52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E Z K A B A R T E

Ordenantza behin betiko onetsita

Ezkabarteko Udalak, 2002ko otsailaren 20an egin bilkuran, ordenantza hau behin betiko onetsi zuen:

ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOTIK KENDU ETA ONDOTIK ALTXATZEKO ZERBITZUA EMATEKO ESKUBIDEAK ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoari jarraikiz, eta haren 12. artikuluan agertzen den baimenaren babesean.

Zergagaia

2. art. Zergagaia sortzen da Udalaren zerbitzu eskudunek ibilgailuak kentzen hastean edo kendutakoan, eta ondoren, interesatuari itzuli bitartean altxatokian edukitzean.

3. art. Honakoek ez dute tasa hau ordaindu beharko:

1. Behar den baimena duten kabalkada, desfile, segizio, kirol-saio edo beste jarduera nabarmenen bat eginen den ibilbidean aparkaturik egoteagatik kentzen diren ibilgailuak.

2. Dauden tokian eremu publikoa konpontzea edo garbitzea galarazteagatik kentzen diren ibilgailuak.

3. Jabeei ebatsirik eremu publikotik kentzen diren ibilgailuak. Jabeak horretarako, lapurreta salaketaren kopia aurkeztu beharko du.

Zerga ordaindu beharra eta tasaren sortzapena

4. art. Zerga ordaindu beharra sortuko da zerbitzua ematean edo ematen hastean, eta une berean ere izanen du sortzapena ibilgailua kentzeagatiko tasak.

5. art. Ibilgailua altxatzeagatiko tasak ibilgailua erretiratu eta 24 ordu iraganik izanen du sortzapena.

Subjektu pasiboa

6. art. Indarra duen araudian xedatutakoari jarraikiz, ibilgailuaren gidariak ordaindu beharko du tasa, eta horren ordez, ibilgailuaren titularrak.

Karga oinarria

7. art. Karga oinarria kendu edo altxatu den ibilgailu bakoitza da.

Salbuespenak

8. art. Lege nahiz erregelamenduetako xedapenek hala aginduta nahitaez aplikatu beharrekoak direnez beste salbuespenik ez da onartuko.

Tarifak

9. art. Zerga kontzeptu bakoitzagatik ordainarazi beharreko tarifak ordenantza honen eranskinean azaltzen dira.

Tributuaren kudeaketa

10. art. Ordainarazpen honen dirubilketarako arau berezitako, zerbitzu honek sortuko dituen tasak udaltzaingoaren bulegoetan ordainduko direla ezarri da. Udaltzaingoak ordainketa frogatzeko behar diren ordainagiriak edo tributu efektuak luzatuko ditu.

11. art. Kendutako ibilgailua ez zaio jabeari itzuliko hura kendu eta altxatzeak sortu dituen eskubideak ordaindu arte.

12. art. Tasa honen likidazioa ordaintzeak ez du ukatzen inolaz ere zirkulazio arauak hausteagatik izan daitezkeen zehapen edo isunak pagatu beharrik.

Jabeek eraman gabeko ibilgailuak

13. art. Udalak bere altxatokietan dauzkan ibilgailuak esleituko ditu eremu publikoan abandonatutako nahiz aparkatutako ibilgailuei buruzko 1965eko ekainaren 15eko eta 1967ko martxoaren 8ko Aginduetan, bai eta ibilgailu abandonatuak eremu publikotik kendu eta altxatzeari buruzko 1974ko otsailaren 14ko Aginduan ere ezarritakoari jarraikiz.

TARIFEN ERANSKINA

Kendutako ibilgailuen titularrek ordaindu beharreko eskubideak ondoko hauek dira:

Motozikletak, motokarroak eta antzekoak: 19,77 euro.

3.500 kilo bitarteko turismo eta ibilgailuak: 78,93 euro.

3.500 kilotik goitiko kamioiak eta ibilgailuak: 395 euro.

Ibilgailua altxatokira eraman eta jakinarazita, 24 ordu pasatzen direnean, kuota hauek aplikatuko dira, egun edo zati bakoitzeko, hura eraman arte:

Motozikletak, motokarroak eta antzekoak: 3,76 euro.

3.500 kilo bitarteko ibilgailuak eta turismoak: 15,12 euro.

3.500 kilotik goitiko ibilgailuak eta kamioiak: 75,82 euro.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak sor ditzan.

Ezkabarten, bi mila eta biko martxoaren batean. Alkatea, Félix Idoate Munárriz.

Iragarkiaren kodea: A0202917