46. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

84/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, ikasketak egiteko zortzi lizentzia emateko deialdia onesten duena. Lizentzia horiek 2002/2003 ikasturterako dira eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako langile finkoendako.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak txostena aurkeztu du eta bertan proposatu ikasketak egiteko zortzi lizentzia emateko deialdia onestea. Lizentzia horiek 2002/2003 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako langile finkoendako.

Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.c) eta d) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ikasketak egiteko gehienez ere zortzi lizentzia emateko deialdia onestea. Lizentzia horiek 2002/2003 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako langile finkoendako.

2. Deialdi hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Foru Agindu hau Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Irakasleen Hobekuntzako Atalera eta Hezkuntza Berriztapen eta Hezkuntza Sustapenaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita seian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.-1. Ikasketak egiteko gehienez ere zortzi lizentziatarako deia egiten da, 2002/2003 ikasturterako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako irakaskuntzako funtzionario edo lan-kontratudun finkoendako. Era hauetakoak dira:

A) Izaera akademikoko ikasketak:

A.1) Lizentziatura, ingeniaritza, ingeniaritza tekniko, arkitektura edo arkitektura teknikoaren azken kurtsoa, aurreko kurtsoko bi irakasgairekin gehienez.

A.2) Doktoretza tesiak.

A.3) Masterra edo graduatu ondoko ikasketak, unibertsitateek abalatuak.

B) Hezkuntzako Ikerketa Proiektuak, Unibertsitateek abalatuak. Nahitaez ondoko gai hauei buruzkoak izanen dira:

-Arloetako curriculumetan teknologia berriak sartzea.

-Curriculum aniztasunaren proiektuetarako programazioa, DBHko 2. ziklo egokitua eta tailer- gelak etorkinendako.

-Etorkinendako azelerazio programazioak, gelakoak zein orokorrak.

-Ulermenezko irakurketa DBHko arlo eta edukietan.

-Hizkuntzen tratamendu integratua Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan.

2. Ikasketak egiteko lizentziak honela banatuko dira:

A.1 modalitatea: bi lizentzia.

A.2 modalitatea: bi lizentzia.

A.3 modalitatea: lizentzia bat.

B modalitatea: hiru lizentzia.

3. A.1 modalitateko lizentziaren bat eman gabe gelditzera, A.2, A.3 eta B modalitateetako eskatzaileei emanen zaie, ordena horretan, eta alderantziz.

Ikasketak egiteko lizentzien iraupena

Bigarrena.-Ikasketak egiteko lizentziek urte bat edo lauhileko bat iraun dezakete, data hauen arabera:

1. Urte bateko lizentzia: 2002/2003 ikasturte guzia, 2002ko irailaren 1etik 2003ko abuztuaren 31 arte.

2. Lauhileko bateko lizentzia: 2002/2003 ikasturteko lehena edo bigarrena. Ondoan ematen dira hasteko eta bukatzeko datak:

Lehenbiziko lauhilekoa: 2002ko irailaren 1etik 2003ko abenduaren 31 arte.

Bigarren lauhilekoa: 2003ko martxoaren 1etik 2003ko ekainaren 30a arte.

Hautagaiak

Hirugarrena.-1. Ikasketak egiteko lizentziak eskatzen ahal dituzte, deialdi honetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako edozein ikastetxe publikotan diharduten irakaskuntzako funtzionario edo lan- kontratudun finkoek, unibertsitatean ari ez badira.

2. A.2 eta A.3 modalitateetakoak eskatzen ahal dituzte irakaskuntzako funtzionario edo lan- kontratudun finkoek, unibertsitatean ari ez badira, baldin doktore titulu akademikorik ez badute.

Baldintzak

Laugarrena.-Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jardunean egotea eta 2002/2003 ikasturtean gaur egun Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako ikastetxeetan zerbitzuak ematea, unibertsitatetik kanpo.

b) Karrerako irakasle funtzionario zein lan-kontratudun finko gisa, bost urteko antzinatasuna izatea bederen. Ondorio horietarako aurtengo ikasturtea ere kontuan hartuko da.

c) Ikasketak egiteko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak edota bestelako edozein administrazio zentral nahiz autonomikok emandako lizentziarik ez izatea azkeneko hamar ikasturteetan.

d) II. eranskinean ezarritako baremoan gutxienez ere 5 puntu lortzea, eta gutxienez 15 puntu baremo horretako 2. 3. 4. eta 5. puntuetan.

e) A.1 modalitatea eskatzen dutenek ikasketetarako urtebeteko lizentzia lortzeko, gehienez ere bi irakasgai uzten ahalko dituzte gainditzeke aurreko ikasturteetan, eta azken kurtsoko irakasgai guztiak egin beharko dituzte.

