43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

44/2002 FORU DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, bingo jokoaren Erregelamendua onesten duena.

Bat baino gehiago dira erregelamendu mailako arauak, bingoaren jokoa arautzen dutenak Nafarroako Foru Komunitatean. Esate baterako, uztailaren 30eko 263/1992 Foru Dekretuaren bidez, bingo jokoaren Erregelamendua onetsi zen, Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legea garatuz; ekainaren 23ko 164/1997 Foru Dekretuaren bitartez, aipatu erregelamendua aldatu zen eta, azkenik, ekainaren 23ko 165/1997 Foru Dekretuak bingo metatuaren modalitatea arautu zuen.

Kontuan hartuz aipatu arauzko testuek bingo jokoaren esparru juridikoa eta erregelamendukoa osatzen dutela, interesgarria da erregelamenduzko xedapen horiek guztiak, bingo jokoaren araubide juridikora zuzenduta baitaude, arauzko testu bakar batean bildu eta artikulatzea, arauen sakabanatze hori desager dadin.

Bestalde, laster batean, 2002ko urtarrilaren 1ean euroa sartuko denez, bidezko da ondoriozko aldaketak egitea. Alde horretatik, eurotan adierazi dira diru-kopuruak eta moneta nazionalari buruzko aipamenen ordez euroarenak jarri.

Halaber, bingo metatuaren modalitateari aplikatzen zaion araubidea aldatu da hein batean, sarien banaketari eta sari osagarrienari dagokienez, batez ere.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko urtarrilaren 28ko bilkuran, Foru Dekretu honekiko adostasuna adierazi du bere irizpenean, edukia ordenamendu juridikoari lotzen zaiola uste baitu.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko otsailaren hogeita bostean egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Bingo jokoaren Erregelamendua onetsi da. Testua Foru Dekretu honi gehitu zaio, Eranskin gisa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Dekretu honetan material homologatua aipatzen denean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Lehendaritza, Justizia eta Barne Departamentuak edo beste Autonomi Elkarteetako erakunde eskudunek homologatu materialari buruzkoak direla ulertu beharko da, baldin eta material horrek Foru Dekretu honetan adierazitakoa betetzen badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da uztailaren 30eko 263/1992 Foru Dekretua, bingo jokoaren Erregelamendua onesten duena, baita ekainaren 23ko 164/1997 Foru Dekretuaren bidez egindako aldaketa ere. Orobat, ekainaren 23ko 165/1997 Foru Dekretua, bingo metatuaren modalitatea arautzen duena, eta Foru Dekretu honetan agindutakoaren aurka dauden lerrun bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hogeita bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

BINGO JOKOAREN ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak eta baimentzeko araubidea

I. KAPITULUA

Esparrua, xedea eta araubide juridikoa

1. artikulua. Esparrua eta xedea.

1. Erregelamendu honek bingo jokoa eta bere modalitate guztiak arautzea du xede, baita haren inguruko jarduera ekonomikoak ere, Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Bingo jokoa denborapasa edo josteta soiltzat hartuko da eta, beraz, ez da erregelamendu honen mende egonen, usadio moduan, etxean edo lagunartean jokatzen denean, hurrengo arau hauei estu jarraituz:

a) Jokalari taldeak bere kasa hartuko du jokatzeko erabakia eta ez du beste inork esku hartuko, ez jokoa antolatzen ez jokoan berean.

b) Eskuz egindako elementuak edo materialak erabiliko dira edo merkatuan direnak, lizentziadunak, jostailugintzako sektorekoak.

c) Jokalarien arteko sari gisako transferentziak garrantzi ekonomiko gutxikoak izanen dira eta, betiere, gehienekotzat jartzen dena baino txikiagoak edo hura adinakoak.

d) Ez jokalariek ez beste inork ez dute jokoa dirua irabazteko erabiliko, ezta zerbitzuak edo jarduerak finantzatzeko ere. Jokatutako guztia banatuko da partida bakoitzeko sarietan.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Bingo jokoa antolatu, ustiatu eta praktikatzeko, Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legeko eta Erregelamendu honetako arauei jarraituko zaie, baita ematen diren edo aplikatzeko modukoak diren xedapen orokor edo osagarri guztiei ere.

2. Debekatuta daude aurreko atalean aipatu arauekin bat ez datozen bingoaren modalitateak, bingoaren izena edo beste bat izan, edo arau horietan ezarri baimen, beharkizun eta baldintzetatik aparte egiten direnak.

II. KAPITULUA

Jokoaren arau orokorrak

3. artikulua. Jokoaren deskripzioa.

1. Bingoa loteriako joko bat da, 90 zenbakiekin jokaten dena, 1etik 90era bitarte, biak barne. Jokalariek, jokatzeko tresna gisa, hamabost zenbaki desberdineko kartoiak dituzte, bosna zenbakiko hiru lerro horizontaletan eta bederatzi zutabe bertikaletan banatuak. Horietako bakoitzean hiru zenbaki, bi edo bat egon daitezke, baina ezin da zenbakirik gabeko zutaberik utzi.

2. Konbinazio hauek sarituko dira:

Lerroa.-Lerroa osatutzat emanen da haren zenbaki guztiak atera direnean, baldin eta aurretik ateratako zenbakiekin beste lerrorik saritu ez bada. Kartoiko edozein lerro izan daiteke: goikoa, erdikoa edo behekoa.

Bingoa.-Kartoiko zenbaki guztiak atera direnean eginen da bingoa.

4. artikulua. Elementuak.

1. Bingoaren jokoan, elementu hauek behar dira:

Kartoiak.-Homologatuak izanen dira, jokalariek markatzeko moduko materialean eginak. Partida bakar baterako balioko dute eta beren seriea eta zenbakia adierazita izan beharko dituzte. Ikusteko moduan, balio faziala eta serieko kartoi kopurua.

Bolak ateratzeko aparatua eta mekanismo osagarriak.-Homologatuta izan beharko du bolak ateratzeko aparatuak.

Telebista zirkuitu itxia.-Aretoak telebista zirkuitu itxiko sistemaz hornitua egon beharko du. Aretoan barrena, behar adina monitore egonen dira modu estrategikoan kokatuta, jokalariek edozein tokitatik jakin dezaten zer bola ateratzen diren partidan. Kamerak etengabe enfokatuko du bolak ateratzen diren tokia eta aretoan banatutako monitoreek hartuko dute irudia.

Informazio panelak.-Era berean, informazio panel edo pantalla bat edo gehiago izanen dira, bolak atera eta kantatu ahala, haien zenbakiak jasoko dituztenak, baita atera diren bolen kopurua ere. Partida bakoitzean ateratzen diren sariak adierazteko pantallek ere egon beharko dute, nahitaez.

Hots instalazioa.-Jokalari guztiek, aretoaren edozein tokitan, partida zertan den jakin dezaten moduko hots instalazioa beharko da.

2. Ez da zilegi jokalariek kalkuluko gailu lagungarririk edo sistema informatikorik erabiltzea.

5. artikulua. Joko arauak.

1. Bere araudian finkatu ordutegiaren barrenean, enpresak zehaztuko du jokoa noiz hasi eta amaitu. Azken partida propio iragarriko zaie jokalariei eta ez da hasiko, inola ere, finkatu azken ordua iragan ondoren.

