43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

27/2002 FORU AGINDUA, otsailaren 27koa, Osasun kontseilariak emana, 2002an drogamenpekoak tratatzeko lankidetza hitzarmenetarako ordainketa unitateak finkatzen dituena.

Urriaren 17ko 196/1994 Foru Dekretuaren bidez arautu ziren drogamenpekoen tratamendurako terapia programekin eta komunitateekin egin beharreko lankidetza hitzarmenak. Foru Dekretu horren 4. artikuluak ezartzen du ordainketa sistema pertsona/eguneko unitateen bidez ezarriko dela eta erabiltzaileak egonaldiaren kostuaren zati bat ordaintzeko aukera izanen duela.

Artikulu berean ezarri zen Osasun kontseilariak ordainketa egiteko unitatearen balioa finkatuko duela urtero, irizpide ekonomikoei, zerbitzuen kalitatearen irizpideei eta zerbitzuaren prestazio egokirako behar den jarduera bultzatzeko irizpideei jarraikiz.

Ekainaren 12ko 208/2000 Foru Dekretuak 196/1994 Foru Dekretua aldatu zuen eta, horrela, hitzarmenetan egonaldiko beste modalitate bat sartu zen, hots, egonaldi partziala (eguneko zerbitzua).

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik,

AGINDU DUT:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetza hitzarmenak izenpetu dituzten terapia programa eta komunitateetan egiten diren egonaldietarako, 2002. urterako ondoren zehazten diren ordainketa unitateak ezartzea pertsona eta egun bakoitzeko. Urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Laguntza arrunteko modalitatean: 38,74 euro (hogeita hemezortzi euro eta hirurogeita hamalau zentimo).

Laguntza dualeko modalitatean: 58,12 euro (berrogeita hemezortzi euro eta hamabi zentimo).

Laguntza partzialeko modalitatean: 12,91 euro (hamabi euro eta laurogeita hamaika zentimo).

2. Ordainketa 2002rako gastuen aurrekontuko "Errehabilitaziorako tratamenduak terapia komunitateetan" izeneko 547002-52331 - 4810-412300 kontusailaren kargura eginen da.

3. Sartu aitzineko harrera jarduerak ordainduko dira, laguntza arrunt eta dualeko modalitateetan, terapia programa eta komunitateetako egonaldiaren lehenbiziko hilabetean, pertsona eta eguneko ezarri den ordainketa unitateari 3,52 euro (hiru euro eta berrogeita hamabi zentimo) gehituz.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hogeita zazpian.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0202501