52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren betearazpena. Osoko bilkuraren 2000ko maiatzaren 18ko eta azaroaren 16ko erabakien aurkako gora jotzeko errekurtsoak, Ezkabako desjabetzapenetik libratzeko eskaintzari eta desjabetzapenetik libratzeari buruzkoak

Iruñeko Udalak, 2002ko martxoaren 7an egindako osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Ikusirik N.A.A.k emandako ebazpena, Ezkabako desjabetzapenetik libratzeko eskaintzari eta desjabetzapenetik libratzeari buruz, hurrenez hurren, osoko bilkuraren 2000ko maiatzaren 18an eta azaroaren 16an hartutako erabakien aurka aurkezturiko 00/3761 eta 00/6560 gora jotzeko errekurtso metatuei dagokiena; eta 2002ko otsailaren 26ko txosten juridikoaren arabera, zeina espedientean baitago eta onesten baita, erabaki da ebazpena jakinarazitzat hartzea eta betetzeari ekitea, espedientea atzera eramanez, 2000ko maiatzaren 18ko osoko bilkuran hartutako erabakiraino, zeinaren ordez honako beste hau hartzen baita:

"Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 183. artikuluak xedatzen duenez, desjabetzapen sistemaren aplikazioan, organo desjabetzapen-egileak, salbuespen modura, desjabetzapenetik libratzen ahalko ditu, behar diren baldintzak ezarriz, jabetza pribatuko edo ondareko ondasun jakin batzuk.

Lege testu horrek berak jarraitzen du esanez ezen horretarako beharrezkoa dela interesatuek eskabidea aurkeztea -betiere, arrazoizkoa- eta onartzea hirigintzako kudeaketa horri lotuko zaizkion baldintzak, xehetasunak eta neurriak, eta finkatu beharko direla ez-betetze kasuetarako bermeak.

Legeak onartzen duen aukera horren aplikazioa da, hain zuzen ere, kasu honetan dagokigun kontua, eta, horretarako, Iruñeko Udalak ezarri egin ditu aurreko atalean aipatzen diren baldintzak, interesatuek ezagutu ahal izan ditzaten, eta, onartzen badituzte, desjabetzapenetik libratze horri ekin ahal izan dakion, Udalak aldez aurretik hartuko duen erabakiaren ondotik eta Legeak berak aipatzen duen jendaurreko informazioaldia ireki eta gero.

Horiek horrela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 183. artikuluak xedatzen duenarekin bat, erabaki da desjabetzapenetik libratzeko eskaintza egitea, Ezkaba Sektorearen exekuzioa dela-eta Iruñeko Udalerrian dagoeneko gauzatzen ari den desjabetzapenak ukitutako lurzatien jabe guztiei, baldin eta idatziz eta behar bezala justifikaturik eskatzen badute, hamabost eguneko epean, gehienez ere, eta ondotik aipatzen diren baldintzak beren gain hartzen badituzte. Desjabetzapena 1998ko azaroaren 27ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren poderioz onetsi eta 1999ko urtarrilaren 25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen. Honako hauek dira bete beharreko baldintzak:

Lehenbizikoa

Ezkaba-Kanalea Sektorearen hirigintza-garapenerako oinarrizko planeamendua izanen da Sektore horretarako gaur egun arte dagoeneko tramitatu den berbera, alegia, urriaren 27ko 1215/2000 Foru Aginduaren bidez behin betikoz onetsitako Plan Bateratua.

Bigarrena

Ezkaba-Antsoain Sektorearen Plan Bateratua desjabetzapen sistemaren bidez kudeatuko da.

Hirugarrena

Iruñeko Udala arduratuko da, Hirigintza Gerentziaren bitartez, Ezkaba Sektorea Urbanizatzeko Proiektuaz, zuzenean edo lehiaketa publikoa eginez, eta kontratatuko du, berriz ere Hirigintza Gerentziaren bitartez, urbanizazio obren exekuzioa, eta kudeatuko ditu antolamenduz kanpo deklaratutako obren eta eraikinen eraispenak nahiz egin beharreko industria-lekualdaketak. Horretan guztian, legez ezarritako edozein figura juridiko erabiltzen ahalko du, bere jarduketak Antsoaingo Udalarekin koordinatu ahal izateko.

