46. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

367/2002 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Klaustroa Osatu eta Hautatzeko Erregelamendua argitaratzeko agindua ematen duena. Erregelamendua Gobernu Batzordeak onetsi zuen 2002ko martxoaren 27an hartutako Erabakiaren bidez.

Martxoaren 13ko 68/95 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratu dadila Gobernu Batzordeak 2002ko martxoaren 27an hartutako Erabakia.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO KLAUSTROA OSATU ETA HAUTATZEKO ERREGELAMENDUA

ATARIKO TITULUA

1.artikulua. Erregelamenduaren helburua

Arau hauen helburua Unibertsitateko Klaustroaren osaera zehaztea da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Klaustroan Unibertsitateko komunitateko arloetako ordezkari izango direnak hautatzea, Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren Bigarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoaren babesean.

LEHENBIZIKO TITULUA

Kklaustroa

2. artikulua. Klaustroaren eginkizuna

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Klaustroaren eginkizun nagusia Unibertsitateko Estatutuak egitea izango da, Estatutu indardunek Ohiko Klaustroari ematen dizkioten eginkizunak galarazi gabe, beti ere, ez badira Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoak xedatutakoaren aurkakoak.

3. artikulua. Klaustroaren osaera

Hauek izango dira Unibertsitateko Klaustroa osatuko dutenak: Errektorea klaustroburua izango baita, Idazkari Nagusia, Unibertsitateko Klaustroaren Idazkari lanetan ere ariko baita, Kudeatzailea, eta, gainera, 150 klaustrokide, Unibertsitateko komunitateko arloetan hautatuak.

4. artikulua. Arloak.

Klaustroan ordezkari izateko, Unibertsitateko komunitateko kideak lau arlo hauetan sailkatuko dira:

a) Irakasle funtzionario doktoreak (IFD). Arlo honetan kidego hauek elkartuko dira: Unibertsitateko Katedradunak, Unibertsitate Eskolako Katedradunak, Unibertsitateko Irakasle Titularrak eta Unibertsitate Eskolako Irakasle Titularrak, doktore titulua badute. Kidego horietan bitarteko postua duten irakasle doktoreak ere arlo honetan sartuko dira.

b) Irakasle funtzionario doktore ez direnak eta kontratatuak. Arlo honetan elkartuko dira doktore ez diren Unibertsitate Eskolako Irakasle Titularrak, Laguntzaileak, Irakasle Laguntzaile Doktoreak, Irakasle Elkartuak, alegia, Unibertsitatearekin administrazio edo lan kontratua dutenak, eta Ramón y Cajal Programaren bidez kontratatuak.

c) Titulazio ofizialetako batean matrikula egindako ikasleak.

d) Administrazio eta Zerbitzuetako langileak.

5. artikulua. Klaustrokideen kopurua eta banaketa.

Aipatutako arlo horietako ehun eta berrogeita hamar kideak honela banatuko dira:

a) Irakasle funtzionario doktoreen 81 ordezkari.

b) Irakasle funtzionario doktore ez direnen eta kontratatuen 26 ordezkari.

c) Ikasleen 31 ordezkari.

d) Administrazio eta Zerbitzuetako langileen 12 ordezkari.

BIGARREN TITULUA

Klaustrorako hauteskundeak

6. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.

Hautesle eta hautagai izango dira hauteskundeetarako deia egiten den egunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen ari diren guztiak, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, titulazio ofizialetako lehenengo, bigarren eta hirugarren zikloetan, egun horretan matrikulatuta dauden ikasleak ere.

7. artikulua. Hauteskundeetarako deia.

Errektoreak egingo du Unibertsitateko Klaustrorako hauteskunde deia, erabaki honen I. Eranskinean azaltzen den hauteskunde egutegiari jarraikiz.

8. artikulua. Hautatzeko sistema.

1. Irakasleen eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen ordezkariak gehiengo sistemaren bidez hautatuko dituzte. Arlo bakoitzean zenbat postu dauden betetzeko, horrenbeste hautagairi eman ahal izango dio botoa hautesle bakoitzak, gehienez ere. Arlo bakoitzean boto gehien jaso duten hautagaiak hautatuko dituzte, beti ere, ikusirik zenbat postu dauden betetzeko.

