41. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 3a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A I E G I

Ordenantzak behin betikoz onetsirik

Aiegiko Udalak 2001eko azaroaren 6ko osoko bilkuran aho batez erabaki zuen, eta beraz legez eskatzen den gehiengoa izanik, ondotik aipatzen diren ordenantza eta erregelamenduak hasiera batez onestea.

Hasierako onespenaren iragarkia 2001eko azaroaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

2002ko urtarrilaren 22ko osoko bilkuran aho batez erabaki zuen, eta beraz legez eskatzen den gehiengoa izanik, iragarki honen eranskin gisara doazen ordenantza eta erregelamenduak behin betikoz onestea.

Aiegin, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita lauan. Alkatea, José Artiz Segura.

AIEGIKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aiegiko Udalaren mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskurapen eta aprobetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herrilurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. art. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute bere gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen bere izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. art. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz, Aiegiko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Aiegiko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Herri ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Aiegiko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Aiegiko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. art. Aiegiko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. art. Aiegiko Udalak noiznahi berreskuratzen ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. art. Aiegiko Udalak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura-soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. art. Aiegiko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Aiegiko Udalak administrazio bidea erabiliko du betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Aiegiko Udalak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. art. Aiegiko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurren aprobetxamendua.

d) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. art. Aiegiko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duen izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. art. 1. Oro har, Aiegiko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaitutako adin txikikoa izatea.

b) Aiegiko biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, azkeneko lau urteetan bederen.

c) Aiegin urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Aiegiko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Dena den, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, nahiz eta familiakoekin bizi, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak banan-banan argituko ditu Aiegiko Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

17. art. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Aiegiko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Aiegiko Udalak modalitate horiek aipatu ordena berean aplikatuz eginen du laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko prozesua.

LEHENENGO SAILA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. art. 1. Aprobetxamendu mota honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren % 60aren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, abeltzaintzaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen beste edozein datu ere.

19. art. 1. Ereduko lotearen azalera, modalitate honetan honako hau da:

-Lehorreko lurra: 34 erregu.

2. Lehenagoko 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz aterako dira:

a) Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea, hots, 34 erregu lehorreko lur.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hots, 68 erregu lehorreko lur.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea, hots, 102 erregu lehorreko lur.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea, hots, 170 erregu lehorreko lur.

20. art. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Aiegiko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Kasu honetan, Udalak bere herrilurren ehuneko 50 erabiliko du, gutxienez, banatzeko era honetarako.

21. art. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea gutxienez ere 8 urtekoa izanen da. Urte bat baino gehiagoko laboreak badira, eta Udalak baimendu ondoren, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatuko da.

22. art. Aprobetxamendu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo lur-sariak ordainduko dituzte:

-Lehorreko lurretan: 6 euro/erregua/urtea.

Zenbateko hori 2002. urterako proposatu den lur-sariari dagokio eta urtero eguneratu beharko da, gehienez ere K.P.I.aren arabera. Edonola ere, lur-sariak Aiegiko Udalak ordaindu beharreko kostuak estaliko ditu gutxienez.

23. art. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. art. Erregelamendu honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Aiegiko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. art. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu motaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Aiegiko Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Aiegiko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Lur banaketa edo lagapena egiten dituzten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek lur banaketa edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal gordailuzaintzan.

26. art. Aiegiko Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direla ulertuko da:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Herrilurren Batzordearen edo Landazaintza Zerbitzuaren ustez, esleitu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez dituenean.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoren, Aiegiko Udalak agindu epean aurkezten ez dituenean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak, frogatzeko agiriak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleitutako lurzatiaren ehuneko 80, gutxienez, lantzen ez duenean.

f) Landalurren jabeak izanik, hirugarrenei errentan emanak dituenean.

BIGARREN SAILA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

27. art. Lurzatiak lehen sailean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. art. Herritarren artean zuzenean esleitzen diren loteen azalera Udalak zehaztuko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoren. Esleipena gelditu diren lurren azaleraren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen da, famili unitate bakoitzeko dirusarrera garbien alderantzizko proportzioan.

29. art. Esleipen epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. art. Herrilurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu mota honetan ordaindu beharreko lur-saria honako hau izanen da:

-Lehorreko lurretan: 10 euro/erregua/urtea.

Zenbateko hau 2001. urterako proposatutako lur-sariari dagokio, eta eguneratuko da urtero, KPIaren muga gainditu gabe.

31. art. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen-hartzaileak. Horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

32. art. Aiegiko Udalak laborantzako lur puska bat gordeko du, gehienez ere herrilurren azalera osoaren ehuneko 5 eginen duena, onuradun berriei esleitzeko.

33. art. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berberei jarraituko zaie.

HIRUGARREN SAILA

Aiegiko Udalak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoa

34. art. Aiegiko Udalak, laborantzarako lurra sobran baldin badago, lehen eta bigarren sailetan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, enkante publikoan esleituko du zehaztuko den eperako, beti ere esleipena banaketa berria egitean bukatzen bada.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Udalak finkatuko du eta eskualde honetan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko hauek, KPIa nola aldatzen den, halaxe eguneratuko dira urtero.

Enkantea egin ondoren landaketarako lurra sobran geratzen bada, Aiegiko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

LAUGARREN SAILA

Esleipenaren prozedura

35. art. Aiegiko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondotik, epe bat irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten, ediktua Udalaren iragarki oholean argitara eman ondoren.