Laugarrena

Desjabetzetik libratutakoak bere gain hartuko ditu Ezkaba Sektorearen planeamendu, kudeaketa eta urbanizaziotik datozen kostu eta gastu guztiak, Sektore honen Likidazio Kontutik ateratzen diren behin-behineko eta behin betiko saldoen araberakoak.

Bosgarrena

Desjabetzetik libratutakoak bere gain hartzen ditu aipatutako behin-behineko saldoa dagokion partean ordaintzeko konpromisoa eta beharkizuna, modu honetan:

1. Planeamendu, kudeaketa eta urbanizazio proiektuaren agirien kostuari, lansarienari eta kalteordainenari dagokien gastuaren ehuneko 100a, hilabeteko epearen barrenean ordainduko da, Ezkaba Sektorearen Kudeaketa Proiektua onesten denetik hasita.

2. Ezkaba Sektorea urbanizatzeko lanen 1. faseko obraren kostuari dagokion gastuaren ehuneko 50a, hilabeteko epearen barrenean ordainduko da, obra hori adjudikatzeko deialdia erabakitzen denetik hasita.

3. Ezkaba Sektorea urbanizatzeko lanen 1. faseko obraren kostuari dagokion gastuaren ehuneko beste 50a, honela ordainduko da:

3.1. Kopuru honen ehuneko 50a, lau hilabeteko epean, Udalaren eta urbanizatzeko lanen adjudikazioa hartu duen kontratistaren artean urbanizazioko 1. faseari dagokion obra hasteko Akta formalizatzen denetik hasita.

3.2. Gainerako 50a, lau hilabeteko epean, 3.1 atalean ezarritako epea amaitzen denetik hasita.

4. Sortzen diren gainerako gastuak, Ezkaba Sektorea urbanizatzeko lanen hurrengo faseetakoak barne, zatika ordainduko dira, sei hilabetetik, bi urteko epearen barrenean, Udalaren eta urbanizatzeko lanen adjudikazioa hartu duen kontratistaren artean urbanizazioko 1. faseari dagokion obra hasteko Akta formalizatzen denetik hasita.

Seigarrena

Desjabetzetik libratutakoak bere gain hartzen ditu banku edo aurrezki kutxaren batek luzatutako abala aurkezteko konpromisoa eta beharkizuna, aurreko baldintzan bereganatutako betebeharrei zehatz-mehatz erantzun ahal izateko. Abal hau Administrazioari aurkeztu beharko zaio, Ezkaba Sektorearen Kudeaketa Proiektua hasiera batez onesten den unean, eta, kopuruari dagokionez, aipatutako Kudeaketa Proiektuaren likidazio kontuan adjudikatu zaizkion orubeentzat ateratzen den saldoaren ehuneko 60ari dagokion balioa izanen du.

Abal hau murrizten joanen da, automatikoki, desjabetzetik libratutakoak bosgarren baldintzan hitzartutako betebehar ekonomikoei erantzuten dien heinean.

Zazpigarrena

Desjabetzetik libratutakoak bere gain hartzen ditu konpromisoa eta beharkizuna, Sektore honen Kudeaketa Proiektuan adjudikatzen zaizkion orubeak eta libratutako lurzatiak hirugarren pertsonei ez saldu, eskualdatu edo besterentzeko, zeren eta berak zuzenean sustatu beharko baititu.

Nolanahi dela ere, pro indiviso adjudikatutako orubeetan, baimendurik dago zatitu gabeko partaidetzen eskualdaketa, baldin eta kasuan kasuko orubearen jabekideen artean bada, bertan eraiki ahal izan dadin.

Zortzigarrena

Desjabetzetik libratutakoak bere gain hartzen ditu konpromisoa eta beharkizuna, Kudeaketa Proiektuan adjudikatzen zaizkion orubeetako bakoitzean sustatzeko, hain zuzen ere, Plan Bateratuan esleitu zaion etxebizitza mota hura, eta, halaber, konpromisoa eta beharkizuna hartzen ditu ez aldatzeko "babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitza" erabilera, haren ordez "etxebizitza askea" edo bestelakoren bat jartzeko.

Bederatzigarrena

Desjabetzetik libratutakoak bere gain hartzen ditu konpromisoa eta beharkizuna, adjudikatzen zaizkion orubeen sustapen eta eraikuntza honako epe honen barrenean hasteko:

Babes publikoko edozein araubideri lotutako orubeen eraikuntza hasiko da gehienez ere bi urteko epean, Udalaren eta urbanizatzeko lanen adjudikazioa hartu duen kontratistaren artean urbanizazioko 1. faseari dagokion obra hasteko Akta formalizatzen denetik hasita.