2. Ikasleen ordezkariak zerrenda itxien bidezko sistema propotzionalaren bidez hautatuko dituzte, eta zerrenda horiek osatuko dira kontuan hartuta zenbat klaustrokide hautatu behar dituen aipatutako arloak. Aurkeztutako zerrendei postuak esleitzeko ere sistema proportzionala erabiliko da.

HIRUGARREN TITULUA

Hauteskunde administrazioa

9. artikulua. Hauteskunde Batzordea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hauteskunde Batzordeari dagokio Klaustroko ordezkariak hautatzeko prozesua antolatzea, kontrolatzea, emaitzak aldarrikatzea eta inpugnazioak ebaztea.

2. Oraingo Hauteskunde Batzordea bere horretan geldituko da, bai osaerari dagokionez, bai bateraezintasuneko erregimenari eta jardutekoari dagokionez.

3. Unibertsitateko Hauteskunde Batzordeak gehiengo soilez hartuko ditu akordioak; berdinketa izanez gero, Batzordeburuak izango du boto erabakitzailea.

4. Erregelamendu hau interpretatu eta aplikatzeko ahalmenak Hauteskunde Batzordeak izango ditu.

5. Erregelamendu honek aipatzen dituen idazki eta dokumentu guztiak Hauteskunde Batzordeko Buruari zuzenduko zaizkio, eta Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira halabeharrez, Erregistroari dagozkion lan orduetan.

10. artikulua. Hauteskunde Mahaiak

1. Hauteskunde Batzordeak erabakiko du zenbat hauteskunde mahai eratu behar diren Unibertsitateko komunitateko arlo bakoitzarentzat.

2. Hauteskunde Mahai bakoitza Mahaiburuak eta bi mahaikidek osatuko dute. Hala ere, bi mahaiburu izendatuko dituzte (titularra eta ordezkoa), eta lau mahaikide (2 titular eta 2 ordezko) behar bezala ordenatuta. Guztiak ere zozketa bidez hautatuko dituzte Unibertsitate komunitateko arlo bakoitzari dagozkion hautesleen artetik. Lehenagotik hautagai aldarrikatutakoak ez dira zozketan sartuko.

3. Hauteskunde Mahaiko kide izateari ezin zaio uko egin, ez bada, behintzat, behar bezala frogatutako zergatikoren bat. Horrelakoetan interesdunak Hauteskunde Batzordeko Idazkariari idazkia bidali beharko dio, izendatu dutela jakinarazten dion idazkiak zehazten duen epean.

4. Mahaia eratzen denean ez azaltzeagatik erantzukizuna eskatuko zaio azaltzen ez denari, eta ez daudenak ordeztu egin daitezke; horretarako Hauteskunde Batzordeko Buruak izendapen askea egingo du hautesleen artean.

11. artikulua. Hauteskunde Mahaiak eratzea.

1. Hauteskunde Mahai bakoitzeko Burua eta mahaikideak, baita guztiei dagozkien ordezkoak ere, botazioa hasi aurretik bilduko dira, Hauteskunde Batzordeak esleitu dien tokian.

2. Hauteskunde Mahaiko kide titularra den norbait ez bada azaltzen aurretik jarritako orduan, dagokion ordezkoak ordeztuko du.

3. Hauteskunde Mahaia ez da eratuko Mahaiburua eta bi mahaikide ez badira. Botazioa egin bitartean, gutxienez ere, Mahaiko bi ikidek egon beharko dute.

4. Mahaiko kontu-hartzaileak botazioa hasteko ordua baino 15 minutu lehenago azalduko dira. Mahaiburuak azaldutako kontu-hartzaileen egiaztagutunak jasoko ditu, eta mahaia eratzeari buruzko aktan horren berri emango du. Kontu-hartzaileak jarritako orduaren ondotik, eta mahaia eratzeari buruzko akta bete ondoren azaltzen badira, kontu-hartzaile lanetan ezin izango dira aritu.

5. Mahaia eratzeari buruzko akta Mahaiburuak, mahaikideek eta kontu-hartzaileek beteko dute, botazioa hasi aurretik.

12. artikulua. Hauteskunde Mahaiek erabakiak hartzeko modua.

