40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

106/2002 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Industri zuzendari nagusiak emana, Beriaingo eta Elortzibarko udal mugapeetan, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala gas naturalez hornituko duen adarra eraikitzeko administrazio baimena eta instalazioetarakoa, Gas Navarra, S.A.ri ematen dizkiona eta haren onura publikoa aitortzen duena.

Gas Navarra, S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, Beriaingo eta Elortzibarko udal mugapeetan, instalazioen proiektuan deskribatzen duen eremuan, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala gas naturalez hornituko duen sarea eraikitzeko, baita instalazio horiek baimentzeko eta haien onura publikoa onartzeko ere.

Hauek dira, funtsean, instalazio proiektuaren oinarrizko datuak:

Instalazioaren ezaugarriak: abiapuntua lehenagoko sarearen puntu batean du (polietilenozkoa, 160 mm-ko DN), Getzaurre ondoan, Beriaingo udal mugapean, N-121 errepidea gurutzatzen du 8,5 k.p.aren parean, ekialdera egiten du alor artean, Besaire erreka gurutzatzen eta Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko hartunera iristen, Imarkoaingo Kontzejuan, Elortzibarko udalerrian.

Adarra, denetara, 400 metro luze da eta polietilenozkoa, SDQ 17,6; hortik, 398 metro 90 milimetro DNkoak eta 5,2 milimetroko lodierakoak dira, eta gainerakoak P.E.koak, 63 milimetro DNkoak eta 3,6 milimetroko lodierakoak. Hoditeria, lurrazpian, hormigoiz estalita egonen da toki guztietan; tutu babesgarria edo hormigoizko lauza izanen du behar duten puntu berezietan, proiektuan adierazi bezala. Sekzionatze balbulak ditu hasieran eta hartunekoa Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean. 300 Nm3/h-ko emaria, 4 bar-eko presioa eta +15º C-ko tenperatura izateko diseinatu da.

Aurreikusitako inbertsioek 23.644,80 euro egiten dute.

Proiektuak Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua betetzen du, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia (74-12-6ko "EAO") eta 1983ko apirilaren 26ko Aginduak (83-11-8ko "EAO"), 1984ko uztailaren 6koak (84-7-23ko "EAO"), 1994ko martxoaren 9koak (94-3-21eko "EAO") eta 1998ko maiatzaren 29koak (98-6-11ko "EAO") aldatua.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak beterik, eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko 133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) eskuordetu dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, Energia Berriztagarriko Zentro Nazionala gasez hornituko duen adarra egiteko Beriaingo eta Elortzibarko udal mugapeetan, aurkeztu eskaeraren eranskinak dakarren proiektuan deskribatu bezala.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehenbizikoa.-Gas Navarra, S.A. empresak bi hilabeteko epean 473,90 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela bermatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Industri zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua bete beharko da. Erregelamendu hori Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsi zuen eta, gero, Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago, baimen honek agindu bezala, baimen horren esparruan zerbitzua eskatzen duen edozein gasez hornitzera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio- hartzaileak haien exekuzio plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Ezarri behar diren instalazioek orokorrean aplikatzekoak diren xedapen eta arau teknikoak beteko dituzte, eta, batez ere, Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia eta 1983ko urriaren 16ko (83-11-08ko "EAO"), 1984ko uztailaren 6ko (84-07-23ko "EAO"), 1994ko martxoaren 9ko (94-03-21eko "EAO") eta 1998ko maiatzaren 29ko (98-06-11ko "EAO") Aginduen bidez aldatua.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta haren eraikuntza baimentzea, proiektuari lotuz burutu beharko dena, indarra duen legeria betez, hiru hilabeteko epearen barrenean obrak hasten direnetik; eskariaren arabera epea luzatu egin ahalko da. Proiektuan, aipatu udal mugapeetan eraiki beharreko hornidura adarra ageri da. Eremu hori zabaldu nahi bada, instalatzeko baimena eduki beharko da horretarako.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa onartzea eta, beraz, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, baita presako okupazioa ere, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52 eta 53. artikuluen ondorioz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluei jarraituz.

Baimen hau ematen da deusetan galarazi gabe aplikatzekoak diren bestelako xedapenekin bat beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita bederatzian.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0201099