31. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

35/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeei 2002ko ekitaldian laguntza emateko deialdia onesten duena.

Espainiako lurralde batzuetan Nafarroako seme-alabak edo jatorria Nafarroan duten herritarrak biltzeko eta adiskidantza garatzeko kultura eta jostetarako elkarteak daude, hau da, elkarte horiek egiten dituzten jardueren bidez lan, familia edo beste inguruabar batzuengatik beste lurralde batzuetan bizi direnek Nafarroarekiko aldiroko harremanak gauzatzen dituzte.

Nafarroako Gobernuak harreman iraunkorrak mantentzen ditu Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeekin eta horien jardueretarako eta funtzionamendurako laguntzak ematen ditu eta Nafarroako 2001eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrean, 2002rako luzatuan, bada ondore horretarako den kontusail zehatza.

Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren zentro horiek egiten dituzten jarduerak mantentzea eta horiek sustatzea gizarte-interesekoa dela adierazi da eta oraingo honetan bidezkoa da zentro horiei laguntza ekonomikoak emateko deialdi berria onestea. Laguntza horien bidez, besteak beste, jarduera kulturalak eta sozialak, inbertsioak eta funtzionamenduko gastuak finantzatuko dira.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen dirulaguntzak eman kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeei eta horien federazioei laguntzak emateko 2002ko deialdia onestea. Dirulaguntzak honako Foru Agindu honetan bildu diren arauetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

2. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren batean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

E R A N S K I N A

Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeei laguntza emateko 2002ko deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa.-Laguntza horien helburuak hauek izanen dira:

a) Jarduera kulturalak, kirolak edo jostetaren arlokoak, hala beraien jaietan antolatzen dituztenak (San Frantzisko Xabierkoa, Sanferminak, etab.) nola ekintza arruntak; 2002ko ekitaldian edo aurrekoan egin diren ekintzak izaten ahal dira.

b) Gastu hauek egiteko izanen dira: funtzionamendukoak edo finantzen arlokoak.

c) Egoitza erosi edo hobetzekoak edo bertan altzariak paratzekoak.

Bigarrena.-aguntza hauek ezarri dira:

a) Jarduera kulturalak, kirol edo jostetaren arlokoak antolatzeko. Ondore horretarako Foru Komunitateko talde artistikoen emanaldien edo Nafarroako gaiei buruzko hitzaldien antolakuntza gastuak zenbatuko dira (emanaldi horiek ordaintzea, garraioa eta ostatua, publizitatea, lokalen alokairua, etab.), beste lurralde batzuetako Nafarren zentroen talde artistikoen emanaldiak, bestelako jarduera kultural batzuen gastuak, ekipo artistikoen eta kirol taldeen gastuak eta kirol eta josteta emanaldietan ematen diren sarienak.

b) Funtzionamenduko eta finantzen arloko gastu arruntengatik. Munta horren barruan, funtzionamenduko gastu bezala, zenbatzen ahal dira, gehienez, 1.800 euro gizarte ekintzak antolatzeko, ordezkarien joan-etorri eta antzeko beste batzuetarako.

c) Aparteko laguntzak, emanaldiak edo erakusketak antolatzeko edo aparteko finantza gastu, inbertsio edo funtzionamenduko gastuei aurre egiteko. Halaber, aurreko ekitaldian egin diren jardueretan aurreikusi direnak baino gastu handiagoak ordaintzeko erabiltzen ahal dira munta horiek. Laguntza horien kopuruak aurrekontuan eskuragarri dauden munten arabera ezarriko dira.

Hirugarrena.-Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Foru Komunitateko Administrazioko edo bere Erakunde Autonomoetako beste edozein organok ematen ahal dituen gainerakoekin.

Laugarrena.-Laguntza horiek emateko irizpideak hauek dira:

-Lehentasuna emanen zaie jatorrian, gaietan, interpreteetan edo adierazpenean berariaz Nafarroako jarduera kulturalak diren proiektuei.

-Lehentasuna izanen dute, halaber, aurreko ekitaldietan Nafarroako berariazko jarduera kulturalak burutzeagatik eta funtzionamenduagatik gasturik handiena izan duten zentroen proiektuek.

-Laguntzak emateko, kontuan hartuko da proposamena egin duen zentroaren bazkideen kopurua.

-Lehentasuna izanen dute sozietatearen egoitza eskuratzeko, hobetzeko edo altzariak jartzeko inbertsioek.

-Lehentasuna izanen dute gazteek sustatu dituzten proiektuek edota gazteentzat direnek.

-Berariaz hartuko dira aintzat Nafarren zentroen arteko elkarlotura eta lankidetza ekarriko duten proiektuak.

Bosgarrena.-Laguntza horien jasotzaileak izaten ahal dira ondoko baldintza hauek betetzen dituzten Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeak edo federazioak:

a) Elkartea legez eraturik egotea eta dagokion Erregistro Ofizialean erregistraturik egotea.

b) Irabazteko asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea jarduera kulturalak, kiroletakoak eta josteten arlokoak antolatzea izatea.

c) Era egokian onetsita dauden barne estatutuak izatea.

d) Erakundearen ordezkarien hautespena eta barneko funtzionamendua eskuhartze demokratikoaren bidez egiten dela bermatzea.

e) Gutxienez 50 bazkide aktibo eta ordaintzen dutenak izatea, salbu eta federazioen kasuan.

