57. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

52/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, jarduera ekonomikoetarako udal mailako poligonoak sustatzeko laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2002. urterako.

Otsailaren 27ko 2/97 Foru Legeak, 9/1998 Foru Legeak hein batean aldaturik, finkatzen ditu toki esparruko jarduera ekonomikoak paratzeko poligonoen urbanizazio obrak proiektatu eta aurrera eraman nahi dituzten Nafarroako toki entitateei eman beharreko dirulaguntzen ildoak eta, zehazki, 6. artikuluan ezartzen du, urtero, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak laguntza horiek emateko deialdia eginen duela eta bertan zehaztuko direla eskatzen den dokumentazioa prestatu eta aurkezteko egun eta epeak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. 2002ko ekitaldian, toki esparruko jarduera ekonomikoak paratzeko poligonoen urbanizazio obrak proiektatu eta aurrera eramateko, Nafarroako toki entitateei eman beharreko dirulaguntzen deialdia onestea, honako oinarri hauen arabera.

O I N A R R I A K

Lehena.-Onuradunak eta baldintzak.

1. Deialdi honetako laguntzak eskatu ahalko dituzte ekitaldi honetan jarduera ekonomikoetako poligonoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateek, hala nola aurreko ekitaldian jarduketak hasi zituztenek, beti ere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Poligonoa jarri nahi den lurzorua hiri-lurzorua edota lurzoru urbanizagarria izatea, indarra duen udal planeamenduan, industriarako nahiz zerbitzuetarako.

b) Toki entitatearena ez den lurzoruren bat ukitua suertatzen bada, zortasunak eta kanpoko zerbitzuak barne, indarrean dagoen planeamenduak ezartzen duen jarduketa sistema desjabetzapenarena izatea, dagokion exekuzio unitaterako.

c) Hasiera batez antolatu behar den azalera herrian dauden beharrekin eta egiazko eskakizunekin bat etortzea, eta lurzatietatik heldu den azalera garbia gehienez 20.000 m2 izatea gutxi gorabehera.

Salbuespen gisa, azalera handiagoak ere onar daitezke enpresa baten lekualdaketa edota handitzea dela kausa beharrezkoa denean eta jabeen aldetik lekualdaketa nahiz handipena egiteko konpromiso formala dagoenean.

d) Lurzati eskaria arrazoizkoa izatea, hain zuzen ere laguntza hauek hartu nahi dituen entitateak egindako sustapen guztietatik ateratzen diren lurzatien azalera garbiaren % 30 gutxienez hasiera batez okupatzeko adinakoa.

e) Toki entitateak hitza ematea jarduketaren ondorioz aterako diren lurzatiak salduko dituela, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

f) Toki Administrazioko Departamentuak txosten bidez azaltzea toki entitateak poligonoa sustatzearen ondorioz heldu diren gastuei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduela.

g) Proiektuak erredaktatu eta izapidatu, lurrak erosi eta obrak kontratatzeko aurreikusten den epeak bermatu eta bide ematea 2002ko ekitaldi honetan obrak egiten hasteko.

2. Halaber, 9/1998 Foru Legeak aldatu duen 2/1997 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritako mugekin, dirulaguntza hauek eskatu ahalko dituzte toki entitateek, egun sendoturik dauden udal poligonoen urbanizazio eta azpiegituretan antzematen diren akats edo gabeziak konpontzeko urbanizazio obra edo proiektuak egiteko, beti ere, aurretik aipatu eta aplikatzen ahal zaizkien mugekin. Horren ondorioetarako, udal poligono sendotuak izanen dira, toki entitateek sustaturik, lurzatien azalera osoaren % 50, gutxienez, industriek edo bestelako jarduera ekonomikoek okupatuta dutenak.

3. Era berean, 9/1998 Foru Legearen xedapen gehigarrian agertzen diren kapital publikoko elkarteek ere eskatu ahalko dituzte dirulaguntza hauek, baldin eta bertan ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen badituzte.

Bigarrena.-Udal mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak.

Deialdi honen ondorioetarako, eta deialdi hau arautzen duen 2/1997 Foru Legearekin bat etorriz, udal mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak dira hiriguneak arintzeko asmoz egiten direnak, egungo jarduerak lekualdatzeko, bai kokagune desegokian daudelako, bai haien instalazioak handitu nahi dituztelako, eta, halaber, herri mailako bizimodu eta beharrekin lotura handia duten proiektu txikiak hartzeko asmoa dutenak, alegia, tailerrak, biltegiak, industria txikiak, zerbitzuak eta horrelakoak, eta inoiz edo behin, kanpoko enpresa txikiak jartzeko proiektuak.