1. Mahaiak hartu beharreko erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko ditu. Berdinketa denean, Mahaiburuaren kalitate botoa izango da berdinketa ebatziko duena.

2. Hauteskunde saioa jarraitzeko oztopo larria den gertaeraren bat izanez gero, Mahaiburuak berehala emango dio horren berri Hauteskunde Batzordeari, eta mahaia eratzeari buruzko aktan ere jasoko du.

13. artikulua. Kontu-hartzaileak izendatzeko modua eta horien egiaztagutunak.

1. Hauteskunde Mahai bakoitzeko, Hauteskunde Batzordeak hiru kontu-hartzaile izendatu ditzake, gehienez ere. Ikasleen arloko ordezkariak hautatzeko mahaietan kontu-hartzaile bana izendatuko dute, gehienez ere, aurkeztutako kandidatura bakoitzeko.

2. Kontu-hartzaileak izendatzeko eskaerak Hauteskunde Batzordeari bidaliko zaizkio, hautagaien behin betiko aldarrikapena egin eta hurrengo bi egunetan. Hautagaiek bidaliko dituzte, edo, bestela, ikasleen kasuan, kandidatura bakoitzaren ordezkariak, Hauteskunde Batzordearen aurrean aritzeko izendatutakoak. Proposatutako kontu-hartzailearen izena, deiturak, helbidea eta harremanetarako telefonoa adieraziko dira eskaeraren idazkian, eta, horrekin batera, beste dokumentu bat aurkeztuko da, interesdunak sinatua, kontu-hartzaile izendapena onartuko duela dioena. Proposatutako kontu-hartzaileen kopurua handiagoa baldin bada aurreko atalean mahai bakoitzerako ezarritako gehienezkoa baino, Hauteskunde Batzordeak zozketa egingo du.

3. Kontu-hartzaileek hauteskunde erroldan egon beharko dute, eta proposatu dituen hautagaiaren arlo berekoak izango dira.

4. Hauteskunde Batzordeak jendaurrean jarriko du kontu-hartzaileak izendatzeko erabakia. Izendatutako kontu-hartzaileek Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiaren bulegoetan jaso beharko dute egiaztagutuna, zeina ale bikoiztuan emango baitzaie. Kontu-hartzaile bakoitzak dagokion Mahaiko Buruari aleetako bat emango dio eta ale hori mahaia eratzeari buruzko aktari erantsiko diote.

LAUGARREN TITULUA

Hauteskunde prozedura

14. artikulua. Hauteskunde errolda.

1. Botoa emateko eskubidea eta hautagai izateko eskubidea erabiltzeko, titularrek hauteskunde erroldan izan beharko dute beti.

2. Unibertsitateko komunitateko kideren bati bi arlo edo gehiago badagozkio, arlo batean bakarrik erabili ahal izango du botoa emateko eskubidea eta hautagai izatekoa. Arlo hori interesdunak aukeratuko du. Hauteskunde erroldaren aurka erreklamazioak aurkezteko epea bukatu baino lehenago, interesdunak ez badu idatziz adierazi aukeratutakoa, antzinatasun handiena non ziurtatzen duen, arlo horretako erroldan sartuko dute.

3. Hauteskundeetarako deia egin eta hurrengo bi egunetako epean jarriko dute jendaurrean behin-behineko errolda.

4. Behin-behineko hauteskunde erroldak jendaurrean jarri, eta hurrengo lau egunetako epean, interesdunek erreklamazioak aurkez ditzakete, hauteskunde erroldan behar izan gabe sartu edo baztertu dituztelako, edo erroldan beste egitatezko akatsen bat egin dutelako.

5. Aurreko idatz-zatiak aipatutako epea bukatu eta hurrengo bi eguneko gehienezko epean ebatziko ditu Hauteskunde Batzordeak aurkeztutako erreklamazioak, eta, hori egiten duen egunaren biharamunean jarriko du jendaurrean behin betiko errolda.

15. artikulua. Kandidaturak.

