52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C A S T E J O N

Enplegua eta inbertsioa sustatzeko laguntzen udal ordenantza behin betikoz onetsirik

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan ezarritakoa betez, Enplegua eta inbertsioa sustatzeko laguntzen udal ordenantzaren testu osoa ematen da, Castejongo Udalak behin betikoz onetsi baitzuen, 2002ko martxoaren 8an egin osoko bilkuran.

Castejonen, bi mila eta biko martxoaren zortzian. Alkate udalburua, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

ENPLEGUA ETA INBERTSIOA SUSTATZEKO LAGUNTZEN UDAL ORDENANTZA

Udalerrian industrialde bat egin dela eta, toki administrazioari dagokio behar diren neurriak hartzea, udalerriko hirigunean dauden industriak aipatu industrialdera alda daitezen, baita, Nafarroako Gobernuko Industri Departamentuak bultzaturiko industrialde hori ahalik eta beteen egon dadin, bertze udalerrietatik heldu diren enpresa inbertsioak sustatu, bultzatu eta sendotzea ere.

Halaber, herri honetan enplegua sustatzeko neurriak hartu behar dira, langabeziarik izan ez dadin.

Udal honek, bere diru baliabide mugatuak erabiliz, apostu garbia egin nahi du jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko, herriko bizilagunei kontratu mugagabea egitearren fondo galdurako diru laguntzak ematea ardatz duen toki mailako ekimena bultzatuz.

LEHEN SAILA

Langileak kontratatzeko laguntzak

1. artikulua. Castejongo Udalak dirulaguntzak emanen dizkie bertzeren kontuko langileak kontratatzen dituzten enpresei, ordenantza honetan ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan bada.

2. art. Laguntzek muga izanen dute Udalaren aurrekontuan urtero horretarako jartzen den diru kopurua.

3. art. Eskabidea egiten dutenetik bi urteko epean, bertzeren kontuko 5 langile edo gehiago kontratatzen dituzten enpresek eskuratzen ahal dituzte laguntza hauek. Kontratuek mugagabeak izan behar dute eta lanaldi osokoak. Halaber, aipatu kontratazioek enpresan ordutegi osoa duten langile finkoen kopuruari handitze garbia ekarri behar diote.

4. art. 1. Dirulaguntzaren zenbatekoa 100.000 pezeta (601,01 euro) izanen da herriko bizilagunen artean egindako kontratu bakoitzagatik, hura mugagabea eta lanaldi osokoa baldin bada, eta kontratatua gutienez ere kontratazio eguna baino urtebete lehenago baldin badago herrian erroldaturik.

4.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa 150.000 pezeta (901,52 euro) izanen da herriko bizilagunen artean egindako kontratu bakoitzagatik, hura mugagabea eta lanaldi osokoa baldin bada, eta baldintza hauetarikoren bat betetzen badu:

-Emakumea izatea.

-25 urte baino gutiago izatea eta 50 urte baino gehiago.

-Minusbalioren bat izatea.

-Oinarrizko Errentako edo Enplegu Babestuko Programaren baten bidez kontratatua izana.

5. art. Aurreikusitako laguntzetarako eskabideak Herriko Etxean aurkeztuko dira, bertan eskuratutako eredu ofizialean, 30 egun balioduneko epean, kontratazioa egiten denetik hasita.

Eskabideari inbertsioaren edota jarduera deskribatzen duen txostena gehituko zaio.

6. art. Udalak espedienteak aztertuko ditu eta horiek ebazteko beharrezkoa den dokumentazio osagarria eskatzen ahal du. Dokumentazio hori ekartzeko 30 egun balioduneko epea egonen da, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita. Horrela egiten ez bada, espedientea bertzerik gabe artxibatuko da.

7. art. Eskabide espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldrebesteak hura eta hemendik aitzina enpresak aurkez ditzakeenak ukatu edo deuseztatzea ekarriko du hamar urtetan.

8. art. Eskabideak Udalaren eta enpresaburuaren arteko kontratua sinatuz ebatziko dira, eta bertan nahi adina baldintza edo betebehar sartzen ahal dira, emandako dirulaguntzak hobeki aprobetxatzearren.

