43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

539/2002 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Ablitasko Saso Pedriz alderdiko ureztalurrak gaurkotzeko proiektuari Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten diona. Proiektu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu du.

Ekainaren 21eko 237/1999 Foru Dekretuak, lurzati berrantolamenduko prozesuetan ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa arautzen duenak, bere 11.1 artikuluan ezartzen du beharrezkoa dela tramitazioan dauden lurzati berrantolamendu publikoei buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egitea.

Ingurumen zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 237/2002 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Ablitasko Saso Pedriz alderdiko ureztalurrak gaurkotzeko proiektuari zegokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta, harekin batera, Obra Planaren dokumentazio teknikoa, aipatu Foru Dekretuko 6. artikuluan ezarritakoaren arabera tramitatzeko. Tramitazio horretan ez da alegaziorik jaso.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina duten ekintzak I. eranskinean bildu dira. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak (II. eranskinean haren laburpena) egokiro aztertzen ditu proiektuak ingurumenean sortzen dituen eraginak; gainera, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezartzen ditu ingurumenean eragin nabarmenik sor ez dadin.

Horrenbestez, eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Ablitasko Saso Pedriz alderdiko ureztalurrak gaurkotzeko proiektuari buruz, zeina Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu baitu, proposatzen den aukera ingurumenaren aldetik bideragarria dela uste izanik, baina baldintza hauek beteta betiere:

-Lanak hasi aurretik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak agregatuak ateratzeko eremuak eta hondarrak botatzeko aldeak, proiektua gauzatzeko beharrezkoak direnak, aurkeztuko ditu Zuzendaritza Nagusi honetan.

-Ateratzeko eta botatzeko eremu horiek behar den baimena ez badute, horiekin batera ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterlanak arautzen dituen 229/1993 Foru Dekretuan aurreikusitako informazioa bidaliko da.

-Lurrak mugitzeko lanak egiten diren bitartean, jarraipen arkeologikoa eginen da.

-Lanak bukatzen direnean, proiektuaren eraginei buruzko txosten bat igorriko da Zuzendaritza Nagusi honetara, eta bertan zehaztuko da zein aldetan aurreikusi den lurzatien arteko landaredia ukitzea eta zer neurri hartuko diren landaredi hori lehengoratzeko.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ablitasko Udalari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hogeita bian.-Ingurumeneko zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren azalpena

Saso Pedrizko ureztalurrak Ablitasko udalerriarenak dira. Lanen perimetroak ondoko muga hauek ditu: iparraldean Murchanteko udalerria, ekialdean Bonamaisón eta Farax aldea, hegoaldean Viñas Nuevas parajea eta Balsa de Lor, eta mendebaldean Cascanteko udalerria.

Gaur egun Saso Pedrizko lurzatiak, ez dira oso garrantzitsuak eta erretenen sarea oso hondatuta dago. Lurzati berrantolamenduaren xedea landalurren jabetza antolatzea da, ustiategiei egitura eta tamaina egokiak ematearren, hala nola ureztatzeko sistema gaurkotzea, bertako baliabideak hobetzeko.

Jarduketa eremuak 723,8 hektarea ditu, kontuan harturik bideak eta erretenak. Lurzatien berrantolamenduaren indizea % 75,55ekoa izanen da eta murriztapenekoa, ordea, 1,38koa. Lurzatien berrantolamenduaren ondoren, 250 lurzati egonen dira eta ez 352, orain bezala. Bakoitzaren batez besteko azalera 2,89 hektareakoa izanen da. Jabe bakoitzaren lurzatien kopurua 1,62tik 1,15era pasako da.

Modernizazioaren barruan, esleitutako ur-emaria ponpatu eta hidranteetaraino banatzeko behar diren lanak egitea aurreikusi da, hala nola behar diren ur-emariak nahiko presiorekin ematea, haietatik ureztaturiko lurzatietan aspertsiozko eta tantakako ureztaketa jartzeko eta haiek hornitzea, ureztatzeko harturiko sistemaren arabera.

Ureztapen sistema Lodosako Ubidetik hornituko da, jarduketa eremuaren iparraldetik baitoa. Bulkatzeko ponpen hornidura elektrikoa egun dagoen ponpaketa estazioa hornitzen duen linea elektrikoaren bidez eginen da.

Lurzatietara sartzeko bideen sarea osatzeko, ahal dela, egun dauden bideak erabiliko dira. Bideek aukeraturiko zagorrezko azpionarria izanen dute (15 cm) eta material bereko 10 zentimetroko oinarria. Proiektuan aurreikusitakoekin bat ez datozen bide guztiak, bai eta gaur egungo ureztapen egiturak ere, bota eginen dira eta zabortegira eramanen.

II. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana. Laburpena

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean ageri diren eragin nagusiak ondoko hauek dira:

Egin beharreko lur mugimenduak txikiak direnez, geomorfologiaren gaineko eragina jasangarritzat hartu da.

Eragina izanen duten lurzoruak lanen instalazioak paratuko diren aldeetan daude, lehengo erretenak kendu eta presio bidezko ureztaketa sistemaren hodiak jartzeko zangak irekitzen diren tokietan. Eragina jasangarritzat hartzen da.

Eragin beharreko lurretan ez dago malda pikorik (% 2-3) eta, beraz, ez da higadura handirik gertatuko.

Ongarri nitrogenatuak erabiltzeak uren kalitatearentzat duen eragina jasangarritzat hartzen da; izan ere, ureztatzeko sistema gaurkotu ondoren, ureztapen ongarriduna egiteko bidea egonen da, eta, metodo horren bidez, ureztatzeko urean ongarri diluituaren kantitate egokia ematen baita, gutxitu egiten dira eman beharreko kantitatea eta perkolazioko uraren edukia.

Landarediaren alterazio nagusiak azpiegiturak egiteko fasean gertatuko dira, lurren garbiketa eta sasi-kentze lanengatik eta erretenak kentzeagatik, landaredi hidrofiloak baitaramate berekin. Kontuan harturik landare komunitate ukituek balio txikia dutela, eragina jasangarritzat hartu da.

Eraikitze prozesuan, makinak eta lurrak mugitzearen, hala nola zarata eta inmisioen maila handitzearen ondorioz, aztertzen ari den aldeko faunaren habitata ukituko da, bertan azpimarratzekoa baita apoarmatu istilzalearen presentzia hainbat toki oso zehatzetan (Emys orbicularis). Faunaren gaineko eragina moderatutzat hartu da, aurrea hartu eta konpontzeko neurriak aplikatzeko bidea dagoelako.

Paisaiaren gaineko eragin nagusiak lanen fasean eginen dira, baina gero posible izanen da haiek gutxitzeko ikusbidearen eta paisaiaren integrazio neurriak hartzea. Eremu antropikoa denez, oro har esan daiteke jarduketek ez dutela kaltetuko eta, hortaz, eragina jasangarria izanen dela.

Ondare arkeologikoari dagokionez, aipatu behar da aztarnategi batzuk daudela, aurreikusitako lanen eragina izan lezaketenak. Horregatik, jarraipen eta kontrol arkeologikoa egiteaz gain, Kultura Zuzendaritza Nagusiko Arkeologi Ataleko teknikariek agintzen dituzten neurriak hartuko dira.

Eraginaren azterlanean sarturiko neurri konpontzaile nagusiak:

Aurreneurri orokorrak proposatu dira, makinak mantentzeari, materialak isurtzeari, zangak irekitzeari, bideak ureztatzeari, lur begetala biltzeari eta abarri lotuak.

Halaber, beste aurreneurri berariazko batzuk ere proposatu dira, hala nola landaredi natural interesgarriko aldeak eta eremu hezeak balizajerako zintaren bidez seinalizatzea, makinak lanean hasi aurretik.

Apoarmatuak bildu eta Lorko idoira eramatea proposatu da, hala nola 22. lurzatian dagoen putzua kontserbatzea eta sasi mediterraniarra babestea.

Aztarnategi arkeologikoak balizatzeko babes-banda bat jartzea proposatu da, bai eta, perimetro horietan lurzorua harrotzea dakarren edozein lan egin behar izanez gero, arkeologo baten ikuskaritzapean egitea ere.

Erabilitako legar-eremuak egokituko dira eta hodiak jartzearen ondorioz ukituriko aldeetan landare naturalak paratuko dira.

Orobat, proposatu da libre dauden lurzatiak eta bazterretan sobrante gelditzen diren gune batzuk landareztatzea.

Ingurumena Zaintzeko Plan bat ezarri da, ondoko jarduera hauek burutzeko: sistema hidrologikoa, lurzorua, landaredia eta balio arkeologikoak babesteko neurriak zaintzea, aldi baterako okupatzen diren tokiak leheneratzea, egindako landareztatzeen eraginkortasunaren jarraipena, eta nekazaritzako lan ohitura onei buruzko prestakuntza plana, Ureztatzaileei Aholku Emateko Zerbitzuaren bidez eginen dena. Ingurumenaren eta arkeologiaren gaineko jarraipenen txostenak ere eginen dira.

Iragarkiaren kodea: A0202413