40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

38/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, laneko arriskuei aurrea hartzeko kultura sustatzeko dirulaguntzetarako dei egiten duena.

Azaroaren 8ko 31/95 Legeak ikuspuntu berria eman dio laneko arriskuen aurreneurriari, enpresaren jarduera eta erabakietan eta maila guztietan ere sartu baita. Aurreneurriaren ikuspuntu berri horrek bi ardatz ditu: lehenbizi langileei loturiko arriskuak hasiera batean aztertutakoan planifikatu egiten da, eta, ondoren atzemandako arriskuei aurrea hartzeko neurri egokiak hartzen dira.

Laneko arriskuen aurreneurriari buruzko Lege horrek indarra hartu ondoko urteetan bildutako esperientziak erakusten du kasu anitzetan enpresek arauaren betetze formal hutsa baizik ez dutela egin, aurreneurriaren kontzeptua enpresaren kudeaketan integratu gabe. Horrek ekarri du istripu tasak mantentzea edo handitzea eta, beraz, beharrezko jotzen da lan munduan dabiltzan pertsona guztien aurreneurri kultura sustatzea, batez ere enpresa txiki eta ertainetan, horietan izan baitaitezke zailtasun handienak. Programa horretarako, 2002rako luzatutako 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak kontusail bat sortu du, 2002-2004 Nafarroako Enplegurako Planean hitzartutakoaren arabera.

Gaur egungo arautegiak bi jardunbide ezarri ditu, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak laneko arriskuei aurrea hartzeko bultzatzen duten politikaren barruko jarraibideekin bat. Alde batetik, enpresaburu-elkarteei dagokiena eta, bestetik, sindikatuei dagokiena. Bietan helburua da baldintza beretan entitate horietara jo ahal izatea, dirulaguntzen kontzesioak irizpide objektiboei segitzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak arautu du. Legeak 3. artikuluan dioenez, dirulaguntzak emateko prozedura publizitate, lehiakortasun eta objektibitate printzipioei lotuko zaie.

Hori horrela, 8/1997 Foru Legearen 5.1. artikuluak esleitzen dizkidan eskumenez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Foru Agindu honen xedea da 2002. urtean aholkuak, argibideak eta hedapenak egitea, arriskuen hasiera bateko ebaluazioak ezartzea eta aurreneurriak planifikatu eta antolatzea, baita enpresa txiki eta ertainetako langile eta zuzendariendako laneko arriskuei aurrea hartzeko kultura zabaldu eta sustatzea ere.

2. artikulua. Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzek 2002. urtean egiten diren jarduerak finantzatuko dituzte. Dirulaguntza horiek bateraezinak dira ekintza beretarako ematen den beste edozeinekin.

3. artikulua. Foru Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak eskuratzen ahalko dituzte enpresa txiki eta ertainetan osasunari eta laneko segurtasunari buruzko arautegia erabat garatu eta laneko arriskuei aurrea hartzeko kultura zabaldu eta arintzeko proiektuak bultzatu eta egiten dituzten enpresaburu-elkarteek eta enpresa txiki eta ertainetan lan taldeen bitartez diharduten sindikatuek. Lan taldeak aurreneurri-teknikariek osatuko dituzte eta beren lana izanen da enpresei, aurreneurri-ordezkariei, segurtasun eta osasun batzordeei, sindikatuetako ordezkariei eta langileei aurreneurri lanari buruzko argibide eta aholkuak ematea.

4. artikulua. 1. Dirulaguntzaren eskaerak Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira edo bestela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 88. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusten den beste edozein tokitan, honako agiriokin batera:

a) Entitate eskatzaileen kreditazioak.

b) Proiektuaren eta egin gogo dituzten ekintzen berri ematen duen memoria teknikoa. Ekintza horiek, gutxienez, hogei enpresatan eginen dira.

c) Proiektuaren kostuaren memoria ekonomikoa, behar bezala xehekatua, ongi azalduta zenbat enpresatan jardun behar duten (20tan gutxienez), eta zer arlo edo eskualdetan, enpresa bakoitzean lan taldeek egin beharreko jarduketek izanen duten unitateko kostu oinarrizkoa eta horietan eman asmo den denbora.

Horretarako, enpresaburu-elkarteen proiektuetarako, enpresa bakoitzean egin beharreko jarduketa multzoari laguntzeko gehieneko kostua 960 eurokoa izanen da 5 langiletik beheitiko enpresetan, 1.440 eurokoa 6 langiletik 10era bitartekoetan, 1.920 eurokoa 11 langiletik 15era bitartekoetan, 2.160 eurokoa 16tik 20ra bitartekoetan, eta 2.400 eurokoa 20 langiletik goitikoetan. Kostu unitario horiek 150 eurotan gehitzen ahalko dira laneko istripuen indizeari dagokionez Nafarroako sektore ekonomikoko adar bereko tasaren halako 1,5 gainditzen duten enpresetan.

