40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

231/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, 2002. urtean ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko Nafarroako Toki Entitateentzako dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du arautu behar dela Nafarroako Toki Entitateei hiri eremuetan erortzeko arriskuan diren ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko dirulaguntzak nola eman, eta arautze lan hori ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dirulaguntza gaietan ezarritakoarekin bat datorrela.

Hori horrela, eta ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT

1. Nafarroako Toki Entitateei ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia onestea, 2002. urterako, honako oinarrien arabera:

2. Foru Agindu hau jakinaraztea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen kontu- hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak sor ditzan.

3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren zortzian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

ERANSKINA

2002. urtean ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzen deialdiko oinarriak

1.-Helburua.

Deialdi honen helburua da Nafarroako Toki Entitateei hiri eremuetan erortzeko arriskuan dauden ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko dirulaguntzak ematea.

Laguntza hauen xedea da jendearendako arriskugarriak diren lur-ikarak gutxitzea, alegia, lur erorketa eta mugimenduak, pertsonak, etxebizitzak eta azpiegiturak ukitzen ahal dituztenak. Hirigintza hobetzeko jarduketak ez dira laguntza hauen xede.

Dirulaguntzak honako ekintzak edo haietako batzuk hartuko ditu: proiektua idaztea, laguntzapeko obrak zuzentzea eta exekutatzea.

2.-Laguntza hartzaileak.

Nafarroako Toki Entitateek izanen dute eskubidea deialdi honetan parte hartzeko, laguntzaren helburu diren jardueretan interesik badute.

3.-Eskaerak.

Eskaerak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistroan aurkeztu ahal izanen dira, Iruñeko San Inazio etorbideko 3an, 2002ko apirilaren 30a arte.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharrekoak: lanak beharrezko direla adierazten duen Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuaren txostena aurkeztuko da, kasuko proiektua edo, hala tokatzen bada, txosten horretan zer agintzen den, memoria baloratu bat, eta bai Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena ere, salbu eta lanak hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian egiten badira, eta lanak exekutatzeko behar diren entitate publiko eta partikularren baimen guztiak.

Aurkezten diren proiektuek arrazoiak eman beharko dituzte kasu bakoitzean proposatzen den konponbiderako, kontuan hartuz obren helburu bakarra lur erorketa eta mugimendu arriskutsuak kendu edo gutxitzea dela. Zehaztu eginen da zer arrisku dagoen, zergatik den arriskutsua eta zer neurri hartuko diren arrisku hori saihesteko, behar bezala baloratu eta justifikatuak.

2001ean aurkeztu bai, baina aintzakotzat hartu ez ziren eskabideak ez dira onartutzat emanen eta beraz berriro eskatu beharko dira dirulaguntzak, deialdi honetako baldintzen arabera.

4.-Hautaketa.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak baloratuko ditu eskaerak, batzorde tekniko baten bidez. Batzordeko burua zerbitzu horretako zuzendaria izanen da, eta gainerako kideak Geologia eta Geoteknia atalburua eta Azpiegitura Geologikoaren eta Kontrol Administratiboaren Bulegoetako buruak. Azken hori izanen da idazkaria.

Eskaera baloratzeko, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatearentzat kasu bakoitzak duen interesa eta gizarte onura, eta, bereziki, eskatzen den ekintzak zenbateko presa eta arriskua duen. Batzorde Teknikoak eskatu diren dirulaguntza guztien zerrenda eginen du, non lehentasunak ezarriko baititu, arriskuaren arabera. Horrela, Batzordearen iritziz arrisku eta presa gehien duten eskabideak lehenengo egonen dira zerrendan eta arrisku gutxiago dutenak ondoren, arrisku gehien dutenetatik gutxien dutenetara antolatuak. Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak zilegi izanen du argibide osagarriak eskatzea deialdian eskatzen denaz gainera.

Kasu bakoitzeko arriskuaren balorazioak ez du zerikusirik aurreko urteetan eskatu izanarekin.

Konponbideetarako behar adina arrazoi ematen ez dituzten eskabideak edo lurra egonkortzeko aurrekontu desorekatua dutenak ezetsiko dira, baita proiektuetan hasiak edo bukatuak diren obrak biltzen dituztenak ere. Ez da behin ere dirulaguntzarik emanen eginak dauden obretarako.

5.-Ematea.

