41. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko otsailaren 11koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroan arraza garbiko txakurren liburu genealogikoak kudeatzeko Nafarroako Elkarte Zinofiloa ofizialki ezagutzen duena.

Maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretuak, arraza garbiko txakurren hazleen erakunde edo elkarteak ofizialki ezagutzeari buruzko arauak ematen dituenak, 3. artikuluan ezartzen duenaren arabera, elkartearen egoitza zein Autonomia Erkidegotan dagoen, hari dagokio ezagupen hori.

Abeltzaintza Zerbitzuak txostena aurkeztu du eta adierazi Nafarroako Elkarte Zinofiloak Foru Komunitatean ezagupen ofiziala lortzeko baldintzak betetzen dituela, aipatu den 558/2001 Errege Dekretuaren arabera.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Ofizialki ezagutzea Nafarroako Elkarte Zinofiloa, helbidea San Isidro kaleko 29an, 31560 Azagran duena eta Elkarteen Erregistroan 2.941 zenbakiaren inskribatua dagoena, arraza garbiko txakurren hazleen elkarte gisa, Nafarroan arraza garbiko txakurren liburu genealogikoak kudeatzeko.

2. Nafarroako Elkarte Zinofiloak Abeltzaintza Zerbitzuari urteko programa jakinarazi beharko dio, zein izanen baita txakurren arraza garbiak sustatu, hobetu eta iraunarazteko jarduerei buruzkoa eta liburu genealogikoen erabilera eraginkorra zaintzeko. Horrek guztiak ez du alde batera uzten kasu bakoitzean indarra duen arautegia bete behar izatea.

3. Nafarroako Elkarte Zinofiloak bere helburuak bete ahal izateko estatuko edo nazioarteko beste elkarte batzuekin egindako akordioak ere jakinaraziko dizkio Abeltzaintza Zerbitzuari.

4. Ezagupen hau baliogabetu egin ahalko da baldin eta, aldian-aldian egiten diren ikuskapen eta kontrolen ondorioz, egiaztatzen bada maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretuan eta Foru Agindu honetan ezarritako guztia edo zati bat ez dela betetzen.

5. Abeltzaintza Zerbitzuaren gain utzi da Nafarroan arraza garbiko txakurren liburu genealogikoak eta erregistroa kudeatzeari buruzko kontrol teknikoa eta ikuskapena.

6. Indarrik gabe utzi da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1997ko martxoaren 24ko Foru Agindua, Nafarroan txakur arrazen liburu genealogikoak kudeatzeko Nafarroako Elkarte Zinofiloa ofizialki ezagutzen duena. Haren ordez honako Foru Agindu honek izanen du indarra.

7. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo interesatuari jakinarazi eta hilabeteko epean.

8. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nafarroako Elkarte Zinofiloari eta Abeltzaintza Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hamaikan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0201990