Hirugarrena.-Eskabideak eta dokumentazioa.

Eskaerak Industri Zuzendaritza Nagusira igorri beharko dira eta deialdian ezartzen den epean aurkeztu, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren Erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, Fuerte del Príncipe II. eraikina, 5. solairua, Iruña) edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña).

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.-Eskabide orokorra (aurkezterakoan Erregistroan emanen dutena).

2.-Ukitu behar diren lurren kalifikazioa egiaztatzen duen ziurtagiria eta toki entitatearen planeamenduan aurreikusita dagoen jarduketa sistema, eta bertan zehaztu beharko da lur horiek udal titulartasuna duten ala ez. Horretaz gainera, hirigintza jarduketa horren gaineko agiri tramitatu eta onetsirik izanez gero, gainontzeko agiriekin batera aurkeztuko da.

3.-Dagoen lurzati-eskariari buruzko datuak eta eskatzaileek hartu duten konpromiso mailari buruzkoak, gutxienez ere, jarduketaren ondoriozko azalera garbiaren % 30 justifikatu beharko dutenak. Entitate batek sustapen batzuk aurkezten baldin baditu, aipatu portzentajea guztiei buruzkoa izanen da.

4.-Toki entitatearen erabakia, izan daitezkeen lurzatiak saltzeko konpromisoa hartuko duela egiaztatzen duena, beti ere kostuaren zenbatekotik, jasotako dirulaguntzak kenduta, inolaz ere jaitsi gabe.

5.-Txosten tekniko baloratua, era arrazoitu eta zehaztuan ondoko inguruabarrak bilduko dituena:

a) Jarduketaren dokumentazio grafikoa, behar diren planoekin, eskala egokietan eginak, non ikusiko baitira kokapena, jarduketa eremua edo unitatea, aurreikusitako antolamendua, eta ateratzen diren lurzatiak eta azalerak.

b) Jarduketaren txostena, ondokoa azalduko duena: kokapena, egoera edo/eta garapen urbanistikoa, sarbide, azpiegitura eta kanpoko horniduren ezaugarriak eta egoera, lurzoruen ezaugarri geoteknikoak, aurreikusitako antolamendua eta ondoriozko lurzatiak eta azalerak.

c) Egin beharreko inbertsio zuzenari dagozkion aurreikusitako kostu beharrezkoak, ongi xehatu, justifikatu eta azalduak, poligonoaren erabateko sustapenerako. Lehenik, kontuan hartuko dira: lurrak erosteko eta beharrezko zortasunen kostuak; hirigintza proiektuen eta urbanizatze eta instalazio obren proiektuen erredakzio kostuak; urbanizatze eta instalazio obren eta haien zuzendaritzaren kostuak. Beharrezkoak diren kanpoko azpiegiturengatik sortutako kostuak, poligonoaren konturakoak, kontuan hartuko dira, baita hondakin-uren arazteari dagozkionak ere.

d) Egutegi eta plangintza xehatu eta arrazoitua, ondoko puntuak bilduko dituena: proiektuak adjudikatu eta erredaktatzeko aurreikusitako epeak, hirigintza izapidetzak, behar diren lurren erostea, obren adjudikatze eta exekutatzea, eta ateratzen diren lurzatien aurreikusitako salmentak (metro karratuetan).

Lurzatien salmenten egutegia dela-eta, hasierako salmentetatik abiaturik (sortutako lurzati guztien % 30 gutxienez), gainerako azaleran urteroko % 10 saltzea aurreikusiko da, 2/1997 Foru Legean ezarri bezala.

e) Nolanahi ere, hirigintza agiri onetsia edo izapidetzeko bidean baldin badago, edo urbanizazio obren proiektuak nahiz bestelako obra osagarrienak badaude, haien kopia aurkeztu beharko da.

6.-Bideragarritasunaren aurreazterketa, aurreikusten diren kostuak eta hiruhilabeteroko dirusarrera eta ordainketen behin-behineko plana, eta finantzaketa iturriak zehaztuz. Halaber, finantzaketa kostuak eta aurreikusitako amortizazioak bilduko ditu, bai eta lurzati guztiak saldu arteko epean zehar diruzaintzaren egoera eta garapena nolakoa izan den ere.