36. art. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, honako hauen gainean:

a) Aiegiko bizilaguna dela, gutxienez ere azkeneko lau urteetan, eta urtero bederatzi hilabete ematen dituela, bederen, herrian.

b) Udal honekin zerga arloko eginbeharrak bete direla.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitatea osatzen duten kideetako bakoitzak bere jabetzakoak dituen erreguak, udalerri honetan eta beste batzuetan, lehorreko lurrak eta ureztalurrak bereizita.

e) Famili unitatea osatzen duten kideetako bakoitzak errentan harturik edo jabetzatik aparteko bestelako moduren batean lantzen dituen lurrak, udalerri honetan eta beste batzuetan, lehorreko lurrak eta ureztalurrak bereizita.

f) Famili unitateko kide bakoitzak hirilur aberastasunaren zergapean duen kapitala, norberaren etxebizitzarena salbu, bai Aiegiko mugapean bai beste batzuetan.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren azienda aberastasuneko zerga oinarriak, udal mugape honetan nahiz besteetan, hots, zein azienda-espezie eta zenbat buru dituen.

h) Nekazaritzatik, industriatik edo zerbitzuetatik famili unitateko kide bakoitzak dituen dirusarrerak, baita Gizarte Segurantzako pentsiodunenak edo beste errentak ere.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Aiegiko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazioa eskatzeko. Agiri eta datu objektiboetan oinarritu beharko da, 18.3) artikuluan zehazten den bezala.

37. art. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. art. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki oholean egonen da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bihurtuko dira.

39. art. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horiei buruzko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

40. art. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Aiegiko Udalak loteak esleituko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honetako 19. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei, eta loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honetako 28. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean egonen da, 15 egunez, Udal honen iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

41. art. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

42. art. Aiegiko Udaleko herrilarreak eta, antzinako ohitura edo lege nahiz hitzarmenari jarraikiz, haiekin baterako ustiapen unitatea osatzen duten finka partikularrak, bazkaleku hauetan banatzen dira:

a) Bazkaleku bakar bat.

43. art. Aiegiko Udalaren herrilurretako larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Herritarrendako esleipen zuzena eginez.

b) Antzinako ohitura.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

44. art. Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, abereak Aiegiko Udalaren abelburuen erregistroan sartuak eduki beharko dituzte.

45. art. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi izanen haien azpierrentamendua edo lagapena. Aiegiko Udalak kontsideratuko du bazkalekuak ez direla zuzenean aprobetxatzen, onuradunak bere abelburuak Udal honen abelburuen erregistrotik kentzen baditu.

46. art. Esleipen epea 10 urtekoa izanen da (1).

47. art. Aiegiko Udalak honela ateratzen du hektareako jasan daitekeen abelburuen kopurua:

a) Bazkaleku bakarrean 600 ardi.

48. art. Kontuan hartuz bazkatzen ahal diren abelburuak, larreen kalitatea eta bertan artegirik ez dagoela, Aiegiko Udalak lur-sari hauek finkatu ditu bazkalekuetarako:

a) Bazkaleku bakarra: 1.500 euro.

49. art. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gora-beheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

50. art. Urte bakoitzari dagokion lur-saria bi epetan ordainduko da:

-Lehenengo epea: urteko zenbatekoaren ehuneko 50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

-Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako ehuneko 50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

51. art. Onuradunak, esleipena egiten den egunetik hasi eta 15 eguneko epean, esleipeneko 10 urteengatiko kopuru osoaren ehuneko 10 ordaindu beharko du fidantza gisa.

52. art. Aiegiko Udalak larre guztien bostena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ahal direlako.

Gordeko den eremu horrek muga hauek ditu:

53. art. Herrilarreak aprobetxatzen dituzten abereek beharko dute izan osasun ziurtagiri bat, egiaztatzen duena herrilarreak aprobetxatzen dituzten abereen Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla, eta horregatik bete behar dira aipatu Foru Legean eta bere erregelamenduetan zehaztutako baldintza guztiak.

54. art. Herriko ohituren arabera eta nekazariei nahiz abeltzainei kalterik ez eragiteko, Aiegiko Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

-Ezin izanen dira abereak herriko kaleetan barna pasatu, ezta hiri-guneetan edo gune urbanizagarrietan barna ere, non ez duen alkatetzak, salbuespeneko arrazoiren bat tarteko dela, hartarako baimen berezia ematen.

Era berean ezin izanen dira abereentzat erabili aisia edo denbora pasarako tokiak, hala nola Fuente Cerrada, El Plano edo La Fuente Vieja.

-Abereak ezin izanen dira ureztalurretan bazkatu, haietan landare bizirik baldin badago, ezta olibadi edo mahastietan ere, jabeek baimen espresua ematen ez badute. Jabe partikularren bestelako lurretan ere ezin izanen dira abereak bazkatu, baldin eta hezetasunagatik bertan kalte egiten ahal bada. Euri ondoko tartea, euria egin ondoren bazkatzen hasi ahal izatekoa, alegia, hogeita lau ordukoa izanen da apiriletik irailera bitarte, bi hilabeteak barne, eta berrogeita zortzi ordukoa urtearen gainerakoan.

55. art. Prozedura. Udalak erabakia hartu ondotik, hamabost egun balioduneko epea emanen da, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten, betiere Udalaren iragarki oholean ediktua atera ondoren.

56. art. Eskaerei zinpeko aitorpen bat erantsi beharko zaie, Ordenantza honen 36. artikuluan zehaztu modukoa, baita abelburuen kopuruari buruzko katastroko ziurtagiria ere eta Ordenantzaren 53. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzkoa.