f) A.2 modalitatea eskatzen dutenek, dagokion doktoretza programako 32 kredituak gaindituak eta Ikertzeko Gaitasuna aitortua beharko dituzte. Horretaz gain, tesia egin behar duten unibertsitateko Doktoretza Batzordeak onetsia beharko dute tesi proiektua.

g) A.3 modalitatea eskatzen dutenek urteko lizentzia nahi badute graduatu ondoko ikasketek edo masterrak guttienez 50 kredito izan beharko dituzte, unibertsitateek abalaturik.

h) Baldintza horiek deialdi honetako zazpigarren oinarrian ezarritako eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dira.

Eskabideak eta agiriak

Bosgarrena.-Ikasketak egiteko lizentziak deialdi honen arabera jaso nahi dituztenek A edo B modalitaterako eskabidea aurkeztu beharko dute eta 2002/2003 ikasturteko aldi bakarrerako, dela urtekoa, dela lauhilekoa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide Bulegoan eta irakasleendako laguntza zentroetako bulegoetan hartzen ahal den ereduari jarraituz, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta (Hezkuntza Zuzendaritza Nagusia, Santo Domingo kalea, z.g., 31001 Iruña).

Seigarrena.-Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) 2002ko abuztuaren 31n itxitako zerbitzu- orria edo zerbitzuen ziurtagiria.

b) Lizentziak dirauen denboran egin gogo den ikerketa edo ikasketa proiektua, deialdi honetako I. eranskinean agertzen den eskemari jarraituz.

c) Eskatzailearen espezialitateko gaiarekin zerikusia duten eta hark aipagarritzat jotzen dituen ikasketa nahiz lan merezimenduen frogagiriak. Merezimendu horiek egiaztatzeko, deialdi honetako II. eranskineko baremoan zehazten diren agiriak erabiliko dira.

d) Aurkezten diren agirien zerrenda, bakoitza bere zenbaki, data eta sinadurarekin, aipatu baremoan ageri den ordenari segituz.

e) Lizentzia eskaera A.1, A.2 edo A.3 modalitateko bati badagokio, eskatzailearen zinpeko adierazpena erantsi beharko da, zeinetan adieraziko baita haren titulu akademikoa eta deialdi honetako hirugarren oinarrian galdatzen den tituluaren jabe dela.

f) Alegatu bai baina behar bezala frogatzen ez diren edota deialdi honetako zazpigarren oinarriak aipatzen duen epetik kanpo aurkezten diren merezimenduak ez dira ez baloratu ez kontuan hartuko.

Eskabideak aurkezteko epea

Zazpigarrena.-Eskabideak, aipatu agiriekin batera, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein baliabide erabiliz.

Hautaketa Batzordea

Zortzigarrena.-1. Honako kide hauek osatuko dute izangaiak hautatzeko batzordea:

Batzordeburua:

-Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendaria edo berak izendatzen duena.

Batzordekideak:

-Irakasleen Hobekuntzako atalburua edo berak izendatzen duena.

-Hezkuntza Berriztapenaren atalburua edo berak izendatzen duena.

-Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko bi teknikari, Irakasleen Hobekuntzako atalburuak izendatuak.

2. Hautaketa batzordera irakasle ez-unibertsitarioen Batzordeak izendatutako ordezkari bat joan ahalko da (hizpidea bai baina botorik gabe).

Hautaketa

Bederatzigarrena.-1. Aurreko oinarrian aipatzen den Hautaketa Batzordeak oinarri honetako hurrengo idatz-zatietan ezartzen diren prozedura eta epeen arabera hautatuko ditu 2002/2003 ikasturterako ikasketak egiteko lizentzia izanen duten irakasleak.

2. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean argitaratuko da onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta bost egun naturaleko epea hasiko da erreklamazioak egiteko.

3. Hautaketa Batzordeak erreklamazioak ebatzi ondoren, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean deialdi honetako onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du.

4. Eskabide onartuak II. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu Batzordeak. Eskatzaile bakoitzak lortzen dituen puntuazioen arabera, batzordeak 2002/2003 ikasturterako ikasketak egiteko lizentzia izateko hautagaien behin-behineko zerrenda prestatuko du eta zazpi egun naturaleko epea hasiko da erreklamazioak egiteko. Zerrenda puntuazio osoaren arabera antolatuko da. Behin-behineko hautatuen artean berdinketarik gertatuz gero, irizpide hauek erabiliko dira hura hausteko:

1.-Nork puntuazio altuagoa baremoko 1. atalean.

