40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

375/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratzeko gaitasun proben 2002ko deialdia onesten duena.

Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak bere 49.1 artikuluan finkatzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak luzatzen duen ehizarako administrazio lizentzia eskuratzeko, beharrezkoa da arlo horretan gaitasun eta ezagupenik aski egiaztatzea.

Ehizaren arloko hainbat alderdi arautzen dituen abenduaren 27ko 390/1993 Foru Dekretuak 20.1 artikuluan aditzera ematen duenez, ehizan aritzeko lehenbiziko lizentzia atera ahal izateko, nahitaezko baldintza izanen da ehizaren arloko gaiei buruzko gaitasuna eta ezagupenak azterketaren bidez frogatzea. Horretaz gain, azterketaren edukia nolakoa izanen den eta urtean bi deialdi egin beharko direla ere finkatzen du.

Erregelamenduzko agindu hori betearazteko, bidezko da deialdia eta baldintzak finkatzea, ehizan lehenbizikoz ari nahi dutenek ezagupenik aski badutela egiaztatzeko aukera izan dezaten, ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratu aurretik.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratzeko gaitasun proben 2002ko deialdia onestea.

2. Aipatu deialdia arautuko duten oinarriak onestea, Foru Agindu honen eranskinean heldu direnak.

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzea.

4. Foru Agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamaikan.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

E R A N S K I N A

Ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratzeko gaitasun proben 2002ko deialdia

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak luzatzen duen ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratzeko behar diren gaitasun probak egitea.

2.-Izena emateko epea.

Lehenbiziko deialdirako izena emateko epea 2002ko apirilaren 22an bukatuko da.

Bigarren deialdirako izena emateko epea 2002ko maiatzaren 20an bukatuko da.

3.-Izena emateko aurkeztu beharreko dokumentuak.

Izena emateko epearen barrenean, ondoko dokumentuak aurkeztuko dira Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren erregistroan (Alondegi kalea, 1, 1.a, 31002, Iruña):

a) Proba hauetan parte hartzeko eskabidea, erantsi den ereduaren araberakoa. Eskaerak interesatuen eskura izanen dira, Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Atalean (Alondegi kalea 1-1a, 31002 Iruña).

Lehen deialdirako izena eman eta azterketara aurkezten ez direnek, hala nola lehen deialdiko azterketa egin eta gainditzen ez dutenek, bigarren deialdian parte hartu nahi badute, inskripzio eskaera berria eta NANaren fotokopia aurkeztu beharko dituzte, baina ez dute tasa berriro ordaindu beharrik izanen.

b) NANaren fotokopia bat.

c) Azterketa dela eta 12 euro ordaindu izanaren ordainketa agiria, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean finkatu zen bezala. Diru hori pagatzeko behar den ordainketa agiria Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Atalean (Alondegi kalea 1-1a, 31002 Iruña) emanen da, interesatuak eskatuz gero.

4.-Epaimahaia.

4.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Manuel Lamuela Aguado jauna, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren atalburua.

Ordezkoa: Rubén Artázcoz Colomo jauna, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Ataleko teknikaria.

Lehen mahaikidea: Enrique Castién Arriazu jauna, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Ataleko teknikaria.

Ordezko mahaikidea: Javier Forcada Melero jauna, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Laguntza eta Kalteordainen atalburua.

Bigarren mahaikidea: María Carmen Galbarra Cobos andrea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ehiza eta Arrantzaren Laguntzako bulegoburua.

Ordezko mahaikidea: Cecilia Osácar Arraiza andrea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Ataleko teknikaria.

Idazkaria: Félix Armendáriz Martínez jauna, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenko Araubide Juridikoaren atalburua.

Ordezko mahaikidea: Ana Miral Esquíroz andrea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoaren teknikaria (arlo juridikoa).

4.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta dagozkionetan aritu ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

4.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sor daitezkeen arazo guztiak.

5.-Probak egiteko lekua, eguna eta ordua.

Probak Nafarroako Unibertsitate Publikoko 08 eta 09 geletan (Ikasgelategian) eginen dira. Lehen deialdia 2002ko maiatzaren 5ean izanen da, 10:00etan, eta bigarrena 2002ko ekainaren 2ko goizeko 10:00etan.

6.-Betebeharrak.

Gaitasun probetara aurkezten direnek esandako tokian eta orduan agertu beharko dute, NANa eta bolaluma daramatzatela.

7.-Azterketaren edukia.

Azterketak test moduko 30 galdera teoriko izanen ditu, epaimahaiak 500 galderako multzo batetik aldez aurretik aukeratuak.

Eskuliburu teorikoa eta 500 galdera horiek dauzkan galdesorta 3 euroren truke eskura daitezke Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Atalean (Alondegi kalea 1-1.a, 31002 Iruña).

8.-Balorazioa.

Erantzun zuzena duten galderengatik puntu positibo bat emanen da eta erantzuna oker eman bada, zero puntu.

Proba gainditzeko 23 puntu edo gehiago atera beharko dira.

9.-Emaitzak jendaurrera ateratzea.

Kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du izangaiek ateratako emaitzen zerrenda Foru Diputazioko Jauregiko iragarki oholean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña), eta Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Atalean (Alondegi kalea 1-1a, 31002 Iruña).

10.-Helegiteak.

Deialdiaren eta bere oinarri eta egintzen kontra zilegi da gora jotzeko helegitea paratzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan xedatuakoarekin bat (hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen testuaren arabera).

ESKABIDE EREDUA

(Letra larriekin idatzi)

........................ jaun/andreak, ........ NANaren jabe, helbidea ............(e)ko ............ kaleko ...... zk.an, ..... solairuan, ........ posta kodea, eta ...... telefonoa duenak,

Azaltzen du:

Ehiza arloko gaitasun proben deialdia ikusirik, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela, eta deialdi horretako oinarriak beren horretan onartzen dituela.

Halatan, eta eskatzen diren agiriak eransten dituelarik,

Deialdian sar dezaten eskatzen du, ehizarako lehenbiziko lizentzia eskuratzeko behar den gaitasun agiria erdiesteko.

f Lehenbiziko deialdia: 2002ko maiatzaren 5ean

f Bigarren deialdia: 2002ko ekainaren 2an

(Gurutze bat jarri dagokion laukitxoan)

...........(e)n, 2002ko .........aren ...(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

INGURUMEN ZUZENDARI NAGUSI JAUNA/ANDREA.

Iragarkiaren kodea: A0202961