnean, 5 hektarea.

Gutxieneko azalera horiek ez zaizkie aplikatuko errenkadan egiten diren landaketei, landare-hesiei edo arboladi gisakoei.

Oihantzen diren lurrak baturik egon daitezke edo lurzati batean baino gehiagotan sakabanaturik.

e) Dirusarrerak galtzeagatik ematen diren sariei dagokienez, laguntza eskatzen duena oihandu beharreko lurraren jabea ez denean, Nafarroako Landa Errentamenduen Erregistroan inskribaturiko kontratua aurkeztu beharko du eta horretan agertuko da jabeak eskatzailearen eskura uzten dituela lurrak, 20 urterako gutxienez ere.

f) Eskatzaile bakoitzak laguntza-eskaera bakarra aurkez dezake urtean.

6.-Oihantzeko laguntzak.

1. Laguntzak aldez aurretik onarturiko oihantzearen egiazko kostuaren (BEZik gabe) ondoko portzentajeen pareko izanen dira, eta inoiz ere ez gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

2. Kontzeptu horretan sartzen dira landaketak egiteko behar diren lan eta material guztiak: esku lanak eta lan mekanikoak, landareak, itxiturak, obra osagarriak, e.a.

Epe laburreko espezieak Nekazari profesionalak edo nekaz. elkarteak 50 1.200,00

Epe erdiko koniferak Basozaleen elkarteak 75 1.740,00

Gainerako eskaerak 70 1.620,00

Epe luzeko koniferak Basozaleen elkarteak 85 1.980,00

Gainerako eskaerak 80 1.800,00

Epe erdiko hostozabalak Basozaleen elkarteak 85 2.250,00

Gainerako eskaerak 80 2.070,00

Epe luzeko hostozabalak Basozaleen elkarteak 90 2.700,00

Gainerako eskaerak 85 2.490,00

Landaketak errenkadan Basozaleen elkarteak 90 1,10 euro/metro

Gainerako eskaerak 85 1,00 euro/metro

Landare-hesiak Basozaleen elkarteak 90 4,50 euro/metro

Gainerako eskaerak 85 4,00 euro/metro

Basotxoak landatzea Basozaleen elkarteak 90 3.850,00

Gainerako eskaerak 85 3.600,00

3. Gabonetako izeiak landatzeko ez da dirulaguntzarik emanen.

4. Epe laburreko espezieen landaketen kasuan, oihantzeko laguntzak baizik ez dira emanen, betiere onuradunen ogibide nagusia nekazaritza denean.

5. Mozketa laburreko espezieen landaketak ibai ondoan egiten badira, lehenbiziko 5 metroko tartea, ibai-bazterretik neurtua, ibai-bazterretako landaredia berreskuratzeko izanen da.

6. Ibai-bazterretako landaredia berreskuratu eta herri inguruneko paisaia eta aberastasun ekologikoa handitzeko asmoa duten landaketek lehen aipatutako dirulaguntza handienak izanen dituzte, zeinahi espezie sartu eta edozeinek ere sartzen dituela.

7. Errenkadan egiten diren landaketetan eta landare-hesiak sartzen diren kasuetan, erreferentziazko gutxieneko zabalera 2,5 metrokoa izanen da, sartzen diren espezieen altuera 3 metrokoa bada, eta 4 metroko zabalera espezie horien altuera 3 metrotik gorakoa bada. Arbolen arteko tartea ezin da 6 metrotik gorakoa izan.

8. Hostozabalen arboladiak erabatekoak izanen dira edo mistoak, gutxienez % 75 hostozabalak izanik.

9. Zuhaixkak soilik sartzen badira, epe luzeko koniferen dirulaguntzak izanen dituzte edo epe luzeko hostozabalena, haien izaeraren arabera.

10. Batasuneko intereseko toki izateko hautatu edo proposatu tokietan dauden lurretan egiten diren oihantzeen dirulaguntzek % 5eko gehikuntza izanen dute, baina laguntzaren zenbatekoa ezin izanen da gastuaren % 90etik gorakoa izan, inolaz ere.

