40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

37/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, laneko ekipoen egokitzapenetan inbertsioak egiteko, enpresa txiki eta ertainei laguntzetarako dei egiten duena.

Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko 31/1995 Legeak ezarritako helburua lortzearren, alegia, langileen segurtasuna eta osasuna bultzatzea, lan baldintzen ondoriozko arriskuen kontra osasunaren babes-maila egokia sustatu eta hobetu beharra dago, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren aurreneurrien programarekin eta Gobernuak onetsitako Nafarroako osasun planarekin bat. Horretarako, 2002rako luzaturiko 2001eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak kontusail bat sortu du.

Helburu hori lortzen laguntzeko komenigarritzat jo da enpresa txiki eta ertainei laguntzak ematea, beren laneko ekipoak segurtasun eta osasunari buruzko arauek eskatutako eginbeharretara egokitzeko.

Horrenbestez, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua.-Xedea.

Deialdi honen xedea da, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko xedapenetan eskatzen dena betetzeko asmoz, laneko ekipoak egokitzeko inbertsioak egiten dituzten enpresa txiki eta ertainei laguntza emateko araubidea erregulatzea.

2. artikulua.-Onuradunak.

Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke enpresa txiki eta ertainak, baldin eta, 2002. urtean, arau honetan biltzen diren kapital finkoko inbertsioak Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan burutzen badituzte.

Laguntza hauek aplikatzeko, enpresa txiki eta ertaintzat hartzeko baldintza hauek bete behar dira:

1) 250 langile baino gutxiago izatea.

2) Urteko negozioaren bolumena 27 milioi euro baino gehiagokoa ez izatea.

3) Independentziaren irizpidea betetzea, hots, kapitalaren edo boto eskubideen % 25 edo gehiago ez egotea beste enpresa baten esku edo, batera harturik enpresa txiki eta ertaintzat hartu ezin daitekeen enpresa multzo baten esku. Muga hori bi kasuotan gainditu ahalko da:

-Kasuan kasuko enpresa inbertsioko enpresa publikoek, kapital bermerako enpresek edo erakundeetako inbertsiogileek kontrolatzen dutenean, betiere, horiek ez badute inolako kontrolik enpresaren gainean, ez bakarka ez taldeka.

-Kapitalaren banaketaren ondorioz, titularra zehazterik ez dagoenean, eta enpresak aitortzen badu egiaztatu dezakeela enpresaren partaidetzaren % 25 edo gehiago ez dagoela enpresa txiki eta ertaintzat hartu ezin daitekeen enpresa baten edo enpresa multzo baten esku, kasuan-kasuan.

3.-Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere haien beharra 31/95 Legeak aipatzen duen enpresen arriskuen ebaluazioan adierazten bada. Kontu hauek hartuko dira aintzakotzat bakar-bakarrik:

a) Lehendik dauden lan ekipoak uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenei egokitzea. Errege Dekretu hartan laneko ekipoak erabiltzerakoan langileen segurtasun eta osasuna babesteko gutxieneko xedapenak ezarri ziren.

b) Eraikuntzako enpresetan babes kolektiboko baliabideak edo enpresan dauden baliabide laguntzaileak aldatzeko inbertsioak ere izaten ahalko dira dirulaguntzaren xede. Haien ordez berriki argitaratu diren segurtasuneko arauekin bat datozenak ezarriko dira (segurtasun sareetarako, UNE-EN 1263 arauarekin; aldamio modularretarako UNE 76-502-90 arauarekin; mastaren gaineko plataforma jasotzaileetarako UNE-EN 1495 arauarekin; laneko plataforma autobultzatuetarako 1435/92 eta 56/95 Errege Dekretuekin). Aukera hau erabiliz gero, nahitaez ordeztu beharreko osagaiak kendu eginen dira.

4.-Aplika daitezkeen onurak.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak fondo galdurako dirulaguntza, gehienez ere inbertsioaren % 30ekoa, ematen ahal die arau honetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten enpresei. Inbertsio horiek dira laneko ekipoak egokitzeko eta enpresetan lehendik dauden babes kolektiborako baliabide teknikoak aldatzeko. Betiere, aurreko artikuluan aipatzen diren arauekin bat etorriko dira. Inbertsio horrek gehienez ere 60.100 euro eginen du.