Kartoiak saldutakoan, partidak iraun bitartean eta amaitu arte ez da inor gehiago sartuko aretora, ez jokalaririk ez bisitaririk.

2. Bingo jokoaren operazio guztiak jokalarien eta ikusleen bistan eginen dira, nahitaez. Jokalariek bidezkoak iruditzen zaizkien adina eskaera egiten ahal dituzte informatu edo erreklamatzeko, baina jokoa arrazoirik gabe eta garaiz kanpo eten gabe.

3. Kontrol mahaiko kideek debekatuta dute kartoi sarituen berri ematea, haiek kantatu baino lehen.

4. Jokoan zuzenean edo zeharbidez eragina duten elementu, aparatu eta mekanismoek homologazioa behar dute, dagokien organoak emana. Orobat, beren homologazioa beharko dute partidak egiaztatu eta artxibatzeko sistemaren euskarri informatikoa prestatzen duten kontroleko elementuek.

6. artikulua. Partidak.

1. Saio bakoitza hasi aurretik, jokoan erabili beharreko material eta instalazio guztiek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatu beharko da; gero, bolak sartuko dira ateragailuan. Nahi duten jokalariek bi operazio horiek ikuskatzen ahal dituzte. Kartoiak saltzen hasi aurretik, zer serie salduko diren iragarriko da, haien kartoi kopurua eta balio faziala; gero hasiko da salmenta.

2. Salmenta amaiturik, sobratutako kartoiak jasoko dituzte mahaiko kideek, eta behar diren kalkuluak eginen. Gero, langile horiek serie bakoitzeko zenbat kartoi saldu diren iragarriko dute, baita partida bakoitzean banatuko diren sarien zenbatekoak ere, eta informazio hori panel, markagailu eta monitoreetan agertuko da. Operazio hori eginik, bolak ateratzen hasiko dela iragarriko da.

3. Hortik aitzina, bolak banan-banan aterako dira eta haien zenbakiak bozgorailuen bidez adieraziko; aldi berean, aretoko monitore eta pantalletan erakutsiko dira. Jokalariren batek linea edo bingoa ozenki kantatzen duenean etengo da jokoa. Ondoren, kartoia aretoko langileei eman eta kartoi sarituaren zenbakia adieraziko zaio mahaiburuari, euskarri informatikoan egiazta dezan. Eragiketa bera eginen da kantatzen diren kartoi guztiekin.

Jokalari bakar batek kantatzen duen kasuan, kartoiko zenbakietako batean huts edo akatsik badela frogatuz gero, jokoak aurrera jarraituko du, harik eta irabazle bat atera arte; lerroren bat zuzena denean, bingoa kantatu arte jarraituko du jokoak eta, egiaztapena positiboa bada, amaitutzat emanen da partida eta sariak banatuko dira.

Lerroa nahiz bingoa kantatzean, konbinazio irabazle bat baino gehiago agertuz gero, sariak proportzionalki banatuko dira, denentzat berdin.

4. Kartoi saritu guztiak egiaztaturik, mahaiburuak beste kartoi sariturik ote den galdetuko du honela: "Beste lerrorik bai?" "Beste bingorik bai?", eta behar adinako tartea utzi ondoren, agindua emanen du partidari jarraitzeko edo hura amaitutzat emateko. Mahaiburuak agindua emandakoan, jokaldia erreklamatzeko eskubide guztiak galduko dira.

7. artikulua. Kartoiak.

1. Erakunde eskudunak homologatu eta emandako kartoiekin bakarrik aritzen ahal da bingo jokoan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak erabaki balio faziala dutela.

2. Joko aretoan bakarrik saltzen ahal dira kartoiak. Jokalariek ezin dute partida bateko kartoirik eskuratu aurreko partidako kartoiak bildu eta kendu arte. Aretoko langileen esku geldituko dira, debekatua baitago inork beretzat gordetzea.

3. Kartoiak bata bestearen ondoren salduko dira, haien ordena zenbakiaren arabera serie bakoitzean. Serie bakoitzeko lehen zenbakitik hasiko da partida bakoitzeko salmenta, seriea hasi egiten denean, edo aurreko partidan saldutako azken zenbakiaren hurrengotik, partida egun berekoa izan edo bezperakoa.

4. Saltzen hasitako serieko kartoi kopurua, lehen zenbakitik hasi edo ez, nahikoa ez bada jokalari kopuruarentzat, beste serie bateko kartoiak jarriko dira salgai partida berean. Betiere, baldintza hauek beharko dira bete:

a) Osagarri gisa saltzen den bigarren serieak lehenaren balio fazial bera izanen du.

b) Bigarren serieko salmenta haren lehen zenbakitik hasiko da, nahitaez.

c) Partidan saldutako lehen serieko lehen kartoira iritsi arte salduko dira bigarren serieko kartoiak. Horrela, ez da inoiz bi kartoi berdinik salduko partida berean.

5. Jokalariek eskudirutan ordainduko dituzte kartoiak, debekatua baitago kontura ordaintzea, txekea edo beste edozein baliabide erabiliz, baita jokalariekin kredituko eragiketak egitea ere.

6. Kartoiak erosi eta eskuratzean, partida arau indardunen arabera jokatzeko eskubidearen jabe egiten dira jokalariak eta, kasua zein den, sariak kobratzeko edo ordaindutako dirua osorik eskuratzeko.

7. Bolak atera eta kantatu ahala, marka ezabaezina eginen diete jokalariek kartoietako zenbakiei. Edozein sinbolo erabiltzen ahal da markatako, zenbakia argi identifikatzen badu. Kartoiek ez dute sarirako balio haien seriea eta/edo zenbakia argi eta garbi identifikatzea galarazten duen marka edo zirriborroa badute.

8. Telebista zirkuitu bidez egiaztatuko dira kartoi sarituak: mahaiburuak jatorrizko kartoia irakurri eta zirkuituko monitoreetan erakutsiko du kartoiondoa edo beste edozein baliabide elektroniko edo mekaniko homologaturen bidez.

9. Partida amaitutakoan, erabilitako kartoiak jaso eginen dira eta, behar bezala egiaztatu ondoren, hautsiko; betiere, hurrengo saioa baino lehen. Hautsi gabe utziko dira delitu edo arau-haustearen gorputza edo froga direnak, partidan egin direla arrazoizko susmoak agertuz gero; orduan, atestatuari erantsiko zaizkio eta, partidako aktaren kopia batekin batera, agintari eskudunaren esku utziko dira.

8. artikulua. Bolak.

1. Bingo saio bakoitza hasi eta bukatzean, mahaiburuak bolak kontatuko ditu, areto-burua eta eskatzen duten jokalariak aurrean dituela, haien zenbakiak eta egoera behar bezalakoak direla frogatzeko. Agintaritzako agenteak ere aurrean egon daitezke eta bidezkoak iruditzen zaizkien frogaketak egiteko eska ditzakete.

2. Partida bakoitzean ateratzen diren zenbakiak pantalla edo panel batean agertuko dira, jokalariek beren tokietatik aise irakurtzeko moduan.

