46. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

44/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, urtarrilaren 16ko 4/1995 Foru Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia onesten duena. Laguntza horiek izanen dira 2002. urtean "Merkataritza Jarduketako Programa Integratuak" garatzeko.

Urtarrilaren 16ko 4/1995 Foru Dekretuak, Nafarroako merkataritza enpresa txikien lehiakortasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituenak, III. kapituluan ezartzen du zein dirulaguntza emanen den gehienez ere, Merkataritza Jarduketako Programa Integratuak (MJPI) garatzeko eta horien urteko planak burutzeko, betiere merkatari elkarteek bultzatuak izanen direnak.

Bestalde, Foru Dekretu horren azken xedepenetako lehenak ahalmena ematen dio Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari, hori betearazi eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Merkataritza Atalaren txostena ikusirik.

Hori horrela,

AGINDU DUT:

1. artikulua.-Xedea

Deialdi honen xedea da Merkataritza Jarduketako Programa Integratuak garatzeko dirulaguntzak ezartzea. Programa horien helburua da hirigune edo jarduera sektore batzuetan merkatua modernizatzeko, berregituratzeko eta berpizteko prozesuak dinamizatzea. Programa horiek mota hauetakoak izan daitezke, aplikazio eremuaren arabera:

a) Eskualde mailakoak: programa hauek herri batean edo batzuetan nahiz haietako hirigune jakin batzuetan egiten dira, ondoren azaltzen diren baldintzetako bat betetzen bada:

-Lurraldeko Oreka Eremu bakoitzean udalerri burua izatea.

-3.000 biztanle baino gehiagoko herria izatea eta barne udalerri bururik gabeko Lurraldeko Oreka Eremu baten barruan egotea.

-Iruñeko alde metropolitanoko herria izan eta 3.000 biztanle baino gehiago izatea.

Betebehar horiek betetzen dituzten herriak ondoko hauek dira:

-Lurraldeko Oreka Eremua: Baztan. Herriak: Elizondo.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Bera/Vera de Bidasoa. Herriak: Bera.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Leitza. Herriak: Leitza.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Altsasu/Alsasua. Herriak: Altsasu.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Estella. Herriak: Lizarra.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Pamplona. Herriak: Iruña.

-Herraik: Barañain.

-Herriak: Burlata.

-Herriak: Zizur Nagusia.

-Herriak: Atarrabia

-Herriak: Antsoain.

-Herriak: Berriozar.

-Herriak: Noain (Elortzibar).

-Herriak: Aranguren.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Zangoza. Herriak: Zangoza.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Viana. Herriak: Viana.

-Herriak: Lodosa.

-Herriak: Mendabia.

-Lurraldeko Oreka Eremua: San Adrián. Herriak: Azagra.

-Herriak: Azkoien.

-Herriak: San Adrian.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Tafalla. Herriak: Tafalla.

-Lurraldeko Oreka Eremua: Tutera. Herriak: Tutera.

Nolanahi ere, aurreko idatz-zatian aurreikusten ez diren herrietan edo horietako hirigune jakinetan egiten diren programek ere dirulaguntza jasoko dute, baldin eta Foru Agindu honek indarra hartu aurretik martxan bazeuden.

b) Sektore mailakoak: merkataritza sektore jakin batzuei buruzko programak, Nafarroako Foru Komunitate osokoak zein zati batekoak.

2. artikulua.-Onuradunak.

Ondokoek jasotzen ahalko dituzte laguntza hauek:

1. Merkatari Elkarteak, eskualdekoak zein sektorekoak, ondoko baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Erakunde Profesionalen Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Gutxienez 25 bazkide izatea.

Ez zaie baldintza hau eskatuko jarduera eremua udal merkatua duten merkatari elkarteei. Kasu horietan merkatu bakoitzeko laguntza eskaera bakarra onartuko da.

c) Programa hori zein lurralde eremutarako edo sektoretarako egiten den, bertako denden % 40, gutxienez, osatzea edo % 20, dagokion toki entitateko osoko bilkurak onetsitako lankidetza baldin badu.

d) Programa horiek merkatari elkarteek sustatuko dituzte, betiere haien jarduera eremua bat datorrenean programa bakoitza garatuko den eskualde edo sektorearekin.

2. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa hartzen duten eta Erakunde Profesionalen Erregistroan inskribatuak dauden Merkatari Elkarteak, xedea baldin badute merkataritza sustatzea nekazari giroko udalerri eta jendegune txikietan biztanleen beharrak aseko dituen hurbileko denda sare bat sortuz.

3. artikulua.-Dirulaguntzak jaso ditzaketen jarduerak

1.-2002. urteko ekitaldian MJPIren garapenerako urteko planak burutzeko emanen diren dirulaguntzak hauexek izanen dira:

a) Merkatuen azterlan teknikoak eta ikerketak: Merkataritza Jardueren Programa Integratuak prestatzeko nahitaezkoak izanen dira merkatuaren azterlan teknikoak eta ikerketak.

Azterlana esperientzia frogatua duen aholkularitza enpresa batek eginen du eta, gainera, Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak onartutako enpresa beharko du izan. Azterlanak ondoko edukiak izanen ditu gutxienez:

-Azalpen-txosten bat, programaren lurralde edo sektore eremuko merkataritza banaketaren egoera eta kontsumitzaileen ohituren berri ematen duena.

-Merkataritza Jardueren Programa Integratuari buruzko justifikazioko memoria, aplikazio lurralde edota sektorearen mugaketa bereziki aipatuta.

-Programaren helburuak eta horiek lortzeko jardunbideak.

-Jardunbideak garatzeko ekintzak.

b) Teknika eta merkataritza arloetako aholkularitza: teknika eta merkataritza arloetako kanpoko aholkularitzak, Merkataritzako Jardueren Programa Integratuaren barrenean sartutako jardueretarako.

c) Merkataritzaren sustapena:

-Programa hauek garatzeko beharrezkoak diren publizitatea, publizitateko materiala, zuzeneko marketing-a, merkataritza bizkortzea eta abar. Merkataritza-bizkortzeko ekintzak, MJPIak ukitutako kaleetan eta merkataritza-ordutegian egin beharko dira. Halaber, publizitatea xede duten zozketak egiteko zozketa, tonbola eta ausazko konbinazioen erregelamendua onesten duen martxoaren 21eko 94/1991 Foru Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

-Nafarroan legez eratu eta helbideratutako merkatari elkarteei egiten zaizkien ekarpenak sustapen eta sentsibilizazio kanpaina bateratuak finantzatzeko.

-Merkatari elkarteek WEB guneak sortzea. Hasierako gastuak izanen dira diseinatu eta sortzekoak eta eremu publikoa kontratatzekoak. Baldintza bakarra da gune hori Nafarroako Gobernuarenari lotua egotea.

d) Kudeatzailetza: Merkataritza Jardueren Programa Integratua ezartzeko kudeatzaile bat kontratatzeko dirulaguntza eman ahalko da lehenbiziko hiru urteetan, betiere merkataritza sustatzeko jarduerak edo prestakuntzaren ingurukoak ere egiten baditu.

Kudeatzaileak, gutxienez, Merkataritzako teknikari titulua edo baliokideren bat izanen du eta hautatua izateko Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuaren onarpena beharko du.

e) Prestakuntza: prestakuntza jardueretarako dirulaguntza eskabideak arautuko ditu Nafarroan 2002an merkataritza banaketaren sektorean giza kapitala prestatzeko laguntzetarako deialdiak.

2. Ez da dirulaguntzarik emanen elkartearen funtzionamenduko gastu arruntetarako.

4. artikulua.-Dirulaguntzen zenbatekoa

a) Merkatuaren azterlan teknikoak eta ikerketak: kostuaren % 50 arteko dirulaguntza jaso ahalko dute; gehienez ere 9.100,00 euro.

