52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

392/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, errepidezko garraio publikoaren sektorean antolatzen diren prestakuntza ekintzetarako dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Europako Batasunean salgaien eta bidaiarien zirkulazio askatasuna ezartzeak garraio publikoaren sektoreko enpresak modernizatu beharra ekarri du. Ildo horretan, lagungarri litzateke errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza sustatzeko dirulaguntza sail bat ezartzea.

Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntzen deialdia eta hura arautuko duten oinarriak onetsi behar dira.

Hori horrela, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-Nafarroako Foru Komunitatean, 2002. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onestea, Foru Agindu honen eranskineko oinarriek arautuko baitute.

2.-48.081 euroko gastua onestea, 2002rako luzatutako 2001eko aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 630000/62110/4810/513200 kontusailaren kargura.

3.-Foru Agindu hau jakinaraztea Garraio Zerbitzuari, Idazkaritza Teknikoari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuari.

4.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren zortzian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

E R A N S K I N A

Errepidezko Garraio Publikoaren Sektorean antolatzen diren prestakuntza ekintzetarako dirulaguntzen deialdiko oinarriak

Lehena.-Xedea.

Deialdi honen xedea da garraio sektoreari loturiko pertsonendako prestakuntza edo hobekuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroak antolatzeko dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak ezartzea.

Ekintza, jardunaldi edo ikastaroen edukiak errepideko garraioarekin zuzen-zuzenean lotuta egon behar du. Jarduera 2002ko abenduaren 20a baino lehen amaitu beharko da. Deialdi honetatik kanpo uzten dira lanbiderako gaitasunaren ziurtagiriak lortzeko ikastaroak, segurtasun arloko aholku-emaileentzat antolatzen direnak eta garraio-gai arriskutsuak eramateko gida-baimenak eskuratzekoak.

Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuetatik edo beste erakunde pribatu edo publiko batetik helburu berbererako beste laguntza bat jasotzen baldin bada, onuradunak jakinarazi beharko du. Kasu horretan, emandako dirulaguntzari jasotako laguntzaren zenbatekoa kenduko zaio. Nolanahi ere, jasotzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoa ezin izanen da jardueraren kostua baino handiagoa izan, inola ere.

Bigarrena.-Onuradunak.

Dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte garraio publikorako baimenen edo garraioko jarduera lagungarri eta osagarrien enpresa titularrek eta legearen arabera eraturiko garraiolari elkarteek edo irabazi asmorik gabeko entitate juridiko edo ekonomikoek, publiko zein pribatu (Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuak), edozein delarik beren izaera juridikoa.

Hirugarrena.-Eskabideak.

Eskabideak aurkezteko epea Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hasiko da eta 2002ko ekainaren 7an bukatuko.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira eskabideak, honako agiri hauekin batera:

-Eginen diren prestakuntza ekintzak azaltzeko memoria.

-Jarduera bakoitzean aurreikusitako gastuen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu emana, eta hura finantzatzeko dauden baliabideak, horrelakorik baldin badago.

-Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak: interesatuaren NANa eta IFZ, pertsona fisikoa baldin bada, eta IFZ, pertsona juridikoa bada. Azken kasu horretan, ordezkariak bere NANa ekarri beharko du eta ahalordetze eskritura, bai eta eraketaren eskritura eta, hala denean, aldaketarena ere, Merkataritzako Erregistroan inskribatuak. Eskatzailea kooperatiba edo bestelako elkarte bat edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko edo pribatua baldin bada, ordezkariaren kasurako aipatutakoaz gain, eraketa eskrituraren ordez estatutuena eta dagokion Erregistroan egindako inskripzioaren zenbakia ere aurkeztu beharko dira.

Agiriak jatorrizkoak edo notario zein administrazio bidez egiaztaturiko kopiak izanen dira.

Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio zuzen dezan hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko dela.

Garraio Zerbitzuak eskabideari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari, noiznahi.

Laugarrena.-Dirulaguntzen zenbatekoa.

Deialdi honen babesean antolaturiko prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroetan, kostuaren % 75erainoko dirulaguntza eman ahalko da gehienez.

Dirulaguntzak banatzeko orduan, eskabideari Erregistroan emandako zenbakiari jarraikiko zaio, aurrekontuetan ageri den muga gainditu gabe.

Ekintzaren kostua kalkulatzeko, agiri bidez egiaztatzen diren gastuez gainera, beste % 15 bat ere hartuko da aintzat, justifikatzeko zailak diren gastuengatik (administrazioa, gutunak eta beste).

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren ekintza, ikastaro, mintegi edo jardunaldien kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, ematen den dirulaguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez dadin.

Bosgarrena.-Ebazpena.

Garraio eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak erregistroko sarrera datari jarraikiz ebatziko ditu eskaerak, Garraio Zerbitzuak txostena eman ondoren, sartu eta hilabeteko epean gehienez.

Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ukatutzat hartu beharko da.

Seigarrena.-Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntzen ordainketari ekiteko, 2002ko abenduaren 11 baino lehen, onuradunek behean azaltzen den dokumentazioa igorri beharko dute Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura. Egun hori pasata, data horren ondotik benetan egiten diren gastuetarako egiaztagiriak baino ez dira onartuko. Horrelakoak aurkezteko azken eguna 2003ko urtarrilaren 10a izanen da. Egiaztagiriak epe horretatik kanpo aurkeztuz gero, kontzeptu horietarako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatua beharko du.

b) Irakasleen nortasun datuak eta kalifikazioa, ikastaroaren kasuan.

c) Eginiko jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, beren izena, nortasun agiri nazionalaren zenbakia eta helbidea, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.

d) Egindako ordainketen frogagiriak. Egindako ekintza, jardunaldi edo ikastaroei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Prestakuntza ekintza entitatearen beraren baliabideekin antolatua baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai erabilitako langileen soldataren kostu gordina, bai haiengatik Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota patronala.

e) Elkarte onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinetan berretsiko baitu egindako ikastarorako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publikoren baten eskutik.

f) Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunak bete dituela adierazten duena.

Zazpigarrena.-Baliogabetzea.

Foru Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, dirulaguntza osorik edo hein batean utzi ahalko da baliorik gabe, eta jasotako zenbatekoak itzultzea erabaki.

Zortzigarrena.-Finantzazioa.

Deialdi honek sortzen duen gastua 2002rako luzatutako 2001eko aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 630000/62110/4810/513200 kontusailaren kargura finantzatuko da.

Nolanahi dela ere, laguntzak mugaturik egonen dira, aurrekontuko baliabideen arabera.

Bederatzigarrena.-Publizitatea.

Laguntzen onuradunek ikastaroen iragarkietan eta zabalkundean paratu beharko dute Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren dirulaguntza jaso dutela. Diruz laguntzen diren ikastaro edo mintegietara joateko parte-hartzaileek zerbait ordaindu behar baldin badute, entitate antolatzaileak haiengandik jaso dezakeen zenbatekoa diruz lagundu ez den zatia kitatzeko adinakoa izanen da, ez gehiago.

Hamargarrena.-Administrazio helegiteak.

Deialdiaren eta hura arautzen duten oinarrien kontra gora jotzeko helegitea aurkeztu ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Foru Agindu hau argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren kontra gora jotzeko helegitea aurkeztu ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: a0203890