3. Erritmo egokian atera eta irakurriko dira bolak, jokalari guztiek jarraitzeko modua izan dezaten eta kartoietan apuntatzeko astia.

4. Bolak ateratzen hasitakoan, baten bat falta dela edo bola berdinak, akastunak edo pisu gehiegikoak daudela edo beste edozein irregulartasun dutela ohartuz gero, baliogabe utziko da partida, eta kartoien balioa itzuliko.

5. Fabrikatzaileak bola sorta osorako bermatzen duen balio-bizitzako partidak iragandakoan, bola sorta berria ezarriko da jokoan, homologatua betiere; edo lehenago, boletako bat behar bezala ez dagoela ohartuz gero. Akta liburuan adieraziko da noiz sartu den jokoan bola sorta berria.

6. Betebehar horiek adieraztearren, bola sorta bakoitzak bere gida izanen du, homologazio zenbakia eta zenbat partidatarako bermatua dagoen adierazita dituela.

7. Kaxa batean gordeko da jokotik kendutako bola sorta. Areto-buruak eta diruzainak prezintatuko dute eta agintari eskudunen eskura egonen da hiru hilabetez.

9. artikulua. Sariak.

1. Diruzainak gordeko du kartoiak saldu eta sarietarako bereizten den dirua, aretoan berean ordainduko dena.

2. Partida edo zozketa bakoitzean guztira saldutako kartoien balio fazialaren 100eko 68a banatuko da sarietan: sariaren 100eko 9a lerrorako eta 100eko 59a bingorako. Bingo metatuaren modalitaterako baimena duten aretoetan, 30. artikuluan adierazi moduan banatuko dira sariak.

3. Eskudirutan ordainduko dira sariak, debekatua baitago gauzatan egitea, nahiz eta parte bat baino ez izan. Dena dela, jokalariak eskatzen badu edo ados badago, saria eskudirutan ordaindu beharrean, enpresariak txekea egin ahalko du fondoak dituen banketxean ordaintzeko, saria 3.000 eurotik gorakoa denean izan ezik, horretarako txeke izenduna eta gurutzatua beharko baita.

4. Partida batean lerroa edo bingoa kantatzeko eskubidea izateko, saritutako kartoiko zenbaki guztiak, konbinazio irabazlea osatzen dutenak, 6.3 artikuluan azaldu moduan atera, iragarri eta kantatu beharko dira partida horretan, zein den ere konbinazioa osatzen den unea. Gainera, lerroaren sarirako, ez du aurreko bolak ateratzean kantatua eta beste jokalari bati ordaindua egon beharko. Konbinazio irabazle bat baino gehiago badaude, kantatu duten jokalarien artean banatuko da saria. Ez da inoiz erreklamaziorik onartuko sariak esleitu ondoren.

5. Partida amaitutakoan emanen dira sariak. Aurretik, frogatu beharko dira eta kartoiak aurkeztu: osorik egon beharko dute eta itxuraldatu gabe, oker ulertzerik izan ez dadin. Saritutako kartoiak saioko aktari erantsiko zaizkio.

6. Hiru hilabetez gordeko dira saritutako kartoiak saioko aktarekin batera; gero, desegiten ahalko dira, baina ez jokalariren batek administrazio edo judizio bidez erreklamatuta daudenak. Horiek desegiteko, erreklamazioaren gaineko ebazpen irmoa beharko da eta ebazpena bete dela agiri bidez frogatu.

10. artikulua. Itzulketak.

1. Partida batean, lehen bola atera baino lehen, aparatu edo instalazioetan akats edo matxurarik gertatuz gero, nahiz jokoa galarazten duten istripuak, partida etenda geldituko da behin-behinekoz. Arrazoizko epe batean ezin bada arazoa konpondu, kartoien kostua osorik itzuliko zaie jokalariei eta kartoiak mahaikoen esku geldituko dira.

2. Bola batzuk atera badira, partidak aurrera eginen du bolak eskuz ateraz. Halabeharrari jarraituko zaio eta falta diren bolak baino ez dira aterako.

3. Aurreko ataletan aipatu gorabeheraren bat gertatuz gero, ezer baino lehen, dagokion atala irakurriko du areto-buruak artikulu honetan.

4. Jokalariak partida amaitu baino lehen jokatzeari utziz gero, ez zaio erositako kartoien zenbatekoa itzuliko, baina, nahi badu, beste jokalari bati ematen ahalko dizkio.

5. Partidan, ateratako bola baten zenbakia esatean okerrik egiten bada, bolan berean adierazitakoak balioko du. Mahaiburuak zuzenduko du okerra eta partidak aurrera eginen du akta liburuan oharra jaso ondoren. Modua berean jokatuko da zenbakiak oker adierazten badira pantalletan, edo agertzen ez badira.

III. KAPITULUA

Enpresak

11. artikulua. Definizioa.

1. Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 15. artikuluan aipatu entitateek bakarrik antolatu, kudeatu eta ustiatzen ahal dute bingo jokoa, Bingo Enpresen Erregistroan inskribatuta beharko dute egon eta Erregelamendu honetan ezarritako baimena propio eskuratu.

2. Bingo jokorako propio baimena duten aretoetan soilik jokatu ahalko da.

12. artikulua. Ongintza, kirol eta kulturako entitateak.

1. Erregelamendu honen arabera, ongintza, kirol eta kulturako entitateak dira baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Irabazteko asmorik gabeko elkarte edo kluba izatea.

b) Hiru urte baino gehiago legeztatuta egon. Horretarako, administrario erregistroan inskribatu eta biharamunetik aitzina kontatuko da epea.

c) Eskaera aurkeztu egunaren aurreko hiru urteetan etenik gabe funtzionatu izatea bere Estatutuko arauei eta elkarteen legeriakoei jarraituz.

d) Bere Estatutuetan zehaztu lurraldean ustiatuko du bingo jokoa.

e) Batzar Nagusiak edo Estatutuetan adierazi organoak onetsi beharko du eskaeraren erabakia.

f) Entitate horiek bingo areto bakar baten titular izaten ahal dira.

13. artikulua. Merkataritzako entitateak.

Erregelamendu honen arabera, merkataritzako entitateak izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Nahitaez, Sozietate Anonimo, Lan-Sozietate Anonimo edo Lan Kooperatibaren forma juridikoa izatea, indarra duen legeriaren arabera.

b) Bingo jokoaren ustiapena izatea xede soziala.

c) Gutxienez, 60.000 euroko kapital soziala izatea, erabat harpidetu eta ordaindua.

d) Bazkideek, pertsona fisikoek edo juridikoek, ez dute partaidetzarik izanen kapitalean ezta zuzendaritzako kargurik ere hiru bingo areto baino gehiago ustiatzen dituzten bingo enpresetan. Horretarako, finantza talde bereko pertsona edo sozietateak bat direla ulertuko da.

e) Bingo enpresak ez dira hiru aretoren baino gehiagoren titular izanen.

f) Kapitalaren akzioak izendunak izanen dira.

IV. KAPITULUA

Baimenak tramitatu, ebatzi eta berritzea eta haien indarraldia

14. artikulua. Enpresen inskripzioa.

