46. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 15a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A N T Z I N

Antzingo eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak ematea arautzen duen ordenantza behin betikoz onetsirik

2001eko urriaren 23an egin osoko bilkuran, Antzingo Udalak Antzingo eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen hasiera batean.

Behar den iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan (2002ko urtarrilaren 2an) jendaurrean egoteko aldia iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsitzat joko da.

Aditzera ematen da orok jakin dezan.

Antzinen, bi mila eta biko otsailaren zortzian. Alkatea, Jon Iriberri Berrostegieta.

ANTZINGO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ OKUPATU EDO ERABILTZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 221. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek baldintzak eta prozedura ezartzeko xedea du, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak emateko.

Eraikinak

2. art. Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira etxe berriak eta, haiekin batera, lehengoak handitu zein egituraz berritzetik sortzen direnak, betiere denak hirigintzako lizentziaren baten babesean eginak.

Helburua

3. art. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Zutitutako eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian eman hirigintzako lizentziako baldintzen arabera egin diren egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Etxegileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, berriz jarri dituela ziurtatzea.

Lizentzia eskaera

4. art. 1.-Obrak amaituta, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratu nahi dutenek eskaera bat aurkeztuko dute, Antzingo Udaleko alkateari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesatuaren edo, hala bada, ordezkatzen duenaren izen-abizenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe adierazi beharko da argi eta garbi.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura.

2.-Interesatuek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, egitura berritzeko edo handitzeko behar den lizentziaren fotokopia.

b) Obrak bukatu direla dioen ziurtagiria eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren arabera; hura teknikari eskudunak eginen du, eta bertan higiezinak okupatzeko baldintzak betetzen dituela adierazi beharko da.

c) Obra bukaerako zirutagiria, kontusailetan banakatua.

d) Hirilurretako ondasunen gaineko zergan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

d) Udal tasa ordaindu izanaren ziurtagiria. Urbanizazioen kasuetan, gainera:

-Urbanizazioaren behin betiko planoak, bai zolari bai instalazioei dagokienez.

-Enpresa hornitzaileen idazkiak, obraren onespena eta hura araudi berariazkoei jarraikiz nola egin den eta behar diren hornidurak egiteko trabarik nola ez dagoen adierazten dutenak.

-Herriko argien sareari dagokionez, muntaduraren agiriaren aurkezpena eta Udalak izendatutako tekinikariaren frogapena.

-Bidezoruari, zoladurari eta lorezaintzari dagokienez, obran egindako entseguak aurkeztu beharko dira, alor hauen gainean: trinkotzea, proktorra, hormigoien erresistentzia, nahasketa bituminosoak, etab. Horrez gain, elementu bakoitzetik hedatutako tonen ordainagiriak aurkeztea.

-Lizentzia emateko organo eskuduna

5. art. Alkateak eta gehienez ere Hirigintza Alorreko zinegotzi eskuordeak dute lizentzia emateko eskumena.

Prozedura

6. art. Interesatuak eskaturik prozedura hasita, honela jokatu behar dute Alkatetzak edo Hirigintzako arduradunak:

1.-Txostena eskatuko zaie udal zerbitzu teknikoei, eta horiek adieraziko dute obra proiektu teknikoari eta emandako hirigintzako lizentziari jarraikiz egin ote den, obren ondorioz ukiturik gelditu diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriz ere jarri ote diren, segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko baldintzak betetzen ote dituen eta eraikina, zertarako nahi den, horrexetarako egokia den.

2.-Txostenak gehienez ere hamabortz eguneko epean ebaluatuko dira.

3.-Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak badirela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan. Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da, betiere ur, gas, argindar eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko, akatsak zuzentzea ukatu gabe. Kasu honetan, lehen aldiz okupatzeko lizentzia ematen da, bakar-bakarrik higiezinaren okupazioa onartzeko xedearekin, higiezinak aipatu baldintza horiek betetzen dituelakoan.

Ebatzi beharra

7. art. 1.-Alkateak edo Hirigintzako arduradunak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2.-Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenerako arrazoitzat hartuko dira, ebazpenaren testuari gehitu edo eransten zaizkionean.

Ustezko egintza

8. art. Ebazpenerako epea agortzen bada alkateak edo Hirigintzako arduradunak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

9. art. 1.-Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik eraikinaren titularrek ez dute eraikina okupatzen ahal.

2.-Eraikinaren zati bat edo osorik besterentzean, hartzaileei espreski adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, hura besterentzerakoan eskuratu ezean.

10. art. Lehen aldiz okupatzeko lizentziak eskatzen dituztenek betebehar fiskal hauek dituzte:

a) Udalbatzak osoko bilkuran onesten dituen tasak edo eskubideak ordaintzea. 2002rako I. eranskinean agertzen direnak dira.

Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak

11. art. 1.-Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharraz den bezainbatean.

2.-Obretarako ur-hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoren, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, iraunen baitu hirigintzako lizentziak indarra duen denboran.

3.-Lizentzian obren amaierarako eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei, eta interesatuei hamar egun lehenago gaztigatuko.

4.-Debekatua dago obretarako eman ur-hornidura bertzelako jardueretan erabiltzea, etxean, batez ere.

5.-Enpresa hornitzaileak ez ditu urez hornitzen ahal, etxeko kontsumorako, lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. art. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Legearen 247. artikuluak eta hurrengoek, Lege beraren 221. artikuluari eta 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez, xedatutakoarekin bat.

13. art. 1.-Aurreko artikuluan aipatu arau-hausteak, jarduketa legeztatzen ahal bada, zehapen hau izanen du: egindako obraren balioaren ehuneko batetik bortzera bitarte, eta gehienez ere berrehun eta berrogeita hamar mila pezeta, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

2.-Aurreko artikuluan aipatu jarduera legeztatzen ahal ez bada, zehapen hau izanen du: okupatutako eraikin, oin edo lokalaren balioaren ehuneko bortzetik hamarrera bitarte, eta gehienez ere miloi bat pezeta, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

3.-Udalak inoiz ere ez dio uzten ahalko hirigintzako ordena hautsia zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioa berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

Erantzuleak

14. art. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, erantzuleak obraren sustatzailea eta okupazioa egiten duena izanen dira, pertsona ezberdinak badira, eta jarriko zaien isun bakoitza ezberdina izanen da.

Organo eskuduna

15. art. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.K) artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, salbu eta horrek Hirigintzako arduraduna eskuordetzen duenean ahalmen hauetarako.

Zehapen prozedura

16. art. Zehapen ahalmena erabiltzeko, Zehapen Ahalmena erabiltzeko Prozeduraren Erregelamenduari jarraituo zaio, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.

Araubide juridikoa

17. art. Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan hona indarra izanen duten aginduak: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, zeinaren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, 1978ko ekainaren 23koa; eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

Antzinen, bi mila eta bateko urriaren hogeita hiruan.-Alkatea, Jon Iriberri Berrostegieta.

I. ERANSKINA

Eraikin berriak: 25.000 pezeta (150,25 euro).

Zaharberritzeak, handitzeak edo egiturak berritzea: 20.000 pezeta (120,20 euro).

Iragarkiaren kodea: A0202087