3. artikuluan ezarritako lan taldeen bitartez sindikatuek egiten dituzten jarduketetarako, enpresa bakoitzean lan taldeek egindako argibide eta aholkularitza jarduketa multzoari laguntzeko gehieneko kostua 300 eurokoa izanen da 5 langiletik beheitiko enpresetan, 450 eurokoa 6 langiletik 10era bitartekoetan, 600 eurokoa 11 langiletik 15era bitartekoetan, 670 eurokoa 16tik 20ra bitartekoetan, eta 750 eurokoa 20 langiletik goitikoetan. Kostu unitario horiek 150 eurotan gehitzen ahalko dira laneko istripuen indizeari dagokionez Nafarroako sektore ekonomikoko adar bereko tasaren halako 1,5 gainditzen duten enpresetan.

d) Lortu nahi diren helburuak istripu tasari eta arriskuei aurrea hartu eta horiek zenbatzeko arautegiari dagokienez.

e) Ziurtagiria, entitate eskatzaileak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eginbehar guztiak eginak dituela frogatzen duena.

f) Entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteak dituela edo betebehar horietatik salbuetsia dagoela adierazten duen ziurtagiria, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatua.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

3. Aurkeztutako datuak gezurrezkoak izanez gero, edo datuak espres aldatuz gero, zehapena jar liteke ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta harene erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen legea).

5. artikulua. 1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita.

2. Eskabidearekin batera aipatutako agiriren bat falta bada, Lan Zuzendaritza Nagusiak interesatuari akatsak zuzentzeko eskatuko dio 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio horrela egin ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko da. Ondorioz, eskabidea artxibatu eginen da.

6. artikulua. Dirulaguntzak onartzerakoan irizpide hauek lehenetsiko dira:

-Aurkeztutako ekintza eta proiektuak bat etortzea Nafarroako Enplegu Planarekin eta laneko arriskuen aurreneurriaren arloan Laneko Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak hautatutako jardunbideekin.

-Nafarroako Foru Komunitate osoan diharduten enpresaburu- elkarteen eta sindikatuen ituna, kasuan kasuko sektore edo eskualdeetan aritzeko laneko arriskuei aurrea hartzeko kultura zabaldu eta sustatzeko.

-Proiektua laneko segurtasun eta osasunaren arloko gaurko arautegiarekin bat etortzea.

-Laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan Nafarroan egiten diren beste programa batzuekiko osagarritasuna.

-Enpresaburu-elkarteek aurkeztutako proiektuetan lehenetsiko dira CNAEren Espainiako batez bestekoaren aldean istripu asko dituzten sektoreetan egiten direnak.

-Enpresaburu-elkarteek aurkezten dituzten proiektuetan, aurreneurri lanaren xede izanen diren enpresek kostua hein batean finantzatzeko hartutako konpromisoa

-Sindikatuek jardun behar duten arloetan duten ordezkaritza- maila.

7. artikulua. Enpresaburu-elkarteentzako dirulaguntzen bidez aurkeztutako proiektu bakoitzean aipatutako kostuen % 50 finantzatuko dira gehienez. Sindikatuentzako dirulaguntzen bidez, aldiz, % 100era bitarte, aurrekontuetako zenbatekoaren eta aurkeztutako eskabideen arabera, beti ere kostuak 4.1 artikuluko d) idatz-zatian adierazitako parametroen barrenean baldin badaude.

8 artikulua. 1. Dirulaguntzaren onarpena Laneko zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bidez eginen da, beti ere eskatzaileak dirulaguntza izateko behar diren beharkizunak betetzen dituela frogatu ondoren.

2. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta handik bi hilabetera, ebazpenik eman ez bada, eskaerak ezetsiak daudela ulertuko da.

9. artikulua. 1. Dirulaguntza honela ordainduko da:

Diru kopuruaren % 70 dirulaguntza onartzen den unean.

Gainerakoa, % 30, proiektuan diren ekintzak egin direla frogatzen duten agiriak aurkeztu ondoren:

a) Proiektuan aurkeztu eta ondoren burutu diren ekintzen memoria tekniko eta ekonomikoa, datu hauek biltzen dituena:

-Aurreneurri lana egin den enpresen zerrenda eta horietako bakoitzaren langile kopurua (gutxienez hogei enpresa izanen dira).

-Aurreneurri arloko teknikariek osatutako lan taldeek enpresa bakoitzean izandako jarduketaren kostua, unitateko, eta zenbat pertsonak jardun duten eta zenbat denbora.

-Jarduketen bidez lortutako helburuak.

b) Hartutako dirulaguntzaren kargura egindako gastuen jatorrizko faktura edo ziurtagiriak. Aurkezten diren fakturak martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan ezarritakoari lotuko zaizkio (fakturak luzatzeko eta gastu eta kenkariak arrazoitzeko arauak ematen dituen Foru Dekretua).

c) Enpresa bakoitzak egindako finantzakidetzaren ziurtagiriak.

2. Edozein modutan ere, ziurtagiriak aurkezteko epearen azken eguna 2002ko abenduaren 31 izanen da.

10. artikulua. Proiektuan ezarritako konpromisoak edo dirulaguntza ematen duen ebazpenean jarritako baldintzak, osorik edo zati bat, ez betetzeak ondorio hau ekarriko du: dirulaguntza jaso duen entitateak hartutako diru kopuru guztia edo parte bat itzuli beharra, baita dirulaguntza jasoz geroztiko berandutza- korrituak ere, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

11. artikulua. Deialdi honetarako aurreikusitako diru kopurua 2002rako luzatutako 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 870000-83110-4709-315100 izeneko "Laneko arriskuei aurrea hartzeko programa" izenekoa, 691.765 eurokoa. Dirurik bada kontusail hori handitzen ahalko da.

12. artikulua. Deialdi honetan espres ezarrita ez dagoen horretan ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraituko zaio (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duena).

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru Agindu honen aurka bidezko da gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamalauan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0202965