43. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

6/2002 FORU LEGEA, martxoaren 27koa, Nafarroako Nekazaritza Ganberari buruzko apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

NAFARROAKO NEKAZARITZA GANBERARI BURUZKO APIRILAREN 6KO 4/1998 FORU LEGEA ALDATZEKO FORU LEGEA.

Apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legeak Nafarroako Nekazaritza Ganbera zuzenbide publikoko korporazio gisa sortu eta arautu zuen, nortasun juridikoarekin eta bere helburuak lortzeko gaitasunarekin. Horrekin batera, haren egitura eta haren funtzionamendua beharrezko printzipio demokratikoetara egokitu zituen.

1998ko abenduan Nafarroako Nekazaritza Ganberarako hauteskundeak egin ziren. 1999ko otsailaren 24an osatu zen Nafarroako Nekazaritza Ganbera.

Nafarroako Nekazaritza Ganbera berrirako lehenbiziko hauteskundeen ondoriozko esperientzia eta hura osatu zenetik iragan den denbora direla eta, komeni da apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legea xeheki aldatzea, bi helburu lortzeko.

Lehenengo eta behin, Ganberaren beraren agintaldia luzatzea, lau urtetik bostera. Horrekin erakundearen funtzionamenduak luzeago irautea lortzen da, baita nekazaritza sektoreko hauteskundeak arrazionalizatzea eta hauteskundeetarako gastuak aurreztea ere, hala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarendako eta Ogasun Publikoarendako, nola nekazaritzako erakundeendako ere. Foru Legearen aldaketa hau bakarrik 2002ko hausteskundeen ondoren osatuko den Ganberari aplikatuko zaio. Gaur egun osaturik dagoenak lau urteko agintaldia bukatuko du.

Bigarren helburua Nafarroako Nekazaritza Ganberaren eta nekazaritzako hauteskundeetarako administrazioaren egintza administratiboen aurkako errekurtso arruntaren aipamenak kentzea da, gaur egun ez baitu indarrik. Haren ordez indarra duen gora jotzeko errekurtsoa aipatuko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez legeriara berriz egokitua, horrela zuzenbide positiboaren koherentzia bermatzen baita.

Artikulu bakarra.-Aldaketa hauek sartzen dira Nafarroako Nekazaritza Ganberari buruzko apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legean:

Lehena.-4. artikuluko 1. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"1. Nafarroako Nekazaritza Ganbera zuzenbide administratiboaren menpe dago, eraketa eta antolamenduaren inguruko orotan eta, zuzenbide publikoko korporazioa den aldetik, ematen dituen erabaki eta egintza administratiboen ingurukoetan. Erabaki eta egintza horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, aplikatu beharreko administrazio prozeduraren arauei jarraikiz."

Bigarrena.-10. artikuluko 1. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"1. Osoko Bilkura Ganberaren organo gorena da. Hamazazpi kide izanen ditu, sufragio ireki, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez aukeratu beharrekoak, bost urterako, lanbide-ordezkaritzako irizpideen arabera hautatuak. Kide guztiak hauteskunde prozesu berean hautatuko dira, Nafarroa osoa hartuko duen hauteskunde barruti bakarrean."

Hirugarrena.-10. artikuluko 3. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"3. Osoko Bilkura eratuko da hauteskunde prozesua amaitu eta hogeita hamar eguneko epearean barruan eta agintaldia bost urtekoa izanen da."

Laugarrena.-11. artikuluko 1. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"1. Ganberako Osoko Bilkurak hautatuko du lehendakaria, bertako kideen artean, eraketa bilkuran. Kargualdia bost urtekoa izanen da, osoko bilkuraren kargualdiarekin bat, 10. artikuluko 2. zenbakiko b) idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe."

Bosgarrena.-23. artikuluko 2. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"2. Errolda bost urtetik behin berritu beharko da, gutxienez, Nafarroako Nekazaritza Ganberako hauteskunde prozesuarekin bat etorriz."

Seigarrena.-23. artikuluko 4. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"4. Erroldan sartu edo bertatik baztertzeko erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baina, jarrita ere, ez da etengo hauteskunde prozesua."

Zazpigarrena.-26. artikuluko 1. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"Nekazaritzako Hauteskunde batzordeko kideen erdiak bost urtetik berrituko dira".

Zortzigarrena.-26. artikuluko 3. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"3. Nekazaritzako Hauteskunde Batzordearen erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko arauei jarraikiz."

Bederatzigarrena.-30. artikuluak idazketa hau izanen du:

"30. artikulua. Zuzenbide-arau osagarriak.

Kapitulu honetan zehaztu gabe gelditu diren hauteskunde prozesuaren inguruko guztietan, zehazki, boto eskubideaz, boto-kontaketaz, emaitzen aldarrikapenaz eta postuak emateaz sortzen direnetan eta, orohar, hauteskunde prozesuan zuzenean nahiz zeharka eragina duten afera guztietan, Hauteskundeetarako Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa osatzen duten orotariko printzipioak hartuko dira kontuan".

AZKEN XEDAPENA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, bost urteko agintaldiari buruzko xedapenak foru lege honek indarra hartzen duenetik egiten diren lehenbiziko hauteskundeen ondoren osatzen den Nafarroako Nekazaritza Ganberari aplikatuko zaizkio.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: a0203382