40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

55/2002 FORU DEKRETUA, martxoaren 11koa, proiektu batzuetako obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena.

Hona hemen proiektu horiek:

-"Vianako industrialdeko sarbide berria, N-111tik NA-134ra".

-"Galarko Comarca-2 industrialdeko sarbideak".

Herrilan zuzendari nagusiak, azaroaren 16ko 963/2001 Ebazpenaren bidez, "Vianako industrialdeko sarbide berria, N-111tik NA-134ra" izeneko proiektua behin betikoz onetsi zuen. Abuztuaren 20ko 661/2001 Ebazpenaren bidez paratu zen jendaurrean.

Herrilan zuzendari nagusiak, urtarrilaren 9ko 23/2002 Ebazpenaren bidez, "Galarko Comarca-2 industrialdeko sarbideak izeneko proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat eman eta behin betikoz onetsi zuen. Irailaren 12ko 768/2001 Ebazpenaren bidez jarri zen jendaurrean.

Ekintza hauen xede diren errepideek gaur egun duten trafiko-trinkotasunaz jabeturik, izan litezkeen istripuak saihestu eta bideak hobetzeko ukituriko tarteak aldatzeko premia larria dela eta, bidezko da obrak ahalik eta azkarren hastea. Xede horrekin, eta behar diren lurrak erosteko izapidaketak arintzeko, beharrezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 52. artikuluan xedatutakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko martxolaren hamaikan egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Proiektu batzuetako obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea. Hona hemen proiektu horiek:

-"Vianako industrialdeko sarbide berria, N-111tik NA-134ra".

-"Galarko Comarca-2 industrialdeko sarbideak".

2. artikulua. Ukitutako ondasun eta eskubideak erosteko aurreikusten den gastua (laguntza teknikoa barne) ondokoa dela ezartzea: 280.000 euro. Diru kopuru horretatik 180.000 euro 2002rako luzatu den 2001eko gastuetako aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzapenak" izeneko 611000-61340- 6001-513400 kontusailaren kargura ordainduko da, eta gainerakoa, 100.000 euro, 2003ko aurrekontuko kontusailaren kargura.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0203024