9. art. Diru laguntzak ordainketa bakarrean eginen dira, eta aldez aurretik hauek aurkeztu behar dira: lan-kontratuak, Gizarte Segurantzako kotizazio liburu ofizialak, TC1 eta TC2 eredukoak, kontratazioa egin aitzinekoak eta ondokoak, eta Foru Ogasunarekin, Lizentzia Fiskalarekin eta Gizarte Segurantzarekin betebeheharrak eguneraturik daudelako agiriak.

10. art. Aitzineko artikuluetan ezarritakoaren ondorioz diruz lagundu den kontratu baten langileak kontratua bete baino 37 hilabete lehenago uzten badu enpresa onuraduna, baja egin eta ondoko hogeita hamar egun balioduneko epean, bertze langile bat paratu beharko da haren ordez, kontratu aldetik ezaugarri berberak izanen dituena, eta hasiera batean laguntza hauek eskuratzeko ezarritako baldintzak dituena. Horrela egiten ez bada, emandako laguntza kendu edo, deuseztatuko da.

11. art. Halaber, emandako laguntza kendu, deuseztatu edo itzuli beharko da, lan-kontratu mugagabea duten langileen plantilla murrizten bada.

12. art. 37 hilabetetan, enpresa onuradunak Gizarte Segurantzako kotizazio liburuen TC1 eta TC2 ereduen fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dizkio Udalari seihileko guztietan. Zer entitateta egin diren behar ziren dirusarrerak, harexek zigilatu beharko ditu kotizazio liburu horiek ere.

13. art. Castejongo Udalak bidezko juzgatzen dituen kontrol eta frogapen guztiak egiten ahal ditu aldian-aldian, laguntzak eskuratzeko ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ote diren egiaztatzeko.

14. art. Laguntza hauen onuradunek ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioz dituzten betebeharrak ez betetzeak onartutako dirulaguntzak kendu edo deuseztatzea ekarriko du, baita, dirulaguntzarik bilduz gero, Udalari itzuli beharra. Horretarako hilabeteko epea egonen da deuseztapena jakinarazten denetik.

BIGARREN SAILA

Inbertsiorako laguntzak

15. art. Laguntza hauek eskura ditzakete industrialdean kokatzen diren enpresek, baldintza hauek betetzen badituzte:

-Industrialdean inbertitzea, industriarako eraikinak zutitzen edo handitzeko edo berritzeko obrak egiten.

-Helbide fiskala Castejonen izatea.

16. art. Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten enpreseak ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte Castejongo Herriko Etxean, urtebeteko epean, irekitzeko lizentzia ematen zaienetik:

-Eskaria idatziz.

-Enpresaren nortasunaren ziurtagiria.

-Inbertsio proiektua azaltzeko txostena.

-Egin beharreko jardueraren gaineko txostena.

-Ziurtagiria, Gizarte Segurantzarekiko obligazioen eta udal nahiz foru zergen ordainketa eguneratua dagoela dioena.

17. art. 1. Laguntza hauen zenbatekoa hau izan daiteke, aukeran:

-E.I.O.Z.aren kuotaren ehuneko 20, sei lanpostu baino gehiago sorrarazten dituzten enpresendako, gutienez ere plantillaren ehuneko 20 baldin bada.

-E.I.O.Z.aren kuotaren ehuneko 30, 10 lanpostu baino gehiago sorrarazten dituzten enpresendako, gutienez ere plantillaren ehuneko 30 baldin bada.

2. Orokorrean, diru laguntzaren zenbatekoa ez da 10.000.000 pezeta baino gehiago izanen (60.101,21 euro).

3. Udalak, salbuespenez, laguntza hauek handitzen ahalko ditu, osoko bilkuran aldez aurretik erabakita, lanpostu kopuruak horretaratua, baina ezin izanen da, inola ere, E.I.O.Z.aren kuotaren ehuneko 50 baino gehiago izan.

18. art. 1. 7.000.000 pezeta (42.070,85 euro) baino gehiagoko inbertsio guztiei finantza-laguntza emanen zaie.

2. Finantza-laguntza kalkulatzeko oinarria E.I.O.Z.n kontuan hartzen den zergagaia izanen da.

19. art. Diru laguntza hau enpresa eskatzailearen espedientea ebatzi ondoan ordainduko da, eta gehienez ere urtebetean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honek argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Erranak erran, 2001eko irailaren 1etik aitzina kokatzen diren enpresek laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte.

Iragarkiaren kodea: A0202985