1. Ongintza, kirol eta kulturako entitateek, baita 11. artikuluan aipatu merkataritzako entitateek ere, aurreko artikuluetan zehaztu baldintzak betetzen badituzte, Bingo Enpresen Erregistroan inskribatzeko eskatu ahalko diote Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

2. Eskatzailea ongintza, kirol edo kulturako entitatea bada, honako hau erantsiko dio eskaerari:

a) Batzar Nagusiak hartutako erabakiaren hitzez hitzeko ziurtagiria, inskripzioa eskatuz.

b) Idazkariaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, Zuzendaritza Batzordeko edo entitatea gobernatzen duen organoko kide guztien zerrenda, haien karguen aipamena, helbidea, lanbidea, nazionalitatea, nortasun agiri nazionalaren zenbakia edo pasaportea, zein den kasua, adierazita.

c) Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiko ziurtagiria eta abenduaren 1eko 68/1980 Legean aipatzen den aitorpen osagarria, aurreko epigrafean aipatu lagunena.

d) Elkarteen Erregistroko ziurtagiria edo entitatearen izaerari dagokiona, inskripzio eguna adierazten duena.

e) Entitatearen egungo Estatutuak. Idazkariak edo organo eskudunak ziurtatuko du testua.

f) Zuzendaritza Batzordeko lehendakariak eta idazkariak sinatu memoria, honako hauek adieraziz:

-Bazkide kopurua, ondasunen balioen zerrenda, eskaera egunaren aurretik Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak egindako bilkuren kopurua eta akta liburuko kontsignazioa.

-Aurreko hiru urteetako dirusarrera eta gastuetako aurrekontuen likidazioa.

-Eskaera aurreko urtean entitateak egindako jarduera sozialen zerrenda zehatza.

-Jokoan aurreikusi mozkinak inbertitzeko proiektua.

3. Eskatzailea merkataritzako entitatea bada, agiri hauek erantsiko zaizkio eskaerari:

a) Sozietatea eratzeko edo aldatzeko Merkataritza Erregistroan inskribatu eskrituren kopia edo testigantza, bazkideen izen-deiturak, haien partaidetza-kuota eta Estatutuen kopia adierazita.

b) Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiko ziurtagiria eta abenduaren 1eko 68/1980 Legean aipatzen den aitorpen osagarria, merkataritzako entitateko bazkideena.

c) Bazkide akziodunen deklarazioa, Nafarroako Foru Komunitatean, honako hau barne, guztira hiru areto baino gehiago ustiatzen dituzten enpresetan parte hartzen ez dutela edo jabe ez direla dioena.

4. Eskaera eta erantsitako dokumentazioa aurkezturik, baita eskatzen ahal den informazio osagarria ere, eskaeraren gaineko ebazpena emanen da eta entitate eskatzailea Bingo Enpresen Erregistroan inskribatuko, hala behar bada.

15. artikulua. Inskripzioaren indarraldia.

1. Bingo Enpresen Erregistroko inskripzioak mugagabeak dira.

2. Kasu hauetan kendu ahalko da inskripzioa Bingo Enpresen Erregistrotik:

a) Enpresak eskaturik.

b) Entitatea edo sozietatea desegitean.

c) Joko arloko zehapen espediente bat medio.

d) Jokoaren gaineko zergak ez ordaintzeagatik edo haien zerga oinarria guztiz edo hein batean ezkutatzeagatik.

e) Arrazoitutako ebazpen baten bidez. Betiere, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusi prozedurari beharko zaio lotu, eta arrazoi hauetako batean oinarritu:

-Gezurrezko datuak ematea inskribatu edo aldatzeko eskaeran.

-Erregelamendu honen 12 eta 13. artikuluan aipatu baldintzak betetzen ez direnean.

3. Bingo Enpresen Erregistroko edozein datu aldatutakoan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinarazi beharko zaio. Akzioak edo partaidetzak transmititzean, aldez aurretik eman beharko da haren berri.

16. artikulua. Ustiatzeko baimena.

1. Bingo Enpresen Erregistroan inskribatuta egonik, bingo aretoren bat ustiatzen hasi nahi duten enpresek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari beharko diote eskatu, aldez aurretik, ustiatzeko baimena.

2. Ustiatzeko baimena eskatzean, honako hauek erantsiko dira:

a) Eskaera egiten duen pertsonaren edo entitatearen ordezkaritza frogatzeko agiria, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusi moduetako batean.

b) Obra edo instalazioen oinarrizko proiektua, teknikari eskudunak prestatua. Proiektu horrek, gutxienez, honako hau jasoko du:

-Udalerriko planoa, bingo aretoaren eraikina non dagoen agertzen duena, 1/1.000 eskalan gutxienez. 500 metroko erradioaren inguruan dauden beste aretoak ere agertu beharko ditu.

-Oraingo konfigurazioaren oineko planoa, 1/100 eskalan.

-Izanen duen distribuzioaren planoa, kotak adierazita dituela.

-Egoitzaren deskripzioa, honako hauek azalduta, nahitaez: haren egoera orokorra, guztirako azalera, egoitzako espazioen azalera eta erabilera, nola dauden kokatuta, eta bolak ateratzeko aparatua, pantalla distiratsuak, monitoreak eta jokorako behar diren gainerako elementuak, taberna eta instalazio osagarriak eta komunak non dauden.

c) Egoitza jokorako egokitua dagoela frogatzen duen agiria.

d) Teknikari eskudun batek eginiko txosten ekonomikoa, egin gogo den inbertsioa eta haren bideragarritasuna frogaten dituena. Gutxienez, inbertsioaren zenbatekoa, nola finantzatuko den, merkatuan izanen duen eragina, inguruan dauden aretoak kontuan hartuz, eta hurrengo hiru ekitaldietarako kalkulatu finantza egoerak adieraziko dira.

3. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ustiatzeko baimena emanen du, edo ukatuko. Kasu hauetan ukatuko da baimena:

a) Erregelamendu honetan eskatu baldintzak betetzen direla ez frogatzeagatik.

b) Eskaera jokoaren plangintzari ez egokitzeagatik, Jokoari buruzko Foru Legearen 4.2 artikuluan oinarrituta.

4. Betiere, Udalaren lizentzia beharko da baimena eskuratzeko.

5. Gutxienez bost egun lehenago jakinarazi beharko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari noiz irekiko den aretoa. Komunikazio horri Udalaren lizentzien kopiak erantsiko zaizkio, jarduerarakoa eta irekitzekoa.

17. artikulua. Ustiatzeko baimenen indarraldia.

1. Bingo aretoak ustiatzeko baimenak bost urtetarako izanen dira.

2. Kasu hauetan iraungiko dira ustiatzeko baimenak:

a) Enpresa titularrak hala eskatuta.

b) Berritzeko eskaera ez egin eta bost urteko epea iragandakoan.

c) Ustiatzeko baimenaren datatik, urtebetez, aretoa irekitzeko udal lizentzia ez eskuratzeagatik, ezinbestean izan ezik.

d) Joko araudia haustegatik ezarritako administrazio zehapen baten ondorioz.

e) 19. artikuluan eskatu fidantza ez jartzeagatik.

f) Enpresa titularraren inskripzioa, bingo enpresen erregistrokoa, deuseztatzean.