2.-Nork puntuazio altuagoa baremoko 2.1 atalean

3.-Nork puntuazio altuagoa baremoko 3. atalean.

5. Hautaketa Batzordeak erreklamazioak ebatzi ondoren, 2002/2003 ikasturterako ikasketak egiteko hautatutako irakasleen behin betiko zerrenda jendaurrera aterako du Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Informazio eta Argibide Bulegoko iragarki oholean.

6. Aurreko puntuetan aipatzen den prozesua amaitutakoan, Hautaketa Batzordeak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira deialdi honen Ebazpen proposamena igorriko du, eta horrekin batera behin betiko akta edo aktak, izangai bakoitzari emandako balorazioa dutela, bai eta hautatuen azken zerrenda ere.

Uko egitea

Hamargarrena.-1. Aurreko oinarriko 4. idatz-zatian erreklamazioak aurkezteko ezarritako epe berean, hautagaiek ukamena aurkeztu ahalko dute.

2. Ukoa idatziz aurkeztuko zaio Hautaketa Batzordeari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko beste edozein baliabideren bidez.

Deialdiaren ebazpena

Hamaikagarrena.-1. Hezkuntza zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpen baten bidez.

2. Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko Zuzendaritzak jakinaraziko die izangaiei ikasketak egiteko lizentziak emateari buruzko behin betiko ebazpena.

3. Deialdi hau ebatzi ondotik ez da ikasketak egiteko lizentziarik ukatzerik onartuko, salbu Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak, hautaketa batzordearen txostena ikusitakoan, libreki kontuan hartzen badu aparteko kasu larririk.

4. Hautagai bat, aldi berean, ikasketak egiteko lizentzia baterako, zerbitzu eginkizunetako erregimeneko lanpostu baterako edo kanpoan aldi baterako atxikipenerako, hautatua gertatzen bada, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak behar dena ebatziko du, zerbitzuaren beharrak eta aurkezturiko proposamenen sarrera ordena kontuan hartuz.

Urratsez urratseko txostena eta azken memoria

Hamabigarrena.-Ikasketak egiteko lizentziak dirauen bitartean, onuradunek Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

1.-Ikasketak egiteko lizentziak, A edo B modalitatekoak, urtebeteko iraupenekoak:

a) 2003ko otsailean, ordurarte urratsez urrats egindako lanari buruzko txostena. Lizentzia A1 modalitateari badagokio, txosten horri matrikula egin den unibertsitateak luzatutako ikasketen ziurtagiri ofiziala erantsiko zaio eta bertan sartuko dira hautatutako irakasgaiak eta horien ikastorduak kreditutan. Lizentzia A2 edo A.3 modalitatekoa bada, urratsez urratseko lanaren txostenari, tesiaren zuzendariaren edo masterraren edo graduatu ondoko ikasketen arduradunaren ikus-onespen agiria eta unibertsitateko dagokion departamentuko zigilua gaineratuko zaizkio.

b) Ikasketak egiteko lizentziaren denbora amaitzen denean, luzatu ezin den hilabeteko epean, egindako lanaren gaineko memoria orokorra, edo egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa, bidezko dena. Lizentzia B modalitatea bada, memoria orokorrarekin batera egindako ikerketaren emaitzak eta prestatutako material guztia ere aurkeztuko dira.

2. Ikasketak egiteko lizentziak, A edo B modalitatekoak, lau hileko iraupenekoak:

Ikasketak egiteko lizentziaren denbora amaitzen denean, luzatu ezin den hilabeteko epean, egindako lanaren gaineko memoria orokorra, edo egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa, bidezkoa dena. Lizentzia B modalitatea bada, memoria orokorrarekin batera egindako ikerketaren emaitzak eta prestatutako material guztia ere aurkeztuko dira.

Egoera administratiboa eta hautatuek bete beharrekoa

Hamahirugarrena.-Ikasketak egiteko lizentziak dirauen bitartean, irakasleek beren kidegoko ordainsari oinarrizkoari eta osagarriari dagokien zenbatekoa jasoko dute.

Hamalaugarrena.-Ikasketak egiteko lizentzia lortuz gero, hautagaia ezin arituko da beste edozein jarduera ordaindutan, publiko zein pribatutan, eta ezin izanen du administrazio edo erakunde publikoen laguntza edo bekaren bat jaso.

Hamabosgarrena.-Deialdi honetan xedatutakoa betetzen ez bada, edo egindako ikasketetan edo lanean "gutxiegi" kalifikazioa lortu badute, ikasketak egiteko lizentzia galdu eta diziplina erantzukizuna izan dezakete, indarra duen Administrazioko Funtzionarioen Diziplina Araubideari buruzko Erregelamenduaren arabera.

