43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

575/2002 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Fustiñana eta Ribaforada arteko errepidearen trazadura berriaren proiektuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Aipatu Proiektua Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

Maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta hura garatzeko Erregelamendua -irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsia- aldatu zituenak, ezartzen du xedapen horietako eranskinetan azaltzen diren obra, instalazio eta jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik, beharrezkoa dela Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedurari hasiera eman nahian, 2001eko abuztuaren 13an, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aipatu lanen espedientea aurkeztu zuen, Fustiñana eta Ribaforada arteko errepidearen trazadura berriaren proiektuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eta horri dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana barne zirela. Proiektuaren eta Eraginaren Azterlanaren laburpenak Foru Agindu honen eranskinean ageri dira.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean proiektuak ingurunean eragin ditzakeen kalte guztiak jorratu dira oro har, eta arreta berezia jarri da 2000 Natura Sarearen Batasunerako Intereseko Leku (BIL) izateko proposatu den eremu batean, Ebro ibaia izenekoan (ES2200040) hain zuzen, obrak zeharkatzen baitu. BIL horren gaineko eragina ez da adierazgarria. Gainera, aipatu leku hori zeharkatu gabe, proiektuaren helburuak lortzeko beste hautabiderik ez dago.

Nafarroako Gobernuak 2001eko irailaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, jendaurrean jarri ziren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren espedientea eta Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, hilabete batez. Erabaki hori 2001eko azaroaren 26ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (143. zk.), sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren informazio osagarria igorri ondoren, hots, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak 2001eko abuztuaren 31n egindako txostenean, ingurumenaren inguruko zehaztapenak izeneko atalean, eskaturikoa.

Jendaurrean egoteko aldian ez da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren inguruko alegaziorik aurkeztu.

Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du, tramite horretako dokumentazioa azterturik, proiektua, ingurumenari begira, bideragarria dela. Hortaz, espedientea azterturik, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuarekin eta 1131/1988 Errege Dekretuaren 4.1., 16.1. eta 18. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz, bidezkoa da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea eta, ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioetarako soil-soilik, proiektua egitea egokia dela erabakitzea.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren inguruko eginkizunak esleitzeko abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren uztailaren 29ko 1028/1999 Foru Aginduak esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Fustiñana eta Ribaforada arteko errepidearen trazadura berriaren proiektuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari dagokionez, ondoko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten da: ingurumenaren aldetik bideragarria da, betiere baldintza hauek betetzen baldin badira:

-Ebro ibaia zeharkatzen den tokiaren inguruan, landare autoktonoei eragiten zaien afekzioa aurreikusitakoa baino handiagoa ez dela aseguratzeko, errepidearen eragin-eremua zinta egokiekin adieraziko da, obra eremutik kanpora diren zuhaitz eta zuhaixka altu guztiak babestearren.

-Obrak ukitzen dituen eremuak aztertu ondoren, Landareztatze proiektua aurkeztu beharko da, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean (IEA) adierazitakoaren araberakoa, onets dezaten.

-Ebro ibaiko ES2200040 BILaren gaineko afekzioa zuzentzeko, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean adierazitakoari jarraikiz, obra eremutik hasi eta Calvario izeneko sakanak Ebro ibaiarekin bat egiten duen tokira arte dauden 9 hektareak landareztatuko dira, zubi berritik behera 600 metroko tartean, Rubio-Populetum albae espezieak erabiliz, zalduetarako egokienak baitira.

-Obren agindu tekniko partikularren pleguan IEAn proposaturiko neurri zuzentzaileak sartu beharko dira, hala nola Deklarazioan bildu direnak eta, orobat, Zaintzarako Programaren ondoriozko jarduerak. Aurreko puntuan azalduriko guztiari buruzko oroit-idazkia, plano eta aurrekontuak aurkeztuko dira. Ingurumena zaintzeko lanen ondoriozko gastuak ere baloratuko dira.

