46. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko martxoaren 11koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Lizarrako APA sare bikoizketa", Gas Natural SDG, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean jartzen duena.

2001eko azaroaren 20an, Gas Natural SDG, S.A.k "Lizarrako APA sare bikoizketa" proiektua aurkeztu zuen, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramitatzeko.

Proiektu horren helburua Lizarrako APA sarearen ahalmena handitzea da gas naturalaz hornitzeko. Horretarako, sare horretako tarte bat bikoiztuko da eta Oteitza, Morentin eta Aberingo udal mugapeetan du eragina.

Saretik Fort James industriarako deribazioan abiatuko da gasbide berria, Oteitzako udal mugapean, Baigorriko baserritik iparraldera, 850 bat metrotara.

Gune horretatik gasbide berriak lehengoari jarraituko dio -bien ardatzen artean bi metro bederen utzi beharko dira- eta, Morentingo udal mugapean zehar, Aberingoan bukatuko da, Errotako Bidearen puntu batean, Oteitzako herrigunetik 2 bat km-tara, mendebaldera. Hortxe balbula bat jarriko da, inoiz paraleloan jarraitu ahal izateko.

Gasbide berria 4.686 metro luze da, guztira. Hortik 535 metro oihaneko lurzorutan dira, baina han hemenka sakabanatuak, eta 4.151 metro nekazaritzako ekoizpen ertaineko lurretan. Bi kategoria horien babes araubidea bateragarria da jarri gogo den instalazioarekin, udalen hirigintzako planeamenduaren arabera.

Bestalde, Ingurumen zuzendari nagusiak bere txostenean dioenez, gasbidearen trazadurak ez du eraginik naturgune babestuetan, eta ukitutako lurrak ez daude Natura 2000 sareko Batasunaren Intereseko Lekuen proposamenean sartuta. Alabaina, bada eragina alor arteko zenbait tokitan, landaretza interesgarrikoak baitira, eta txostenean deskribatu dira.

Ondorioz, adostasun txostena eman zaio proiektuari ingurumenaren aldetik, baina baldintza hauek bete beharko ditu:

-0,450 k.p.aren inguruan, ahalik eta arte edo erkametz gutxiena botako dira. Ezponda hori lehengoratzeko, lehengo hodiaren eraginpeko eremua ere hartuko da kontuan. Lehen zuen itxura bera emanen zaio, lur begetala zabalduz eta Quercus coccifera zuhaixka eta Quercus faginea eta Quercus rotundifolia zuhaitzak landatuz, zortasunek uzten duten heinean.

-Gasbideak sastrakaz betetako eremuak zeharkatzen dituenean, ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta lur begetala bildu eta berreskuratzen saiatuko da, batik bat. Lur horiek lehengoratzeko, Genista scorpius eta Lavandula latifolia zuhaixkak sartuko dira.

-Lur mugimendua hasi baino lehen, lur begetalezko 30 cm-ko geruza kendu eta gordeko da lehengoratze lanetan, oso-osorik, erabiltzeko; zangetan, alegia, ezpondetan eta gainerako eremu kaltetuetan zabalduz.

-Obra hasi aurretik legeztatu behar dira hondarren zabortegiak eta zagorra ateratzeko guneak, uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretuan arautu bezala. Ingurumenaren gaineko eraginen azterlanak ere egin beharko dira, lehendik legeztatuta ez badaude.

-Proiektuak ukitu eremuaren inguru osoak hondarrik gabe gelditu beharko du.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2002ko otsailaren 26an emandako txostena kontuan hartuz eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta gainerako aplikazio arauak ikusita, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. "Lizarrako APA sare bikoizketa" proiektua, Gas Natural SDG, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, aipatu Foru Legean aurreikusi ondorioak izan ditzan.

2. Enpresa sustatzaileari adieraztea, obrak egiten dituenean, Erabaki honen azalpen zatian jaso baldintzak, ingurumenari buruzkoak, bete beharko dituela.

3. Orobat, enpresa sustatzaileari adieraztea, espedientea onesteko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak egindako txostena beharko duela aurkeztu, ondare arkeologikoak izan dezakeen kalteari buruz.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, espedientea hilabetez jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea udalei, haien mugapeetan proiektuko azpiegiturek eraginik badute. Horretarako, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi, 1-2.a; Iruña) egonen da ikusgai, eta, epe horretan, bidezkotzat jotzen diren alegazio guztiak aurkeztu ahalko dira, idatzita.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lanekoari eta Hezkuntza eta Kulturakoari, Oteitza, Morentin eta Aberingo udalei eta Gas Natural SDG, S.A.ri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamaikan. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria.-Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0203019