43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko martxoaren 4koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Administrazio Auzitegiko mahaikide izateko bi lanpostu, mailaz igotzeko lehiaketaren bidez, betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2002ko martxoaren 4an emandako Ebazpenaren bitartez, onetsi da Nafarroako Administrazio Auzitegiko mahaikide izateko bi lanpostu, mailaz igotzeko lehiaketaren bidez, betetzeko deialdia. Hona hemen haren oinarriak:

1.-Xedea.

Aditzera ematen da Nafarroako Administrazio Auzitegiko mahaikide izateko bi lanpostu mailaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia. Lanpostuek 136 eta 137 plantilla zenbakiak dituzte eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikirik daude.

2.-Lanpostuak gehitzea.

Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitu ahalko da, hutsik daudenak bete arte, epaimahaiak lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiko zaiona, dei egin duen organora igortzen duen egunean.

3.-Aplikatu beharreko arauak.

Lehiaketa honen ebazpena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 33. artikuluan, lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuko 4. idatz-zatian, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abuztuaren 12an eman eta otsailaren 9ko 22/2001 Foru Aginduaren bitartez aldatutako 130/1998 Foru Aginduan, aplikatu beharreko gainerako arauetan eta deialdiko oinarrietan xedaturikoarekin bat arautuko da.

4.-Betebeharrak.

Indarra duten legezko xedapenekin bat, lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta izendapena egiten denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) A maila edo taldekoa izatea.

c) Zuzenbide lizentziatura eta ez besterik eskatu den lanpostu baterako izendatua izatea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inola ere, lehiakideen inongo araubide aldaketarik, eta, beraz, lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubidearekin jarraituko dute.

Horretatik salbuetsita daude Estatuaren Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, hain zuzen ere MUFACEn afiliaturik egonik, Estatuaren Klase Pasiboen Araubideari helduta daude eta. Horietako batek lortzen badu deialdi honen xede den lanpostua, araubide hori utzi beharko du eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu beharko da.

5.-Lansariak.

Deialdiko lanpostuak lortzen dituzten langileek indarra duten xedapenen araberako lansariak jasoko dituzte.

6.-Eskabidea aurkezteko epea eta lekua.

a) Mailaz igotzeko lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek behar den eskabidea aurkeztu beharko dute Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean. Eskabideak aurkeztuko dira administrazio prozedura gobernatzen duten arauek ezartzen dutenari jarraikiz.

Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute, kasu bakoitzean, baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea akitzen den egunean.

Izangaiek, eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera baloratu beharreko merezimenduak aurkeztu beharko dituzte, epaimahaiak balora ditzan.

b) Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

-Zinpeko aitorpena, deialdiko 4. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazten duena.

-Izangaiek alegatu dituzten merezimenduen egiaztagiriak, behar bezala konpultsatuak.

c) Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

7.-Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, eta izangaiek deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatu ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturalen barrenean baztertuek erreklamazioak egin ahalko dituztela eta akatsik baldin badago zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen Ebazpena emanen du. Aipatu Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

Izangai bat ere baztertu ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu ondoren eta hauek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko

8.-Epaimahaiaren osaera.

Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaia honako hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Angel Serrano Azcona jauna, Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

Ordezkoa: Ignacio Bandrés Urriza jauna, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia.

-Mahaikidea: Ildefonso Sebastián Labayen jauna, Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Administrazioarekiko Auzien atalburua.

Ordezkoa: Francisco Javier Ugalde Adín jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Afera Zibil eta Penalen atalburua.

-Mahaikidea: José María Abad Alegría jauna, Justizia zuzendari nagusia.

-Ordezkoa: Huberto Manterola Erro jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Eraentza Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Langileri Batzordeak izendaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Langileri Batzordeak izendaturiko ordezkari bat.

-Mahaikide-idazkaria: Roberto Rubio Torrano jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko lehendakaria.

Ordezkoa: Juan Luis Beltrán Aguirre jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko bigarren ataleko burua.

Epaimahaia onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da.

Epaimahaikideek ezin izanen dute esku hartu eta halaxe jakinarazi beharko diote dei egin duen organoari, administrazio prozedurari buruzko arauetan abstentziorako aurreikusiriko zioak agertzen direnean. Halaber, izangaiek mahaikideak baztertzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaiak gehiengoaz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor litezkeen afera guztiak.

9.-Merezimenduen kalifikazioa.

Merezimendu hauek baloratuko dira hurrenez hurren:

a) Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuak: 35 puntu, gehienez ere.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: 25 puntu, gehienez ere.

Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta egiaztatuko dira, izangaiak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duenean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatu ahalko ditu.

c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu, gehienez ere.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketako epaimahaiarendako.

d) Proba praktikoa, lanpostuaren edukiaz eta eginkizunez: 25 puntu, gehienez ere.

Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du proba praktikoa. Agerraldi horrek merezimenduei eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko erari buruzko aferak biltzen ahalko ditu.

Aipatu azalpen eta defentsa egiten ez baditu, izangaia automatikoki bazterturik geldituko da.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa jakiteko.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdintasunak badirau, lehiatzailerik zaharrenaren alde ebatziko da.

Lehiaketako merezimenduak kalifikatu ondoren, epaimahaiak partaideek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean eta bost eguneko epea irekiko du interesatuek zuzenbidearen arabera balorazio horri buruz komeni zaiena alega dezaten.

10.-Gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko puntuazioak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean jendaurrean paratuko ditu, dei egin duen organora igorriko du 9.d) idatz-zatian aipatzen den proba praktikoa gainditu duten izangaien zerrenda, haietariko bakoitzak lehiaketako ataletan guztira lorturiko puntuazioa adieraziz, eta gutxieneko puntuazioa gainditu duten eta deialdiaren xede diren lanpostuetan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen du. Hala bada, deialdiko 2. oinarrian aurreikusten den gehikuntzaren ondoriozko lanpostuak ere sartuko ditu.

11.-Izendapena eta jabetza hartzea.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne kontseilariak, Foru Agindu baten bidez, epaimahaiak proposaturiko izangaiak izendatuko ditu Nafarroako Administrazio Auzitegiko mahaikide.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

Izendatutako lehiatzaileek lanpostuaren jabetza hartu beharko dute jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean.

Aipatu epearen barnean, eta aski justifikatzen diren ezinbesteko kasuak salbu, lanpostua hartzen ez duten lehiatzaileek esleitu zaien lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrelakorik gertatuz gero, lanpostu hutsak deialdiko 10. oinarrian aipatzen den zerrendan agertzen diren lehiatzaileekin beteko dira.

12.-Aurkeztutako agiriak.

12.1. Izangaiek aurkezturiko agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espresuki eskatu ondoren, erreklamaziorik edo errekurtsorik aurkeztu ez bada. Agiriak eramateko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, lanpostuak adjudikatzeko Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

12.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

12.3. Erreklamazioa edo errekurtsoa aurkeztu denean, agiriak gorde eginen dira miatu eta aztertzeko. Erreklamazio edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetzen duenean eramaten ahalko dira agiriak.

13.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren lauan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak:

1.-Edozein Administrazio Publikotan, langile finko gisa, A maila/taldeko lanpostuetan, lanpostu horietarako Zuzenbideko Lizentziatu titulua eskatu bada: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2.-Edozein Administrazio Publikotan, aldi baterako langile gisa, A maila/taldeko lanpostuetan, lanpostu horietarako Zuzenbideko Lizentziatu titulua eskatu bada: 1,12 puntu urte bakoitzeko.

3.-Edozein Administrazio Publikotan, langile finko gisa, arestikoak ez beste lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

4.-Edozein Administrazio Publikotan, aldi baterako langile gisa, arestikoak ez beste lanpostuetan: 0,30 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. a) idatz-zati honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi ez osoz emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon deneko edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu deneko aldietako zerbitzuak egoera horietan sartzean zuen lanpostuan eman izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak:

1.-Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekitaldietan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo haren baliokideko (10 ikastordu), gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekitaldien ikastordu zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak kreditu batekoak izanen bailiran baloratuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukoak bailiran baloratuko dira.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekitaldietan parte hartzea puntuazio berarekin puntuatuko da. Horien artean, espreski, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2.-Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, bekatu edo sarituriko zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera batek edo taldean egina den eta biltzarra edo aldizkaria herrian, eskualdean, Espainian edo nazioartean argitaratu den kontuan hartuz.

3.-Sektore publikoan prestakuntza ekitaldiak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea, gehienez ere, 2 puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

4.-Zuzenbideko Lizentziatura ez beste titulazio eta espezialitate akademikoak, 4 puntu, gehienez ere.

5.-Doktore gradua edo Zuzenbideko lizentziaturakoa: 2 puntu, gehienez ere.

6.-Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: hizkuntzak, sektore pribatuko lanak, bekak, heziketa egonaldiak, kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

b) idatz-zati osoko oharrak:

1. Deialdiko lanpostuarekin zerikusirik duten merezimenduak bakarrik baloratuko dira idatz-zati honen barruan.

2. b) idatz-zati honetako gehieneko puntuazioa 25 puntukoa izanen da.

Hizkuntzak jakiteagatik gehitutako puntuazioa.

-Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5 puntu gehienez bakoitzeko.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukitzeagatik aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko ikasmaila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da.

Iragarkiaren kodea: A0202886