41. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

17/2002 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Aisialdiko Eskolen onarpen ofizialerako, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolarekin (GENE) izanen dituen harremanetarako eta ofizialki onartutako Aisialdiko Eskolen ohiko funtzionamendurako arauak ezartzen dituena.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak txosten bat aurkeztu du ekainaren 21eko 235/1999 eta 236/1999 Foru Dekretuak ofizialki onartutako Aisialdiko Eskolei dagozkien alderdi batzuk garatu beharrari buruz, bi entitate horien arteko harremanak hobetzeko.

235/1999 eta 236/1999 Foru Dekretuen azken xedapenetako bigarrenek ematen dizkidaten eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateak Aisialdiko Eskolak onarpenerako, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolarekin (GENE) izanen dituen harremanetarako eta ofizialki onartutako Aisialdiko Eskolen ohiko funtzionamendurako arauak onartzea, Foru Agindu honen eranskinean finkatu bezala.

2. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari baimena ematea, aurreko legerian onarturiko Aisialdiko Eskolei berriz onarpena emateko, ofizioz, betiere Foru Agindu honen eranskineko 2. arauan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Baldintza horiek betetzen ez dituzten eskolei hiru hilabeteko epea ematen ahalko die arau horretan eskatutako agiriak aurkez ditzaten.

3. Hamabi hilabeteko epea ematea, Foru Agindu honek indarra hartzen duenetik hasita, ofizialki onartutako Aisialdiko Eskoletan aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroetan inskribaturik egon eta praktikaldia bukatu ez duten pertsonei, buka dezaten. Epe hori praktikak amaitu eta beren eskolan haiei buruzko memoria aurkeztu gabe agortzen bada, tituludun izateko eskubidea galduko da.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hogeian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

1. Xedea.

Foru Agindu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Aisialdiko Eskolak onartzeko baldintzak ezartzea da, hala nola eskola horiek Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolarekin (GENE) izanen dituen harremanak eta ofizialki onartutako Aisialdiko Eskolen ohiko funtzionamendua arautzea.

2. Onarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean helbideraturik egon eta Aisialdiko Hezitzaileen Eskolen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek eskatu ahalko dute eskola horien onarpena, baldin eta horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, eskabidea aurkeztuko dute Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolako (GENEko) zuzendariari zuzendua, ondoko agiriekin batera:

a) Entitate edo pertsona eskatzailearen identitatea egiaztatzeko eta haren iraupena bermatzeko agiriak.

b) Eskola arautuko duten estatutuak. Horien barrenean ondoko datu hauek ageriko dira, gutxienez: Eskolaren izena eta kokalekua, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean egonen dena; bere jardueren lurralde esparrua; ordezkaritza, zuzendaritza eta administrazio organoak, araubide ekonomikoa eta Eskolaren funtzionamenduaren erregulazioa.

c) Eskatzailearen baliabide pertsonalei eta azpiegiturari buruzko txostena; jarduera nagusia egiteko duen egoitza soziala eta ikastaro eta jarduera osagarriak egiteko gelak aipatuko dira.

d) Eskolaren bideragarritasun plana eta bere jardueretarako hautatu duen eskualdean haren premia dagoela justifikatzen duen idazki arrazoitua.

e) Eskolaren prestakuntza proiektua, eskola bakoitzaren berariazko prestakuntza programetan jarraitu beharreko bidea. Eman nahi dituen ikastaroetan erabiliko duen metodologia zehaztuko du, bai eta maila eta kurtso guzietako etapak ebaluatzeko erabiliko dituen prozedura eta baliabideak ere.

f) Langile teknikoak: Aisialdiko Eskola guztiek zuzendari bat izanen dute, Eskolaren ardura eta ordezkaritza hartuko dituena.

g) Eskola bateko zuzendari izateko beharrezkoa izanen da unibertsitateko lizentziatu edo diplomadun titulua izatea, hala nola Aisialdiko zuzendariaren diploma eta gutxienez bi urteko esperientzia izatea.

h) Eskola bakoitzak bi lizentziatu eta diplomadun bat izanen ditu gutxienez, gazteekin jarduerak egiten esperientzia dutenak. Esperientzia hori Eskolako irakasle guztiei eskatuko zaie eta ondoko bide hauetako baten bitartez egiaztatuko da:

-Eskolak eman eta zuzendariak sinatutako ziurtagiria, gutxienez bi urtez Eskolako irakaslea izan dela egiaztatzen duena, aurkeztea.

-Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak horretarako antolatzen duen gaitasun ikastaroa egitea.

-Aisialdiko zuzendariaren diploma edukitzea.

