52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

23/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuei dirulaguntzak emateko deialdiko oinarriak onesten dituena.

Otsailaren 22ko 71/1993 Foru Dekretuak Gazteentzako Informazio Zerbitzuak arautzen ditu eta xedatzen du toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuak aurkezten ahalko direla dirulaguntzen deialdietan.

Dirulaguntzak emateko araubidea orain arte Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak martxoaren 28an eman zuen 38/2001 Foru Aginduan zegoen xedatua, baina bidezko da beste Foru Agindu bat onestea toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Kirol eta Gazteriaren arloetako dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuko 4. artikuluarekin bat eta azken xedapenetariko lehenak ematen dizkidan ahalmenak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluak ematen dizkidanak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuei dirulaguntzak emateko deialdia onestea; Foru Agindu honen eranskinean agertzen dira deialdiaren oinarriak.

2. Gehienez ere 88.914 (laurogeita zortzi mila bederatziehun eta hamalau) euroko gastua baimentzea, dirulaguntzen deialdi hori finantzatzeko, kontusail hauetatik:

-54.090 (berrogeita hamalau mila eta laurogeita hamar) euro "Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak" izeneko 940003-95210- 4810-323100 kontusailetik.

-1.683 (mila seiehun eta laurogeita hiru) euro "Gazte entitateen ekipamendua" izeneko 940003-95210-7810-323100 kontusailetik.

-24.127 (hogeita lau mila ehun eta hogeita zazpi) euro "Toki entitateetako gazte programak" izeneko 94003-95210-4600-323100 kontusailetik.

-9.014 (bederatzi mila eta hamalau) euro "Toki entitateetako gazte ekipamendua" izeneko 940003-95210-7600-323100 kontusailetik.

Kontusail haiek denak 2002rako luzatutako 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira.

3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari esku ematea, aurkezturiko eskabideen gainean deialdiaren ebazpena eman ondoren, hasiera batean baimenduriko zenbatekoetatik sobran den dirua kendu eta kontusail beraren bizkar finantzatuko diren bestelako deialdietako gastu gisa baimentzeko.

4. Deialdiaren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

6. Foru Agindu hau igortzea kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalera, Gazteri Zuzendariordetzara, Plangintza eta Sustapen Atalera eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita seian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuei beren funtzionamendu egokirako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

2.-Helburua.

Dirulaguntzen helburuak hauexek dira:

Gazteentzako Informazio Gune eta Bulegoetarako:

-Ofizialki onarturiko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen funtzionamendu eta mantentze egokiaren ondoriozko jarduerak hein batean finantzatzea, 2001eko urriaren 1etik 2002ko urriaren 31ra bitarte.

-Gazteentzako Informazio zerbitzuaz arduratzen diren langileen prestakuntza hein batean edo osorik finantzatzea (bertako edo kanpoko ikastaroak).

-Tresna informatikoen erosketa hein batean finantzatzea: ordenagailua, inprimagailua, ekipoak eta softwarea gaurkotzea. Ekipo informatiko erosiek aukera emanen dute interneten eta posta elektronikoan sartzeko eta gutxieneko ezaugarri hauek izanen dituzte:

Pentium II edo III (hau nahiago da).

Aski den memoria (64 MB RAM)

4 GBtik goitik disko gogorrean.

Interneten eta posta elektronikoko kontuan sartzeko aukera.

Multimedia ekipoa (CD Rom)

Office 97 edo hortik goitikoa.

Tresna informatikoak erosteko dirulaguntza gisa hartzen ahalko den gehieneko zenbatekoa 901,52 eurokoa izanen da, alegia, 1.803,04 euroko gastuari dagokiona.

Gazteentzako Informazio Bulegoetarako:

-Bulegoan jarduteko pertsona bat gehienez ere hein batean finantzatzea, 2001eko irailaren 29tik 2002ko urriaren 31ra bitarte.

-Informazioa arintzeko jarduerak hein batean finantzatzea: euskarri informatiboak editatzea, gazte eginkizunak sustatzeko informazioak eta aholkuak ematea, hedabideak erabiltzea, informazioa katalogatzea, sasoian sasoiko hedapen kanpainak, etab.

3.-Esparrua.

3.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan inskribaturik dauden Gazteentzako Informazio Zerbitzuek hartzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuak arautzen dituen otsailaren 22ko 71/1993 Dekretuan xedatu bezala.

3.2. Zehatzago den beste deialdi baten xede diren jarduerak deialdi honen esparrutik kanpo gelditzen dira, baita informazio bulego edo guneen berezkoak ez direnak ere.