57. art. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, inguruabar hauek kontuan hartuta:

a) Lehentasuna izanen dute egoera ekonomiko kaskarrena duten famili unitateek.

b) Bazkalekuak abere-zamaren arabera adjudikatuko dira abelburu kopuru antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahalko zaio, abelburuen kopuruak abere-zama gainditzen ez badu. Kasu horretan, lur-saria abelburu bakoitzeko kalkulatuko da.

d) Nekazari bati bi bazkaleku adjudikatzen ahalko zaizkio, behar adina abelburu badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak betetzen badira.

58. art. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Epe hori erreklamaziorik gabe iraganez gero, behin betikoz onetsitzat emanen da.

59. art. Banatu ondoko larreak enkante publikoan adjudikatuko dira 10 urtetarako, indarra duen araudiari eta Ordenantza honetan, aplikagarria den hartan, ezarritakoari jarraituz.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

60. art. Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Aiegiko Udalak epaitzak banatuko ditu ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

61. art. Aiegiko Udalak urtero finkatuko du famili unitateei esleitzeko epaitzen bolumena, oihanean dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

62. art. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

63. art. Egurra banatzerakoan Aiegiko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik.

64. art. Aurreko artikuluak famili unitateei buruz aipatzen dituen maila ekonomikoak zehazteko, Aiegiko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, Ordenantza honen 18. artikuluan aipatzen den bezala.

65. art. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak bere aurrekontu arruntean.

66. art. Onuradunak behartuta daude egurra hartu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo egin dezaketen lekuetan ere. Betiere Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren esleipena ukatuko zaie.

67. art. Esleipen prozedurarako, Ordenantza honetako 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 55, 56, 57 eta 58. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

V. KAPITULUA

Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk

68. art. Ehiza aprobetxamenduaren kasuan, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, bete beharko da Nafarroako Parlamentuaren Arauan, 1981eko martxoaren 17koan, eta haren osagarri diren xedapenetan ezarritakoa.

69. art. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Aiegiko Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean egotea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. KAPITULUA

Herri ondasunetako hobekuntzak

70. art. 1. Aiegiko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hau da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Jendaurrera atera eta hilabetez egotea, eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

71. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean egon eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

72. art. Honako hauek arau-hauste administratiboak dira:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Labore iraunkorrak (frutarbolak, zainzuri landareak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilurretan bazkatzen diren abelburuen osasunaren gainean Foru Legean eta bere Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

j) Artzaintzarako tokiak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

73. art. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

g) arau-haustearengatik, lurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa zenbat den, gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainaraztea. Balioa zehazterik ez badago, hirurogei eurotik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

AIEGIKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA BERTAKO ZERBITZUAK ERABILI NAHIZ EMATEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ETA ESKUBIDEAK ARAUTZEN DITUEN O R D E N A N T Z A

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta baliatzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera, Aiegiko Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, bestelako agintaritzek arlo horietan dauzkaten legezko eskumenak ukatu gabe.

2. art. Aipatutako administrazioak, zuzendaritzak eta zainketak ondoko ahalmenak dakartzate beraiekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona, hilerriaren barne araubideari eragiten badio.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilpena eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta kuotak kobratzea.

3. art. Alkatetzak bere ardurapean izanen ditu hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua. Horretarako behar adina langile izanen du eta, bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari, esate baterako lanak kanpoko enpresa bati kontratatzea.

4. art. Hilerrian behar diren adina hilobi huts izanen dira, udalerriko biztanleen erroldaren arabera, edo haiek egiteko behar adina lur, bederen.

5. art. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, baina hartarako ordaindu beharko dira ehorzteko eskubideak, tasen eranskinean aipatzen direnak.

6. art. Hilotzak ateratzen ahalko dira hobitik, hilerrian berean besteren batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. art. Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatzen ahalko ditu. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, hark baimena eman eta ikuskatu beharko baitu Ordenantza betetzen ote den eta lanak nola egiten diren. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da beharrezkoa izaten inolako abisurik ematea, eta udal zerbitzuek eginen dute lana, gorpuzkinak hezurtegi orokorrera eramanez.

8. art. Hilerrira eraman eta berehala ehortzi behar ez diren hilotzak gorputegian geldituko dira, lurperatzen diren arte. Ez da gorpurik ehortziko, heriotza gertatzen denetik 24 ordu igaro ez badira, eta epe hori bete bitarte hilotzak gorputegian geldituko dira.

Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko ateratzen diren gorpuzkinak ezin dira gorputegira eraman.

9. art. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu edo erraustu gabeko hilotzak ateratzen ahalko dira honako kasu hauetan:

a) Lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda eta erabat hezurturik baldin badaude.

b) Edozein unetan, gorpua erraustu baldin bazen.

Epe laburragoan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

10. art. Hilotz baltsamatuak eraman eta lekualdatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berritu beharko da, baldin eta lehengoa egoera txarrean badago.

11. art. Gorpua ehortzi edo hobitik ateratzen denean, bai eta berriz ehorzten denean ere, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan. Ehortzitakoaren izena eta bi deiturak paratuko dira, ateratzerik egin ez dadin 9. artikuluan aipatzen den epea baino lehen, edota gorpu bakoitzaren egoera zein den zehazki jakiteko, justiziak erabakitzen duen ateratze kasuetarako. Hilotza I. edo II. taldekoa den ere adieraziko da.