3. Aisialdiko Eskolen eta Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolaren arteko harremanak.

a) Aisialdiko Eskolek aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak eman ahalko dituzte. G.E.N.E.k titulu horiek onartuko ditu. Eskolak behartuta daude urtean gutxienez ikastaro horietako bat egitera.

b) Aisialdiko Eskolek, urteroko irailaren 1a baino lehen, urriaren 1etik irailaren 30era eman nahi dituzten ikastaroen programazioa aurkeztu behar dute Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan; ondoko datu hauen berri ere emanen dute: jarraitu beharreko metodologia, kontrolatu eta ebaluatzeko sistemak, irakasleak, lokalak, praktikak egiteko tokia eta ikastaroen gaineko beste edozein alderdi, onarpena emateko G.E.N.E.k eska lezakeena.

c) Aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaro bakoitzaren hasieran, Eskolek parte-hartzaileen zerrenda, haien Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta kasuan kasuko ikastaroko inskripzio-orria aurkeztuko dizkiote G.E.N.E.ri; horiekin batera, ikastaroa emateko tokia eta ordutegia eta ikasle bakoitzak praktikak non eginen dituen jakinaraziko dio.

d) Ikastaro bakoitzaren zati teorikoa bukatuta, eskolek ikasleek lortutako kalifikazioak igorriko dituzte G.E.N.E.ra, hilabeteko epean.

e) Praktikaldia aldi teoriko-praktikoa bukatu ondoren eginen da edo, bestela, aldi horrekin batera. Horretan ikasleak proiektu bat garatu beharko du, eskolaren eta praktikak egiten ditueneko lekuko arduradunaren jarraipenarekin.

f) Ikastaldia bukatu ondoren, Aisialdiko Eskolek ikasleen azken kalifikazioen aktak igorriko dituzte G.E.N.E.ra. Ikastaldiak 18 hilabete iraunen du gehienez, aldi teoriko-praktikoa bukatu ondoren.

Azken kalifikazioaren akta bakoitzean, maila bereko kurtso desberdinetako ikasleak sartu ahalko dira.

Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak Foru Agindu honen puntu honetan aipatu baldintzak betetzeko inprimaki normalizatuak bidaliko ditu Aisialdiko Eskoletara.

4. Aisialdiko Eskolen ohiko funtzionamendua.

a) Kurtsoko espedientea: eskolek egin nahi duten kurtso bakoitzeko espediente bat irekiko dute, bertan hari buruzko alderdi guztiak agertarazteko; ondoko datu hauen berri emanen da espediente horietan:

Kurtso bakoitza egiteko erabakiak, programazioa, emanen duten irakasleak, balorapen ekonomikoa, deialdia eta publizitatea, jakinarazpena G.E.N.E.ri , ikasle bakoitzaren inskripzio orria eta agiriak biltzen dituen espediente pertsonalak, kurtsoaren balorapen akademikoa eta kalifikazioen aktak.

b) Espediente pertsonala: eskolek espediente bat eginen dute ikasle bakoitzeko, haien prestakuntza prozesuaren berri emateko. Espediente horretan ondoko datu hauek agertuko dira: izen-deiturak, titulazio akademikoa, N.A.N. zenbakia, kurtsorako datu interesgarriak, ikasleak kurtsoaren aurrean dituen jarduera eta gaitasuna, asistentziari buruzko datuak, aldi teoriko-praktikoaren ebaluazioa, praktikak egiteko tokia eta egunak, praktika horien tutorea, memoriaren eta praktikaldiaren ebaluazioa eta ikaslearen azken kalifikazioa.

Ikasleak kurtsoa gainditzen badu, Eskolak hurrenkera zenbaki bat emanen dio, Eskolako tituludunen liburuan ageriko dena.

c) Diplomak erregistratzeko liburua: eskolek diplomak erregistratzeko liburu bat izanen dute kurtsoak bukatu eta gainditu dituzten ikasle guztiak inskribatzeko. Liburu horietan ondoko datu hauek ageriko dira: ikaslearen izen-deiturak, eskolak emanen dioen hurrenkera zenbakia, kurtsoko datuak, titulazioa eta azken kalifikazioa G.E.N.E.ri jakinarazteko aktaren zenbakia.

Foru Agindu honen eranskinean betetzen ez duten Aisialdiko Eskolei aditzera emanen zaie horrela segituz gero, ukatu eginen zaiela onarpen ofiziala. Hala ere, Foru Agindu honetan agindutakoa bete gabe jarraitzen baldin badute, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolako zuzendariak, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutukoa bera denak, onarpen ofiziala deuseztatu ahalko du.

Iragarkiaren kodea: A0202020