31. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

107/2002 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Industri zuzendari nagusiak emana, Cascanteko eta Murchanteko udal mugapeetan, Murchante hornituko duen adarra eraikitzeko administrazio baimena eta instalazioetarakoa, Gas Navarra, S.A.ri ematen dizkiona, gas naturala eraman eta bana dezan, eta onura publikoa onartzen diona.

Gas Navarra, S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, instalazioen proiektuan deskribatu hiriguneari mugaturik, Murchanteko etxeak, saltokiak eta industria txikiak gas naturalez hornituko dituen sarea eraiki eta ustiatzeko, baita instalazio horiek baimentzeko eta haien onura publikoa onartzeko ere.

Hauek dira, funtsean, instalazio proiektuaren oinarrizko datuak:

Gas Natural SDG, S.A.ren Cascanteko adarra izeneko gasbidearen 1. kilometro inguruan, kutxeta batean den 4" DNko balbulan du abiapuntua; nekazari bide bati jarraitzen dio, Tutera-Tarazona trenbide zaharra, N-121-C Tutera-Tarazona errepidea, Queiles eta Badina errekak eta alorrak ureztatzeko ubidea zeharkatzen eta Cascanteko eta Murchanteko udalerrien mugetan amaitzen, Murchanteko Mardones y Marga eskolatik 200 bat metrotara.

Adarra, denetara, 1.309 metro luze da, API 5L kalitateko altzairuzkoa, B gradukoa, 4" DNkoa eta 4 milimetroko lodierakoa. Lurpean egonen da, fabrikan ezarritako material plastikoz eta, obran, hotzean emandako zinta plastikoz babestua. Babes katodikoa izanen du abiapuntuan sarearekin. Adarraren hasieran, sekzionatze balbulak eta hartunekoa, kutxetan, Murchanteko horniduran. 1.485 Nmü/h-ko emaria, 16 bar-eko presioa eta 15º C-ko tenperatura izateko diseinatu da, gasaren abiadura handiena 30 m/seg-koa izanik. Zangan berean, hiruko hodia ezarriko da, instalazioko seinaleen telekontrol eta teleinformaziorako.

Aurreikusitako inbertsioek 105.177,12 euro egiten dute.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak beterik, Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, eta Nafarroako Foru Legearen 36.2.b artikuluko ahalmenak eta urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretukoak (abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitatearen esku utzitako zerbitzu eta eginkizunak Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuari esleitzen dizkio), baita irailaren 30eko 163/1991 Foru Dekretukoak ere, erabiliz,

Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko 133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL) eskuordetu dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A. enpresari administrazio baimena ematea Murchante gas naturalez hornituko duen adarra eraikitzeko, aurkeztu eskaeraren eranskinak dakarren administrazio proiektuan eta instalazioetarakoan deskribatu bezala.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehenbizikoa.-Gas Navarra, S.A. empresak bi hilabeteko epean 2.103,54 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela bermatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Industri zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua bete beharko da. Erregelamendu hori Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsi zuen eta, gero, Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago, baimen honek agindu bezala, baimen horren esparruan zerbitzua eskatzen duen edozein gasez hornitzera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haien exekuzio plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Ezarri behar diren instalazioek orokorrean aplikatzekoak diren xedapen eta arau teknikoak beteko dituzte, eta, batez ere, Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia eta 1983ko urriaren 16ko (83-11-08ko "EAO"), 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko (94-03-21eko "EAO") eta 1998ko maiatzaren 29ko (98-06-11ko "EAO") Aginduen bidez aldatua.

Bederatzigarrena.-Baimen honek ez ditu ukatzen gas instalazioetarako obrak egiteko behar diren udal, probintzia edo beste eskumen bateko baimen, lizentzia edo permisuak, zein diren ere, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta haren eraikuntza baimentzea, proiektuari lotuz burutu beharko dena, indarra duen legeria betez, hiru hilabeteko epearen barrenean obrak hasten direnetik; eskariaren arabera epea luzatu egin ahalko da. Proiektuan, Cascanteko eta Murchanteko udal mugapeetan Murchante gas naturalez hornituko duen adarra ageri da. Proiektuan jaso gabeko beste edozein gasbide, adar edo hartune egiteko, bere instalazio baimena beharko da.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa onartzea eta, beraz, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, baita presako okupazioa ere, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52 eta 53. artikuluen ondorioz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluei jarraituz.

Baimen hau ematen da deusetan galarazi gabe aplikatzekoak diren bestelako xedapenekin bat beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita bederatzian.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0201100