4.-Aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntzaren eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kaleko 25ean), 2002ko urriaren 31 arte.

Behar bezala osaturiko eskabide guztiak hartuko dira kontuan. Helburu honetarako kreditua izanen da muga.

5.-Eskabidea eta agiriak.

5.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak luzatuko dituen inprimakietan aurkeztuko dira. Bertan hauek agertuko dira:

a) Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren funtzionamenduaren txostena eta baldintzak eta urteko aurrekontua.

b) Eginiko jardueren memoria, behar bezala baloratua, helburuak eta lorpenak, informazioaren hartzaileak eta Informazio Zerbitzuaz arduratzen den lan taldea adieraziko dituena.

c) Informazio Zerbitzuak izaniko kudeaketa arrunteko gastuen frogagiria, haren izenean luzatuko diren fakturetan. Bertan kontu hauek zehaztuko dira: data, kontzeptua eta enpresa saltzailearen izena, zigilua eta izenpea.

5.2. Epez kanpo eta datu faltsuekin aurkezten diren eskabide guztiak baztertuko dira.

5.3. Eskabideak hobeki baloratzeko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztu edo eskaturiko agirietako informazioa handitu edo hobetzeko.

6.-Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

6.1. Ebaluaziorako Batzorde Aholku-emaile batek, Gazteri zuzendariordea buru izanen duenak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen funtzionamendu normalerako aurkezturiko eskabideak aztertuko ditu eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari proposamena igorriko dio dirulaguntzak emateko.

Halaber, Gazteri Zuzendariordetzak ekipamendu informatikoa erosteko dirulaguntzaren proposamena aztertuko du eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

6.2. Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin gaindituko du behin ere onuradunak eginiko jardueraren kostuaren zenbatekoa.

7.-Ebazpena.

7.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak 2002ko abenduaren 31 baino lehen emanen du eskabideen ebazpena.

7.2. Eskabideak ukatutzat hartuko dira epe horretan espresuki ebazpenik eman ez bada.

Eskabidearen ustezko ukoaren kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean ezarririko epean.

7.3. Dirulaguntza emateko Ebazpenean haren zenbatekoa eta hura pagatzeko era agertuko dira.

7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa betiere Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan helburu horretarako dagoen kredituaren zenbatekoaren menpe egonen da.

7.5. Deialdi honekin bat dirulaguntza bat emateak ez du esan nahi eskubidea sortzen denik hurrengo ekitaldietan ere dirulaguntzak lortzeko.

8.-Eginbeharrak.

8.1. Dirulaguntzen onuradunek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren xede diren helburuetan erabiltzea.

b) Agirien bidez frogatzea erabili direla.

c) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapenak onartu eta erraztea, baita Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera eskudun diren organoenak ere.

d) Foru Ogasuneko kontu-hartzailetzaren kontrol eginkizunak erraztea, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatu bezala.

8.2. Dirulaguntza baten onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eginbehar guztiak eguneratuak eduki beharko dituzte. Hala ez bada, harekiko zorrak ordainduz pagatzen ahalko dituzte.

Dirulaguntza kobratu baino lehen, eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak erabakiko duen moduan, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eginbeharrak eguneratuak dituztela egiaztatu beharko dute.

8.3. Gutxienez ere zortzi egun lehenago Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraztea edozein ekitaldi publiko, dirulaguntzaren xede den jarduera edo inbertsioarekin zerikusirik duena.

9.-Ez-betetzea.

Deialdi honetako oinarrietan ezarririkoa, dirulaguntzaren helburua edo laguntzen erabilera ezarririko era eta epeetan frogatu beharra bete ezik, datuetan gezurrak esanez gero, edo, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe laguntzaren helburuak aldatuz gero, laguntza galdu eginen da eta harturiko dirua itzuli egin beharko da eta, hala bada, baita atzerapen-korrituak pagatu ere, dirulaguntza hartu zenez geroztik, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluan zehazturiko zenbatekoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko VI. kapituluarekin bat eskatzen ahal diren gainerako erantzukizunak deusetan galarazi gabe.

10.-Errekurtsoak.

Foru Agindu honen eta deialdi honetako oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, gora jotzeko helegitea paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuan, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.

11.-Aplikatzekoa den legeria.

Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean eta Kirol eta Gazteriaren arloetako dirulaguntzak arautzen dituen apirilaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuan xedatu bezala eginen da.

Iragarkiaren kodea: a0203577