52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko martxoaren 11koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "E 28 posizioa-Murchante adarra. E 28 posizioa-Ablitas-Barillas-Monteagudo adarra" izeneko gasbidearen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Gas Navarra, S.A.k sustatua, onesten duena.

I.-Aurrekariak

Nafarroako Gobernuak, 2001eko uztailaren 16an egindako bilkuran, "E28 posizioa-Murchante adarra. E28 posizioa-Ablitas-Barillas-Monteagudo adarra" izeneko gasbidea, Gas Navarra, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean jartzea erabaki zuen. Espedientea hilabete batean jendaurrean egon zen eta proiektatutako azpiegiturek ukitzen zituzten udalei entzunaldia eman zitzaien. Halaber, behar ziren zehaztapenak paratu zituen Nafarroako Gobernuak.

Erabaki hori 2001eko irailaren 7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (109. zk.) eman zen argitara eta espedientea jendaurrean egon bitartean ez zaio alegazio idazkirik egin.

II.-Nafarroako Gobernuak 2001eko uztailaren 16ko erabakian ezarritako zehaztapenak betetzea.

Aurreko urriaren 17an enpresa sustatzaileak agiri bat aurkeztu du eta, kontsiderazio batzuen ondotik eta Nafarroako Gobernuaren Erabakian paratutako zehaztapenak ikusita, zenbait aldaketa proposatzen du bai proiektuaren mamian, bai hasmentan ezarritako trazaduran. Agiri hori beste agiri batek osatu zuen, abenduaren 10ekoak, eta aldaketa berri batzuk planteatzen ditu trazadura Barillasko mugapean barna iragatean.

Proposatzen diren aldaketa nabarmenetako bat Murchanteko adarra bereiztea da, hau da, E-28 posiziotik, Tuterako mugapean, abiatu beharrean, orain egun Cascantera doan gasbidetik proiektatu da. Hori dela eta, delako agiria igorri zeneko idazkian Murchanteko adarra, agertzen den bezala, UPStik kentzeko aukera baloratzeko eskatzen da, beste faktore batzuen artean, trazadura berri ia-ia osoa Cascanteko lurretan doalakoz.

Aldaketa horrekin, Murchante hornituko duen trazaduraren luzera hagitzez ere laburragoa litzateke eta, gainera, orain, kasik osorik, bide baten ondotik lihoake eta, hortaz, alorren gaineko eragina ere txikiagoa litzateke. Beste aldetik, enpresa sustatzaileak Cascanteko Udaleko Gobernu Batzordeak hartutako Erabakiaren ziurtagiria ekarri du eta hartan adostasuna erakusten dio Murchante hornituko duen trazadura berriari. Orobat, Murchanteko alkatearen idazkia ere aurkeztu da, Udalaren izenean, "Murchantera hegosortaldetik heldu den trazadura berriari erabateko adostasuna" ematen diona.

Horrenbestez, enpresa sustatzaileak Murchante hornitzeko tartea UPStik kentzeko egiten duen proposamena onargarria da.

Nafarroako Gobernuak ezarritako zehaztapenak betetzeari dagokionez, ondokoa dugu:

A) Enpresa sustatzaileari adieraztea, espedientea onetsi aitzin, honako txosten hauek aurkeztu behar dituela.

1. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena, gasbideak Nafarroako Ubidean izan ditzakeen gorabeheren gainekoa, hala nola gasbidea eta Ubidea bateragarriak izan daitezen, proiektuan eta obren exekuzioan bete beharreko baldintzen ingurukoa. Bertan azalduko dira, orobat, gasbideak Ablitasko herriguneko iparraldetik pasatzean bete beharreko baldintzak, Ablitasko hirigintza planeamenduan aurreikusitako Ubidearen trazadura eta herriko saihesbidea kontuan harturik.