3. Baimena iraungitzeko eguna baino bi hilabete lehenago aurkeztuko da berritzeko eskaera; agiri hauek beharko zaizkio erantsi:

-Egoitza jokorako egokitua dagoela frogatzen duen agiria.

-Zuzendaritza Batzordeko edo gobernu organoko idazkariaren ziurtagiria, bazkide edo akziodunen zerrenda eta Administrazio Kontseiluko edo antzeko organoko kideena dakarrena.

-Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiko ziurtagiria eta abenduaren 1eko 68/1980 Legean aipatzen den aitorpen osagarria, sozietateko bazkideena edo entitateko Gobernu Batzordeko kideena, zein den kasua.

-Baimena eman zenetik edo azken aldiz berritu zenetik egindako jarduerak.

4. Eskaera aurkeztu eta azterturik, eta informazioa eta behar den dokumentazio osagarria egiaztatu eta errekerimenduak eginik emanen da ebazpena.

18. artikulua. Aldaketak.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren baimena beharko da, aldez aurretik:

a) Aretoaren titulartasuna aldatzeko.

b) Jokorako makinerian aldaketak egiteko.

V. KAPITULUA

Bermeak

19. artikulua. Fidantzak.

1. Bingo aretoa ireki aurretik, ustiatzeko baimenaren entitate titularrak fidantza jarri beharko du, 30.000 eurokoa, bingo areto bakoitzeko.

2. Eskudirutan, bankuko abal baten bitartez edo norbanako kauzio-poliza bidez eginen da fidantza; beti indarrean beharko da mantendu haren guztirako zenbatekoaren aldera.

Fidantza abal bitartez egiten denean, ezin izanen da erabili Foru Berriari buruzko 525 Legean aipatu eskusio-eskubidea.

3. Administrazioko organoek entitate titularrari ezartzen ahal dizkioten diru-zigorrak bermatuko ditu fidantzak, baita bingo aretoak ustiatzearen ondorioz ordaintzen diren sariak eta zergak ere.

4. Fidantzaren zenbatekoa gutxituz gero, hura jarria duen enpresak, gehienez ere, hilabeteko epea du derrigortua dagoena osatzeko.

5. Fidantza jartzeko arrazoiak desagertutakoan, itzultzeko eskatzen ahalko da.

II. TITULUA

Aretoak, langileak eta jokalarien zein partiden kontrola

I. KAPITULUA

Aretoak

20. artikulua. Egoitzek bete beharreko baldintzak.

1. Batez ere, bingo jokoan aritzeko dira bingo aretoak; dena dela, kafetegi eta jatetxe zerbitzua eman ahalko da areto barrenean. Jokoan aritzeko finkatu ordutegitik kanpo, legez baimendu beste jarduera batzuk egin ahalko dira areto hauetan, aldez aurretik Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinarazita. Orduan, bolak ateratzeko aparatua eta informazio panelak ez dira jendearen bistan geldituko. Jarduera bat bukatu eta bestea hasi bitartean ordubete utzi beharko da, gutxienez, honelako establezimenduak ireki eta ixteko ordutegia erregulatzen duen araudian ezarritakoa galarazi gabe.

Bingo aretoaren ondoko lokalean edo harreralekuan, joko makinak ezarri ahalko dira, bere araudian xedatu bezala.

2. Parte hartzaile guztiek, zuzenean nahiz monitore bidez, bolak nola ateratzen diren ikus ditzaten moldatu beharko dira bingo areto izateko prestaten diren aretoak, jokalariek ikusi eta, aldi berean, sariak kantatzeko aukera izan dezaten.

3. Bingo jokoan aritzeko lokalek eta instalazioek berariazko erregelamenduetan ezarri baldintza teknikoak eta segurtasunekoak beharko dituzte bete.

4. Betiere, lokal horietan nahitaez beharko da zirkuitu itxiko telebista sistema, baita sistema akustiko bat ere, partidak goitik behera jarraitzeko aukera emanen dutenak.

5. Bingo aretoetan ez da lizentzian adierazi jende kopurua baino inor gehiago sartuko, jokalariak izan edo ez.

II. KAPITULUA

Langileak

21. artikulua. Langileek bete beharreko baldintza orokorrak.

Bingo aretoetan, jokoarekin zuzeneko lotura dutela, zerbitzu ematen duten langile guztiek baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Gisa hauetako aurrekari penalik ez izatea: faltsutasun delitua, jendearen kontrakoa, jabetzaren edo Ogasun Publikoaren kontrakoa, aureko bost urteetan.

b) Aurreko bi urteetan, ebazpen irmo bitarteko administrazio zehapenik ez izatea Jokoari buruzko Foru Legean aurreikusi hutsegite larri edo oso larriren bat egiteagatik; edo azken bost urteetan, mota bereko bi hutsegiterengatik.

c) 23. artikuluan aipatu kreditazioaren jabe izatea.

22. artikulua. Langileen eginkizunak.

Erregelamendu honen ondorioetarako eta laneko araudia galarazi gabe, bingo areto guztiek langile hauek izan beharko dituzte, gutxienez:

a) Areto-burua. Erregelamendu honetan adierazi eginkizun berariazkoez gain, aretoaren funtzionamendua zuzendu eta kontrolatuko du: eragiketen nondik norakoari buruzko erabakiak hartuko ditu, jokoaren arau teknikoei jarraituz, eta erritmo egokia ezarriko du; aretoko aparatu, instalazio eta zerbitzu guztien funtzionamendu egokiaz arduratuko da; jokoaren kontabilitatea behar bezala egin dadin, funtzionamenduak eskatzen dituen baimen guztiak aretoak izan ditzan eta langileen gaineko dokumentazioa bere kargura dira. Orobat, jokoa kudeatzen duen enpresaren ordezkari da, bai jokalarien aurrean bai agintaritzako agenteen aurrean, non ez den eginkizun hori aretoan den beste norbaiten gain utzia.

b) Mahaiburua. Erregelamendu honetan adierazi eginkizun berariazkoez gain, mahaiburuaren mende dago bolak eta kartoiak egiaztatzea, jokaldi edo zozketa bakoitzean saldu eta sobratako kartoien kontabilitatea; lerro eta bingo sariak erabakitzea, kartoi sarituak egiaztatzea, jokalari guztiei horren berri ematea, informazio eskaerei edo erreklamazioei banan-banan erantzutea eta hori guztia eta gertatzen diren gorabeherak saioko aktan agertzea.

c) Diruzaina. Erregelamendu honetan adierazi eginkizun berariazkoez gain, bere esku izanen ditu kartoiak eta ordenaturik entregatuko ditu, banatzeko; saldutako kartoi kopuruaren berri emanen dio mahaiburuari, baita lerro eta bingo sariei dagozkien zenbatekoen berri ere; kartoi salmentan eskuratu dirua jasoko du; sari bakoitzeko diru-kopurua prestatuko du eta, jokaldia amaitutakoan, banatu eginen ditu.

23. artikulua. Lanbide agiriak.

Bingo aretoen zerbitzuko langileek lanbideko dokumentua izan beharko dute, Jokoari buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarri baldintzak betetzen direla frogatzen dituena. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak emanen du dokumentua, bost urteren buruan berritzekoa.