5. artikulua.-Bateraezintasunak.

Foru Agindu honetan arautzen diren laguntzak bateraezinak dira azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretuan arautzen diren inbertsio eta enplegurako laguntzekin. Aukeran, enpresek laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte, nahi badute.

6. artikulua.-Eskaeren izapidaketa.

Arau honetan aipatzen diren laguntzak hartu nahi dituzten enpresek, inbertsioak egiten hasi baino lehen, betiere azaroaren 1a baino lehen, eskabide bat aurkeztu beharko dute Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 88.4 artikuluan aipatzen diren tokietan.

Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira, bikoizturik:

1.-Enpresaren adierazpena, enpresa txiki edo ertaina dela dioena.

2.-Oroit-idazki bat, inbertsiorako proiektua zertan datzan azalduko duena eta inbertsioa arautegiarekin bat datorrela adieraziko duena, arautegi hori espresuki aipatuz. Ekipoak adostasun adierazpen baten beharra badauka, haren kopia bat aurkeztuko da, ekoizleak luzatua. Oroit-idazki horrek behar bezala baloraturik eta sailkaturik egon beharko du.

3.-Enpresaren arriskuen ebaluazioaren kopia, dirulaguntzaren xede den ekintza zuzentzailea proposatzen duen zatiarena.

4.-3b) artikuluan aipatzen den kasuan, ordeztu beharreko osagaiak kentzeko aurreikusiriko prozeduraren adierazpena sartuko da.

5.-Enpresak aurreko hiru urteetan lorturiko de minimis laguntzen adierazpen espresua.

Enpresek aurkeztutako eskaerak eta gainerako agiriak aztertuko dira, eskatutako agiri eta datuak espedientean dauden egiaztatzeko.

Administrazioak akatsik badela ikusten badu, edo enpresaren argibide gehiago izatea beharrezkotzat jotzen badu, enpresari jakinaraziko dio, honek hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, adierazitako akatsak zuzen ditzan edo espedientea eskatutako datu berriekin osa dezan. Epe horretan, eskatutakoa betetzen ez badu, besterik gabe, espedientea artxibatuko da.

7. artikulua.-Ebazpena.

Lan zuzendari nagusiak, egoki juzkatzen dituen txosten teknikoak eskatu ondoren, gehienez ere 3 hilabeteko epean, eginiko eskaerak ebatziko ditu, jasotze-hurrenkeraren arabera eta betiere aurrekontuan horretarako dagoen dirua agortu arte.

Eskaera aurkezten denetik espreski ebazpenik eman gabe aurreko lerroaldean aipatzen den epea pasata, ukatutzat joko da.

8. artikulua.-Laguntzaren ordainketa.

Laguntza ordainduko da inbertsio guztiak burutu direla behar bezala justifikatu eta frogatu ondoren. Nolanahi ere, horien egiaztagiriak 2002ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

Programa hau garatzeko aurreikusiriko dirua 2002rako luzaturiko 2001eko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorretako "Laneko arriskuei aurrea hartzeko inbertsioak" izeneko 870000-83110 - 7709-315100 kontusailean ageri da eta 692.463,59 euro egiten du.

9. artikulua.-Betebeharrak ez betetzea.

Proiektuan eta oroit-idazkian agertutako inbertsioak hein batean edo erabat gauzatzen ez badira, edo enpresa onuradunak berak emandako datu edo argibideen gainean zerbait faltsutu edo okertzen badu, emandako laguntzak deusezten ahalko dira, hori guztia dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean erregulatutako balizko erantzukizunak, enpresa horri legozkiokeenak, deusetan galarazi gabe.

10. artikulua.-De minimis eta bateragarritasuna.

Laguntza hauek "de minimis" dira, Batzordearen 69/2001 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Horren arabera, onuradunek hartu beharreko de minimis laguntzek guztira gehienez ere 100.000 euro eginen dute hiru urtean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2002an, Foru Agindu honek indarra hartu baino lehen, eginiko inbertsioetarako laguntzen eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da indarra hartzen duenetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru Agindu honen aurka bidezko da gora jotzeko helegitea aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamalauan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0202964