Hamaseigarrena.-1. B) modalitateko lizentzien kasuan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak egindako ikerketaren emaitzen memoriak eta sortutako material guztia erabili eta argitaratu ahalko ditu, bidezkotzat jotzen baldin badu, indarra duen jabetza intelektualari buruzko legeriak dioenari jarraituz.

2. Onuradunek argitara eman dezakete beren lana, aipatzen baldin badute Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hori egiteko lizentzia eman diela. Lizentzia horrekin egin den lana osorik edo zatiren bat argitara ematen bada aipamen hori egin beharko da.

Jarraipena eta kontrola

Hamazazpigarrena.-1. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak lizentzia denborak dirauen bitartean egiten diren lan eta ikasketak behar bezala begiratu eta kontrolatzeko neurriak hartzen ahalko ditu.

2. Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak lizentzia denboran egindako lan edo ikasketak baloratuko ditu, urratsez urratseko txostenaren eta begiratze nahiz kontrol egokia burutzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako bitartekoen bidez.

Hemezortzigarrena.-2002ko urrian eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa eskuratu ahalko da Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko Zuzendaritzatik, zuzenean edota baimenduriko pertsona baten bidez. Epe hori amaitutakoan, ulertuko da ez dutela jaso nahi eta horren gaineko eskubide oro galduko dute.

Hemeretzigarrena.-Deialdi honen aurka, bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean. Gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen Erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea izanen da bidezko Auzitegi Nagusiari zuzendua bi hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Ikasketa edo laneko proiektuaren edukiaren eskema, modalitatearen arabera

A.1 modalitatea. Lizentziatura, ingeniaritza, ingeniaritza teknikoa, arkitektura, arkitektura teknikoa edo goi mailako heziketa zikloa:

1.-Zein ikastaro egin gogo den.

2.-Egindako ikastaroen ziurtagiri akademikoa.

3.-Zein ikastetxetan egin gogo dituen ikasketak: (izena, helbidea, herria, probintzia, herrialdea, telefonoa).

4.-Ikastaroaren orduak edo kredituak.

A.2 modalitatea.-Doktoretza tesiak:

1.-Tesiaren titulua.

2.-Zuzendariaren txostena, zehaztasun hauekin: lanaren hasierako eguna eta zein fasetan dagoen: (hasieran, bide erdian, azken idazketan, eta abarretan).

3.-Orain arte egindako lana.

4.-Lizentziak dirauen bitartean egin beharreko lana.

5.-Ziurtagiri akademiko ofiziala, hirugarren zikloko programari dagozkion kredituak gainditu izanarena, ikerketako gaitasunarena eta dagokion unibertsitateko doktoretza batzordeak doktoretza tesiaren proiektua onetsi izanarena.

A.3 modalitatea.-Masterra edo graduatu ondoko ikasketak, unibertsitateak abalatuak.

1.-Egin nahi dituen ikasketak.

2.-Ikasketak egin nahi dituen ikastetxea.

3.-Eskola karga (orduak edo kreditoak).

4.-Egin nh­ahí dituen ikasketen plan ofiziala.

B modalitatea. Hezkuntza arloan ikertzeko proiektuak:

1.-Proiektuaren titulua.

2.-Gaia lehen eta orain, bibliografia garrantzitsuena ere sartzen dela.

3.-Xedeak.

4.-Zergatiak.

5.-Metodologia eta lan plana, behar bezala zehaztua.

6.-Proiektua babesten duen agintaritzaren edo entitatearen txostena (B1 modalitatean).

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Ikasketa akademikoak, doktoretza tesiak, masterra, graduatu ondoko ikasketak edo hezkuntzako ikerketa proiektua. Gehienez ere 10 puntu.

A.1 modalitatea.-Lizentziatura, ingeniaritza, ingeniaritza teknikoa, arkitektura edo arkitektura teknikoa.

Kontuan hartuko da:

a) Eginen diren ikasketak egokitzen ote zaizkien eskatzaileak irakaskuntzan daukan lanpostuaren ezaugarri akademikoei, gehienez ere 7 puntu.

b) Proposaturiko ikasketei dagokien lizentziatura edo titulua eskuratzeko beharrezkoak izan eta dagoeneko gainditurik dituzten ikasketak, gehienez ere 3 puntu.

A.2 modalitatea.-Doktoretza tesiak.

Kontuan hartuko dira:

a) Egindako lanaren azalpen eta zehaztasunak, gehienez ere bi puntu.

b) Lan horrek irakaslearen lanpostuaren ezaugarriekin duen zerikusia, gehienez ere 6 puntu.

c) Zein epetan egin gogo den, tesiaren zuzendariaren txostena eta hirugarren zikloko irakasgaietan lortutako kalifikazioak, gehienez ere 2 puntu.