-Errepidea egiteko beharrezkoa den legarra, 232.500 tona hain zuzen, Calvario sakanean (Fustiñana) dagoen legar-hobitik eta Ribaforadako 5. poligonoko 803, 806 eta 807. lurzatietatik aterako da, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 2002ko otsailaren 11n aurkezturiko proposamenari jarraikiz. Ribaforadako lurzatietan honako lan hauek eginen dira: landare-lurra ateratzea, lur osagarria ateratzea 10 metroko kota batean, eta landare lurraren geruza bat jartzea mailaz beheratutako lurzatian. Lur osagarria ateratzeko beste eremu batzuk erabili behar baldin badira, 229/93 Foru Dekretuan ezarri bezala tramitatu beharko da.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Erregelamenduaren 22. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ebazpen hau Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hogeita seian.-Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

ERANSKINA

Proiektuaren azalpena

Egin beharreko obra hau da: Fustiñanako eta Ribaforadako herriguneak elkartzeko errepide berria, 3 kilometro ingurukoa. Errepideak Ebro ibaiaren ibarra zeharkatuko du, eta Ribaforadako mugapea ukituko du Ebroren eskuineko bazterrean eta Fustiñanakoa ezkerrekoan.

Errepide berria 9 metro zabal izanen da: 3,5 metroko bi errei, metro bateko bazterbideak eta 0,5 metroko bermak. Egituretan bermak kenduko dira, eta 1,5 metroko espaloiak jarriko.

Proiektua Ribaforadako herrigunearen ingurutik abiatzen da. Ubide Inperiala egitura bati esker gainditzen da eta, gero, Ebroko eskuineko bazterreko baratzeak zeharkatzen dira, errepidea lurraren mailatik 8 metrora arte igoko duen lubeta bat baliatuz. Ebro ibaia gainditzeko 247 metroko zubia eginen da, agorraldiko ur-mailaren gainetik 10 bat metrora joanen dena. Zubitik aurrera, errepideak Ebroren ezkerreko bazterretik segituko du, Calvario sakanarekin eta Campoabajo altxonbidearekin lerroz lerro, baratzeen mailatik 8 bat metrora arte igoko duen lubeta baten gainetik. Tausteko Ubidea egitura bati esker gaindituko da. Errepidearen bukaeran, Tutera-Fustiñana errepidearekin lotzeko glorieta bat izanen da, Fustiñanako herrigunearen hasieran.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren laburpena.

Aurkezturiko azterlanean proiektuak ingurunean eragin ditzakeen kalte guztiak aztertu dira eta aurreikusten diren eraginak identifikatu.

Identifikaturiko eragin gehienak bateragarritzat hartu dira. Obrak egin bitartean azaleko uraren gainean eta arrainen gainean eraginen den kaltea da larritzat hartu den bakarra. Ustiapen fasean, fauna horren gaineko eraginak, neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, bateragarria izan beharko du.

Paisaiaren gaineko eragina arinaren eta larriaren artekoa izanen da eraikuntza fasean, eta bateragarria ustiapen fasean.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean arreta berezia jarri da 2000 Natura Sarearen Batasunerako Intereseko Leku (BIL) izateko proposatu den eremuan, Ebro ibaia izenekoan (ES2200040), obrak zeharkatzen baitu. BIL horren gaineko eragina ez da adierazgarria. Gainera, aipatu leku hori zeharkatu gabe, proiektuaren helburuak lortzeko beste hautabiderik ez dago.

Atal horren inguruko dokumentazioa ikusirik, sustatzaileari eskatu zitzaion informazioa osatzea, zehazki, 92/43/EE Zuzentarauan adierazitako taxon eta komunitateen ingurukoa. Orobat, kiroptero eta bibalbio babestuei buruzko informazioa osatzea eskatu zitzaion.

Lan horrekin, ondorioztatu da habitaten gaineko eragina ez dela oso nabarmena izanen, habitat horiek BILaren barrenean hartzen duten tokia kontuan harturik. Gainera, Ebroko tarte honetan bibalbio babestuen bilgunerik ez dagoela ikusi da.

BILaren gaineko azken eragina, faunari eta landareei dagokienez, arina da eraikuntza fasean eta bateragarria ustiapen fasean, neurri zuzentzaileak aplikatutakoan.

IEAn sartu diren neurri zuzentzaile nagusien helburua landareztatze-lanen ezaugarriak zehaztea da, batez ere BILaren barrenean.

Iragarkiaren kodea: A0202280