43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

7/2002 Foru Legea, martxoaren 27koa , LOGSEk jasotako goi mailako musika ikasketak jartzeari buruzkoa eta "Pablo Sarasate" Goi Mailako Musika Kontserbatorioa sortzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, LOGSEK JASOTAKO GOI MAILAKO MUSIKA IKASKETAK JARTZEARI BURUZKOA ETA "PABLO SARASATE" GOI MAILAKO MUSIKA KONTSERBATORIOA SORTZEKOA

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak (LOGSE) dantza, arte dramatiko, arte plastiko eta diseinuko ikasketak sakontasunez arautzen ditu hezkuntza-sistemaren erreformaren barrenean lehen aldiz. Gizartean horiekiko dagoen interes gero eta handiagoari (horien eskaerak izan duen gorakada guztiz nabarmena da interes horren agergarririk argiena) erantzuten dio. Zenbait arrazoi direla-eta, komenigarria da horiek sistemaren egitura orokorrarekin lotura izatea eta, aldi berean, behar den malgutasun eta berariazkotasunaz antola daitezela, euren berezitasunei aurre egin eta maila profesional ezberdinak eskaini ahal izateko, baita unibertsitate-titulazioen baliokideak direnak ere (lizentziatu tituluaren baliokide izanen dira musikaren eta arte eszenikoen arloei dagokienez, non dantza eta arte dramatikoa sarturik baitaude).

LOGSEko 38. artikuluak ezartzen duenez, "ikasketa artistikoen helburua izanen da ikasleei kalitatezko prestakuntza artistikoa ematea eta etorkizunean musika, dantza, arte dramatiko, arte plastiko eta diseinuaren esparruetako profesionalak izanen direnen trebakuntza bermatzea".

Horrela, aipaturiko legeko 39. artikuluak hauxe esaten du:

"1. Musika- eta dantza-ikasketak hiru mailatan antolatuta egonen dira:

a) Oinarrizko maila, zeinak lau urte iraunen baitu.

b) Erdiko maila, zeina hiru ziklotan zatituta egonen baita. Ziklo horietako bakoitzak bi ikasturte iraunen du.

c) Goiko maila, zeina ziklo bakarrez osatuta egonen baita. Ziklo horren iraupena ikasketa horien ezaugarrien arabera zehaztuko da.

2. Salbuespen gisa, ikasleak ikasturte bat baino gehiagotan matrikulatu ahalko dira, irakasleek horri buruzko aholkua eman ondoren eta haiek daukaten ikasteko gaitasunak horretarako aukera ematen duenean.

3. Araubide bereziko musika- eta dantza-ikasketetan irakasle aritzeko beharrezkoa izanen da lizentziatu, ingeniari edo arkitekto titulua edo irakaskuntza-eginkizunetarako baliokide den titulazio bat edukitzea eta zehaztuko diren pedagogia-gaiei

buruzko ikasketak egin izana.

4. Ikasketa horietako curriculuma ezartzeko, lege honetako 4. artikuluak xedaturikoari jarraituko zaio.

5. Aurreko idatz-zatietan xedaturikotik at, musika- edo dantza-ikasketak egin ahalko dira berariazko ikastetxeetan, inolako adin-mugarik gabe. Ikasketa horien bidez ezin izanen da inola ere lortu balio akademiko eta profesionala duen titulurik, eta haien antolamendua eta egitura aipaturiko idatz-zatietan ezarritakoaz bestelakoa izanen da. Ikastetxe horiek erregelamendu bidez arautuko dituzte hezkuntza administrazioek".

Bestalde, LOGSEko 40. artikuluak hauxe ezartzen du:

"1. Musika- eta dantza-ikasketen oinarrizko mailari dagokionez, Hezkuntza Administrazioek sarrera-irizpideak ezarri ahalko dituzte, eta, horretarako, kontuan hartuko dute, besteak beste, ikasketa horietarako adinik egokiena zein den.