11. Landareek eta haziek oihan espezieen arloan indarra duten arauek ezarritako baldintzak beteko dituzte, bai eta proiektuetako baldintza pleguetan eta memoria teknikoetan ezarritako baldintzak guztiak ere. Ongi garatutako sustrai sistema izanen dute, kanpoko zatiarekin oreka azkar ezar dadin, eta ongi adarkatuak izanen dira beren eiteari edo landatzeko sasoiari dagokion moduan.

Landare loteen % 95a bederen landare komertziala izanen da, eta hori horrela erabaki da eitearen, adinaren, neurrien eta osasun egoeraren arabera.

Beraz, irizpide hauek erabiliko dira baztertzeko:

-Eite akatsak agerian izatea edo indar falta, bai kanpoko aldean bai sustraietan.

-Behar diren urte edo neurriak ez izatea.

-Idortze sintomak, zauriak edo gune ustelduak agerian izatea.

Ez da inoiz gaitz edo izurri sintomak agerian dituen loterik onartuko, eta in situ desegin beharko dira.

Oihangintza espediente bakoitzean jasoko dira landareen adina eta gutxieneko neurriak.

12. Oihantze lanetan haziak erabiltzen badira, indarreko arauetan, memorian eta baldintza pleguetan espezie, mota eta kalitateari dagokienez eskatzen diren baldintzak bete behar dira:

-Banatzaileei erosten zaizkien haziak badira, jatorriaren ziurtagiria beharko dute eta bertan purutasun maila eta ernegarritasun indizea adierazi beharko dira.

-In situ bildutako haziak badira, Nafarroako Administrazioak emandako jatorriaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

13. Epe luzeko hostozabalak edo koniferak sartzen badira, landareak Nafarroakoa izan beharko du edo, bestela, ingurukoa eta antzeko baldintza ekologikoak bete. Gaztainondoak sartzen badira, "tinta" eta "erdoila" gaitzetarako gogorrak diren hibridoek soilik izanen dute dirulaguntza. Gainerako kasuetan, Oihan Administrazioko teknikarien oharrei jarraituko zaie, nongo eta zein jatorritako espezieak sartu jakiteko.

7.-Lur azalera oihanduak mantentzeko laguntzak.

1. Landaketa egin ondoko lehenbiziko bost urteetan izaten diren mantentze gastuetarako izanen dira urteko sariak. Zuhaitz edo zuhaixka espezieen eta onuradunen arabera ezberdinak izanen dira laguntzak.

2. Mantentze lanetarako sari hauek ezarri dira:

ERABILITAKO ESPEZIEA ONURADUNA LAGUNTZAR. ZENBAT.

Epe erdiko koniferak Basozaleen elkarteak 210,00 euro/ha.

Gainerako eskaerak 190,00 euro/ha.

Epe luzeko koniferak Basozaleen elkarteak 230,00 euro/ha.

Gainerako eskaerak 210,00 euro/ha.

Epe erdiko hostozabalak Basozaleen elkarteak 280,00 euro/ha.

Gainerako eskaerak 250,00 euro/ha.

Epe luzeko hostozabalak Basozaleen elkarteak 300,00 euro/ha.

Gainerako eskaerak 270,00 euro/ha.

3. Sari horien zenbatekoa 100eko 5 gehituko da, oihantzea Europak hautatu edo proposatu tokietan dauden lurretan egiten denean.

4. Zuhaixkak soilik sartzen badira, laguntzak epe luzeko konifera edo hostozabalentzat izanen dira, batekoak edo bestekoak diren kontuan hartuta.

5. Azalera baterako laguntza lortu nahi bada, ezinbestekoa da landare guztiak egoera onean eta kasu bakoitzean behar den dentsitatearekin egotea, eta hazkunde garaian beste landarerik lehian ez izatea, landare bakoitzaren inguruko metro karratu batean behintzat.

6. Errenkadan egiten diren landaketetarako edo landare- hesiak sartzeko sariak kalkulatzeko, hesiaren luzerari dagokion azalera bider erreferentziazko zabalera eginen da. Eman beharreko saria oihantze lanetan erabiltzen diren espezieen araberakoa izanen da.