12. art. Urririk izan nahiz kostu bidez izan, hilerriko lurra ehorzketa aferetarako erabiltzeko Udalak kontzesio administratiboa eman beharko du.

Ez da inoiz ez inola emanen mugarik gabeko kontzesiorik.

13. art. Lurren kontzesio guztiak, lurrean urririk nahiz kostu bidezkoak (nitxoak edo soto-panteoietarako lurzatiak), lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko direla ulertu behar da. Eskuratzaileen eskubideak xede horretara mugatuta daude eta, hortaz, bai lurrak baita haren gainean hilobi gisa egiten diren eraikuntzak ere Ordenantza honek zehazten dituen baldintzak bete beharko dituzte.

14. art. Lurren kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Gainean hilobi gisa egiten diren eraikuntzak ez dira haien gaineko xedapen egintzak.

15. art. Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, men eginen diete mehelinari buruzko ohiko xedapenei.

16. art. Hobien kokaera, lurrerauzketa gastuak eta gainerakoak, kontzesiodunaren kontura izanen dira obra amaitu arte.

17. art. Hilobiak xahu eta apain edukitzea titularren betebeharra da. Alkatetzak errekerimendu egiten ahal die interesatuei hilobia egokitzeko obrak egin ditzaten, eta bestela hark berak egiten ahalko ditu, kontzesiodunen kontura, baina ordaintzen ez badute, eskubidea galduko dute, eta, horren ondorioz, gorpuzkinak atera eta hezurtegi orokorrera eramaten ahalko dira, baldin eta 9. artikuluan aipatzen diren epeak igaro badira.

18. art. Ordenantza hau onetsi aurretik zeuden kontzesioak honen araudiaren arabera arautuko dira.

19. art. Kontzesioak eta aprobetxamenduak iraungitzen ahalko dira hilerria edo interes publikoa desagertzeagatik, edo kontzesio denbora nahiz dagozkiokeen luzapenak amaitzeagatik.

20. art. Hilerriak parte hauek ditu:

Sartu eta eskuin aldera, bost lerro hilobi, zeinetara iristeko hiru kale baitaude: San Cipriano, San Martin eta San Veremundo.

Sartu eta ezker aldera, lehenbiziko nitxo multzoa, non guztira 57 zulo dauden, behetik gora hiru lerrotan, eta lehen multzo honen parean, aurrean, hurrenez hurren, biltegi txiki bat, kantoian; hezurtegia, eta bigarren nitxo-multzoa, guztira 51 zulo, lehenbiziko multzokoak bezalaxe jarriak. Hilerriaren ipar-ekialdeko paretan gorputegia dago, bi sarrera-ate desberdinen ertzean, eta aldarea. Kokapen horrekin, erdian Santa Maria plaza gelditzen da, eta plazaren erdian soto-panteoiak.

21. art. Panteoien aldean badira 10 lurzati, 3,50 bider 2,50 metro bakoitza, lauko bi multzotan eta biko multzo bakarrean banaturik. Lurzati hauek kontzesio administratiboaren bidez esleituko dira, enkante publikoan, hasierako prezioa, gutxienez ere, 1250 eurokoa izanen dela. Kontzesioa 50 urtetarako izanen da, kontzesioaren datatik hasita.

22. art. Panteoirako lurraren kontzesiodunak mugatu beharko du lau aldeetatik bere zatia, lurretik gora hogeita hamabost zentimetro altxatuko den harri edo zementuzko kordoi baten bidez, eta aurrealdea itxi, obra finkoaren gainean hesia edo katea jarriz.

23. art. Panteoirako lurzatiaren kontzesiodunak ezin izanen du metro bat baino altuagoko obra lanik eraiki, hilerriko karrika edo pasabideak zero kotatzat hartuz. Aipatutako altuera hori gainditzen duen gurutze, hilarri edo apaingarria jartzen ahal da, ordea, eta lur azpian eraikitzea ere zilegi da, aldez aurretik Udalaren obra lizentzia eskuraturik.

24. art. Soto-panteoien ezaugarri bereziengatik, ehorzketa, gorpu ateratzea edo bestelako zerbitzu guztiak, eskatzailearen baliabideek erabilita eta bere kontura eginen dira.

25. art. Nitxoen kontzesioak emanen dira baldin eta hilerrian nitxo erabilgarririk bada, 125 euroren edo, urteko K.P.I.aren gorabeherak kontuan hartuz, kopuru horren eguneratzetik ateratzen denaren truke, eta 12 urterako. Luzapen bakar bat ematen ahalko da, beste 12 urterako, aldez aurretik eskaturik, baina horretarako ordaindua eduki beharko da une horretan indarra duen tarifa.

26. art. Nitxoen kontzesioa ordena zorrotzaren arabera eginen da. Honela adjudikatuko dira: erabiltzen ari den nitxo-multzoaren parean jarririk, behetik gora eta ezkerretik eskuinera. Hilerrian dauden nitxo erabilgarri guztiak bete ondoren, Udalak gorpuak aterako ditu kontzesioa iraungita duten nitxoetatik eta gorpuzkinak hezurtegi orokorrera eramanen, kontzesio berri bat eman ahal izateko. Halakorik egiterik ez bada, iraungitako kontzesiorik ez dagoelako, Udala ez dago beharturik halako kontzesiorik ematera.