24. artikulua. Altak eta bajak.

Bingo aretoak kudeatzen dituzten enpresek Erregelamendu honetako 22. artikuluan aipatu langileen alten eta bajen berri emanen diote Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, hura gertatu eta bost eguneko epean, eta lan-kontratuaren kopia, Enplegu Bulegoak ikus-onetsia, erantsiko diote.

25. artikulua. Debekuak.

Bingo aretoak antolatu eta ustiatzen dituzten enpresetako langileek, beren ezkontideek eta lerro zuzeneko lehen graduko aurrekoek eta ondorengoek ezin dute enpresa horiek kudeatu bingoan parte hartu. Halaber, pertsona horiek ezin diete mailegurik eman jokalariei legez ezarritako moduan.

III. KAPITULUA

Jokalarien eta partiden kontrola

26. artikulua. Jokalariak onartzea.

1. Honako hauek debekatua dute bingo aretoetan sartzea:

a) Adingabeak.

b) Mozkortuta, drogez intoxikatuta edo buruko eritasunak jota egotearen itxura nabarmena dutenak, edo ordena, lasaitasuna edo jokoa galaraziko dutela pentsarazten duen edozein gorabehera gertatuz gero. Orobat, aretotik ateratzeko gonbitea eginen zaie giroa aztoratu edo jokoan irregulartasunik egiten dutenak, nahiz eta aurrekaririk ez izan. Berehala emanen zaio kanporatze horien berri Administrazioari. Bingora sartzea galarazteko edo bertatik botatzeko arrazoirik ez dela uste dutenek errekurtsoa jarri ahalko dute Administrazioari zuzenduta.

c) Epailearen erabakiz, maulazko porrotetan ezgai, zarrastel edo errudun deklaratuak, birgaitu bitartean. Debeku hori hautsitakoan, zehapen ezartzeko, epailearen erabakia enpresari jakinarazi beharko zaio.

d) Armatuta sartu nahi dutenak, edo arma gisa erabil daitezkeen objektuez horniturikoak.

e) Horretarako ireki espediente baten ondorioz, ebazpen bidez sartzea debekatua duten pertsonak, Debekatuen Zerrendan ageri direnak.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, espedientea tramitatu ondoren, Debekatuen Zerrendan sartzen ahalko ditu honako hauek:

a) Beren borondatez eskatzen dutenak edo haien ahaideek hala eskaturik, haiekiko zuzeneko menpekotasun ekonomikoan daudenean.

Debeku hori betikoa edo aldi baterakoa izaten ahal da. Azken hori urtebekoa izanen da eta beste urtebete baterako berritu ahalko da, eta epea amaitutakoan bakarrik amaituko da.

b) Zehapen espediente baten ondorioz, zehapena jasotzen dutenak halako epe batean sartzeko debekatuz.

Espediente horiek modu erreserbatuan tramitatuko dira.

3. Bingo aretoetan sartzeko, Erregelamendu honetan aipatutakoez bestelako baldintza edo debekurik ezartzeko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren baimena beharko da, aldez aurretik, baina, betiere, inor baztertu gabe eta jendearen oinarrizko eskubideak urratu gabe. Aditzera emanen dira aretoen sarreran abisua jarrita.

27. artikulua. Onartzeko kontrola.

1. Bingo areto guztiek bere onarpen zerbitzua izanen dute, jokalari edo bisitari guztien sarrera kontrolatzeko.

2. Onarpen zerbitzu horrek fitxa bat eginen dio bisitari bakoitzari, bingo aretora datorren lehen aldian, datu hauekin: izen-deiturak, nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen zenbakia, jaioteguna eta noiz egin den fitxa.

3. Euskarri informatikoen bidez eginen da onarpen kontrola, urtebetez bederen jokalarien datu guztiak eskuratu eta kontserbatzeko moduan. Betiere, onarpen zerbitzuak baliabide teknikoak izanen ditu, joko aretora sartzea debekatua dutenei sarrera galarazteko.

Zerbitzu horrek bisitari guztiak identifikatuko ditu aretora, harreralekura edo joko makinak dauden eranskinetara sartzen utzi baino lehen, eta bisita eguna adieraziko du norberaren fitxan.

Fitxa pertsonalak erreserbatuak dira eta jokoaren ikuskapen eta kontrol zerbitzuei edo agintari judizialei baino ez dizkio agertuko entitateak.

28. artikulua. Joko partidetako akta liburua.

1. Saio bakoitza akta batean jasoko da, partidaz partida, haiek jokatu ahala, eta ez da bolarik aterako harik eta datuak aktan jaso arte.

2. Aktak sistema informatikoen bide eginen dira. Goiburuan, saioa hasi dela, data eta mahaiburuaren sinadura adieraziko dira eta, ondoren, datu hauek partida bakoitzeko: partidaren ordena zenbakia, kartoien balio faziala, seriea edo serieak, saldutako kartoi kopurua (lehendabizikoaren ordena zenbakia eta azkenekoarena aipatuta), bildutako diru guztia eta sari bakoitzari zenbat dagokion, partidan ordaintzekoa. Saioa amaiturik, ixteko eginbidea burutuko da, mahaiburuak sinatua.

3. Beste eginbide batzuetan, partidak jokatu ahala izandako gorabeherak eta jokalarien erreklamazioak adieraziko dira aktan.

4. Gorabehera edo erreklamaziorik izanez gero, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari igorriko zaio haiek jasotzen dituzten akten kopia, akta egin eta 48 orduko epean.

29. artikulua. Partidak egiaztatu eta artxibatzeko sistema

1. Baimenduta eta funtzionamenduan diren bingo areto guztiek izan beharko dute sistema informatiko bat, homologatua, kontrol mahaiari konektatua, aktetako datu guztiak, partida bakoitza zer ordutan hasi den eta zer ordenatan atera diren bolak, zein bere zenbakiarekin, jasotzeko.

2. Aipatu sistema informatikoak azken hiru hilabeteetako informazioa jasoko du, gutxienez. Jokoaren kontrol eta ikuskapen zerbitzuek eta organo judizialek bakarrik dute informazio horri heltzeko eskumena.

3. Matxura izanez gero, eskuz jasoko da informazioa akta liburuan, eta matxura zein partida eta ordutan gertatu den adieraziko; diruzainak eta areto-buruak sinatuko dute eginbide hori; biharamuneko joko saioa hasi baino lehen, sistema informatikoa konpondu beharko da edo beste bat ekarri.

III. TITULUA

Bingo metatua

I. KAPITULUA

Sariak eta jokoaren deskripzioa

30. artikulua. Sariak.

1. Bingo areto baimenduek, lerro eta bingo sariez gain, Bingo Metatua eta Sari Osagarria ere eman ahalko dituzte Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzetan.

2. Bingo metatuaren modalitaterako baimena duten aretoetan, izenaren eta saldutako kartoien balio fazialaren arabera banatuko dira sariak, honela:

Lerroa: % 9,0.

Bingoa: % 56,5.

Bingo metatua eta sari osagarria: % 2,5.

