46. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 15a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

U Z T A R R O Z E

Ordenantza behin betiko onetsita

Uztarrozeko Udalak, 2001eko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Uztarrozeko udal mugapean eraikinak zaharberritu eta egiteko laguntzen gaineko ordenantza.

Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaleko iragarki oholean argitaratu ondoko jendaurreko aldia iraganik, Uztarrozeko Udalak behin betiko onetsi zuen aipatu ordenantza hori, 2002ko otsailaren 26an egin osoko bilkuran, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat. Jarraian osorik argitaratzen da.

Uztarrozen, bi mila eta biko otsailaren hogeita zortzian. Alkate udalburua, Conrado Orduna Larriqueta.

UZTARROZEN ERAIKINAK ZAHARBERRITU ETA EGITEKO LAGUNTZEN GAINEKO ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalak ezarritako diru- laguntzak arautzea, hain zuzen ere, Uztarrozen eraikinak zaharberritu, konpondu, handitu, hobetu eta modernizatzeko obretarako, bai eta etxebizitza berriak eta jarduera ekonomikoetan aritzeko eraikinak egiteko ere, ezarri dituenak.

2. artikulua. Baldintzak.

Diru-laguntzen onuradunak obren sustatzaileak izanen dira, betiere baldintza hauek bete eta agirien bitartez frogatzen badituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Erronkari ibarreko edozein herri izatea haien ohiko bizileku iraunkorra, azken bost urteetan.

c) Uztarrozeko Udalarekin zerga eta tributu betebeharrak egunean izatea.

d) Obren azalpen txostena, krokisa eta obra gauzatzeko aurrekontu xehatua aurkeztea, eta baita ere, beharrezkoa denean, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsitako proiektua.

e) Udalaren obra lizentzia edukitzea, bizigarritasunaren, jarduera sailkatuen eta beharrezko dituen bestelakoen tramiteen ondotik, eta Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordainduta izatea.

3. artikulua. Udalaren diru-laguntza motak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa -bestelako laguntzak, Nafarroako Gobernuak ezarritakoak, kasu, eskatzea ezertan ukatu gabe- obra gauzatzeko aurrekontuaren ehuneko 3koa izanen da, obra hori eraikinak zaharberritzeko, konpontzeko, handitzeko, hobetzeko eta modernizatzeko bada edo etxebizitza berriak egiteko; aldiz, jarduera ekonomikoetan aritzeko obra denean, obra gauzatzeko aurrekontuaren ehuneko 5ekoa izanen da. Biak ere, Udalaren aurrekontuan hartarako ezartzen den kontusailaren kargura emanen dira.

4. artikulua. Diru-laguntzak jasotzea.

Diru-laguntzak jasoko dira eskabidea eta 2. artikuluan ezarritako eskakizunak frogatzen dituzten agiriak aurkeztu ondotik. Halaber, beharrezkoa denean, Uztarrozeko Hirilurren Erregistroan eta Katastroan alta edota berrikuspena bideratu izanaren agiria ere aurkeztu beharko da aldez aurretik, bai eta Udalak eskatzen dituen bestelako agiriak ere.

Obra bukatutakoan, Udalaren teknikariak ikuskatu ahalko du, beharrezko egiaztapenak egite aldera, eta orobat inbertsio obra hori modu zuzenean eta zentzuzkoan egin dela agiri bidez frogatzea eskatu ahalko du.

Diru-laguntzen onuraduna behartua dago Udalaren egiaztapen guztiak onartzera. Egiaztapen horiei traba egin edo uko egiteak diru-laguntzak ukatzea eta galtzea ekarriko du, edota, bestela, jasotako diru-laguntzak itzultzea.

5. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Udalak aplikatu ahal dituen balidabideak izanen dira Udalaren urteko aurrekontuko kontusailean zehazten direnak.

6. artikulua. Eskumena.

Alkateak izanen du eskumena eskabideak ebazteko, betiere ordenantza honetan ezarritako arauei jarraikiz. Hartara, ebazpena emanen du eta bertan zehaztuko, eskatzaileak diru-laguntzak jasotzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen dituen eta eskatutako diru-laguntza ematen zaion ala ez.

7. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honen aplikazioak 2002ko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko ditu ondorioak.

Iragarkiaren kodea: A0202659