27. art. Hilarria paratu eta hilarrian inskripzioak egiteko baimena emanen da, nitxoaren itxituran, baina ez da inola ere onartuko itxituran jartzea nitxoaren kanpoaldeko ertza bost zentimetrotik goiti aterako den elementurik.

28. art. Lurreko hilobien kontzesioa ordena zorrotzaren arabera eginen da, doakoa izanen da eta 12 urterako. Dena dela, zerbitzua doakoa denez, tokia falta delako beharrezkoa bada, legeak onartzen duen gutxieneko epea betez gero gorpua atera eginen da. Kontzesio epea igarotakoan, lurreko hilobien kontzesio gehiago emateko, Udalak hezurtegi orokorrera eramanen ditu gorpuzkinak.

29. art. Lurreko hilobiak 2,40 metro luze, metro bat zabal eta 2 metro sakon izanen dira. Paratzen ahalko da gurutzea, hilarria edo antzekoa, inskripzioak dituena, eta lurzatia mugatzen ahalko da gehienez ere 40 zentimetroko altuerako harri, zementu, kate edo hesiaren bidez, inguru guztian.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

30. art. Zergagaia ondoko zerbitzuak ematea da:

1.-Ehorzketa nitxoko hilobian.

2.-Ehorzketa lurreko hilobian.

3.-Bestelako hileta zerbitzuak.

31. art. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisikoak izan, juridikoak edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

32. art. Zerga-oinarria ordenantza honen tasen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

33. art. Hilobi berean biren hilotz edo gorpuzkinak nahiz gehiagorenak batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, ehorzteko tokian behar bezala mugatuak badaude. Horrelakoetan, partikularrak bere kontura egin beharko ditu banakako ehorzketatik gorako lanak.

34. art. 30. artikuluan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien kuotak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den kuota ordainarazteari ekin diezaioten.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea.-Lurreko ehorzketak: 125 euro.

2. epigrafea.-Nitxoko ehorzketak: 125 euro.

3. epigrafea.-Bestelako zerbitzuak. Ordenantza honetan zehazten ez bada ere, eskatzen den beste edozein zerbitzu, eta ohi ez bezala egiten diren eta Udalaren baimena behar duten ehorzketak, eskatzaileak horretarako bere kontura kontratazen dituen pertsonei utziko zaie egiten.

4. epigrafea.-Nitxoko hilobien kontzesioa, lehenbiziko 12 urteetan: 125 euro. Beste 12 urte gehiagoko luzapena: 125 euro.

Tasa horiek urtero eguneratuko dira aurreko urteko K.P.I.aren gorabeheraren arabera. Hurrengo eguneratzea 2003ko urtarrilaren 1ean eginen da.

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN AIEGIKO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Aiegiko Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea, baita haren iraungitzea ere, inskribatzen ahal da Ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Aiegiko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, adierazteko ez daudela ez ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinean, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Ez da inskripziorik eginen, ezta ere, bikoteko bat ezkontza bidez elkarturik badago, ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada, edo akats nahiz anomalia psikikorik badu. Azken kasu horretan, medikuaren irizpena beharko dute, Ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten den elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituen argitasun guztiak agerrarazten ahalko ditu. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartzen diren kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Aiegiko Udaleko Idazkaritza Orokorrean egonen da.

6. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agerraraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea babesteko, norbanakoarena nahiz familiarena, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoren.

10. art. Inskripzioak nahiz ziurtagiriak dohainik eginen dira.

11. art. Izatezko Bikoteen Udal Erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Aiegiko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan sartzeko orria

Aiegiko Udaleko Udal Idazkaritzan, ........... egunean, honako hauek batera agertu gara:

Izena: ..................; jaioterria: ........; bizi eta erroldatutako lekua: ..............; adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitut); N.A.N. zenbakia: ......., eta

Izena: ..................; jaioterria: ........; bizi eta erroldatutako lekua: ..............; adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitut); N.A.N. zenbakia: .......,

Eta honako hau azaldu nahi dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Ondokoa adierazten dugu:

Lehendabizi: aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure bion helbidea, Aiegiko herrian, honako hau izanen dela: ............... (gogorarazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekua duen udalerrian).

Bigarren: ez gaudela gu biotako inor ezkontzaren bidez loturik, ez gure artean, ezta beste inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta ezkontzeko inolako ezgaitasun deklaraturik ere.

Bosgarren: ez dugula nahi gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarren: baimena ematen dugula Aiegiko Udal Erroldan honako datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Udal honetako erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horrenbestez, Ezkondu gabeko bikote egonkorren Aiegiko Udaleko Erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: ............... Sinatua: ...............

II. ERANSKINA

Ezkondu gabeko bikote egonkorraren elkartzearen iraungipena jakinarazteko orria

Aiegiko Udalean, ......... halako egunean, honako hauek agertu gara: izen-abizenak: ....................... (N.A.N.: .....) eta ..................... (N.A.N.: .......) eta, Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen Ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu bukatu edo iraungi nahi dugula gure arteko bikote egonkorraren elkartzea, aipatu Udalaren erregistroan horrelaxe inskribatua dagoena, bertan ikus daitekeen bezala.

Horiek horrela, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat eman dezazuela elkartzearen inskripzioa. Sinatua: ............... Sinatua: ...............

