43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

53/2002 FORU DEKRETUA, martxoaren 11koa, irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuaren bidez Justizia Zuzendaritza Nagusiari esleituriko eginkizunak aldatzen dituena.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibila gure erkidegoaren ondare juridiko propioa da. Gure gizartean sistema erabilgarri eta aplikagarri izaten segituko bada, zaindu eta hobetu beharra dago.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 48. artikuluak ezartzen du Nafarroak eskumen esklusiboa duela Foru Zuzenbide Zibilaren arloan, eta Foru Zuzenbide Zibilaren edo Nafarroako Foru Zibilaren bilduma zaintzea, aldatzea edo garatzea, behar izanez gero, Foru Agindu bidez eginen dela.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruz 2001eko azaroaren 15ean egindako Jardunaldietatik oso ondorio interesgarriak atera ziren. Garbienetarikoa Foru Berriko zenbait legeren testua berregin beharra izan zen, egungo gizartearen errealitatera eta 1987az geroztik aldarrikatu diren arau sektorialetara egokitzearren.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 46.5.c) artikuluak Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari esleitzen dio, Foru Komunitatearen eskumenekoak izanda, kontseilari jakin bati esleiturik ez dauden arloen gaineko eskumena.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko martxoaren hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuaren 82. artikulua honela geldituko da:

"Justizia Zuzendaritza Nagusiak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Justizia Administrazioaren eta Espetxeen inguruan onesten diren programak exekutatu eta betetzea.

-Foru Komunitatean dauden Organo eta zerbitzu judizialak independentziaz eta eraginkortasunez aritzeko beharrezkoak diren baliabideez hornitzea.

-Espetxeen arloko legeriak Espetxeen Antolaketako organo zentralei ematen dizkien ahalmenak erabiltzea.

-Foru Komunitateak notarioak eta erregistratzaileak izendatzeko dituen ahalmenen jarraipena eta tramitazioa.

-Foru Zuzenbide Zibila garatu, sustatu eta eguneratzeko lanak bultzatu eta koordinatzea. Eginkizun horretarako, organo aholku-emaileak eratzeko ahalmena izanen du, hala nola beharrezkoak iruditzen zaizkion lantalde eta batzordeak.

-Zuzendaritza Nagusia osatzen duten organoen burutza.

-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak haren esku jartzen dituenak.

-Indarra duten xedapenek esleituriko gainerako ahalmen, prerrogatiba eta eginkizunak."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0203022