3. Partidan edo zozketan kartoiak saltzean bildutakoa erabiliko da partida edo zozketa horretako lerroa edo bingoa ordaintzeko; adierazitako ehunekoak, hurrenez hurren.

4. Bingo metatua ordaintzeko, partida bakoitzean bildutakoaren % 1 kenduko da. Partidaz partida metatuko da harik eta, zergak kendutakoan, 15.000 euro egin arte, gehienez ere.

5. Era berean, % 0,5 kendu eta gordeko da partida bakoitzean jokatutako dirutik. Pilatu eginen da bingo metatuaren Erreserba osatzeko, 15.000 euroko zenbateko garbia, gehienez ere.

6. Sari osagarria ordaintzeko, 31.3 artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, % 1 kenduko da partida bakoitzean bildutako dirutik. Kendu eta gordeko da hariek eta 1.200 euroko zenbateko garbia bildu arte, zergak kenduta.

31. artikulua. Jokoaren deskripzioa.

1. Bingoa ateratzen duten jokalariek beste sari bat ere jasoko dute, bingo metatua izenekoa, 37 bola edo gutxiago atera badira partida osoan, zein den ere saldutako kartoien kopurua.

Foru Dekretu honen 30.4 artikuluan adierazi ehunekoa kendu eta metatzean bildutakoa izanen da bingo metatuaren sariaren zenbatekoa, zergak kendu ondoren.

2. Bingo metatuaren saria emanik, hurrengo partidan, bingo metatuaren erreserbako % 75 eta partidatik sari horretarako kendutako % 1 batuko dira. Berriz saria ateratzen ez bada, diru-kopuru hori izanen da metaketa berrirako hasiera. Bingo metatuaren erreserbako gainerako % 25ari lehen partidako % 0,5eko atxikipena gehituko zaio bingo metatuaren erreserba berriaren hasierako zenbatekoa izan dadin.

3. Bingo metaturako aurreikusi gehieneko zenbatekoa iritsirik, ez da aurrerantzean zenbateko gehiago metatuko, eta sari horretarako kentzen den % 1 sari osagarrirako erabiliko da. Era berean, bingo metatuaren erreserbarako aurreikusi gehieneko zenbatekoa iritsirik, ez da aurrerantzean kontzeptu horretarako kopururik jasoko, eta erreserba horri dagokion % 0,5eko atxikipena sari osagarrirako erabiliko da.

4. Sari osagarria 30.6 artikuluan ezarri zenbatekoa adinakoa egiten denean, partida horretan bingoa atera duen jokalariari emanen zaio, non ez duen bingo metatuaren saria ere eskuratu. Orduan, hurrengo partidan bingoa ateratzen duen jokalariari emanen zaio sari osagarria.

5. Bingo metatuaren sarirako aurreikusi gehieneko zenbatekoa iritsirik, sortzen den soberakina bingo metatuaren erreserbarako erabiliko da, eta erreserba horretan sortzen den soberakina, sari osagarrirako. Orobat, sari osagarriaren gainetik, azken atxikipenean bildu litekeen soberakina hurrengoaren hasierako dotazioa izanen da.

6. Aldi berean konbinazio batek baino gehiagok saria ateraz gero, hura atera duten jokalarien artean banatuko da saria.

7. Bingoa bezala ordainduko da bingo metatua ere. Irabazleari frogagiri bat beharko zaio eman, saioko eguna, partidaren zenbakia, estrazkzio zenbakia eta lortu den sari metatua adierazita dituena; datu horiek Akta Liburuan jasoko dira, baita izen-deiturak, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia eta irabazle(ar)en sinadura(k). Modu berean eta formalidade berekin jokatuko da sari osagarria emateko.

II. KAPITULUA

Baimentzeko baldintzak

32. artikulua. Baimenak.

1. Administrazioaren baimena beharko da bingo metatuaren modalitatea ezartzeko. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak emanen du, Bingo Aretoko entitate titularrak eskatuta.

2. Baimena eskuratzeko, ezinbestekoak dira:

a) Bingo Enpresen Erregistroan inskribatua egotea.

b) Bingo Aretoa ustiatzeko baimena indarraldian izatea.

c) Bingo metatuan jokatzeko behar diren informazio panel edo pantallak eta gainerako elementuak izatea, behar bezala homologatuta.

3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan ezarri baldintzak bete beharko ditu baimen eskaerak, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Baimena eskatzen duen entitatearen ordezkariaren egiaztapena, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 32. artikuluan aurreikusi moduetako batean.

b) Ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

c) Artikulu honen 2.c) atalean adierazi elementuak eskuratu izanaren proformako faktura.

4. Modalitate berria ezartzeko baimena duen entitateak 3 hilabeteko epea izanen du ustiatzen hasteko.

5. Bingo metatuaren sistema ezartzeko baimena duten enpresek modalitate hori erabiliko dute jokatzen diren partida guztietan.

33. artikulua. Fidantzak.

Bingo metatuan jokatzen hasi baino lehen, modalitate horretan aritzeko baimena duten enpresek 15.000 euroko fidantza jarriko dute. Bingo metatuaren ondoriozko sariak eta gainerako obligazioak ordaintzea baino ez du bermatuko fidantzak.

34. artikulua. Agindu teknikoak.

1. Bingo metatuaren modalitatean aritzeko baimena duten aretoek akta liburuak eta partidak artxibatu eta egiaztatzeko sistema informatikoa egokitu beharko dute joko modalitate honen inguruko datuak sartzeko eta, zehazkiago, partida bakoitzean bingo metaturako eta honen erreserbarako fondoak sortzeko egindako atxikipenak.

2. Arbelen edo panelen bidez ikusteko mekanismoak -aldez aurretik homologatua- bingo metatuaren inguruko informazioa erakutsiko du, jokalariei honako hauen berri emateko:

a) Saldutako kartoi kopurua, kartoiaren prezioa eta lerroak eta bingoak duten saria.

b) Saritutako kartoiak, matrize gisa, egiaztatzen direnean.

c) Bingo metatuaren saria lortzeko baimenduta dagoen gehieneko bola kopurua, sariaren zenbatekoa eta bingo metatuaren erreserbarako zenbatekoa.

3. Aipatu mekanismoen funtzionamendua galarazten duen matxura edo gorabeherarik gertatuz gero, inork lerroa kantatu badu, jokoak aurrera jarraituko du tresnarik gabe partida amaitu arte; lerroa kantatu gabe baldin badago, partida bukatutzat emanen da eta erositako kartoien dirua itzuliko zaie jokalariei. Nolanahi ere, aipatu arrazoiak direla eta, partida amaitu edo bertan behera uzten bada, jokoa ez da berriz hasiko elementu matxuratu edo akastunak konpondu edo moldatu arte.

III. KAPITULUA

Modalitatea iraungitzea

35. artikulua. Modalitatea ustiatzeko baimena iraungitzea.

1. 17. artikuluan jasotako kasuez gain, bingo metatuaren modalitatea ezartzeko baimenak kasu hauetan iraungiko dira:

a) Baimendutako entitateak hala eskatuta.

b) Bingo aretoaren titulartasuna aldatzeagatik.

c) 33. artikuluan zehaztu fidantza ez jartzeagatik.

d) 32. artikuluan ezarri baldintzak ez betetzeagatik.