AIEGIKO AUTOTAXIEN ZERBITZU PUBLIKOAREN ERREGELAMENDUA

ATARIKO XEDAPENA

1. artikulua. Indarra duten xedapenek ematen dizkioten eskurantzez baliaturik, Aiegiko Udalak antolatu du bidaiariak taximetrorik gabeko alokatzeko ibilgailuetan garraiatzeko zerbitzua, agindu hauei jarraikiz antolatu ere: Erregelamendu hau, Zirkulazio Kodea, Ibilgailu Arinetako Hiri eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretua, horiekin bat heldu diren xedapenak eta baita etorkizunean Erregelamendu honi aplikatzen ahalko zaizkionak ere.

I. KAPITULUA

Erregelamenduaren xedea

2. art. Erregelamendu honen xedea da gidaria duten alokatzeko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua orokorki arautzea.

Autotaxien arloan, zerbitzuaren antolaketa eta antolamendua Aiegiko Udalari dagozkio, alorreko elkarte profesionalei aldez aurretik entzutea emanda.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak, haien jabetza eta zerbitzu egiteko baldintzak

LEHEN SAILA

Autotaxi ibilgailuak

3. art. Ibilgailu guztiek balio izanen dute ibilgailuak alokatzeko zerbitzu publikorako, baldin eta, potentzia, segurtasun eta agerkera aldetik, erregelamenduzko baldintzak betetzen badituzte eta zerbitzua egiteko Udalaren baimena badute.

Ibilgailu horiek karrozeria itxia izan beharko dute, baita sarrera errazeko ateak ere. Berauetan eta atzealdean ahalik eta ikuspen, argitasun eta aireztapen handiena lortzeko adina lehiatila egon beharko da, beira garden eta ezin ezpalduzkoez horniturik.

Ibilgailuen barrenean beharrezko argiteria elektrikoa ezarri beharko da.

Ateek guztiz maneiagarriak izan beharko dute beti, ibilgailuetan aise sartu eta ateratzeko, eta ateetan egon beharko duten lehiatilei eragiteko mekanismo bat izan beharko dute.

4. art. Autotaxi ibilgailuek 9 HP baino potentzia handiagoa izan beharko dute, eta beren edukiera erreala Industri Delegazioak mota bakoitzerako zehaztutakoa izanen da. Nolanahi ere, ibilgailuaren edukiera ez da inoiz 5 leku baino gutxiagokoa, ez eta 9 baino gehiagokoa izanen, gidariarena barne.

Ez da baimenik emanen bost urte baino gehiagoko ibilgailurik zerbitzuan jartzeko, eta ibilgailu hauek ezingo dira ibili Alkatetzaren baimenik ez badute.

5. art Autotaxiek karrozeriaren aurrealdean nahiz atzealdean plaka bat eramanen dute, "S.P." letrak agerian dituena. Halaber, "Taxi Ayegui" hitzak eraman beharko dituzte atzealdeko beiran.

6. art. Ibilgailuek, barrenean, matrikula, lizentziaren zenbakia eta jarleku erabilgarrien kopurua adierazten dituen plaka eramanen dute, baita behar bezala homologatutako su-itzalgailu bat ere.

Ibilgailuek honako agiri hauek izan beharko dituzte:

1.-Ibilgailuaren eta gidariaren agiriak.

2.-Erregelamendu honen ale bat.

3.-Aseguru poliza.

4.-Erreklamazio liburua.

5.-Indarra duen legeriak eskatzen dituen agiriak.

7. art. Ibilgailuak desinfektatu eta desintsektatu egin beharko dira, gutxienez urtean behin eta, Osasun arloko Ikuskapenak proposatuta, Alkatetzak hala agintzen duen aldiro. Horrelakoetan dagokion egiaztagiria eramanen da.

8. art. Urtero, autotaxi ibilgailuen azterketa bat eginen da, Alkatetzak edo Industri Delegazioak beharrezko juzgatzen dutenean agindu litzaketenak deusetan ukatu gabe, eta zainketa, agerkera eta garbitasun aldetik beharrezkoak diren baldintzak edo eskatutako bereizgarriak edo agiriak ez dituzten ibilgailuen titularrak zehatuak izan daitezke, baita berrerorleei lizentzia kenduz ere.

Autotaxien urteroko ikuskapena Udalak egokiro erabakitzen duen epean eginen da. Ikuskapenaren ordena autotaxien ordezkariekin ados jarrita eginen da.

BIGARREN SAILA

Lizentziak

9. art. Lizentzien kopurua zehazteko, indarrean dagoen legeriak ezarritakoari jarraituko zaio.

Lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira eta Udalak eginen du horren baremoa, taxi lanpostua hutsik gelditzen denean.

10. art. Pertsona fisikoek baizik ez dute eskatzen ahal autotaxiendako udal lizentzia.

Lizentzien eskabideak alkateari zuzenduko zaizkio. Haietan eskatzaileak adieraziko du Erregelamendu honen xedapen guztien berri duela eta onartzen dituela. Horrekin batera agiri hauek aurkeztuko ditu:

1.-Behar den motako ibilgailuen gidabaimena, agintaritza eskudunak emana.

2.-Nortasunaren ziurtagiria.

3.-Hiru argazki, nortasun-agiri tamainakoak.

Eskatutako baimena lortuz gero, onuraduna behartuta egonen da, jakinarazpen egunetik hasita gehienez ere hilabeteko epearen barrenean, honako agiri hauek aurkeztera:

a) Zerbitzua eskainiko duen ibilgailuaren zirkulazio baimena, bost urte baino gutxiagoko antzinatasuna duena.

b) Hirugarrenei eta garraiatutako lagunei egindako kalteen erantzukizun mugagabearen aseguru poliza.

