43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

59/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Lesakako Udalaren Musika Eskolak duen baimena aldatzen duena, ikasgai gehiago eman ahal izateko.

Ikusirik Lesakako alkate-udalburuak egindako eskaera, herri horretako Udalaren Musika Eskolari baimena eman dakion, musika-tresna gehiago jotzen irakatsi ahal izateko.

Ikusirik Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak emandako adostasun txostena, "Trikitia" espezialitatea baimentzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Musika eta Dantza Eskolen sorrera eta funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuko 29. artikuluak ezarritakoari jarraikiz (1993ko urtarrilaren 22ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa); eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposaturik,

AGINDU DUT:

1. Lesakako Udalaren Musika Eskolari (31008761 kodea duenari) baimena ematea, "Trikitia" espezialitate instrumentalari dagokion irakaskuntza ezartzeko; baimenak 2002/2003 ikasturtetik aitzina izanen du eragina.

2. Hemendik aurrera, irakaskuntza hauek izanen dira Eskolan, 421/1992 Foru Dekretuko 9.1 artikuluan aipaturiko "oinarrizko eskaintza" eta espezialitate instrumental hauek: eskusoinua, klarinetea, zeharkako txirula, gitarra, pianoa, saxofoia, tronpeta, trikitia, txistua eta arrabita.

3. Departamentu honen baimena beharko da Eskolaren osaera aldatzeko, baldin eta 421/1992 Foru Dekretuko 29. artikuluak aipatua ukitzen badu aldaketak.

4. Foru Dekretu horretako 31. artikuluan aipatutako kasuetan, Eskolari baimena ezeztatzen ahalko zaio.

5. Ohartarazten da ezen, 421/1992 Foru Dekretuko 20. artikuluarekin bat, Eskolaren titularra den entitateak ordainduko dituela Foru Agindu honen bidez baimendutako irakaskuntzen gastuak.

6. Administrazio ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

7. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8. Foru Agindu hau igortzea Lesakako alkate-udalburuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Informazioaren Kudeaketarako Unitate Teknikoari, Ikastetxe Publikoak Finantzatzeko Bulegoari eta Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegoari.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren zazpian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0202643