1. Hautagai izateko eskubidea erabiltzeko, kandidatura aurkeztu beharko da Unibertsitateko Erregistro Orokorrean, behin betiko hauteskunde errolda jendaurrean jarri eta hurrengo bost egunetan. Kandidatura aurkezteko idazkian norberaren datuak eta arloa adierazi beharko dira, eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia erantsiko zaio, edo, bestela, pasaportearena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txartelarena edo argazkia duen gidatzeko baimenarena.

2. Ikasleen arloari dagozkion kandidaturak osoak izango dira, alegia, arlo horretan hautatu beharreko kide guztiek osatuko dituzte. Kandidaturaren idazkia hautagai bakoitzaren onarpen idazkiarekin batera aurkeztu beharko da eta, gainera, bakoitzaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia erantsiko zaio, edo, bestela, pasaportearena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txartelarena edo argazkia duen gidatzeko baimenarena.

3. Kandidatura aurkezteko idazkian ere adierazi egin beharko da zein den izendatutakoa Hauteskunde Batzordearen aurrean ordezkari izateko, eta haren helbidea eta harremanetarako telefonoa eman.

4. Kandidaturak aurkezteko epea bost egunekoa izango da, behin betiko hauteskunde errolda argitara ematen denetik aurrera.

16. artikulua. Hautagaien aldarrikapena eta hauteskunde kanpaina

1. Aurreko atalean adierazitako epea bukatu eta biharamunean jarriko ditu Hauteskunde Batzordeak behin-behineko zerrendak. Aldarrikapen horretan ere aldarrikatu behar ez diren kandidaturak zerrendatuko dira, eta zergatik baztertu diren adierazi.

2. Kandidaturak behin-behinekoz aldarrikatzeko akordioaren aurka, erreklamazioa aurkez daiteke, jendaurrean jarri eta hurrrengo lau egunetan.

3. Aurreko idatz-zatiak aipatutako epea bukatu eta hurrengo bi eguneko gehienezko epean ebatziko ditu Hauteskunde Batzordeak aurkeztutako erreklamazioak, eta, hori egin eta biharamunean behin betiko errolda argitaratuko du.

4. Kandidaturak behin betikoz aldarrikatzen diren egunaren eta botazio egunaren bitarteko egunetan, bi egun horiek kenduta, egingo da hauteskunde kanpaina.

17. artikulua. Boto-txartelak.

1. Boto-txartelak eta gutunak Unibertsitateko Administrazio Zerbitzuek egingo dituzte, Hauteskunde Batzordeak emango duen eredu estandarizatuaren arabera.

2. Botoa emateko Unibertsitateko txartel eta gutun ofizialak bakarrik erabili ahal izango dira.

3. Txartelak hautesleen eskura egongo dira, dagozkien mahaietan, botoa emateko aldia hasten den unetik.

4. Arlo bakoitzeko txartel eredu bat izango da, ikasleen arloan izan ezik, aurkeztutako kandidatura bezainbeste txartel izango baitituzte han; txartel bakoitzean zerrenda bakoitzeko hautagaien izenak besterik ez dira agertuko.

18. artikulua. Botazioa.

1. Botazioa 2002ko maiatzaren 23an egingo da.

2. Botoa librea, pertsonala, sekretua eta ordezkaezina da.

3. Hautesleek nortasuna egiaztatu beharko dute hauetako bat erakutsiz: N.A.N., pasaportea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko txartela edo gidatzeko baimena, argazkia duena.

4. Hauteslea dagokion zerrendan dagoela egiaztatu ondoren, hautesle berak botoa duen gutuna Mahaiburuari eman, eta horrek sartuko du hautestontzian.

5. Mahaiburuak txartelak hautestontzian sartu ahala, mahaikide batek botoa emateko eskubidea erabili duten hautesleen izenak markatuko ditu zerrendan.

6. Botazioa egiteko egunean 10:00etatik 18:00etara artekoa eta etenik gabekoa izango da botoa emateko aldia.

7. Botazio aldia amaitzeko ezarritako orduan, Mahaiburuak ozenki iragarriko du botazioa amaitzear dela, eta inori gehiagori ez dio utziko gelan sartzen. Hala ere, gelan daudenei botoa ematen utziko die, botoa eman ez badute. Ondoren, mahaikideek eta kontu-hartzaileek emango dute botoa.

