57. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

353/2002 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Industri zuzendari nagusiak emana, Iruñeko udal mugapean, "E-28 posizioa Ablitas-Barillas-Monteagudo gasbide adarra" proiektuko instalazioetarako administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena.

2001eko azaroaren 23an, Gerardo Arraiza Rodríguez jaunak, Gas Navarra S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz (ordezkatzeko aski ahalmen duela egiaztaturik), eskatu zuen Tutera, Ablitas, Barillas eta Monteagudoko udal mugapeetan, "E-28 posizioa-Ablitas-Barillas-Monteagudo gasbide adarra" proiektuko instalazioetarako administrazio baimena eta haren onura publikoa onar zedila. Lan hori zehaztua dago Julián Díez Gómez bide, ubide eta portu ingeniari jaunak prestatutako proiektuan; haren Elkargo Ofizialak ikus-onetsitako proiektua da eta 2001eko azaroaren 20ko 114449 zenbakia du. Bertan bildurik dago ukituriko ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehaztua, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 17. artikuluak aurreikusi bezala.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak ondoko hauek dira: Proiektuaren xede den adarra Bartzelona-Valentzia-Euskadi garraio gasbidearen E-28 prosizioaren inguruetan hasten da, Tuterako udal mugapean, hortxe emanen baitio Gas Natural SDG S.A. enpresak hartunea Gas Navarra, S.A.ri.

NA-3010 errepidearen bazterrak hartzen ditu, batzuetan bata besteetan bestea, Ablitaseraino, 6"DNko hodiarekin. Handik 4"DNko bi adar sortzen dira: bata hego-ekialdera, Hormigones Pamplona, S.A.ren fabrikara eta hartunea izanen dute empresak berak eta Ablitasko herriak; beste adarra hego-mendebalera, Barillas eta Monteagudo aldera, landabide eta alorretan barrena eta NA-3020 errepidea, Tutera-Tarazona trenbide zaharra, Tutera-Tarazona errepidea (NA-121-C) eta Queiles eta Munillo ugaldeak gurutzatzen ditu. Bukatu, Monteagudoko horniketagunean bukatzen du.

Egin beharreko adarra 11.893 metro lineal ditu: 4.753 metro lineal 6"DN eta 4 mm-ko lodierako altzairuzko hodia eta 7.140 metro lineal 4"DN eta 4 mm-ko lodierako altzairuzko hodia, horiek guztiak API 5L Gr B espezifikazioarekin. Babespen pasiboa fabrikan estrusionatutako polietilenoaren bidez eta babespenik gabeko soldadura tarteetan polietilenozko zinta edo hodi erretraktilaren bidez eginen da. Halaber, badu babespen katodikoa ere, proiektuan adierazten den bezala.

Diseinuko presioa 16 bar-ekoa da diseinuko tenperaturan (+15ºC) eta proiektuatua dago 2662 Nm.3/h emaria eramateko, kontuan harturik gero batean izan daitezkeen kontsumo gehikuntzak.

Aurrekontua: milioi bat hogeita bat mila zazpiehun eta hogei euro eta lauretan hogeita hamahiru zentimo (1.021.720,93 euro).

Lur eremuak eskura izan eta instalazioa zortzi hilabetetan eginen dela iritzi zaio.

Adierazitako ondorioetarako, instalazio proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean paratu zen, 34/1998 Legearen 104.2, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 17.2 eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluei jarraikiz, bai eta 2001-12-28ko Diario de Navarran, 2002-02-04ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (15. zk.) eta udal ukituen iragarki oholetan argitaratu ere. Jendaurre aldiko arauzko epean iragandakoan 14 alegazio aurkeztu dira eta, Gas Navarra, S.A. enpresari igorri ondotik, 2002-03-07ko idazkiaren bitartez, epe eta modu egokietan erantzun zitzaien alegatzaileei.

Gas Navarra, S.A.k instalazio horiek Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzeko eskatu zuen eta hala onetsi zion Gobernuak 2002-03-11ko erabakian, eta haren baldintzak Administrazio Baimenaren Proiektuari erantsi zaizkio.

Orobat, zenbait ondasun eta zerbitzuren eskumena duten erakunde publiko guztiei baimena eta baldintza pleguak eskatu zaizkie; hortaz, enpresa titularrak erakunde horiek ezartzen dituzten baldintzak onartu beharko ditu.