Gainerako etxebizitzak hasiko dira egiten gehienez ere lau urteko epearen barrenean, urbanizazioko 1. faseari dagokion obra hasteko aipatutako Akta formalizatzen denetik.

Hamargarrena

Desjabetzetik libratutakoak bere gain hartzen ditu konpromisoa eta beharkizuna, etxebizitza askeak saltzekotan, hau da, erabilera mota horretarako esleitu zaizkion orubeetan babes publikoko inongo araubideri lotu gabe sustatzen dituenak, ez kobratzeko bere azalera erabilgarria bider une horretan indarra duen modulu ponderatua bider 1,85 koefizientea egitetik ateratzen den kopurua baino altuagoa den preziorik.

Etxebizitzak atxikitako garaje eta trastegelak dituenean, haien salmenta prezioa ez da izanen loturik dauden etxebizitzako metro koadro erabilgarriko salmenta prezioaren berrogeita hamabost baino gehiagokoa.

Sei urteko epean, mota honetako etxebizitzen eta beren eranskinen salerosketako eskritura egilesten denetik hasita, ezin izanen dira saldu arestian aipatutako formulak une bakoitzean aplikatzetik ateratzen den kopurutik goitiko prezioan.

Baldintza hau gehituko da dagokion salerosketa eskrituran eta hurrengoetan.

Era berean, etxebizitza eta eranskinen (garajea eta trastegela) salerosketako dagokion eskrituran eta hurrengoetan sartuko da, baita ere, lehentasunez eskuratzeko eskubide erreal bat, Iruñeko Udalaren aldekoa eta sei urteko iraupena izanen duena, klausula hau aplikatzetik une bakoitzean ateratzen den prezioan egindako salerosketa eskrituraren egunetik hasita. Iruñeko Udalak hilabeteko epea izanen du, egin gogo den salmenta jakinarazten zaionetik, bere erabakia hartzeko.

Hamaikagarrena

Desjabetzetik libratutakoak onartzen du ezen babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzek -hari atxikitako garaje eta trastegela moduko eranskinak barne- honako "urbanizazio kostuak" izanen dituztela:

Eraikitako 110 metro karratuko araubide bereziko etxebizitza bakoitzeko: 926.000 pezeta.

Eraikitako 110 metro karratuko araubide orokorreko etxebizitza bakoitzeko: 1.117.000 pezeta.

Eraikitako 110 metro karratuko araubide orokorreko etxebizitza bakoitzeko: 1.806.000 pezeta.

Urbanizazio kostuaren gainerakoa banatuko da etxebizitza askeen, behe solairuko lokalen eta bulegoen artean eta gainerako erabilera errentagarrien artean.

Hamabigarrena

Desjabetzetik libratutakoak baimena ematen dio Administrazioari Gordailu-Kutxa Orokorretik har dezan bertan haren alde utzi zuen diru kopurua, lehen aipatutako Aldez aurretiko Okupazioaren Aktaren kariaz edo bestela itzuliko du egun horretara bitarte arrazoi berarengatik kobratutako dirua.

Hamahirugarrena

Desjabetzetik libratutakoak betetzen ez baditu libratze honetarako ezarritako baldintzak, orubeak desjabetuko zaizkio, jabetzaren eginkizun soziala ez betetzeagatik edo, bestela, Administrazioak premiamenduko bidea erabiliko du, non ez den Administrazioaren jarduketaren bat edo jarduketarik eza gertatu edo, bestela, urbanizazioko obra geldiarazi baina ez libratutakoaren ordainketa faltarengatik edo desjabetzapen espedientearen bukaera atzeratu.

Hamalaugarrena

Administrazioak Ezkaba Sektorean emanen ditu eraikuntza eta obretarako behar diren lizentziak, urbanizazio obrak egiten diren aldi berean, eta azken horiek prest egon beharko dute, lehenbiziko okupazioko, irekierako, eta abarreko lizentziak ematen diren unerako".

Ebazpen honen kontra errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina; edo bestela,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen honen jakinarazpen egunaren ondoko hilabetean.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen bertze interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren zortzian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0202833