I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
328/2002 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen aldetik berariazko programak garatzeko dirulaguntzetarako deialdi publikoaren arauak onesten dituena.
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak urtarrilaren 30ean emandako 328/2002 Ebazpenaren bidez, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen aldetik berariazko programak garatzeko dirulaguntzetarako deialdi publikoa onetsi da, oinarri hauei jarraikiz:
O I N A R R I A K
1.-Xedea. Deialdi honen xedea toki entitateei Nafarroako Gobernuaren diru-ekarpenak eskuratzeko aukera eskaintzea da, urtarrilaren 16ko 11/1987 eta apirilaren 20ko 98/1989 Foru Dekretuek arautzen duten moduan.
1.1. Berariazko programak garatzeko laguntza edo dirulaguntzak, aurrekontuetan dirurik bada, gizarte beharren maila haztatuaren arabera. Programa horiek finantzatzeko, kontuan hartuko dira langileen kostua eta kostu horren % 30, jarduera eta gastu orokorrak garatzeko, eta zenbateko horri ehuneko % 60ko dirulaguntza aplikatuko zaio.
1.2. 5.000 bizilagunetik beheitiko oinarrizko eskualdeetarako, eman beharreko zenbatekoa honelaxe kalkulatuko da: toki entitateek zenbateko osoaren zati bat hartuko dute beren gain (berariazko programen eta oinarrizko ekipoaren kostuak), populazioarekiko proportzioan, 950 pezeta bizilagun bakoitzeko, eta gainerakoa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ordaindu beharko du.
2.-Betebeharrak. gizarte zerbitzu oinarrizko baten jabe diren udal edo mankomunitate guztiek hartzen ahal dute parte deialdi honetan.
3.-Agiriak. berariazko programak egiteko agiri hauek aurkeztu beharko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan:
3.1. Eskualdeko udaletako alkatetza edo udalburutzen eskabide orokorra, berariazko programak egiteko, non dagokien zati proportzionala finantzatzeko konpromisoa adieraziko baitute.
Mankomunitateen edo udalez gaindiko bestelako elkarteen kasuan, bertako burutzak izenpetu beharko du eskabidea.
3.2. Memoria-proiektua, eskualdeak kasuan kasuko programari buruz dituen beharrak, aurrekontua eta udalek horretarako esleituriko kontusaila bilduko dituena.
3.3. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak espedientea hobekien ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiri guztiak eskatzen ahalko ditu.
4.-Ebazpena eta irizpideak.
4.1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Zuzendaritzak hiru pertsona, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zuzendariordetzari atxikiak, izendatuko ditu organo kolegiatu eskuduneko kide ebazpenaren proposamena egiteko. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Zuzendaritzak, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hilabeteko epearen barrenean, eman edo ukatzeko ebazpena emanen du. Ebazpen horien aurka errekurtso arrunta paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epearen barrenean.
Onarturiko dirulaguntzen ordainketa gisa, aurrerakin bat emanen da:
4.2. Harturiko berariazko programetarako espedienteen balorazioan, irizpide hauek aplikatuko dira:
4.2.1. Programaren bideragarritasuna eta errentagarritasuna.
4.2.2. Bizilagun kopurua.
4.2.3. Populazioaren sakabanatze eta zahartze mailak.
4.2.4. Laguntza beharra (etxez etxeko laguntzarako programa).
4.2.5. Eskatzaileek aurreko ekitaldian gizarte zerbitzuetan benetan gastaturiko diru-kopuruak.
4.2.6. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren aurrekontuan dagoen dirua.
5.-Frogagiriak.
2001. urtean dirulaguntza jaso duten toki entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte deialdi hau argitaratu eta hilabeteko epean.
5.1. Zerbitzuaren eta programen gastuen frogagiriak, horretarako luzatuko diren ereduen arabera.
5.2. Zerbitzuaren gastuen ziurtagiriak, Udal edo Mankomunitateetako idazkaritzak edo kontuhartzailetzak luzaturikoak.
5.3. Ogasunari egindako ordainketaren egiaztagiriaren fotokopia, dirua erreklamatu zaion kasuetan.
5.4.$2001eko urri eta azaroko bi TC2en fotokopia, dirulaguntzaren xede diren langileak adieraziko dituena.
5.5. Garaturiko programa bakoitzean eginiko jardueren memoria teknikoa.
6.-Onuradun diren udal eta mankomunitateak beharturik egonen dira:
a) Dirulaguntzaren xede den jarduera egitera edo horrek behartzen duen portaera izatera.
b) Jarduera egin duela edo portaera izan duela frogatzera eta dirulaguntzaren emakida edo erabilera ezartzen duten betebehar edo baldintzak betetzera.
c) Horretarako eskudun diren organoek dirulaguntza eman edo hartuei buruz egiten dituzten egiaztapenen menpe egotera.
d) Dirulaguntza eman duen organoari edo, beti ere, entitate kolaboratzaileari, helburu berarako beste dirulaguntzarik eskatu edo lortu duen jakinaraztera.
e) Kontabilitatean edo erregistro-liburuetan dirulaguntza kobratu dela erregistratzera, indarra duen arauteriaren arabera horren ardura izatera beharturik egonez gero.
Betetzen ez badira, dagokiena itzuli beharko dute.
7.-Dirulaguntza hauek bateragarriak dira edozein jatorritako bestelako dirulaguntzekin, baina horietariko batek ere edo guztiek elkarrekin ezin gaindituko dute programen kostua.
8.-Gastua 2002ra arte luzatu den 2001eko aurrekontuko 9240043-93300-4600-616400 kontusailaren bizkar izanen da. Horren kreditua 998.293.738 pezetakoa da.
9.-Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
10.-Deialdi honen eta hau burutzeko egintzen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluekin eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearekin bat.
11.-Deialdi honetan araututa ez dagoen orotan, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari segituko zaio, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.
Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita hogeita hamarrean.-Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Jiménez Bolea.
Iragarkiaren kodea: A0201221