Sortutako lurzatiak saltzeagatik izandako dirusarrerak kalkulatzeko, lehenik eta behin, era arrazoitu eta justifikatuan, zehaztu beharko da lurzatien kostua eta salmenta prezioa, eta, dirusarrerak, aurretik ezarritako salmenten egutegiaren arabera kalkulatuko dira.

7.-Poligonoa sustatzeak sortuko dituen obligazioei aurre egiteko toki entitatearen gaitasun ekonomikoa finkatu ahal izateko, entitateek aurreko urteko ekitaldiko kontuen azken itxiera, udalak onetsia, eta toki entitateak egindako bestelako inbertsioetatik heldu diren konpromiso eta ordainketak ere aurkeztu beharko dituzte.

8.-Hasiak diren jarduketen kasuan, arestian zehazturiko alderdiei dagokien dokumentazioaz gain, egindako jarduketen azalpena eta jarduketa horri dagozkion gastu eta sarreren laburpena edo kontuen egoera aurkeztu beharko dira, egiaztagiriekin batera.

Eskaerak aurreko idatz-zatietan aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, laguntza ematen duen organoak hilabeteko epea emanen dio eskatzaileari hura zuzentzeko eta jakinaraziko dio horrela egin ezean, bere eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela.

Laugarrena.-Deialdiko epea.

Deialdia irekiko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean, eta 2002ko ekainaren 14an itxiko.

Bosgarrena.-Dirulaguntzak emateko lehentasunezko irizpideak.

Gastuen aurrekontuan horretarako kontsignaturiko zenbatekoen arabera, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak laguntzen ematea ebatziko du, ondoko hautapen eta lehentasun irizpideei jarraikiz:

1. Lehentasuna emanen zaie laguntzen araubidean sartzeko behar diren baldintza guztiak bete eta 2002rako luzatutako 2001eko ekitaldi aurrekontuaren kargura dirulaguntzak emateko eskatutako baldintzak betetzen dituztela hobeki bermatzen duten eskabideei.

2. Aurreko puntuari jarraikiz aukeratutako eskabideei ondoko lehentasun irizpide hauek aplikatuko zaizkie:

-Egun dauden jarduerak lekuz aldatzeko dagoen beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, baita jarduera berriak kokatzeko dauden eskariak ere.

-Lurzatiak eskatu dituztenen konpromisoa zenbaterainokoa den.

-Lurzatien egiazko eskariak izanen duen eragina lanpostuak mantendu edota berriak sortzeko.

-Proiektua 2/1997 Foru Legean ezarritako irizpideekin bat datorren ala ez, zehazki, proiektuaren neurriak edo hura egiteko faseak egun dagoen eskariari hobeki egokitzeko, eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak ahalik eta baxuenak izan daitezen.

-Eskualdeko poligonoetako lurzatiak eskuratzeko beste aukerarik ez izatea alde horretan.

Seigarrena.-Onura aplikagarriak.

Nafarroako Gobernuak, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren bidez, udal mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateei emanen dizkien laguntzak honelakoak izanen dira:

1. Exekuzio unitatea erabat garatzeko behar diren proiektuen kostuaren % 70eko (ehuneko hirurogeita hamarreko) fondo galdurako dirulaguntza, beti ere Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeko 89., 98. eta 99. artikuluetan arautua dagoenaren arabera.

2. Fondo galdurako dirulaguntza, urbanizatze obren eta haien zuzendaritzaren eta, hala bada, behar diren lurrak erosteko kostuaren % 20koa (ehuneko hogeikoa).

3. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuotaren % 95eko hobaria, hala poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketari dagokion kuotan, nola toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkieten eskualdaketei dagokien kuotan.

Zazpigarrena.-Laguntzak ematea eta ordaintzea.

1. Ematea.

Eskaerak hartu ondoren, aztertuko dira, eskatutako baldintzak betetzen direla eta proiektua bideragarria dela egiaztatzeko.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik, Toki Administrazioko Departamentuari eskatuko dio txostena, lotarazlea izanen dena, poligonoa sustatzetik heldu diren eginbeharrei aurre egiteko eskatzaileak duen ahalmen ekonomikoari buruzkoa, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 8.1 artikuluan azaldu bezala.

Aipatu dirulaguntzen zenbatekoa ondoko eran finkatuko da:

a) Hirigintzako dokumentuen eta proiektuen kostuaren % 70eko dirulaguntzari dagokionez, 3. oinarrian aipatu den dokumentazioan aurreikusten den kostua hartuko da erreferentziatzat, beti ere Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak egiaztatuta.

b) Urbanizazio obretarako eta haien zuzendaritzarako % 20ko dirulaguntza hasiera batez emateko kontuan hartuko da 3. oinarrian eta 2/1997 Foru Legearen 7. artikuluan aipatu den Txosten Tekniko Baloratuaren aurrekontua eta horri gehituko zaio, hala balitz, erositako lurren kostu kalkulatua. Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak lurrak baloratzeko, kontuan hartuko ditu eskualdeko poligonoetan antzeko egoeretan egindako erosketen salneurriak.