7. Mantentze lanen artean, hutsarteak nahitaez berritu beharko dira, landaketa dentsitatearen % 10etik gorakoak direnean.

Hutsarteak multzoka agertzen badira, multzo horiek birlandatu beharko dira, landatutako eremuaren % 10etik beherako dentsitatea hartzen badute ere.

Hutsartetzat jotzen dira egokiro garatzen ez diren landare guztiak.

8.-Nekazaritza lurrak oihantzearen ondoriozko dirusarrera galerak konpentsatzeko laguntzak.

1. Nekazaritza lurrak oihantzearen ondoriozko dirusarrera galerak konpentsatzeko urteko sariak ogibide nagusia nekazaritza dutenei emanen zaizkie, taula honetan ezartzen denaren arabera:

Ogibide nagusia nekazaritza dutenendako laguntzak:

Alorrak: 260,00 euro/ha.

Bestelako lurrak: 60,00 euro/ha.

2. Laguntza hauen xedea da oihantzea hasten denetik 20 urtez gehienez oihantzearen ondoriozko dirusarrera galerak konpentsatzea. Nekazariak 20 urte pasa baino lehen erretiroa hartzen badu, laguntza erretiroa hartu arte emanen da.

3. Nekazaritza ustiategiaren titularraren izaera aldatzen denean, dagokion saria ere aldatuko da, egoera berriari egokitzeko. Titular izaera aldatzen bada baina hasiera batean sari hau aurreikusia ez bazegoen, ez da laguntza emanen.

4. Basozaleen elkarteen kasuan, konpentsazio sari horiek kide bakoitzaren izenean emanen dira, ogibide nagusia nekazaritza izanik, oihandu lurretatik bakoitzari dagokionaren arabera.

5. Errenkadan egiten diren landaketen eta landare-hesien kasuan, errenta galerak konpentsatzeko sariak kalkulatzeko eragiketa hau eginen da: landare-hesiaren luzeraren azalera bider erreferentziazko zabalera.

9.-Espedienteen aurkezpena, tramitazioa eta ebazpena.

1. Foru Agindu honetan ageri diren laguntza eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztuko dira (Alondegi kalea, 1, lehen solairua, Iruña). Eskaerak Departamentu horretxek tramitatuko ditu, FEOGAren Berme Atalak kofinantzatutako laguntzen kontzesio eta kudeaketarako prozedura ezartzen duen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 2000ko maiatzaren 15eko Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak luzatutako inprimakietan eginen da eskaera eta, horrekin batera, behar den dokumentazioa eta finkaren edo finken lurzati zedula (jabea azalduko duena, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emana) aurkeztuko dira.

3. Eskabideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren.

4. Laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

4.1. Banakako eskaerak:

a) Inprimaki ofiziala behar bezala betea. Jatorrizko inprimakiak baino ez dira onartuko, datu guzti-guztiak beteak eta eskatzaileak berak sinatuak.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

c) Eskatzailearen ezkontidearen NANaren fotokopia.

d) Laguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, eskatzailearen izenean, behar bezala betea eta banku-entitateak zigilatua, eta eskatzaileak eta banku-entitateak sinatua.

e) Eskatzailea oihandu beharreko lurren titularra ez bada, lurren titularraren idatzizko baimena edo kontratu pribatua, 20 urteko eperako.

f) Eskatzailea lurren titularra ez bada eta errentaren galerak konpentsatzeko sariak eskatu nahi baditu, Landa Errentamenduen Erregistroan inskribaturiko kontratua, non azaldu beharko den jabeak eskatzailearen esku uzten dituela oihandu beharreko lurrak, 20 urtez gutxienez.

g) Oihantze lurretan sartzen diren lurzati guztien zedulak, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak 2002. urtean emanak. Zedulan lurzati bakoitzaren jabea adierazi beharko da.