19. artikulua. Posta bidezko botoa.

1. Horretarako ezarritako egunean botazioan parte hartzerik izango ez duten hautesleek posta bidez eman dezakete botoa, ondorengo prozedurari jarraikiz:

a) Hautesleak Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzari hauek eskatuko dizkio: hauteskunde erroldan dela frogatzen duen ziurtagiria, neurri handiko gutunazal bat, neurri txikiagoko beste gutunazal bat eta botoa emateko txartelak.

b) Hautesleak neurri txikiko gutunazalean sartuko du aukeratutako boto-txartela. Gutunazal hori eta, horrekin batera, erroldan dela ziurtatzen duen agiria eta N.A.N.aren kopia neurri handiagoko gutunazal batean sartuko ditu, eta Hauteskunde Batzordeko Buruari bidaliko dio dagokion arloa zein den adierazita. Gutunazalaren belarrian sinatuko du eta gutunazala zinta itsaskorrarekin zigilatuko du, eta Hauteskunde Batzordeari helaraziko dio, Unibertsitateko Eregistro Orokorraren bidez, han gordeko baitute botoa botazio egunera arte.

c) Hauteskunde Mahaiak eraturik, Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzak mahaiburuei helaraziko dizkie posta bidez emandako botoak.

d) Botoa emateko aldia amaiturik, eta mahaia osatzen dutenek botoa eman aurretik, kanpoko gutunazala irekita, hautesle bakoitzaren identitatea egiaztatuko da, eta botoa dagoeneko bestela eman ez badu, prozedura horretan emandako botoa dagokion hautestontzian sartuko dute.

2. Posta bidezko botoa emateko eskabideak, behin betiko errolda onetsi den egunaren biharamunetik aurrera egin daitezke, eta botazioak egiteko eguna baino lehenago, gehienez ere, lau egun aurretik.

3. Posta bidezko botoa hautagaien behin betiko aldarrikapena egiteko egunaren biharamunetik aurrera eman daiteke, eta botazio eguna baino lehenago bi egun aurretik, gehienez ere.

20. artikulua. Boto-zenbaketa.

1. Boto-zenbaketa egiteko, Mahaiburuak banan bana aterako ditu gutunazalak, bakoitza bere hautestontzitik, eta ozenki irakurriko du botoa jaso duten hautagaien izena, irakasle eta ikertzaileen ordezkariak edota administrazio eta zerbitzuetako langileak direnean, eta ikasleak direnean, ordea, kandidaturaren izena irakurriko du. Lehenengo kasuan Hauteskunde Mahaiak hautagai bakoitzak jasotako botoak zenbatuko ditu, eta bigarrenean kandidatura bakoitzak jasotakoak.

2. Boto baliogabeak izango dira oharrekin, zirriborroekin edo okerren bat duten txarteletan emandakoak, edo kasu bakoitzean ezarritako hautagaien muga gainditzen dutenak, bai eta bi txartel ezberdin edo gehiago dauzkaten gutunazalak ere, edota hautestontzian gutunazalik gabe sartutakoak.

21. artikulua. Mahaiko Boto-zenbaketaren Akta.

1. Boto-zenbaketa buruturik, Mahaiak ale bikoiztuan emango du akta, non hautesleen eta emandako botoen kopuruak adieraziko baitira, ongi bereiziz boto baliodunak eta baliogabeak, eta lehenengoen artean boto zuriak. Era berean, hautagai bakoitzak zenbat boto jaso dituen adieraziko da eta, ikasleak badira, kandidaturak jasotakoak, baita erreklamazioak, akordioak eta gertaerak ere, halakorik izan bada.

2. Hautestontzietatik hartu eta baliogabetu diren txartelak, edo erreklamazioren bat jaso dutenak, aktari erantsiko zaizkio eta aktarekin batera artxibatuko dira, Mahaiko kide guztiek sinatu ondoren. Gainerako txartelak suntsitu egingo dira Hauteskunde Mahaiko kide guztien eta ekitaldira azaldu direnen aurrean.

3. Mahaiburuak, mahaikideek eta kontu-hartzaileek beteko dute akta. Aktaren aleak bete ondoren, Hauteskunde Batzordeko Buruari bidaliko zaizkio.

