52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

187/2002 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Alduate, Altzorritz, Orbaitzeta eta Urzainkiko igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektua behin betikoz onesten duena.

Herrilan zuzendari nagusiak, azaroaren 28ko 847/2001 Ebazpenaren bitartez, onespen teknikoa eman zion "Alduate, Altzorritz, Orbaitzeta eta Urzainkiko igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari ekin zion eta proiektua eta horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zituen, hamabost egunez.

Epe horretan alegazio hauek aurkeztu dira, ondoren erantzuten direnak.

1. alegazioa, María Camino Nekotxea Glaria UR-09 finkaren jabeak aurkeztua.

UR-08 lurzatiaren jabetza bere gain hartu du, Urzainkiko herrilurrari esleitu bazaio ere. Halaber, adierazi du lur horiek ureztaketarako alorrak direla. Hoditeriaz bi aldeetan bi metrora obrak egitea eragozten bazaio, zortasunak 4 metrokoa izan behar du. Bestaldetik esan du finkaren zati bat marrubiak landatzeko erabiltzen dela eta beraz horiek baloratu eta itzuli behar zaizkiola. Azkenik, dio UR-01 finka bere ahizpa María Pilar Nekotxearena dela.

Finkaren titulartasunari dagokionez, halaxe frogatu beharko da prozedura bukatu baino lehen. Katastroko sailkapenaren arabera finka alorra da. Zortasunaren lur-zerrenda 1,5 m2koa da eta betiere finka lur urbanizaezina da. Landaketari eragin dakiokeen kalteari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruz indarra duen Legearen arabera, ukituriko ondasun eta eskubideen justiprezioari buruz aldeak ados jartzen ez badira, Nafarroako Desjabetzapen Epaimahaiak erabakiko du. Azkenik, UR-01 finkaren titulartasunaren aldaketa aintzakotzat hartu da.

2. alegazioa, Antonio Necochea Conget, Angel Mainz Rodrigo eta José Javier Remondegui jaunek aurkeztua.

Urzainkiko Ugartea parajeko finken jabeak dira. Haien mugak, jabetza agirien eta liburuaren arabera, ekialdietik NA-137 errepideraino ailegatzen dira. Haien iritziz, ez dago herrilurrik eta katastroko akats hori azaldu dute.

Finkaren titulartasunari dagokionez, halaxe frogatu beharko da, prozedura bukatu baino lehen.

3. alegazioa, Carmen Izco Aguirre Altzorrizko ALZ-01 finkaren jabeak aurkeztua.

Adierazi du ez dagoela konforme bi kutxeta egiteko asmoarekin. Bakarra nahi du. Eskatu du desjabetzapenagatik diruaren ordez herrilurra eman dakiola eta trazadura finkaren ertzetik joan dadila.

Alegazioa erantzuteko, adierazten da Altzorrizko Kontzejuak 2001eko azaroaren 13an eginiko izkribuaren arabera, erabaki zela Altzorrizko 4. poligonoko 265. lurzatiko 424 metro karratu, Carmen Izco Aguirre andrearen 255. lurzatiko mugan, bost metro zabal zirenak, Kontzejuak hobi septikoa, erregistroa eta zortasuna ezartzeko hartzen dituen 424 metro karratuekin trukatzea erabaki zela. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 140. artikuluko 3. idatz- zatiaren arabera, herrilurretako lurzati txikiak desafektatu ondoren saldu edo trukatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak onura publiko edo sozialtzat jo beharko du eta Lege horretan arauturiko prozedurari lotu beharko zaio. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, 2002ko martxoaren 11ko izkribuaren bidez, adierazi du, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko datuak begiratuta, ez dela agiri bat ere aurkeztu Zerbitzu horretako Herrilur Sailean trukaketa hari loturik dagoenik. Beraz, ez da izapidatu Foru Dekretu bat Kontzeju horretako herrilurraren trukaketa baimendu ahal izateko.

4. alegazioa, Inocencia Jolis Garate Orbaitzetako OR-01 finkaren jabeak aurkeztua.

Eskatu du Imhoff tankea bere duen finkan ez dadila erdian egin, Irati errekatik eta 917. lurzatiko mugatik hurbilago baizik. Bestela kaltea ordain dakiola diruz.

Imhoff tankea zehaztu den tokian egin da, finka errekako mugaraino ailegatzen bada ere, ezponda bat baitago, hurbilago eraikitzea eragozten duena. Gainera, errekatik gertuago eraikiko balitz, kota galduko litzateke geroan irazki bat egiteko, errekaren uholdeen menpe legoke eta. Izan ere, Ebroko Ur Konfederazioak ez luke baimenik emanen.

Tankea 917. lurzatitik urrunago paratuko da, hein batean, Udalak asmoa duelako mendebaletik datorren kolektore bat egiteko.

Bestaldetik, Imhoff tankea 917. lurzatiaren ondoan eraikiko balitz, bukaera sobera aldapatsua izanen litzate, % 11, herrira doan bidean. Horregatik bidea luzatu behar izan da bukaerak malda egokia izan dezan.

Kalte-ordainari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruz indarra duen Legearen arabera, ukituriko ondasun eta eskubideen justiprezioari buruz aldeak ados jartzen ez badira, Nafarroako Desjabetzapen Epaimahaiak erabakiko du.

5. alegazioa, Pilar Necochea Glaria Urzainkiko UR-01 lurzatiaren jabeak aurkeztua.

Bere finkaren erdian Imhoff tanke bat eta sarbide bat, 577 m2 hartzen dituena, egin behar dira. Bide-zortasuna 13 m.koa izanen da eta beraz finkaren gainontzekoak ez du deustarako balioko. Bere finkak industri lurzoruen sailkapena duen beste batekin ditu mugak. Horregatik bere finkak beste kalifikazio bat izan lezake. Eskatu du araztegia finkaren ertz batean paratu dadila eta hau baloratu dadila industri lurzoru gisa kalifikatzeko aukerak kontuan hartuta. Arrazoi teknikoak direla eta ez bada posible araztegia beste toki batean kokatzea, finka osoa erosi behar da.

Imhoff tankea kokatzeko kontuan hartu da herritik hurbilen dagoen aldean (iparraldean) dauden alor eta arbolen gaineko eragina txikiagoa dela. Finkaren hegoaldeko zuhaiztiaren gaineko eragina ere txikiagoa da. Adierazi beharra dago bestaldetik egin asmo den okupazioa beharrezkoa dela arazketa sistema paratu eta geroan handitzeko, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren jarraibideen arabera.

Balorazioari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruz indarra duen Legearen arabera, ukituriko ondasun eta eskubideen justiprezioari buruz aldeak ados jartzen ez badira, Nafarroako Desjabetzapen Epaimahaiak erabakiko du.

Horregatik, Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 8ko 407/99 Foru Agindauren bidez eman dizkidan eskurantzen arabera,

EBATZI DUT:

1. "Alduate, Altzorritz, Orbaitzeta eta Urzainkiko igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektua behin betikoz onestea, Ebazpen honen azalpen zatian jaso alegazioen proposamenei erantzunez.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitara ematea.

4. Ebazpen honen berri ematea Orbaitzeta, Urzainki eta Urraulbeitiko Udalei, Altzorrizko Kontzejuari eta alegatzaileei. Aditzera ematen zaie gora jotzeko helegitea paratzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko 114.2, 115 eta 116. artikuluekin bat.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hiruan.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: A0203851