43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko otsailaren 25ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Zuastin golf zelai bat eta ostatu-leku eta kirol instalazio bat jartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala indarrik gabe uztea xedatzen duena.

1. Itzako Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Zuastin golf zelai bat eta ostatu-leku eta kirol instalazio bat jartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala indarrik gabe utz dezala.

2. Egungo antolamendua Udal Planean sartzea eta etorkizunean aldatzea, jurisprudentziaren ikuspuntutik, erabat zilegi dira. Ikus, esate baterako, zer dioen Epaitegi Gorenak 1982ko maiatzaren 26an emandako Epaiak (A. 4139):

"...ikuspuntu orokor batetik, Administrazioari ezin zaio inondik inora ukatu aurreko hirigintza planeamenduak berraztertu eta aldatzeko "ius variandi" delakoa, (...) Planeamenduen indarraldia mugagabekoa izan arren, ez dira, horregatik, egoki berraztertzeko lege aukera guztiak agortzen, dela berrazterketa egiteko Planean berean finkatu epea amaitzeagatik, dela berrazterketa egitea aholkatzen duten inguruabarrak gertatzen diren kasuetan... Are gehiago, horri dagokionez, Epaitegi Gorenak adierazten du berraztertzeko ahalbide hori ukatzeak zentzugabeko egoera bat sortuko lukeela, antolamenduaren aldaezintasunarena hain zuzen, eta horrek ...Planen betierekotasuna ekarriko luke ezinbestean... Egoera hori zentzugabekoa eta indarreko antolamenduaren kontrakoa izanik, baztertzeko modukoa da".

Irizpide hori Udalez gaindiko Proiektu Sektorialentzat aplikagarria da goitik behera. Arrazoiei dagokienez, uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 61. eta ondoko artikuluetan ez dago arautua, berariaz, proiektuak indarrik gabe uzteko bidea. Hortaz, erabaki hori justifikatzeko arrazoiak baloratzea aukerako eskumena da. Gobernuak uste badu Proiektu Sektorialaren funtsezko helburuak bete direla eta egikaritu gabe dauden bigarren mailako aurreikuspenak lurralde arloko politikaren egungo lehentasunetan ez daudela, zilegi du Proiektua indarrik gabe uztea.

3. Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak lurraldea antolatzeko baliabide dira, eremu bat antolatzeko xedapen orokorrak. "Proiektua" den aldetik, oro har, gauzatu eta denbora gutxira indarrik gabe geldituko dela abalatuta dago. Kasu honi dagokionez, hona zer dioen Itza Zendeako Udalak:

"Zuastiko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren helburu nagusia golf zelaia eta kirol instalazioak egitea zen. Helburu hori bete da, izan ere, proiektuan aurreikusitako golf eta kirol instalazio ia guztiak burutu dira eta erabiltzeko moduan daude".

Zehazki, hau da antolaturiko esparruen egoera:

I. esparrua: profesionalek erabiltzeko moduko golf zelaiko 18 zuloak daude bertan. Horixe zen antolaketaren helburu nagusia eta erdigunea. Aurreikusitakoari jarraikiz burutu da.

II. esparrua: zelai nagusiari loturiko instalazioak daude bertan, zelai nagusiari loturiko eraikinak, alegia. Aurreikusitakoari jarraikiz egin dira.

III. esparrua: ostatu-leku bat egin litekeela aurreikusita zegoen, jarduketa nagusiaren osagarri eta laguntza gisa, aurreragoko eraikuntza fase baten eraiki litekeena. Logikoa denez, ahalbide hori aurrera eramatea zenbait faktoreren menpe zegoen, benetako eskaeraren arabera. Orain arte, horrelako erabilera ematea ahalbidetuko lukeen inguruabarrik ez da gertatu. Horregatik, eta kontuan harturik aukerabide hori baliatzea bigarren mailako balizko jarduketa gisa planteatu zela, ondorengo fase batean gauzatzekoa, gomendagarriena da Planaren aurreikuspen hori indarrik gabe uztea eta esparru hori toki planeamenduari eta ez besteri lotuta dagoen eskualdean sartzea.

IV. esparrua: horren garapena ere balizko bigarren fase baterako utzi zen, non bederatzi zulotako ibilbide bat prestatuko litzatekeen, ibilbide nagusiaren osagarri. Hori ere erabilera nagusiaren osagarri gisa aurreikusi zen, ondorengo fase batean garatzekoa. Ez zen, beraz, lehentasunezko eta funtsezko helburua. Egungo egoeran, aukerabide osagarri hori ez dago Nafarroako Gobernuak lurraldearen arloan dituen lehentasunezko helburuen artean. Hortaz, bidezkoa da esparru hori toki planeamenduari eta ez besteri lotuta dagoen eskualdean sartzea.

V. esparrua: Proiektuaren arabera "eremu hori (...) Itzako Zendeako Udalari lagako zaio". Udalak konpentsazio ekonomikorik onartzen ez badu..., kirol instalazioren bat egin liteke, golf zelaiaren osagarri".