Berariazko ebazpena eman gabe sei hilabete pasatzen baldin badira, eskaera ezetsitzat emanen da, bakarrik dagokion administrazio errekurtsoa paratzeko ondorioetarako.

2. Ordainketa.

Laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak ondoko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu ekitaldi honetan:

Proiektuetarako:

a) Haiek erredaktatzeko kostuen ziurtagiriak. Hirigintzako proiektuen erredakzioaren eta gainerako dokumentuen kostua zein den behin jakinez gero, hasiera batez emandako laguntzak behin betikoak izanen dira eta une horretantxe eginen dira behar diren doikuntzak, erredakzio kostuak hasieran aurreikusitakoak baino txikiagoak izan baldin badira.

b) Haien hirigintzazko tramitazioa eta onespenaren egiaztagiria. Dirulaguntza horren ordainketa eginen da proiektu edota dokumentu bakoitza osorik erredaktatu ondoren, aurretik Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak adostasun txostena eman badu eta hirigintza araubidearen aldetik behin betiko onespena eman baldin bazaie.

Obretarako:

a) Ukitutako lur eta zerbitzuak eskura dituela, obren bideragarritasuna bermatzeko.

b) Lurzatiak eskatu dituztenen konpromiso formala, poligonoan sortzen diren lurzatien % 30 gutxienez eskuratuko dutela, hitzartutako salneurria, egutegia eta ordaintzeko modua zehaztuz.

c) Kontratista adjudikatzailearekin egindako obra kontratuaren fotokopia, hala nola zuinketa aktarena eta obrak hasteko aginduarena.

d) Obren zuzendaritza teknikoaren kontratuaren kopia.

Nolanahi ere den, proiektua erredaktatzeko kostua edo obrak adjudikatu eta lurrak erosteko salneurria hasieran aurreikusitako kostua baino txikiagoa baldin bada, behar diren doikuntzak eginen dira dirulaguntza esleipenaren salneurriari egokitzeko.

3. Dirulaguntzak baliogabetzea.

Proiektuak erredaktatu eta eman ez badira edo urbanizazio obrak esleitu eta hasi ez badira, horiei buruzko agiri fede-emaileak aurkeztu beharko baitira ekitaldi hau amaitu aurretik, dirulaguntza horiek baliogabetu eginen dira besterik gabe.

Horregatik baliogabeturiko kopuruak, deialdira aurkeztu eta, aurrekontuetan dirurik ez zegoela-eta dirulaguntzarik jaso ez duten bestelako proiektu eta obrei eman ahalko zaizkie.

Zortzigarrena.-Emandako laguntzak galdu edo murriztea, ez-betetze kasuan.

Onuradun ateratzen diren toki entitateek Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan aurkeztu beharko dute, lanak bukatu ondoren eta hiru hilabeteko epean, haien burutzea eta kostua egiaztatzeko dokumentazioa.

Aipatu Departamentuak edozein unetan eska ditzake egoki juzkatzen dituen argibideak, obren burutzeari buruz nahiz poligonoko lurzatien salmentei buruz.

Laguntzak emateko ebazpenetan finkatutako baldintzak erabat nahiz hein batean ez betetzeak, edo deialdi honetan zein deialdia arautzen duen 2/97 Legean eskatutako baldintzaren bat ez betetzeak, berekin ekar dezake emandako laguntzak galtzea edo murriztea.

Itzultzeko ebazpena ematen bada, arrazoiak eman beharko dira eta dagokion entitateari behar bezala jakinarazi. Hala behar balitz, aipatu entitatearen banaketa kontuaren kargura konpentsatuko da.

2. Deialdi honen ondorioz 2002ko ekitaldiari dagozkion gastuen konpromisoak, indarra duten Gastuen Aurrekontuen "Jarduera ekonomikoetarako udal poligonoentzako laguntzak" izeneko 810001-81130-7600-535100 kontusailari kargatuko zaizkio, 786.205 euroko kopurua zehazki. Zenbateko hori handitzen ahalko da aurrekontuetan horretarako bidea baldin badago.

3. Foru Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hamaikan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0204024