Proiektuak betetzen du Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia (74-12-6ko "EAO") eta 1983ko apirilaren 26ko Aginduak (83-11-8ko "EAO"), 1984ko uztailaren 6koak (84-7-23ko "EAO"), 1994ko martxoaren 9koak (94-3-21eko "EAO") eta 1998ko maiatzaren 29koak (98-6-11ko "EAO") aldatua.

Finken ukipena, instalazioak eraikitzearen ondoriozkoa, honako hau da:

A) Bide zortasuna

Trazadura guztian bide zortasun iraunkorra ezarriko da bi metroko zabalerako lur zerrenda batean, metro bat ardatzaren alde bakoitzean; bertatik iraganen dira, lurpean, gasa bideratzeko beharrezkoak diren hodiak, eta gainerako elementuak; elementu osagarriak eta seinalizaziokoak ere hantxe jarriko dira. Bide zortasunak ondoko muga hauek izanen ditu:

1) Debekaturik dago berrogeita hamar zentimetro baino sakonago goldatzea edo antzeko lanak egitea, eta zuhaitzak edo zuhaixkak landatzea gasbidetik hasi eta gutxienez bi metroko tartea utzi gabe.

2) Debeku dira era guztietako obra edo eraikuntzak hoditik hasita gutxienez bost metroko tartean. Tarte hori murriztu egiten ahal da, baldin eta berariaz eskatzen bada eta kasu jakin bakoitzean administrazioko organo eskudunak jartzen dituen baldintzak betetzen badira.

3) Instalazioak mantendu, konpondu edo berritzeko beharrezkoak diren langile eta ekipoak sartzen uztea, eta egiten diren kalteak ordaintzea, halakorik bada.

4) Seinalizazio edo mugapen zutoinak eta aire- berritzeko hodiak jartzeko aukera izanen da eta, halaber, instalazioak ezarri edo funtzionatzeko beharrezkoak diren lanak egin ahalko dira, lur gainean nahiz lur azpian.

B) Aldi baterako okupazioa:

Aldi baterako, obrek iraun artean, 10, 8,5 eta 5 metro zabaleko lur zerrendak okupatuko dira trazadura osoan, finka bakoitzerako desjabetzapen lurzatien planoetan zehaztu den bezala, eta oztopo guztiak kenduko dira bertatik.

c) Behin betiko okupazioa:

Ezinbestekoa da jabari osoko okupazioa elementu finkoak eraiki behar diren lurzatietan: 7 balbula (28 m&2).

Irekitako espedientean arauzko tramiteak beterik eta ikusirik Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena, eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 133 zk.) eskuordetuak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra S.A. enpresari Tutera, Ablitas, Barillas eta Monteagudoko udal mugapeetan, "E-28 posizioa Ablitas-Barillas-Monteagudo gasbide adarra" proiektua egiteko administrazio baimena ematea.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehenbizikoa.-Gas Navarra, S.A.k, bi hilabeteko epean, 20.434,42 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbideak beteko dituela bermatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruz Industri Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako Agindu baten bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoa bete beharko da (Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen Erregelamendu hura). Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Navarra S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra S.A. beharturik dago, baimen honek agindu bezala, baimen horren esparruan zerbitzua eskatzen duen edozein gasez hornitzera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Navarra S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraikiak daudenean, Zerbitzu horrek ikuskatuko ditu burutu diren lan eta muntaiak eta, horiexek bukatutakoan, eta instalazioen obra-bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorri beharko duena.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio- hartzaileak haien exekuzio-plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak eta alegazioen ondorioz trazaduran gertatutakoak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Ezarri behar diren instalazioek orokorrean aplikatzekoak diren xedapen eta arau teknikoak beteko dituzte, eta, batez ere, Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua-1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia eta 1983ko urriaren 16ko (83-11-08ko "E.A.O."), 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko (94-03-21eko "E.A.O.") eta 1998ko martxoaren 29ko (98-06-11ko "E.A.O.") Aginduen bidez aldatua.

2. Gas Navarra S.A.k Tutera, Ablitas, Barillas eta Monteagudoko udal mugapeetan, "E-28 posizioa Ablitas-Barillas-Monteagudo gasbide adarra" proiektua onestea, eta hura egiteko baimena ematea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz egin behar dira eta 8 hilabeteko epean, lurren egiazko okupazio egunetik hasita.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52 eta 53. artikuluek agintzen dutena betetzeko, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik.

Ebazpen hau Gas Navarra S.A.ri jakinaraziko zaio eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hamaseian.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: a0204268