Dirulaguntza eman edo ukatzeko, Ebazpen arrazoitu bat emanen du Herrilan zuzendari nagusiak, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean. Epe hori espresuki ezer ebatzi gabe bukatzen bada, dirulaguntza eskaera ukatutzat hartuko da.

Aurrekontuetan behar adina diru egotea dirulaguntzak emateko baldintza izanen da. Batzorde Teknikoak prestaturiko zerrendan arrisku hurrenkeraren arabera lehenengo daudenei emanen zaizkie.

Dirulaguntza eskaera ontzat hartzen duen Ebazpen horrek berak finkatuko du laguntza zenbatekoa izanen den, deialdi honetako 1. oinarriak ezartzen dituen mugen barrenean eta eskatzaileak eskatu duenaren arabera.

Kasuaren berezitasunengatik hala komeni bada, zilegi izanen da dirulaguntza Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eta hartzailearen arteko elkarlan hitzarmen baten bidez ematea. Bertan finkatu eginen da bakoitzak zer konpromiso hartzen duen proiektua egin, segurtasunerako koordinatzailea izendatu, dirulaguntzapeko lanak zuzendu eta exekutatzeari dagokionez. Edozein kasutan ere, kasuko toki entitateak izanen du lanen titulartasuna eta berak izanen du lanak zaintzeko ardura; halaber, hirugarrenei egiten zaizkien kalte eta galeren aurreko ardura ere izanen du.

6.-Zenbatekoa eta finantzabidea.

Nafarroako Gobernuak, aurrekontuan dauden baliabideen arabera, osorik finantzatuko ditu lanak exekutatzeko kontratuetako likidazioen zenbatekoak, eta bai, hala tokatzen bada, proiektua idatzi eta lanak zuzentzearenak ere.

Dirulaguntzak 2002rako luzatutako 2001eko gastuen aurrekontuko "Ezponda harritsuak" izeneko 611002-61320-7600- 912200 kontusailaren kargura ordainduko dira, laguntza eman behar denean kontusailean dagoen diruaren arabera.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 6. artikuluko 3. eta 4. lerroaldeetan ezarritakoari jarraikiz, zenbait urtetarako dirulaguntzak eman ahalko dira, baldin eta lanen aurrekontua edo exekuzio epea kontuan harturik hala egitea komeni bada.

7.-Ordainketa.

Deialdi honetako 5. puntuak aipatzen dituen inguruabarrak direla medio Ebazpenak beste ordainketa bideren bat ezartzen ez badu behintzat, lanen ordainketa lan exekutatuaren ziurtagiria aurkeztu ondoren eginen da.

Proiektua egitea eta lanak zuzentzea beren kontura ari diren teknikari profesionalen gain baizik ez badago, Elkargo Profesionalen bidez benetan ordaindutako lansariak hartuko dira aintzat, baldin eta haien tarifa orientatiboei lotzen bazaizkie eta ikus-onetsien fakturen bidez justifikatzen badira.

Proiektua eta lanak berenak diren bitartekoekin egin eta zuzentzean direnean, hartzaileek entitateko organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatuko dituzte diru zenbatekoak.

8.-Hartzaileen betebeharrak.

Laguntzak hartzen dituztenek honako betebeharrak izanen dituzte:

1. Dirulaguntzapeko jarduera burutzea eta Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak egin nahi duen edozein kontrol eta jarraipen lani trabarik ez jartzea.

2. Dirulaguntzen xede diren obrak gehienez ere hiru (3) hilabeteko epean hasi beharko dira, laguntzak emateko Ebazpenaren jakinarazpena hartzen denetik hasita. Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio noiz hasiko diren obrak.

3. Lanen exekuzioan kostuz nahiz edukiz kontratuaren aldaketa ekar dezakeen gorabeherarik izaten bada, haren berri ematea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari. Nafarroako Gobernuak zilegi du aldaketa hori espresuki onartzea baina ez dago beharturik.

4. Dirulaguntza ordaintzeko behar den dokumentazioa aurkeztea, deialdi honetako 7. puntuan ezartzen den moduan.

9.-Ez betetzea.

Oinarri hauetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du, eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharra, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, laguntza-hartzaileak lege horrexen VI. kapituluak xedatzen duenaren menpean daude.

10.-Helegiteak.

Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko helegitea jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: A0202785