Aipatu epean agiri horiek auzkeztu ezean, lizentzia iraungitzat joko da, eta berriz ere lehiaketa publikorako deialdia eginen da, lehen adierazitako prozedura erabiliz.

11. art. Autotaxien lanpostu hutsak Udalak xedatutakoaren arabera beteko dira, horiek Herriko Etxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ediktuaren bidez iragarri ondoan. Ediktu horretan deialdi publikoaren baldintzak zehaztuko dira, aurreko artikuluko baldintzak betetzen dituzten izangaiek lanpostu huts horiek eskatu ahal izan ditzaten.

12. art. Udalak honako hauei buruzko azterketa eginen die lizentzien izangaiei:

a) Erregelamendu honen ezagutza.

b) Herriaren eta bere inguruen ezagutza.

c) Ibilgailuen mekanika eta zirkulazio seinaleen ezagutza.

d) Azterketa medikoa.

13. art. Ematen diren lizentziek izaera pertsonala eta besterenduezina izanen dute eta debekatuta dago lizentzia eskuz aldatzea, lagatzea edo saltzea.

14. art. Lizentziaren titularrak behartuta daude pertsonalki eta beste edozein lan ordainduren gainetik dedikazio oso eta bakarraz ustiatzera.

Udal lizentziaren titularrek edo, kasu berezietan, baimenduta dauden udalek, debeku dute inoiz ibilgailua beste bati gidatzera uztea.

Noiznahi ordezkatzen ahal da auto bat beste batekin, baldin eta Udalaren baimena izan eta Erregelamendu honetako baldintza guztiak betetzen baditu.

Aparteko kasuetan, betiere lizentziaren titularrak ezin badu berak bakarrik lana egin, Udalak, interesatuak ziurtagiria aurkeztu ondotik, laguntzaile bat baimendu dezake, epe jakin baterako, Erregelamendu honetako baldintzak betetzen baditu.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

15. art. Zerbitzua hasiko da hartarako eskaera egiten denean.

Zerbitzu egiteari uzten ahalko zaio honako denboraldi hauetan:

-Astean egun batez, gehienez ere, asteko atsedenaldirako.

-Hiru oporralditan, gehienez ere 15 egunekoa bakoitza, haien artean gutxienez ere bi hilabeteko tartea utzita.

16. art. Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada.

Bidezko arrazoitzat joko dira:

1.-Polizia atzetik segika duten lagunek eskatzea.

2.-Ibilgailurako baimendutako lekuak baino lagun gehiago eramateko eskatzea.

3.-Zerbitzua erabiltzaileen eta gidariaren nahiz ibilgailuaren beraren segurtasunerako arriskua ekar lezaketen ibilbide iraganezinetan barna egiteko eskatzen zaionean. Trafikoari zabaldutako bideetan egiteko eskatzen zaionean, berriz, ez dio uko egiten ahalko.

17. art. Taxilarien eginbeharra da edozein momentutan agintzaritzako agenteek istripuan zauritutakoak edo laguntza behar duten lagunak eramateko agindutako zerbitzua betetzea.

Kasu horietan ibilgailuek jasaten dituzten kalteak Udalaren kontura konponduko dira, Udalak sorotsitako lagunari horien zenbatekoa eskatzea deusetan galarazi gabe. Horretarako, nahitaezkoa izanen da ibilgailua Udalean aurkeztea, gertatu eta 24 orduko epearen barrenean.

HIRUGARREN SAILA

18. art. Erregelamendu honetako aginduen aurkako arau-hausteak honela sailkatuko dira: arinak, larriak eta oso larriak. Halakotzat joko dira ondotik aipatzen direnak eta, graduazio ezberdinetan, testu honetako aginduetan zehaztu direnak.

19. art. Hutsegite arinak:

a) Norberaren txukuntasun falta.

b) Zerbitzuan egonik, erabiltzaileak uzteko eskatuta ere, ibilgailuaren barrenean erretzea.

c) Ibilgailuaren garbitasun falta.

20. art. Hutsegite larriak:

a) Bi hilabeteko epearen barrenean lau hutsegite arin edo urtebetean hamar egitea.

b) Erabiltzaileak aukeratutako ibilbiderako aginduei kasu ez egitea, beharrik gabe ibilbide luzeagoak eginez.

c) Ibilgailua funtzionatzeko baldintza egokietan ez dagoela zerbitzuan jartzea.

d) Bezeroekiko harremanetan edo oinezkoen nahiz beste ibilgailuen gidarien kontra hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak erabiltzea.

21. art. Hutsegite oso larriak:

a) Bidaiaria eskatu duen zerbitzua eman gabe uztea, justifikatutako arrazoirik gabe.

b) Urtebetean lau hutsegite larri egitea.

c) Ibilgailua alkoholaren edo sorgorgarrien eraginpean gidatzea.

d) Zirkulazio Kodearen 289. artikuluan zehaztutako arau-hausteak.

e) Lanbidean aritzerakoan doluzkotzat hartutako delituak egitea.

f) Zerbitzu ematetik gelditzea arrazoi justifikaturik gabe, edo 15. artikuluan ezartzen diren erregelamenduzko oporraldia nahiz asteko atsedenaldia behar baino gehiago luzatzea.

22. art. Hutsegiteak honela zehatuko dira:

Hutsegite arinak: ohartarazpen idatzia, edo lizentziaren etendura 15 egun natural bitarte.

Hutsegite larriak: lizentziaren etendura, sei hilabete bitarte.