22. artikulua. Boto-zenbaketa Orokorra.

1. Mahaietako aktak Hauteskunde Batzordera bidali ondoren, Batzordeak boto-zenbaketa orokorrari ekingo dio, botazioak egindako egunaren ondorengo bi egunetan. Hauteskunde Batzordeak bidali dizkioten aktak aztertuko ditu eta izandako erreklamazio eta gertaerei buruz erabakiko du, beti ere, akten edukiari eutsiz.

2. Boto gehien jaso duten hautagaiak izango dira hautatuak Unibertsitateko komunitateko arlo bakoitzean, ikasleen arloa salbuespena izanda, harentzat xedatutakoa dela medio. Berdinketa gertatuz gero, arau hauei jarraituko zaie:

a) Berdinketa Irakasle Funtzionario Doktoreen arloan gertatzen bada, lerrun handienekoa izango da hautatua, eta, horrela ere, berdinketa bada, dagokien irakaskidegoan antzinatasun handienekoa hautatuko dute, eta, oraindik ere berdinketa bada, adinez zaharrena.

b) Berdinketa Doktore ez diren Irakasle Funtzionario eta Kontratatuen artean gertatzen bada, antzinatasun handienekoa izango da hautatua eta, berdinketak jarraitzen badu, horietatik zaharrena.

c) Berdinketa Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen artean ematen bada, antzinatasun handienekoa hautatuko da eta, berdinketak jarraitzen badu, horietatik zaharrena.

23. artikulua. Hautetsien Aldarrikapena.

Kandidatura bakoitzak jasotako botoak zenbatu ondoren, Hauteskunde Batzordeak zenbaketa orokorraren akta emango du, eta hautagai hautetsiak behin behinekoz aldarrikatuko ditu.

24. artikulua. Errekurtsoak.

1. Hautagai hautetsiak behin-behinekoz aldarrikatzeko Hauteskunde Batzordearen ekintzaren aurka erreklamazioa egin daiteke, aldarrikapena argitaratu eta hurrengo bi egunetan. Erreklamazioa Hauteskunde Batzordeak ebatziko du, aurkezteko epea bukatu eta handik egun batera. Hautagai hautetsien behin betiko aldarrikapena biharamunean egingo du. Akordio hori Unibertsitateko Errektorearen aurrean inpugnatu ahal izango da, hiru eguneko epean. Errektoreak, gehienez ere, bost eguneko epean ebatzi beharko du. Epe hori agortuta ebazpen adierazia eman ez badu, erreklamazio-egileak ezetsitzat eman dezake eskatutakoa, baldin eta administrazioarekiko auzi-errekurtso berariazkoa jarri nahi badu, hala badagokio.

2. Ez da egoki izango hauteskundeak baliogabe deklaratzea, hauteskunde prozedurako akatsa ez bada erabakitzailea hauteskundeen emaitzan.

3. Mahai batean edo gehiagotan botazioa baliogabetzen bada, horrek ez du erabakiko hauteskundeak baliogabetu behar direla, botazioak ez badu azken emaitza aldatzen.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehengoa.-Klaustroa Eratzea.

1. Eratu ahal izateko eta dagozkion eginkizunak garatzeko, Klaustroak honako organo hauek izango ditu:

a) Klaustroburua.

b) Mahaia

c) Idazkaritza.

2. Klaustroa eratzeko, Klaustroburuak aurretik horretarako deialdia egingo du, gutxienez ere, hirurogeita hamabi ordu lehenago, eta deialdiarekin batera eguneko aztergaiak adieraziko ditu.

3. Unibertsitateko Klaustroa balioz eratu ahal izateko, bilerak eta deliberazioak egin nahiz erabakiak hartzeari begira, beharrezkoa izango da lehenengo deialdian Klaustroburua eta Idazkaria izatea, edo, bestela, haiek ordezkatzen dituztenak eta, gainera, klaustrokideen erdiak, gutxienez ere. Quorum hori lortu ezean, Klaustroa besterik gabe deituta egongo da bigarren deialdian, ordu erdi bat beranduago, eta, horrelakoetan, beharrezkoa izango da Klaustroburua eta Idazkaria izatea, edo, bestela, haiek ordezkatzen dituztenak eta, gainera, klaustrokideen heren bat, gutxienez ere.

