40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

230/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, 2002ko ekitaldian zientzi helburuko espeleologia eta geologia jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du Nafarroako Foru Komunitatean zientzi helburuarekin egiten diren espeleologia eta geologia jarduerak sustatu eta hobetu beharrean direla. Hartarako, oinarri batzuk eratu dira 2002ko ekitaldi honetan jarduera horiek partez finantzatzeko dirulaguntzen deialdia arautzeko, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak gai horretan ezarri duen lege esparruaren barrenean.

Hori horrela, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman eta proposatu duenarekin bat, eta ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT

1. 2002ko ekitaldian zientzi helburuko espeleologia eta geologia jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea, Foru Agindu honen eranskinean ageri diren oinarri hauen arabera:

2. Foru Agindu hau jakinaraztea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen kontu- hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak sor ditzan.

3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren zortzian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

ERANSKINA

2002ko ekitaldian zientzi helburuko espeleologia eta geologia jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdiko oinarriak

1.-Helburua.

Deialdi honen helburua da dirulaguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitateko mendiguneetan esplorazio kanpainak partez finantzatzeko. Kanpaina horiek eremu jakinetan helburu zehatzak izanen dituzte edo espezialitateko lanak, adibidez:

-Eremu interesgarrietan kobazulo jakinen bat esploratzea.

-Zenbait mendigunetako kobazuloak esploratu eta katalogatzea.

-Kobazulo jakin baten gaineko ikerketa, haren sorrera, morfologia, tektonika eta estratigrafia ikertuz eta kokaleku duen mendigunean nola dagoen moldatuta zehaztuz.

-Lur azpiko sarearen klima ikerketa, aire-ur-harri osagaiei dagokienez eta kanpoko aldaketek nolako eragina duten aztertuz.

-Lur azpiko Hidrologia ikerketak, urak karst batean duen jarioa arautzen duten gertakari fisiko-kimikoak ikertuz.

-Hidrokimika, Geologia eta abarren gaineko ikerketak.

-Lur azpiko kobazuloen topografia, tamaina eta formen gaineko ikerketak, Nazioarteko Espeleologia Elkartearen sinboloak erabiliz eta haren garapen espezifikoaren gai diren lan eta ikerketa guztiak sartuz.

Dirulaguntza ematen zaien jarduerak 2002an egin beharko dira, eta beraz ez da laguntzarik emanen deialdi honen aurretik eginda zeuden jarduera edo funtzionamendu gastuengatik.

2.-Laguntza hartzaileak.

Edozein pertsonak edo elkartek eskubidea du deialdi honetako dirulaguntzak eskatzeko, baldin eta dirulaguntzaren xede den jarduerari dagokion titulazio akademikoa badu, edo bestela behar adina merezimendu frogatzen baditu.

Ez da zilegi izanen eskatzaileak aldi berean helburu bereko beste laguntzarik hartzea.

3.-Eskaerak.

Eskaerak, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari zuzenduta, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Iruñeko San Ignazio etorbideko 3ko beheko oinean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Eskaerekin batera honako agiriak aurkeztuko dira:

a) Dirulaguntzaren xede den jarduera edo proiektua deskribatzen duen txostena, lanen kostu xehetua espresuki adieraziz eta bai lanok non eta noiz egin behar diren ere.

b) 2. idatz-zatian ezarritako titulazio edo merezimenduen kreditazioa.

c) Helburu bereko beste laguntzarik aldi berean ez jasotzeko zinpeko adierazpena.

d) Transferentzia bidezko pagamendu eskaera, N.A.N. edo I.F.Z. adieraziz, pertsona den edo elkartea den.

e) Eranskineko ereduaren araberako eskabidea.

f) Harremanetarako telefono-zenbaki bat.

g) Zilegi izanen da agiriekin batera beharrezkotzat jotzen diren beste osagai guztiak ere aurkeztea, merezimenduak hobeki frogatu eta eskaerak hobeki ebaluatzeko.

Aurreko agirietariko baten bat aurkeztu ezik eskabidea baliogabetuko da.

4.-Hautaketa.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak baloratuko ditu eskaerak, Zerbitzuko zuzendaria buru duen batzorde tekniko baten bidez. Gainerako batzordekideak izanen dira Geologia eta Geoteknia atalburua eta Azpiegitura Geologiko eta Kudeaketa Administratiboko Bulegoetako buruak. Azken hori idazkari lanetan arituko da.