Hutsegite oso larriak: lizentziaren etendura urtebete bitarte, edo lizentzia behin betiko kentzea 21. artikuluko c, d eta f ataletako kasuetan.

23. art. Alkatetzak emanen dio hasiera zehapen prozedurari. Hala, ustezko arau-hauste baten jakinarazpen edo salaketa bat jasotzerakoan, instruktore bat eta idazkari bat izendatuko ditu, eta horren berri emanen dio espedientatuari.

Instruktoreak behar beste froga eta jarduketa aginduko ditu, gertatutakoa argitu eta zehatu beharreko erantzukizunak aurkitze aldera.

Burututako jarduketak ikusirik, kargu plegu bat aurkeztuko da eta horren berri emanen zaie interesatuei. Zortzi egun naturaleko epea izanen dute erantzuteko.

Kargu pleguari erantzun edo hori egiteko epea bukatu ondoren, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du, interesatuak beste zortzi egun naturaleko epearen barrenean bere defentsarako egoki juzgatzen duen guztia alega dezan.

Ebazpen proposamena, egindako guztiak jasoko dituena, Alkatetzari igorriko zaio, eta hark behin betikoz ebatziko ditu irekitako zehapen espedienteak eta dagokien zehapena, salbu eta lizentzia behin betikoz kentzen denean, orduan Udalak izanen baitu ebazteko eskumena.

Hartutako erabakien aurka, Zuzenbidean onartutako errekurtsoak jar daitezke.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honetan berariaz araututa ez dagoen guztirako, Nafarroako Foru Parlamentuak gai horri buruz onetsi dituen eta indarra duten xedapenei edo egunen batean onetsiko dituenei jarraituko zaie. Bestalde, horien osagarri gisa, Ibilgailu Arinetako Hiri eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuari edo gerora haren ordez ematen den xedapenari jarraituko zaio.

KIRODEGIKO INSTALAZIOAK ERABILTZEKO TASEN ALDAKETA

5.-Honako hauek ezarri dira, baina dagokien zenbatekoa Udalak aldatzen ahalko du, egoki edo beharrezkoa iruditzen bazaio.

Erabilera anitzetarako kantxa:

Pilota, modalitate guztietan:

Kantxa alokatzea, ordu bakoitza: 3,00 euro.

Pala edo paleta alokatzea, ordu bakoitza: 1,50 euro.

Pilota alokatzea, ordu bakoitza: 1,50 euro.

Futbito, saskibaloia eta eskubaloia:

Kantxa alokatzea, ordu bakoitza: 6,00 euro.

Baloia alokatzea, ordu bakoitza: 3,00 euro.

Argiak:

1. multzoko fokoak (7) erabiltzea, ordu bakoitza: 2,10 euro.

2. multzoko fokoak (6) erabiltzea, ordu bakoitza: 1,80 euro.

3. multzoko fokoak (2) erabiltzea, ordu bakoitza: 0,65 euro.

Diru kopuru horiek pilatu eginen dira, baldin eta bi foko multzo edo hirurak batera erabiltzen badira.

Kantxa erabiltzeagatik eta kirol materiala alokatzeagatik ordaindu beharreko kuotak ehuneko 60 merkatuko dira, baldin eta erabiltzaileen ehuneko 50 bederen Aiegiko bizilagunak badira.

Ezin izanen da kantxa erabili erremonte, zesta-punta eta larruzko pilotarekiko palaz aritzeko.

Squash-eko kantxak:

Squash-eko kantxak erabiltzeko eskubidea izateko, nahitaez "bazkidea" izan beharko da, hilabete bakoitzeko lehenbiziko bost egunen barrenean 10,30 euroko kuota ordainduz.

Aiegiko bizilagun diren bazkideek kuota hori bi heren merkeago ordainduko dute.

Aiegiko bizilagun ez diren bazkideen kopurua ez da inolaz ere 70 lagunetik goitikoa izanen.

Erreserbak 40 minutukoak izanen dira, goizeko 10:00etan hasi eta, 40 minututik jarraituz, 22:00ak arte.

Erreserba bakoitzaren tasa 0,55 eurokoa izanen da.

Oinetakoen zola zuria eta biguna izanen da.

Squash-eko bazkide bakoitza bazkide ez den batekin aritzen ahalko da baldin eta ez den horrek 2,75 euro ordaintzen baditu erreserba egiteagatik.

Bazkide ez diren bi pertsona aritzen ahalko dira, erreserba eta pertsona bakoitzeko 2,75 euro ordainduta, baldin eta kantxa libre badago.

Aurreko kasuetan, bazkideek lehentasuna izanen dute erreserba egiteko.

14 urtetik beheitiko pertsonak squash-ean aritzen ahalko dira bazkide izan gabe ere, baldin eta kantxa libre badago eta kirol honetarako arauak (zola zuri eta biguneko oinetakoak, eta abar) betetzen badituzte.

Pertsona horiek ez dute deus ordainduko kantxa erabiltzeagatik. Ari diren bitartean bazkideren bat etortzen bada, etorri berriak kantxa erabiltzeko eskubidea izanen du eta, beraz, besteek utzi egin beharko diote.

Ping-pong, billarra, eta abar.

Ping-pong alokatzea, ordu bakoitza: 0,70 euro.

Billarrak eta bestelako batzuk, une bakoitzean ezartzen den prezioa.

Zerbitzuak:

Dutxaldia, zerbitzu eta pertsona bakoitza: 0,70 euro.

Iragarkiaren kodea: A0201464