Bigarrena.-Klaustroaren Behin-behineko Mahaia eta Behin Betiko Mahaia.

1. Klaustroaren lehenengo bileran Behin-behineko Adineko Mahaia eratuko da, eta horren eginkizuna izango da Unibertsitateko Klaustroaren bilerako moderatzaile izatea eta bilera ongi egin dezaten begiratzea, behin betiko mahaia eratu arte.

2. Behin-behineko Adineko Mahaiko Burua Klaustroburua izango da (Errektorea), eta hauek osatuko dute: lau mahaikide (bat arlo bakoitzeko), zeinetan antzinatasun handienekoa Mahaiburuordea izango baita, eta Unibertsitateko Idazkari Nagusia, Mahaiko Idazkaria ere izango dena. Idazkaria ordezkatzeko, Mahaiko lau kideetan adinez zaharrenaren hurrengoa aritu daiteke.

3. Behin-behineko Mahaiko kide izendatuko dituzte arlo bakoitzean hautatu dituzten adinez zaharrenak.

4. Klaustroa eratu eta Barne Eraentzako Erregelamendua onetsirik, Klaustroaren Behin Betiko Mahaia osatuko dutenak hautatu beharko dituzte, Erregelamendu horrek zehazten duenaren arabera.

Hirugarrena.-Klaustroaren hasierako funtzionamendurako Erregelamendua.

Klaustroaren Barne Eraentzako Erregelamendua onetsi bitartean, erabaki honetan xedatutakoak aginduko du Klaustroaren hasierako funtzionamenduan, baita ere, aurreikusi ez dituen gaietarako, 1995eko ekainaren 22ko Klaustroaren Barne Eraentzako Erregelamenduaren II. Tituluan ezarritakoak, 2. artikulukoa kenduta, eta IV. Tituluaren eta V. Kapituluetan ezarritakoak.

Laugarrena.-Betegabeko postuak betetzea.

Klaustroko kideek izaera hori galtzen dutenean gelditutako postuak dagokien arloan boto gehien jasotako hurrengoek beteko dituzte, edota, postua utzi duen klaustrokidea zein zerrendatan hautatu zuten, zerrendako hurrengoak.

Bosgarrena.-Epeak.

Erregelamendu honetan aurreikusitako epeak luzaezinak dira, eta egun baliodunetan kontatuko dira. Hauteskundeei dagokienez, larunbatak egun baliodunak izango dira. Nolanahi ere, eperen bat larunbatean baldin badu azken eguna, epea hurrengo egun balioduna arte luzatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek aurreikusten ez dituen gaietarako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea aplikatuko da osagarri moduan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren zortzian.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.

I ERANSKINA

Klaustroaren hauteskundeetarako egutegia. 2002

-Hauteskundeetarako deia: apirilaren 16a.

-Behin-behineko erroldak jendaurrean jartzeko egunak: apirilaren 17a eta 18a.

-Behin-behineko erroldari erreklamazioak egiteko epea: apirilaren 20tik 24ra.

-Behin betiko erroldak jendaurrean jartzeko eguna: apirilaren 25a.

-Kandidaturak aurkezteko epea: apirilaren 26tik maiatzaren 2ra.

-Behin-behineko kandidaturak jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 3a.

-Behin-behineko kandidaturei erreklamazioak egiteko epea: maiatzaren 4tik 8ra.

-Erreklamazioen ebazpena emateko egunak: maiatzaren 9a eta 10a.

-Behin betiko kandidaturak jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 11.

-Hauteskunde kanpaina: maiatzaren 13tik- 22ra

-BOTAZIO EGUNA: maiatzaren 23a.

-Hautagai hautetsiak behin-behinekoz aldarrikatzeko eguna: maiatzaren 27a.

-Hautagai hautetsien behin-behineko aldarrikapenari erreklamazioak egiteko epea: maiatzaren 28tik- 29ra.

-Erreklamazioen ebazpena emateko eta hautagai hautetsiak behin betikoz aldarrikatzeko eguna: maiatzaren 31.

Iragarkiaren kodea: A0203803