2. Musika- eta dantza-ikasketen erdiko mailara iritsi ahal izateko berariazko sarrera-proba bat gainditu beharko da. Bestalde, ikasturte bakoitzera aurrekoak gainditu gabe iritsi ahal izanen da,baldin eta, proba baten bitartez, interesdunak era kusten badu kasuan kasuko ikasketak ongi aprobetxatzeko behar diren ezagutzak dauzkala.

3. Musika- eta dantza-ikasketen goiko mailara iristeko ahalko da baldin eta honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Batxilergo-titulua edukitzea.

b) Erdiko mailako hirugarren zikloko ikasketak gainditzea.

c) Gobernuak ezartzen duen berariazko sarrera-proba gainditzea. Horretan, interesdunak kasuan kasuko ikasketak ongi aprobetxatuz egiteko beharrezkoak diren ezagutzak eta lanbide-trebetasunak dituela erakutsi beharko du.

4. Aurreko idatz-zatian xedatua gorabehera, ezarritako baldintza akademikoak bete gabe ikasketa horien goiko mailara iristea posible izanen da ,baldin eta interesdunak erakusten badu bai erdiko mailari dagozkion ezagutza eta gaitasunak bai kasu an kasuko ikasketak ongi aprobetxatuz egiteko beharrezkoak diren berariazko trebetasunak dauzkala".

Azkenik, 42. artikuluak hauxe ezartzen du:

"1. Oinarrizko maila amaitzean, horren ziurtagiria luzatuko da.

2. Musika edo dantzako erdiko mailaren hirugarren zikloa gainditzeak kasuan kasuko ikasketari dagokion lanbide-titulua lortzeko eskubidea emanen du.

3. Ikasketa horien goiko maila gainditu dutenek eskubidea izanen dute kasuan kasuko espezialitateko goi mailako titulua lortzeko. Titulu hori unibertsitate-lizentziatuaren baliokidea izanen da, ondorio guztietarako.

4. Hezkuntza administrazioek unibertsitateekin hitzarmenak sina daitezen sustatuko dute, aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen goi mailako tituludunentzat hirugarren zikloko ikasketak antolatzea errazteko".

Hezkuntza sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezartzen duen ekainaren 14ko 986/1991 Errege Dekretuko 28. artikuluak xedatzen duenez -errege dekretu hori apirilaren 12ko 535/1993, uztailaren 1eko 1487/1994, otsailaren 16ko 173/1998, irailaren 19ko 1468/1997 eta ekainaren 25eko 1112/1999 errege dekretuen bidez aldatu zen-, "2000-2001 ikasturtetik aitzina hasiko dira hezkuntza administrazioak oro har ezartzen egoki jotzen dituzten antolamendu berriko goi mailako ikasketak.

Apirilaren 15eko 389/1992 Errege Dekretuak irakaskuntza artistikoetako ikastetxeetan irakasle- eta ikasle-kopuruen artean egon behar diren proportzioak eta espazio eta instalazioei dagokienez bete behar diren gutxienekoak ezartzen ditu.

16. artikuluan, berriz, goi mailako musika eskolek gutxienez ere eman beharreko espezialitateak ezartzen dira.

Azkenik, Goi mailako musika ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak eta ikasketa horietan sartzeko hauta-probak arautzen dituen apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuak ezartzen duenez, ikasketa horietako espezialitateak eta hezkuntza administrazioen curriculumak garatzeko oinarriak ezartzen ditu.

Ikusita kasuko argumentu eta lege esparruak, bidezko da azpiegitura egokiak garatzen lagunduko duten arauak ematea.

Irakaskuntza artistikoetako ikastetxeek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzen dituen apirilaren 15eko 389/1992 Errege Dekretua sakonki aztertuz ondorioztatzen da lanbide kontserbatorioek (erdiko maila irakasten dute) eta goi mailakoek egiazki ikastetxe ezberdinak beharko dutela izan.