Txosten honen beharrean, Canal de Navarra, S.A. enpresaren idazkia aurkeztu da. Hartan informazio egokia ematen da gasbideak Ubidearen trazadura gurutzatuko lukeen alderdiaren gainekoa. Hona hemen datuak: Ubidearen 20. tartearen oin-trazadura, "Ablitasko sifoia" izenekoa, sifoiko lerrokaduraren erpinen kokamendu topografiko, luzetarako profil eta sekzio tipoarekin. Halaberean, aipatu egiten da gaur egun Trazaduraren proiektua baizik ez dagoela, Burutzeko proiektua, berriz, eskatu gabe dagoela, eta sifoia, aurreikuspenen arabera, 2013. urtean eginen dela.

Datu hauek ikusirik, enpresa sustatzaileak adierazten du:

a) Ablitasko herrigunearen iparraldean adarraren sortaldeko eta mendebaleko deribazioetan hainbat aldaketa proposatzen dira, Ablitasko sifoiari ahalik hobekiena egokitzeko Udalaren hirigintza planeamenduak ezarritako saihesbidea deusetan ukitu gabe.

b) Gasbidea sifoiarekin gurutzatuko den bi tokietan sifoiaren sestra 7 eta 9 metro sakon, hurrenez hurren, egonen da lurzoruko kotatik. Sakonera horiek, enpresa sustatzailearen idurikoz, "gasbideen sare eta hartuneen Erregelamenduak dioena" gainditzen dute baina, badaezpada ere, gas hodia behar den bezala babestuko da obrak hastearekin kalterik egin ez dakion.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren txostena, gasbideak Nafarroako Ubidearen eta haren alderdi ureztagarrien eraldaketaren UPSn ageri diren eremu ureztagarrietarako aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasunari buruzkoa.

Nekazaritzako Egituren Zerbitzuaren txostenak honela dio:

-Ubidearen eremu ureztagarriak gurutzatuko dituzten gas hodien sakonerak 1,5 metrokoa behar luke izan, lur horien goiko sortzailearen gainean.

-Adarrak Murchante eta Ablitasen artean duen tarteuneak, NA-3010 errepidearen parean doanak, Saso Pedriz Ureztatzaileen Komunitatea 2.800 bat metrotan ukitzen du. Komunitate hau egun modernizazio bidean dago eta proiektatutako ur-banaketarako hodiak errepidearen alde banatan joanen dira, hodien ardatzen eta lur berdinduaren artean 5 metroko distantzia utzita. Hortaz, gas hodiak kontuan hartu beharko ditu datu horiek eta ez ditu inola ere ureztapen lanak trabatuko. Horretarako, errepidetik eta gero batean eginen den ureztapen hoditik aldendu beharko da gasbideak eskatzen dituen okupazio zerrendek eta zortasunek behar duten adina.

Datu hauek ikusita, enpresa sustatzaileak honakoa planteatu du:

c) E-28/Ablitas tartea: puska gehiena Tutera-Ablitas errepidearen alde aukeratua ez eta beste aldetik joatea proposatzen da.

d) Gasbidea ureztapen hoditik 3 metrora joanen da eta ureztapen lurretan 1,5 metroko sakonean lurraren goiko sortzailetik neurtua.

Bestetik, eta Ablitasen izanen diren aldaketak medio, Ablitasko alkate andrearen idazkia erantsi da eta hartan trazadura berrian zuzenketa txiki batzuk egiteaz gainera -oraingo proposamenean enpresa sustatzaileak bildu baititu- "Udal honek ez duela eragozpenik ikusten hari adostasuna emateko" adierazten du.

Beraz, atal honetan aipatzen diren gasbidearen trazaduraren aldaketei, printzipioz, teknikoki zuzenak eta egokiak direla irizten zaie.

B) Enpresa sustatzaileari adieraztea, orobat, aurkeztutako dokumentazioari proiektuan eta obretan kontuan hartu beharreko ingurumenaren arloko zehaztapenak erantsi beharko dizkiola, Erabaki honen azalpen zatiko "Ingurumenaren arloko zehaztapenak" izeneko III. atalean adierazitakoaren arabera.

Ingurumen zuzendari nagusiak atal honen gainean egindako txostenean erraten du, aurkeztutako agiriak aztertu ondotik, ingurumenaren arloko ondorioak direla eta, espedienteari adostasuna ematen ahal zaiola, baldintza hauek betez gero:

-Queiles ugaldearen gaineko eragina murrizteko, balizatzeko zintaz seinalatuko da makineriak aritu eta pasatzeko behar duen ezinbesteko eremua.

-Landareztatzeko proiektuan -gauzatu gabe baita- ezarritako landaretza serie horretako espezieekin eginen dira, geoserie hidrofilokoak, berez sortzen den florako zuhaitz eta zuhaixkak barne. Behar diren hidroereintzak ere eginen dira.

C) Ondare arkeologikoaren babesari dagokionez, sustatzaileak horrelako ondarea babesteko neurriak bete beharko ditu, hala nola obrak egin bitartean aztarna arkeologikoak aurkituz gero aurrera eraman beharreko errekuperazio lanak eta kontrol neurriak, hori guztia "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak espediente honen gainean 2001eko ekainaren 4an egindako txostenaren arabera.

Zehaztapen honek xedea du obrak egin bitartean Ondare Arkeologikoa babesteko neurriak betetzea, eta bidezkoa da Erabaki honetan ere berriz agertzea.

Haatik, lehenago aipatu da mendebaleko deribazioaren trazadura Ablitasko iparraldera aldatu dela bai eta Monteagudoko mugapea gurutzatzen duena ere etaaldaketa horiek, ondare arkeologikoari begira, hurrengoa dakarte:

-Ablitasen proposatutako trazadura berria "Los Ruices" izeneko aztarnategi erromatarrari hurbilduko litzaioke (5 zk.ko kokamendua hasierako proiektuaren agirietan).

-Monteagudon proposatutako trazadura berriak zuzenean ukituko luke "El Plano III" izeneko aztarnategi erromatarrari hurbilduko litzaioke (3 zk.ko kokamendua hasierako proiektuaren agirietan).

Gorabehera berri horiek aipatutako Atalari txosten osagarria eginarazi dio eta bidezkoa da hura ere Erabaki honetan kontuan hartua izatea.

D) Geroago aurkeztu behar diren Administrazio Baimena Emateko eta Instalazioak Eraikitzeko Proiektuetan, gasbideak Murchante, Ablitas, Barillas eta Monteagudoko udal planeamenduetan zehaztutakoaren gainean izan dezakeen eragina konpontzeko egokitzapenak adieraziko dira, tokian tokiko udalei kontsultatu ondoren eta, Monteagudoko saihesbidearen kasuan, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena jaso ondoren. Eragin horiek eta gasbidea aipatu zehaztapenekin bateragarria izateko bete beharreko baldintzak Erabaki honen azalpen zatiko "Lurraldeko eta hirigintzako zehaztapenak" izeneko II. atalean adierazi dira.

Zehaztapen horri dagokionez, enpresa sustatzaileak zer aldaketak gertatuko liratekeen hirigintzako planeamendu bakoitza, besteak beste, aintzat hartuz gero aurkeztu ditu.

Murchante eta Ablitasko mugapeetan sartutako aldaketak lehenago aztertuak izan dira. Gainera, Murchanteko hornidura adarra UPStik ateratzea bidezko kontsideratu da.

Barillasen kasuan, aldiz, trazadura berria planteatzen da, herrigunearen iparraldetik. Hasmentakoa hegoaldetik zihoan, beraz, oraingoa, arrunt ezberdina da eta ez du ukitzen herriak aurreikusitako hirigintza garapenak eta "Costeras" izeneko aztarnategi erromatarretik (4 zk.ko kokamendua hasierako proiektuaren agirietan).

Nolanahi dela, trazadura berri hau teknikoki zuzena da eta hirigintzaren ikuspuntutik egokiagoa aurrekoa baino. Hala ere, badu arazo bat: Barillasko iparmendebaletik Lorreko aintzira aldera doan tartean trazadurak ia-ia bat egiten du Nafarroako Ubiderako aurreikusitako bidearekin. Hortaz, gasbidearen trazadura onartzen ahal da baldin eta Ubidearen trazaduratik bereizten bada.