Eskatzaileak lurzatien zedulak aurkeztea ezinezkoa duela frogatzen badu, lurren jabetza eta erabilgarritasuna justifikatzen duten beste agiri batzuk onartuko dira.

h) Udalaren baimena, lurzati horietan oihantze lanak egiteko, 2002. urtean emana.

i) Proiektu teknikoa, egin beharreko lanak azaldu eta kuantifikatzeko, teknikari eskudun batek sinatua eta, inbertsioa 6.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia. Proiektuan lanen memoria eta aurrekontua azalduko dira, eta eranskin bat, non aurrekontu xehekatua eta kartografia sartuko diren (1:10.000 eskalakoa gutxienez).

j) Inbertsioa 6.000 eurotik beherakoa bada, egin beharreko lanen azalpena, aurrekontu xehekatua eta kartografia (1:10.000 eskalakoa gutxienez).

k) Artzaintza zortasunez edo bestez libratzeko agiria.

4.2. Basozaleen elkarteen eskaerak:

a) Inprimaki ofiziala, behar bezala betea, eta elkartearen ordezkariak sinatua.

b) Elkartearen IFZren fotokopia.

c) Elkartearen ordezkariaren datu pertsonalak.

d) Dirulaguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, elkartearen izenean, behar bezala betea eta banku-entitateak zigilatua, eta basozaleen elkarteko ordezkariak eta banku-entitateak sinatua.

e) Basozaleen elkartearen estatutuak, datu hauek azalduta: xedea, bazkideen zerrenda, partaidetza-kuotak, araubide ekonomikoa eta iraunaldia.

f) Elkartearen kide bakoitzak aurreko ataleko a, b, c, d, e, f eta g puntuetan adierazi diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

g) Proiektu teknikoa, egin beharreko lanak azaldu eta kuantifikatzeko, teknikari eskudun batek sinatua eta, inbertsioa 6.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia. Proiektuan lanen memoria eta aurrekontua azalduko dira, eta eranskin bat, non aurrekontu xehekatua eta kartografia sartuko diren (1:10.000 eskalakoa gutxienez).

h) Inbertsioa 6.000 eurotik beherakoa bada, egin beharreko lanen azalpena, aurrekontu xehekatua eta kartografia (1:10.000 eskalakoa gutxienez).

i) Udalaren baimena, lurzati horietan oihantze lanak egiteko, 2002. urtean emana.

j) Artzaintza zortasunez edo bestez libratzeko agiria.

5. Laguntza eskaerak baldintzak betetzen ez baditu edo eskatzen den dokumentazioa osorik ez badago, interesatuari eskatuko zaio 10 eguneko epean hutsa zuzen dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala. Eskatutakoa betetzen ez badu, eskariari uko egiten diola ulertuko da eta, hortaz, ez zaio dirulaguntzarik emanen.

6. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak laguntza eskaeretako lurrek oihaneztatzeko baldintzak betetzen dituzten zehaztuko du, eta egin beharreko jarduketak zehatz azaltzen dituzten memoria egiaztatzaileak eta proiektuak ebaluatuko ditu. Indarra duen araudia betetzen ez duen edo teknikoki zuzena ez den oro baztertu egin ahalko du.

7. Proiektuen erredakzioaren kostua, laguntzen zenbatekoaren ondorioetarako, landaketa egiteko aurrekontuan sartuko da.

8. Proiektua eskatzen denean, eskatzaileak lanen zuzendaritza teknikoa aurkeztu beharko du; teknikari eskudun batek izanen du horren ardura, indarra duen legeriari jarraikiz. Obra zuzendaritzaren kostua, laguntzen zenbatekoaren ondorioetarako, landaketa egiteko aurrekontuan sartuko da, eta obra zuzendariak sinatutako akten bidez egiaztatuko da.

9. Proiektu edo memoria teknikoan azaldu beharko dira, landaketa egiteko faseari lotutako gaiez gain, lehen bost urteko mantentze lanei dagozkienak. Hortaz, zehazki adierazi beharko dira egin beharreko lanak, sasoiz sasoi, hartuko diren osasun eta ingurumen arloetako neurriak eta beharrezko diren gainerako lanak.

10. Aurrekontuen eranskin gisa, taula bat aurkeztu beharko da, eskaera inprimakian adierazitako inbertsioak xeheka emateko.