Gaur egun, Nafarroak iraungitzear dagoen 1966ko ikasketa-planaren araberako goiko maila dauka musika-ikasketetan. 2000-2001 ikasturtean erdiko mailan matrikulaturiko 341 ikasle izan dira Nafarroan. Goiko mailarako ikasle batzuk gradu hori ez daukaten probintzia mugakideetakoak dira: Errioxa, Soria, Huescakoak. Ez deritzogu ez logikoa ezta komenigarria ere Nafarroak maila hori galtzeari; izan ere, maila hori musika-ikasketen gailurra da, eta ondorio guztietarako unibertsitate-titulazioaren balio kidea den titulua ematen du.

1942 eta 1966ko musika-planen bitartez egin bezala, Nafarroak tradizioari eutsi eta maila goreneko musika-ikasketak eskaintzen segitu beharko du; hori, gainera, bultzatzaile eta akuilu izanen da lanbide-kontserbatorioetan edo musika-eskoletan eskaintzen diren behe-mailetako musika-hezkuntzako ikasketetarako eta Nafarroako bizitza kulturalerako.

Ikasleek euren erkidegoan bertan amaitu ahalko dituzte musika-ikasketak, eta, horrela, goi mailako musika-titulua lortu ahalko dute, unibertsitate-lizentziaturaren mailakoa. Horrez gain, hirugarren zikloko ikasketak ere egin ahalko dituzte Unibertsitatean.

1. artikulua. Nafarroako Gobernuak Musikako goiko maila ezarriko du Nafarroan 2002-2003 ikasturtean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Legeak xedatuari jarraikiz.

2. artikulua. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa sortu da, Nafarroako Gobernuaren mende, "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa izenarekin.

3. artikulua. "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak helburu nagusi du pedagogia, konposizio, interpretazio eta ikerkuntza arloetako musikari profesional adituak prestatzea, musika klasikoaren, usadiozkoaren eta modernoaren alorretan euren lanbidea garatuko dutenak, prestakuntza teknologiko, teoriko eta humanistiko handiarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bitartez, Musikako Goi Mailako musika ikasketen curriculuma ezarri eta haietan sartzeko probak arautuko ditu, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/19 90 Lege Organikoko 4. artikuluan xedatuarekin bat.

Bigarrena.-Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bitartez, "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren erregelamendu organikoa garatuko du -goi mailako ikasketa izaerari egokitua eta berezitasunei aurre egiteko beharrezkoak diren malgutasun eta espezifikotasuna ahalbidetuko duena-, ikastetxe horri antolamendu-esparru bat ematearren.

Hirugarrena.-Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bitartez, musika eskoletan musika ikasketa arautuak egiteko probak prestatzeko programak ezartzen laguntzeko sistema berariazkoa ezarriko du, eta ezarpen-maila baxuko orkestra espezialitateei laguntzeko politikak sustatuko ditu.

Laugarrena.-Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bitartez, lankidetza hitzarmenak sustatuko ditu "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eta talde-jarduerekin lotutako goi mailako musika ikasketei buruzko programak garatzeko gaitasun artistiko eta antolamenduzko nahikoa duten tokiko musika-erakundeen artean.

XEDAPEN IRAGANKORAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuak 2002an hasiko ditu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eraikina eta eskola-eremuko ekipamendu, egokimendu eta azpiegitura obrak hasteko tramiteak.

Bigarrena.-Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak "Pablo Sarasate" Kontserbatorioarekin erdibanatu ahal izanen du horren egoitza, bi kontserbatorioen egoitza berriak eraikitzen diren bitartean.

Hirugarrena.-Zuzendaritza talde berak zuzendu ahal izanen ditu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa eta "Pablo Sarasate" Kontserbatorioa, egoitza berean dauden bitartean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuari esku ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor da dila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0203383