Monteagudon gertatu den aldaketak, hau ere Udalak lagunduta, xedea du trazadura bertako hirigintza planeamenduaren baldintzetara ahalik hobekien moldatzea. Izan ere, trazadura berria planeamenduan industriarako ezarritako lurrak ukitu gabe sartzen da herrian, nahiz proiektatutako saihesbidea gurutzatzen duen, hura ezinbestekoa baita. Hala ere, eta lehenago erran bezala, trazadura horrek "El Plano III" aztarnategi erromatarra zuzenean ukituko luke eta, hortaz, lehen aipatu den txosten osagarriak ezartzen dituen neurriak aplikatu behar lirateke.

E) Egin nahi diren instalazioek uki edo baldintza ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (errepideak, ibilgu publikoak, "Tarazonicako bide berdea", Tarazonako gasbidea eta beste batzuk), enpresa sustatzaileak, obrak egin aitzin, kasuan kasuko organo eskudunen baimenak lortu beharko ditu.

Zehaztapen honen nolakotasuna ikusirik, bidezko jotzen da Erabaki honetan agertzea.

Horiek horrela, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko otsailaren 26an emandako txostena kontuan harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplika daitezkeen gainerako xedapenak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilarik hala proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1.-"E 28 posizioa-Murchante adarra. E 28 posizioa-Ablitas-Barillas-Monteagudo adarra" izeneko gasbidearen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Gas Navarra, S.A.k sustatua, onestea, enpresa sustatzaileak, besteak beste, 2001eko urriaren 17an eta abenduaren 10ean aurkeztutako agirien arabera, ondoko zehaztapen hauekin:

a) Murchanteko horniketarako tartea, E 28 posiziotikakoa, UPStik kanpo uzten da eta, beraz, haren xedea "E 28 posizioa-Ablitas-Barillas-Monteagudo adarra" izanen da.

b) Barillasko herrigunearen iparmendebaletik doan gasbidearen tarteko trazadura Nafarroako Ubiderako aurreikusitako trazaduratik bereiziko da, betiere gaian eskumena duen organoak emanen dituen jarraibideak betez, Ubidea egiten denean gasbideak trabarik egin ez diezaion.

c) Geroago aurkeztu behar diren Administrazio Baimena Emateko eta Instalazioak Eraikitzeko Proiektuetan Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Mekazaritzako Egituren Zerbitzuaren txostenak aipatzen dituen baldintzak bilduko dira, Erabaki honen azalpen zatiaren II,A.2 atalak erran bezala.

d) Obrak egitean Erabaki honen azalpen zatiaren II,B) atalak ezarritako ingurumenaren gaineko baldintzak beteko dira.

e) Orobat, Proiektu horiek, eta Herrilan Departamentuak txostena egin ondotik, gasbidea Monteagudoko Udalaren hirigintza planeamenduan ezarritako saihesbidearekin gurutzatzen denean, soluzioa emateko behar diren neurriak bilduko dituzte.

f) Ondare Arkeologikoaren babespenari dagokionez, enpresa sustatzaileak Ondare hori babestu, berreskuratu eta kontrolatzeko neurriak hartu eta beharrezko lanak eginen ditu, hala adierazten baitute Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak 2001eko uztailaren 4an espediente horri buruz egin zuen txostenak eta Atal berak "Los Ruices" eta "El Plano III" aztarnategiei buruz egin zuen txosten osagarriak. Horretarako txosten horiek enpresa sustatzailearen eskura paratuko dira.

2.-Egin nahi diren instalazioek uki edo baldintza ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (errepideak, ibilgu publikoak, Nafarroako Ubidea, "Tarazonicako bide berdea", Tarazonako gasbidea eta beste batzuk), enpresa sustatzaileak, obrak egin aitzin, kasuan kasuko organo eskudunen baimenak lortu beharko ditu.

3.-Erabaki honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz. Bestela, Administrazioarekiko Auzien Arlo Jurisdikzionalean aurkatu daiteke zuzenean, Erabakia jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatu bezala.

4.-Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Canal de Navarra, S.A. enpresari, Tutera, Murchante, Ablitas, Barillas, Monteagudo eta Cascanteko Udalei eta Gas Navarra, S.A. enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamaikan.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: a0203021