Azterlan hori 1996a baino lehen egin eta beste bat egiten duten merkatari elkarteek gehienez 3.000,00 euroko dirulaguntza jaso ahalko dute.

b) Teknika eta merkataritza arloetako aholkularitza: urteko kostuaren % 50erainoko dirulaguntza izan dezake, gehienez ere 1.800,00 euro.

c) Merkataritzaren sustapena:

c.1) Zuzeneko sustapena: kostuaren % 50erainoko dirulaguntza emanen zaio, elkarteak frogatzen duen bazkide kopuruaren arabera. Hona hemen gehieneko zenbatekoak:

Bazkideen kopurua: 50 bazkide baino gutxiago. Gehieneko diru kopurua: 15.100,00 euro.

Bazkideen kopurua: 50etik 100 bazkide bitarte. Gehieneko diru kopurua: 22.600,00 euro

Bazkideen kopurua: 101etik 150 bazkide bitarte. Gehieneko diru kopurua: 30.100,00 euro.

Bazkideen kopurua: 151tik 200 bazkide bitarte. Gehieneko diru kopurua: 37.600,00 euro.

Bazkideen kopurua: 201etik 250 bazkide bitarte. Gehieneko diru kopurua: 45.100,00 euro.

Bazkideen kopurua: 251tik 300 bazkide bitarte. Gehieneko diru kopurua: 52.600,00 euro.

Bazkideen kopurua: 300 bazkidetik gora. Gehieneko diru kopurua: 60.100,00 euro.

Dena dela, muga horiek ez zaizkie aplikatuko:

-Udal azokan biltzen diren merkatarien elkarteei.

-Kanpo merkataritza-gune berria sortzeko proiektuan diharduten merkatarien eskualdeko elkarteei, bertako Toki Entitatearen laguntzarekin.

c.2) Ekarpenak merkatari elkarteei: egiten diren ekarpenen % 50erainoko dirulaguntza jaso ahalko dute, gehienez 1.000,00 euro.

c.3) Web guneak: % 50erainoko dirulaguntza jaso dezakete, gehienez 1.500,00 euro.

d) Kudeatzailetza: kudeatzailetza kostuaren % 50 arteko dirulaguntza emanen da, eta gehieneko zenbatekoa izanen da jarraian ematen diren bi zenbatekoetatik txikiena beste:

d.1) Merkataritza sustapenari edota prestakuntzari dagozkien dirulaguntzen zenbatekoa, artikulu honetan ezarritako gehieneko portzentaje eta zenbatekoen arabera.

d.2) 9.100,00 euro.

5. artikulua.-Emateko irizpideak. Dirulaguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz emanen dira:

1) Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da aurreko artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeen arabera.

2) Aurreko kopuruari aurreko ekitaldiaren burutzapen gradua, elkarte bakoitzarentzat kalkulatua, gehituko zaio, aparteko gorabeherak, halakorik balego, kontuan hartuz.

3) Aurrekontuko diru kopurua aurreko bi puntuen arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.

Hainbanaketa hori ez da azterlan tekniko edo merkatu ikerlanetarako aplikatuko.

6. artikulua.-Eskabideen aurkezpena.

1.-2002ko ekitaldirako laguntza eskabideak Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira Foru Agindu hau argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2.-"MJPI garatzeko dirulaguntza eskaera" (Fs.07.01.16.01) formularioan aurkeztuko dira. Formularioak aipatu Departamentuan edo Nafarroako Gobernuaren web gunean (www.cfnavarra.es\industria) hartzen ahal dira eta haiekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Elkarte eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, behar izanez gero, haien ahalduntzea.

b) 2001eko aurrekontuaren likidazioa eta 2002rako aurrekontua, biak elkarteko buruak eta diruzainak sinatuta.

c) 2001eko bazkideen zerrendaren aldean, izandako altak eta bajak adierazten dituen ziurtagiria, elkarteko buruak sinatua.

d) 2002ko ekitaldirako MJPIren urteko plana. Bertan sartuko dira egitekoak diren ekintzak, burutzeko egutegia, kostua eta horietarako aurreikusia dagoen finantzazioa.

e) Lehenbiziko aldiz aurkezten diren merkartari elkarteak baldin badira, ondokoa ere aurkeztuko dute:

-Elkartearen identitatea egiaztatzeko dokumentazioa, estatutuak eta erregistroko inskripzioa.

