41. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

18/2002 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, "Familia Elkartzeko Gunea" eta "Haur eta Gazteentzako Eguneko Zentroak" izeneko zerbitzuak sailkatzen dituena.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluaren arabera Nafarroak eskumen osoa du, oro har, Gizarte Zerbitzuen arloan, eta berariaz haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politikan, ongintza eta laguntza elkarteen inguruan eta adin txikikoen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoen arloan.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legearen bidez Gizarte Zerbitzuen sistema arautu zen. Haren arabera, Nafarroako Gobernuaren eskumenak dira herritarren gizarte ongizatea ahalik eta gehien sustatzeko xedea duten zerbitzu eta jarduketak.

Nafarroako Gobernuari dagozkio, gainera, zerbitzuen plangintza, antolamendua, koordinazioa eta garapenaren zaintza, eta gizarte zerbitzuen arloko araudia betetzen den begiratzea.

Azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak, Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen eraentzari buruzkoak, administrazio jarduketa batzuk ezarri ditu prestazioen kalitatea eta maila hobetzeko eta, horretaz gainera, zehapen sistema bat, arauak betetzen ez diren kasuetarako.

Horri loturik, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuak, aipatu foru legea garatzen baitu, gizarte zerbitzuen arloko Zerbitzu eta Zentroak sailkatzen ditu, eta horietako bakoitzak azpiegitura, ekipamendu, langile eta funtzionamendu arloetan bete beharreko baldintzak ezartzen.

"Familia Elkartzeko Gunea" eta "Haur eta Gazteentzako Eguneko Zentroa" izeneko zerbitzuak berriak dira eta ezin dira orain artekoen barruan sartu; horregatik, bakarka sailkatu behar dira, 209/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluak adierazitako moduan. Artikulu horrek dioenez, aipatu Foru Dekretuaren eranskinean ageri ez diren zentro edo zerbitzuek, horietako bakar baten barrenean sartzen ahal ez badira, banaka eginen da haien sailkapena. Sailkapen hori Gizarte Ongizate kontseilariak Foru Agindu baten bitartez zehaztuko du.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak,

AGINDU DU:

1. Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, lege-hauste eta zehapenen eraentzari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzea eta, beraz, "Familia Elkartzeko Gunea" eta "Haur eta Gazteentzako Eguneko Zentroak" izeneko zerbitzuak sailkatzea, Foru Agindu honen eranskinean adierazitako moduan.

2. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

3. Foru Agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hogeian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, lege-hauste eta zehapenen eraentzari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinean "II. kapitulua.-Zerbitzu eta Zentroen sailkapena" garatu eta puntu hau erantsi da:

1.6. Familia Elkartzeko Gunea

-Esanahia:

Krisian dagoen familia baten elkartzeak edo bisitak egin ahal izateko eremu edo toki egoki eta neutrala, behar den prestakuntza duten langileen ardurapean.

-Erabiltzaileak:

1.-Banantze prozesuan eta ondoren adin txikiko seme- alaben eta aita-amen arteko harremana mantentzeko arazo edo zailtasunak dituzten familiak.

2.-Zaintza ez duen aita/ama, hirian etxebizitzarik ez badu edo etxebizitzak behar bezalako baldintzak betetzen ez baditu, pentsioetan bizi bada, familia zabalean gomendagarriak ez diren kideak badaude, e.a.

3.-Zaintza eta babespea ez dituen aita/ama, eritasunen bat badu, haurra hazteko trebetasunik ez edo egoera pertsonalengatik elkartze horiek gainbegiratzea komeni bada.

4.-Familietan zaintza eta babespea dituen aita edo ama bisitaldien kontra badago edo oztopoak jartzen baditu.

5.-Adin txikikoek zaintza eta babespea erabiltzen ez dituen aita edo amarekin harremanik izan nahi ez badute.

6.-Aita-amengandik bereizita dauden adin txikikoak, familia zabalean edo beste batean hartuta babes neurri gisa, bai prozedura judizialetan bai administratiboetan.

-Ematen diren zerbitzuak:

a) Adin txikikoa hartu eta entregatzea.

b) Tutoretzapeko bisita.

c) Adin txikikoa hartu eta entregatzea eta "Familia Elkartzeko Gunean" gelditzeko aukera.

-Langileak:

Ezinbestekoak dira psikologoa eta erdi mailako teknikaria.

-Baldintza espezifikoak:

Zentroak elkarrizketak eta administrazio lanak egiteko eremuak izanen ditu eta horietan lan egiteko behar diren baliabide materialak (ordenagailua, telefonoa, faxa, e.a.), eta 2 gela elkartze eta trukeak eta gainbegiratutako bisitak egiteko. Gela horietan: mahai zabal bat, aulkiak eta jolasteko eremu bat, eta gutxieneko jolas materiala.

1.7. Haur eta Gazteentzako Eguneko Zentroa.

-Esanahia:

Egoitzak ez diren zentroak, adin txikikoei egunez eskolaz kanpoko orduetan laguntzeko, adin txikikoaren esparru pertsonal, sozial eta familiarretan orokorki arituz.

-Erabiltzaileak:

Esku-hartze integrala behar duten adin txikikoak, familiaren behar besteko laguntza izanik gaua familiaren etxean pasa badezakete.

-Ematen diren zerbitzuak:

a) Hezkuntzako laguntza.

b) Aisiako jarduerak.

c) Laguntza psikologikoa.

d) Elikadura eta higienea zaintzea eta bizikidetasuneko oinarrizko arauak.

-Langileak:

a) Hezitzailea beti bertan egotea.

b) Eguneko Zentroaren arduradun bat izatea.

-Baldintza espezifikoak:

a) Aisiako jardueretarako gela.

b) Hezkuntzako laguntzarako eta laguntza psikologikorako gela.

c) Zentroak sukaldea, komuna eta bainugela/dutxa izanen ditu.

Iragarkiaren kodea: a0202021