Udalak aukeratu duen bidea konpentsazio ekonomikoarena izan da, eta ez golf zelaiaren kirolgune osagarriarena. Udalak diru bidezko konpentsazioaren bidea hautatu duelarik, eta ez kirol instalazio osagarriak lagatzeko bidea, eta kontuan harturik sustatzaileek erabaki dutela, epe laburrera, horrelako osagarri bat beren kasa ezartzeari uko egin diotela, ez du zentzurik hasierako aurreikuspenak mantentzea. Aipatu beharra dago, gainera, martxoaren 30eko 128/1992 Foru Dekretuan (1992ko apirilaren 15ean argitaratua, Proiektu Sektoriala bera onartu zen egunaren inguruan, hain zuzen), adierazi zela, ordutik aurrera, golf zelaiak garatzeko ohiko baliabideak Plan Bereziak eta Plan Partzialak izanen zirela. Hortaz, eskualde horretako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hasierako zehaztapenak indarrik gabe ez uztea aholkatzen duen arrazoirik bat ere ez dago.

Iruñerriko Hirigintza Arauetan beretan Eskualdeko kirol ekipamenduen eremua mugatzen da, hain juxtu, garatu diren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko esparru horietan. Ez hirigintza arauen oroit-idazkian, ez haren arautegiaren dokumentazio grafiko edo idatzizkoan ere, ez dago III., IV. eta V. esparruak eskualdeko ekipamendurako erabiltzera lotzen duen inolako zehaztapenik.

4. Itza Zendeak egin duen eskaeraren 2. puntuari dagokionez, zehaztu beharra dago Udalak eta sustatzaileek sinaturiko hirigintza hitzarmenak noraino betetzen diren inguruko afera, arlo juridikoaren ikuspuntutik, Plan Sektoriala indarrik gabe uzteko espedientetik aparte dagoela. Ondorio horietarako, aipagarria da, bakar-bakarrik, Udalak V. esparrurako hitzarmen baten bidez esku-diru bidezko konpentsazio bat jasotzea erabaki duela, eta horrek, inplizituki, golf zelaiaren kirolgune osagarria ez hautatzea dakar. Hitzarmenak bete daitezela eskatzeko bide juridikoak badira, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea behar ez dutenak -esku-hartze bideak, hargatik, ez dira nahasi behar-, hori guztia hirigintzako eta lurraldeko antolamenduaren baldintzak aldatzeari begira.

5. Laburbilduz, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren helburu nagusiak bete dira, eta etorkizuneko balizko garapen baten pean zeuden alderdi osagarriak, gaur egun, ez daude Nafarroako Gobernuak lurralde antolamendurako dituen lehentasunezko zehaztapenen artean, hau da, lurraldea antolatzeko indarra duten baliabideetan mantendu behar direnetan.

Dena dela, kontuan hartu beharra dago 10/1994 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoa, alegia: "Udalez gaindiko Plan edo Proiektu Sektorialetako zehaztapenek toki entitate kaltetuen planeamendua lotzen dute eta, horrenbestez, haietan adierazitakoari egokitu beharko zaizkio hirigintza planak, lehenbiziko aldaketa edo berrazterketa egitearekin batera." Beraz, proiektu sektorialek ez dute tokiko antolamendu osoa deuseztatzen, izan ere, hari gainjartzen zaizkio. Proiektu sektorialaren eta udal planen zehaztapenak edo, hala badagokio, berariaz antolatu gabe dauden lurzoruetarako arau orokorrak, batera izan daitezke indarrean, betiere lehenbiziko haien bideragarritasuna ukitzen ez badute, ez zuzenean, ez zeharka.

Hori dela eta, segurtasun juridikoa sendotzearren, egokiena da neurri osagarri bat hartzea. Itzako toki planeamendua aldatzeko espediente bat tramitatzen ari da, haren barrenean Zuastiko aldea sartzeko asmoz; ikuspuntu juridikotik begiratuta, Itzako hori Proiektu Sektoriala indarrik gabe uzteko espedientetik aparte doan espediente berezitua da; baina, egiazki, bien tramitazioa denboran urrunduz gero, gerta liteke, Proiektu Sektoriala indarrik gabe gelditu ondoren, toki planeamenduaren zehaztapen orokor batzuk berehalakoan eta ezinbestean aplikatu beharra. Zehaztapen horiek, gainera, epe laburrean aldatu beharko lirateke Zuastiko eremuaren antolamendu berariazkoaren ondorioz. Hortik etor litekeen segurtasun juridiko eza erabat saihestearren, egoki da Zuastiko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala indarrik gabe uztea eta kontzeju horretarako toki planeamendu berariazkoa indarrean sartzea aldi berean egitea.

6. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Idazkaritza Teknikoaren txosten tekniko eta juridikoek aipatu indargabetzea bideragarria eta zilegia dela berretsi dute. Txosten horiek espedienteari erantsi zaizkio.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Zuastin golf zelai bat eta ostatu-leku eta kirol instalazio bat jartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala indarrik gabe uztea, betiere baldintza baten menpe, hau da, Itza Zendeako hirigintza planeamenduaren barrenean, Zuastiko kontzejurako antolamendu berariazkoa behin betikoz onestea, bestela erabakiak ez baitu baliorik izanen.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hogeita bostean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0202494