-Identifikazio Fiskaleko txartelaren fotokopia.

-Elkarteko kideen zerrenda, formularioan ezarritako ereduaren arabera.

-Transferentzia bidez ordaintzeko eskaria behar den bezala betea.

3.-Nolanahi ere, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu eta ebatzi ahal izateko beharrezko juzkatzen dituen argibide eta agiri osagarri guztiak galdatzen ahal dizkio eskatzaileari.

7. artikulua.-Tramitazioa.

1. Organo eskudunak espedientea aztertu eta ebaluatuko du eta txosten bat emanen dio ebazpen organoari. Bertan azalduko du onuradunak dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela; laguntzak emateko proposamena ere sartuko du txostenean.

Aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa aztertu ondoren, osatu gabe daudela ikusiko balitz edo beharrezkotzat joko balitz datu edo agiri osagarriak eskuratzea, hamar eguneko epea emanen litzaioke eskatzaileari horiek aurkezteko, eta hori egiten ez badu, eskabidea bertan behera uzten duela ulertu eta espedientea artxibatuko da.

2. Proposamena ikusirik, organo eskudunak laguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

3. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren erregistroan sartu zen egunetik hasita.

Nolanahi ere, ebazteko epea eten eginen da organo eskudunak argibide edo agiri osagarriak eskatzen dituenean. Etenaldia errekimenduaren jakinarazpena igortzen den egunean hasi eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea amaitzean.

8. artikulua.-Dirulaguntzen ordainketa.

1. Dirulaguntza jaso duten elkarteek ordaintzeko eskaera aurkeztuko dute hiru hilabetean behin, hurrengo epe hauetan:

Foru Agindu honek indarra hartu baino lehenago egindako jarduerak: laguntzak emateko eskabidearekin batera. Bigarren hiruhilekoan egindako jarduerak: uztailaren 31 baino lehen.

Hirugarren hiruhilekoan egindako jarduerak: urriaren 31 baino lehen.

Laugarren hiruhilekoan egindako jarduerak: abenduaren 31 baino lehen.

2. Eskabideak "MJPI garatzeko dirulaguntzen justifikazioa" (Fs.07.01.16.02) formularioan aurkeztuko dira. Formularioak aipatu Departamentuan edo Nafarroako Gobernuaren web gunean (www.cfnavarra.es\industria) hartzen ahal dira eta haiekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

-Jardueren memoria.

-Emaitzen balorazioa.

-Egindako gastuen egiaztagiriak eta haien ordainagiriak.

3. Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak beharrezkoak diren ikuskapenak egin ahalko ditu, diruz lagundutako ekintzak burutu diren egiaztatzeko, bai eta eman den dirua zehazturiko xedeetarako erabili den egiaztatzeko ere.

4. Organo eskudunak ebazpena emanen du egitan burututako jarduerak ordaintzeko.

9. artikulua.-Onuradunen betebeharrak.

Merkataritza sustatzeko jardueretan erabilitako publizitate euskarri eta materialetan Nafarroako Gobernuaren Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren lankidetza agertuko da berariaz.

10. artikulua.-Laguntzak bertan behera uztea.

Kudeatzailea kontratatzeko dirulaguntza jaso duten merkataritza elkarteek laguntza hori jasotzeko ezarritako baldintzak ez betetzeak dirulaguntza hori itzuli beharra ekarriko du.

11. artikulua.-Errekurtsoak

Foru Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2002. urteko ekitaldirako, laguntza horietarako aurrekontuko kreditek 419.840 euro egiten dituzte, 2002. urtera luzatu den 2001eko aurrekontuko gastuen kontusail honen kargura: 850003 82110 4810 763100, "Merkataritzako elkarteak sustatzea". Dena den, kredituak aurrekontuetan dagoen diruaren arabera gehitzen ahalko dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru Agindu hau Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuari eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari jakinaraziko zaie, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren lauan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: a0203721