A.3 modalitatea.-Masterra edo graduatu ondoko ikasketak.

Kontuan hartuko dira:

a) Lizentzia eskaeraren xede diren ikasketak egokiak izatea lanpostuarekin. Gehienez ere, 6 puntu.

b) Egindako ikasketak Hezkuntza Administrazioak zein izangaiaren ikastetxeak ondotik aprobetxatzea. Gehienez, 4 puntu.

B modalitatea.-Hezkuntzako ikerketa proiektuak.

Kontuan hartuko dira:

a) Proiektuaren azalpen eta zehaztasunak, gehienez ere 2 puntu.

b) Irakaslearen lanpostuaren ezaugarriekin duen zerikusia, gehienez ere 6 puntu.

c) Zein epetan egin gogo den lana, gehienez ere puntu bat.

d) Proiektua bermatzen duen agintarien edo entitatearen txostena, gehienez ere puntu bat.

2. Irakaskuntzako merezimenduak. Gehienez ere 18 puntu.

2.1. Irakaskuntzako zerbitzuak: irakasle funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa emandako zerbitzu urte bakoitzeko: puntu bat urte osoagatik, eskakizun den bosgarrenetik hasita. Gehienez ere 10 puntu.

2.2. Berariazko merezimenduak. Gehienez ere, 8 puntu:

2.2.1. Irakaskuntzako ikastetxe publikoetan, irakasleendako laguntza zentroetan edo antzeko erakundeetan zuzendari edo alboko zuzendari lanetan karrerako funtzionario edo kontratudun langile finko gisa aritutako urte bakoitzeko: puntu bat urte osoagatik.

2.2.2. Ikastetxe publikoetako zuzendariorde, alboko zuzendariorde, menpeko zuzendari, alboko menpeko zuzendari, idazkari, alboko idazkari, ikasketaburu, alboko ikasketaburu, karrerako funtzionario edo kontratudun langile finko gisa aritutako urte bakoitzeko: 0,75 puntu urte osoagatik.

2.2.3. Zikloaren koordinatzaile, mintegiburu, alboko mintegiburu, departamentuburu, alboko departamentuburu edo tutore lanetan, karrerako funtzionario edo kontratudun langile finko gisa aritutako urte bakoitzeko: 0,50 puntu.

Guztira, gehienez ere 5 puntu.

2.2.4. Tutore edo Eskola Kontseiluko kide lanetan karrerako funtzionario edo kontratudun langile finko gisa emandakoak: 0,25 puntu urte osoagatik.

Agiriak: egiaztagiriaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, karguetan izan den denbora ere agertzen duena.

3. Etengabeko prestakuntza jarduerak. Gehienez ere 10 puntu.

3.1. Eskatzailearen espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan irakasle izateagatik edo, hezkuntza administrazioek eskaturik, irakaslegoaren prestakuntza etengabearekin zerikusirik duten entitate publiko nahiz pribatuen agindupean. Prestakuntzarako irakaskuntzako aholkularien edo Irakasleen Laguntzarako Zentroetako irakaskuntzako aholkularien kasuan, bere lanpostuaren eginkizunetan egindako jarduerak ez dira kontuan hartuko: 0,3 puntu jarduera bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu.

3.2. Eskatzailearen espezialitatearekin zerikusia duten ikastaro, talde egonkor, mintegi eta bestelako jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu prestakuntzako 10 orduko, gehienez ere 5 puntu.

Agiriak: egiaztagirien jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatuak.

4. Irakaskuntzako irakasgai edo espezialitateari edo diziplina edo pedagogiaren gaineko laguntzari buruzko argitalpen edo ikerketa lanak: gehienez ere puntu bat lan bakoitzeko, eta denetara gehienez 5 puntu.

Agiriak: egindakoaren aleak. Argitaratu gabeko ikerketa lanak direnean, eskudun erakundeek abalaturik.

5. Merezimendu akademikoak. Gehienez ere 2 puntu.

5.1. Doktore titulu bakoitzeko, A.2 modalitateko eskatzaileendako izan ezik: puntu bat tituluko.

5.2. Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluagatik, kidegoan sartzeko alegatu zena ez bada: 0,50 puntu tituluko.

5.3. Diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoen tituluagatik, kidegoan sartzen alegatu zena ez bada: 0,25 puntu tituluko.

Agiriak: tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua edo behar den unibertsitatean eskatu dela frogatzen duen gordekinarena.

Iragarkiaren kodea: a0203585