Seigarrena.-Laguntza hauek eskuratzeko interesa duten Nafarren Txoko, Biltoki edo Etxeek jarraian adieraziko den dokumentazioa aurkeztu behar dute Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan:

-Elkartearen legezko eraketaren ziurtagiria eta Erregistro Ofizialeko inskripzioa.

-Indarreko Estatutuak (ez da beharrezkoa aurkeztea lehenago hala egin bazen eta aldaketarik ez bada izan).

-Bazkide aktibo eta ordaintzen dutenen zerrenda, elkarteburuak edo idazkariak ziurtatuko duena.

-Zuzendaritza Batzordearen osaketa; batzorde hori estatutuen arabera hautaturik egonen da eta hori ere elkarteburuak edo idazkariak ziurtatuko du; eraketa horren data adierazi behar da.

Funtzionamendu eta finantza gastuetarako laguntzak eskatuko dituzten zentroek, adierazi diren horiek ezezik, ondokoak aurkeztu behar dituzte:

-2002ko ekitaldiko gastuen edo sarreren urteko aurrekontu arrunta.

-Aurrekontuan sartu diren kontzeptuen azalpen txostena.

Jarduera kulturalak, kiroletakoak edo josteten arlokoak egiteko laguntza eskatu duten zentroek, horiek ezezik, ondoko hauek aurkeztu behar dituzte:

-2002. urterako aurreikusi den egitarauaren azalpen txostena.

-Gastuen aurrekontu xehekatua.

-Zentroak aurreko hiru urteetan egin dituen jarduera kulturalen eta horien zenbatespen ekonomikoaren memoria laburtua. Ez da beharrezkoa izanen lehenbiziko bi urteetako erreferentziak ematea, baldin eta aurreko urteetako deialdietan aurkeztu badira.

Aparteko laguntzak eskatzen dituzten zentroek beraien proiektuaren azalpen txosten arrazoitua aurkeztu beharko dute eta txosten horretan horren aurrekontua eta eskatu duten laguntza adieraziko dituzte. Egin diren gastu handiagoetarako laguntzen eskabideen kasuan gertatu diren inguruabarrak eta eskaeraren arrazoiak adieraziko dira.

Dokumentazio horiek 2002ko apirilaren 8a baino lehenago aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuan.

Zazpigarrena.-Eskabide horiek organo kolejiatu batek aztertu eta neurtuko ditu; organo horrek proposatuko du zein laguntza emanen den.

Organo horretan Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Komunikabide zerbitzuko zuzendaria, Komunikabide Zerbitzuko Protokolo Ataleko burua, Komunikabide Zerbitzuko Izapide Administratiboen Bulegoko burua eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Ataleko burua egonen dira.

Eskabideei buruzko txostena egin ondoren, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, bidezko laguntzak emanen dira, aurrekontuan dagoen diruaren arabera. Araudian ezarri dena bete ez duten edota aipatu diruarekin bete ezin diren eskabideak ukatuko dira.

Erakunde onuradunak egin duen gastua justifikatu beharko du; horretarako jatorrizko fakturak aurkeztu behar ditu 2002ko abenduaren 31 baino lehen.

Laguntza horien abonamendua, frogagiriak onetsi ondoren, 30 eguneko epearen barruan eginen da.

Salbuespen gisa, eskaera justifikatua eginez gero eta onetsitako dirulaguntza onartu ondoren, emandako dirulaguntzaren erdia ordaintzen ahalko da, betiere gastuak justifikatutakoan.

Entitateren batek laguntzari aurten uko egiten badio, edo kontusailetan gerakinak badaude, beste laguntza batzuk ematen ahalko dira, organo kolejiatu proposatzaileak adostasun txostena luzatu ondoren.

Zortzigarrena.-Nafarren zentroek sustatu dituzten eta Foru Agindu honen arabera eman diren laguntzak jaso dituzten egitarauetan, gainerako argitalpenetan, iragarkietan eta abar, adierazi egin beharko da horiek Nafarroako Gobernuak babestuta daudela.

Bederatzigarrena.-Laguntza horien zenbatekoa 2002ra luzatutako 2001eko Gastuen Aurrekontuko ondoko lerro hauetan aurrekusitako kontsignazioak mugatuko du:

-Funtzionamenduagatiko eta jarduera kulturalengatiko gastuak: 010002-01400-4810-126900 kontusaila, 108.483 euro gehienez ere.

-Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 010002-01400- 7810-126900, 64.000 euro gehienez ere.

Hamargarrena.-Oinarri hauetan aurreikusirik ez dauden gaietan dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean oro har ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzkoa).

Hamaikagarrena.-Foru Agindu honen oinarrien kontra eta bere aplikazioaren ondoriozko ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Nafarroako Gobernuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: A0202240