Baloratzeko aintzat hartuko da aurkeztu den proiektua nolakoa den, zenbat partaide dituen eta zer kualifikazio, Foru Komunitatearentzat zenbateko interesa eta errentagarritasun soziala duen.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak zilegi izanen du aurkeztutako agiriak gehitzeko eskatzea, eta bai eskatzailea bertara agertzeko ere, erabakia hobeki oinarritzeko.

5.-Ematea.

Herrilan zuzendari nagusiaren Ebazpen batek eman edo ukatuko ditu dirulaguntzak, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 11. artikuluak agintzen duenez. Ebazpen hori hiru hilabeteko epean emanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori ezer espresuki ebatzi gabe iragan delarik, dirulaguntza- eskaera ukatutzat hartuko da.

6.-Zenbatekoa eta finantzabidea.

Ebazpenean finkatu eginen da dirulaguntza zenbatekoa izanen den.

Espeologia jardueretarako dirulaguntza eskatzen duten proiektuek gehienez 3.000,00 euroko dirulaguntza jasotzen ahal dute.

Geologia lanetarako proiektuek gehienez 6.000,00 euroko dirulaguntza jasotzen ahal dute.

2002rako luzatutako 2001eko ekitaldiko aurrekontuetako "Espeleologia" izeneko 611002-61320-4816-533100 dirusailetik emanen dira laguntzok, bertan dagoen saldoaren zenbatekoa egin arte.

7.-Pagamendua.

Dirulaguntza bi epetan pagatuko da: % 50 bat eman egiten denean, eta gainerako % 50 ikerketa bukaturik dagoenean, gastuak justifikatu eta tokatzen den txostena aurkeztu direlarik.

8.-Laguntza hartzaileen betebeharrak.

Laguntza hartzaileek honako betebeharrak izanen dituzte:

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera egitea, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak edonoiz datuak eta jarduerak konprobatzeko trabarik jarri gabe.

2. Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari aditzera ematea jarduera bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso den, eta bai ere proiektua kostuz edo edukiz aldatzen duen gorabeherarik izan den proiektuaren garapenean. Halako aldaketarik izaten bada, Nafarroako Gobernuak zilegi du espresuki onartzea, baina ez dago behartuta.

3. Edozein argibidetan aditzera ematea jarduera hori Nafarroako Gobernuaren Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren laguntzarekin egiten dela.

4. 2002ko azaroaren 20a baino lehen Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistroan txosten bat aurkeztea egindako jardueraren eta gastu justifikatuen gainean. Txosten horretan esploratu diren kobazuloen plano topografikoak ere egonen dira, eta bai testuak ere, eta harekin batera testuok Word 97 edo berriagoko batean dituzten disketeak ere aurkeztuko dira; kobazuloen planoak Autocad edo Micro Station-erako egokiak diren fitxategietan aurkeztuko dira; eta kobazuloen oinarrizko datuen laburpena (Excel 97 orrietan edo horietatik goitikoetan edo Access 97 fitxategietan edo horietatiko goitikoetan). Argazki lanen negatiboak eta paperezko kopiak aurkeztuko dira. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak zilegi izanen du nahi duen bezala erabiltzea entregatu zaizkion material eta agiriak, beti ere nork eginak diren aipatuz.

5. Dirulaguntza kobratu baino lehen, frogatzea eguneratuta dituela obligazio fiskalak kasuan kasuko Ogasun publikoekiko.

9.-Ez betetzea.

Oinarri hauetan aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, galduko da dirulaguntza eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharko da ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, laguntza hartzaileak lege horren VI. kapituluak agintzen duenaren menpe daude.

10.-Helegiteak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka bidezko da gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

ESKABIDE EREDUA

Zuzendari jaun/andrea:

........................ jaunak/andreak, ................(e)ko .................... kale edo plazako ..... zk.an bizi denak eta ............. NANa duenak, bere izenean edo ............ren ordezkari gisa,

Aditzera ematen du:

Departamentu honek bultzatuta 2002ko .... ean ......garren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu den espeleologia eta geologia jarduerentzako dirulaguntzen deialdiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela, deialdi horretako oinarriak bere hartantxe onartzen dituela eta ez duela jasotzen jarduera bereko beste laguntzarik. Horren frogagarri, eskatzen diren agiriak aurkezten ditu eta dirulaguntza horietako bat emateko eskatzen, ............ pezetakoa (eskatzen den diru kopurua letraz eta zifraz jarri), .................... izeneko jarduera finantzatzeko. Eta beraz,

Eskatzen du:

Eskaera hau onar dakiola eta aurkezten dituen agiriak hautatze-prozesuan jar daitezela.

(Data eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: A0202784