11. Ordainketa Erakundearen zuzendariak, egiten diren txostenak ikusi eta gero, laguntzen kontzesioari buruz behar den ebazpena eman eta onuradunari jakinaraziko dio.

12. Onuradunak Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari jakinaraziko dio lanak noiz hasi diren.

13. Obrak bukatutakoan, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, eta, horrekin batera, egindako inbertsioaren frogagiri guztiak ere igorriko zaizkio, hirugarrenek emandako lan eta materialen fakturak barne.

14. Ingurumen zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bidez hautatuko dira 8/1997 Foru Legeak aipatzen duen batzordeko kideak.

10.-Laguntzak ordaintzea.

1. Oihantze laguntzak, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko langileek txostena egin ondoren, zatika ordainduko dira, atal bakoitzaren ziurtapenekin batera, edo oso-osorik, obra bukatutakoan.

Aurrerakinak ere eman ahalko dira, inbertsioaren kostu osoaren % 20tik beherakoak betiere. Horiek likidatzeko banku-abal bat jarri beharko da, aurreratzen den zenbatekoaren % 110en adinakoa.

Zatika ordaintzen den dirulaguntza guztia edo aurrerakina ezin izanen da hasiera batean onartutako dirulaguntza baino handiagoa izan.

2. Dirusarreren galerak konpentsatzeko laguntzak urtero ordainduko dira, mantentze lanetarako laguntzarekin batera, 2002. urteari dagozkionak izan ezik, urte hori amaitu aurretik ordainduko baitira.

3. Oihandutako lurrak mantentzeko laguntzak urtero ordainduko dira, oihandu eta hurrengo urtetik aurrera.

4. Behin betiko ordainketaren aurreko baldintza gisa eta 8/1997 Foru Legea aplikatuz, onuradunak faktura bidez egiaztatuko ditu beste batzuek egindako lanak eta emandako materialak.

5. Dirulaguntzaren azken ordainketa jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuan: bankuko kontu-laburpenen, erregistro liburuaren edo fondo publikoak zuzen aplikatu direla frogatzen duten beste agiri batzuen fotokopia.

6. Onuradun bakoitzak egin dezakeen gehieneko inbertsioa 300.000 eurokoa da, hala ezartzen baitu Nafarroako Landa Garapenerako Planak.

11.-Onuradunen konpromisoak.

1. Onuradunak oihantzea eginen du onetsitako proiektuan ezarritako baldintza eta epeen eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ezarritako baldintzen arabera.

2. Onuradunak oihantzea 2002ko irailaren 15aren aurretik egiteko konpromisoa hartzen du.

3. Onuradunak konpromisoa hartzen du oihantzeko lanak 2003ko martxoaren 31 baino lehen amaitzeko.

4. Onuradunak konpromisoa hartzen du lurrak dauden herrian egin behar den edo egiten ari den lurzati berrantolamendua ez oztopatzeko.

5. Onuradunak konpromisoa hartzen du landaketa mozketa epea baino lehen ez uzteko eta ez kentzeko, eta kasu bakoitzean zehazten diren mantentze lanak egiteko.

6. Sutea edo landaketaren suntsiketa izaten bada onuradunari egozten ez zaizkion arrazoiengatik, laguntza guztiak bertan behera utziko dira, suntsitutako azalera berriz landatu arte, alde batera utzi gabe hartutako konpromisoak eta izaten ahal diren erantzukizunak. Onuradunari ezin egotzi zaizkion arrazoiak badira, laguntza guztiak bertan behera utziko dira eta jasotako diru guztia (diruaren legezko korrituarekin gehituta) itzul dadila eskatuko da.

7. Laguntza hauen babesean oihantzen diren lurrak oihan lurzoru bihurtuko dira eta lur horien erabilera aldatzeko Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

8. Konpromiso horiek guztiak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak laguntzak eman aurretik ezartzen dituen gainerako baldintza teknikoak lotzaileak izanen dira onuradunarentzat. Betetzen ez badira laguntzak bertan behera utziko dira.

12.-Bateraezintasunak.

Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan edo erabat nahiz zati batean baliabide publikoen bitartez finantzaturiko prebisio sistema batean jubilatu pentsiodunak direnak edo erabateko ezintasun iraunkorra dutenak ez dira ogibide nagusiz nekazaritzat hartuko, lehentasuna finkatu eta laguntzak emateko orduan.

Oihantze eta mantentze laguntzak bateraezinak dira oihan lanetarako laguntzen beste deialdi batzuekin.

13.-Ikuskapenak.

1. Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzen onuradunek Administrazioko langileen ikuskapena izanen dute, eskatzen zaizkien baldintzak eta hartzen dituzten konpromisoak betetzen dituzten egiaztatzeko.

2. Onuradunak egindako aitorpena eta aurkeztutako dokumentazioa egiazkoak direla frogatzearren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak datu base informatikoa erabili ahalko du, Kontseiluaren azaroaren 27ko 3508/92 (EEE) Erregelamenduan ezarritako zenbait laguntza-erregimen komunitario kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratuaren parte baita.

3. Ikuskapen aktaren kopia bat emanen da, ikuskatzaile-teknikariak sinatua. Laguntzen onuradunak aukeran izanen du sinatzea ala ez.

4. Onuraduna behartua dago urtean egiten dituen mantentze-lanen berri ematera, horrelakorik eskatzen baldin bazaio.

14.-Arauak ez-betetzea.

1. Oihantzeko konpromisoak ez-betetzea eta dagozkien zehapenak.

Beste batzuen artean, ez-betetzeak ondoko hauek izan daitezke, aldez aurretik onartutako justifikaziorik ez badago:

a) Lurra ez prestatzea eta, beraz, landaketa ez egitea.

b) Onetsitako lur azalera ez oihantzea.

c) Landaketa behar bezala ez egitea.

d) Eskarian adierazi landare edo hazien espezieak, motak edo jatorriak ez erabiltzea.

Onuradunak bere gain hartutako eginbeharrak betetzen ez baditu, onuradun gisa dagozkion eskubide guztiak galduko ditu eta jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, jaso zituenetik diruak legezko korrituan izandako igoera barne dela, aurreko ataletan ezarritakoa eragotzi gabe.

2. Mantentze-lanen konpromisoak ez betetzea.

Onuradunak betebeharretan huts egin duela ondorioztatuko da espedientearen dokumentazio teknikoan ezarritako mantentze-lanak egiten ez baditu, betiere aurretik onartutako justifikaziorik ez badago, eta, halaber, dokumentazioan adierazi gabe ere, landaketa egoki garatzeko behar direnak egiten ez baditu.

Konpromisoak ez direla bete ondorioztatuko da, orobat, lanak sasoitik kanpora egiten badira, gaizki egiten badira edo bide desegokiak erabiltzen badira.

3. Aitorpen faltsu bat arduragabekeria larri baten ondorioa izan dela frogatzen denean, onuraduna nekazaritza garatzeko dagokion urte naturaleko era guztietako neurrietatik kanpo geldituko da (1257/1999 Erregelamenduko basogintzaren kapitulua).

4. Aitorpen faltsua nahita egindakoa denean, onuraduna hurrengo urtean kanpoan geldituko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21, 27, 28 eta 30. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe.

15.-Ondasunak eskualdatzea.

Lurrak oihantzeko laguntzen onuradunak arautegi honetan ezarritako neurrien xede izan den lurra eskualdatzen duenean, jabe berria subrogatu eginen da aurrekoak zituen eskubide eta betebeharretan, errentaren galera konpentsatzeko laguntzetan izan ezik, horiek titular berriaren egoerara egokituko baitira, betiere halako laguntza eman baldin bazen.

16.-Laguntzen lehengo araubidea.

1. 31/1994 Foru Dekretuaren eta ondoko aldaketen arabera edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren 290/2001 Foru Aginduaren arabera nekazaritza lurrak oihantzeko laguntzak dituzten onuradunek aipatu Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz laguntza horiek hartzen jarraituko dute.

2. Laguntzen araubide hau ez zaie aplikatuko 10. oinarrian ezarri epea baino lehen nekazaritza lurrak oihantzeko egin diren eskariei.

17.-Errekurtsoak.

Oinarri arau-emaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: A0104457