2. Kasu horietako edozeinetan, bingo metatuaren modalitatea ustiatzen hasia badago, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ebatziko du gai hauen inguruan: modalitateko sariak hornitzeko atxikipenak egiteari uztea, modalitateko sariak ordaintzeko metatu diru kopuruen zenbatekoa, eta 15.000 euroko bingo metatua edo txikiagoa sari bat edo gehiago ordaintzeko erabiltzea edo banatzea, zein den kasua. Azkena ordaindutakoan iraungiko da modalitatea.

Ondoren, Akta Liburuan jasoko da inguruabar hori eta haren kopia igorriko zaio Barneko Zuzendaritza Nagusiari, bost egun naturaleko epean.

3. Artikulu honen 1.b) atalean aurreikusi kasuan izan ezik, non titular berriak ustiatzen jarraitzen ahal baitu 32. artikuluan ezarri baldintzak betez gero, bingo metatuaren modalitatea ustiatzeko baimena bertan behera utzirik, enpresa titularrak ezin izanen du modalitatea berriro ezarri urtebete iragan arte hura egozteko inguruabarra gertatu zenetik.

36. artikulua. Bingo aretoa aldi baterako edo betiko ixtea.

1. Bere borondatez edo administrazioak zehaturik, aretoa aldi baterako itxiz gero, bingo metaturako atxiki eta metatu diru kopuruak, haren erreserba eta sari osagarria, azken saiokoak barne, Nafarroako Foru Komunitateko Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Diruzaintzan sartuko dira, gordailu gisa, itxi ondoko 48 orduko epean.

Enpresa bera jarduerara itzulirik, berriz abian jarriko da jokoa eta ixtean kontsignatu diru kopuruaz hornituko dira sariak, hasteko.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak eman beharko dio baimena bingo metatuaren modalitaterako baimena duen bingo aretoari bere borondatez aldi baterako ixteko, 10 egun lehenagotik eskaera eginda.

Enpresa bera, itxi eta urtebete iragan baino lehen, jarduerara itzulirik, behartua dago berriz jokoa abiatzera itxieran kontsignatu diru kopurua modalitateko sariak hornitzeko ezarriz. Baina, epe hori iraganik, enpresa bera jarduerara itzultzen ez bada, kontsignatu diru kopuruak Foru Komunitatearentzat izanen dira.

3. Enpresak berak nahita, Administrazioak zehatuta edo beste edozein arrazoirengatik aretoa behin betikoz itxiz gero, enpresak, 1. atalean aurreikusitakoari jarraituz eta epe berean, Foru Komunitatearen esku jarriko ditu gordailuan bingo metatuaren diru kopurua, haren erreserba eta sari osagarria.

IV. TITULUA

Zehatzeko araubidea

KAPITULU BAKARRA

Arau-hausteak eta zehapenak

37. artikulua. Bingo jokoaren arloko arau-hauste administratiboak.

Bingo jokoaren arloko arau-hauste administratiboak dira Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legean sailkatu nahita egindako ekintza edo omisioak.

38. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, arau-haute oso larriak dira honako hauek:

a) Bingo aretoak baimen administraziorik gabe antolatu edo ustiatzea, baita propio baimendu aretotik kanpo jokatzea ere.

b) Erregelamendu honetan ezarri baldintzak eta beharkizunak bete gabe, ustiatzeko baimenak eskuz aldatzea.

c) Erregelamendu honetan zehaztutakoez bestelako kartoiak erabiltzea.

d) Bingoaren jokoa jokalarien kalterako eskuztatzea.

e) Langileek eta zuzendaritzako kideek eta jokoa kudeatu, antolatu eta ustiatzen duten enpresa edo entitateetako akziodun eta partaidetzadunek, jokalari gisa, zuzenean edo beste pertsona batzuen bidez, enpresa horiek kudeatu edo ustiatzen duten jokoan parte hartzea, baita haien ezkontideek eta lerro zuzeneko lehen graduko aurrekoek eta ondorengoek ere.

f) Jokalariei maileguak ematea.

g) Jokalariei saria nahiz sariaren parte bat ez ematea.

h) Datu edo dokumentu faltsuak aurkeztuz baimenak lortzea.

i) Jokoari buruzko Foru Legeko edo Erregelamendu honetako arauez gain, ustiatzeko baimenak emateko funtsezkoa den edozein baldintza aldatu edo urratzea.

j) Baimenik gabeko jendeak kartoiak saltzea edo haien balio fazialaz bestelako prezioan.

k) Bingo jokoa ez galaraztea baimenik gabeko lokaletan edo baimenik gabeko jendeari.

l) Bingo jokoaren publizitatea egitea edo jokatzen den establezimenduena, jokalariendako opari edo zerbitzu dohainekoak barne, behar den baimena gabe do erregelamenduan ezarri mugak gaindituz.

ll) Bingoan jokatzeko elementu homologatu gabeak fabrikatu, merkaturatu eta saltzea, edo ezarritako beharkizunak edo baldintzak bete gabe.

m) Arau-hauste larriak behin eta berriz egitea edo errepikatzea.

39. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak dira:

a) Bingo aretoetan sartzen uztea debekatuta dutenei, Jokoari buruzko Foru Legean edo Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

b) Sozietateen kapitala edo fidantzak Erregelamendu honetan ezarrita kopuruetatik behera jaistea.

c) Sozietatearen kapitaleko akzioak edo partaidetzak eskuz aldatzea, horren berri eman gabe.

d) Bingoaren jokoa behar bezala kontrolatzeko informazioa ez ematea Administrazioko organoei.

e) Bingo aretoetan, kontrol eta zainketa lana egin dezaten ukatzea edo galaraztea agintaritzako agenteei, baita zeregin horietarako propio arduratu edo gaitutako funtzionario eta organoei ere.

f) Erregelamendu honetan eskatu liburuak edo erregistroak ez izatea, edo behar ez bezala edukitzea.

g) Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea edo errepikatzea.

40. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira:

a) Ordezko bola sorta osoa, beste bonbo bat edo errserbako makina ez izatea, matxuratzen direnerako.

b) Lanbideko egiaztapen egokirik gabeko langileek zerbitzuak ematea.

c) Partida jokatzen ari dela, beste jokalari edo bisitari batzuei sartzen uztea.

d) Kartoi sarituak saioko aktarekin bat ez gordetzea.

e) Partida edo zozketa egitea eskatzen diren formalidadeak bete gabe.

f) Jokalariek edo aretoko langileek egin nahi dituzten erreklamazioak aktan jasotzeari uko egitea.

g) Jokalariek ezin ikustea panelak eta bolak pantalletan edo monitoreetan.

h) Oro har, Erregelamendu honetan ezarri baldintzak edo debekuak ez betetzea, arau-hauste larriak edo oso larriak ez badira.

41. artikulua. Zehapenak eta zehatzeko prozedura.

Aurreko artikuluetan sailkatu arau-hausteak eginez gero, Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legean aurreikusi zehapenak ezarriko dira, Foru Lege horretan ezarri prozeduraren bitartez. -- -- A0202417 --

Iragarkiaren kodea: