31. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

34/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Espainiatik kanpoko Nafar Etxeendako 2002ko ekitaldian laguntza emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak beste estatu batzuetan dauden Nafar Etxeekin lankidetza harremanak izaten ditu, hango ekintzak bultzatzeko dirulaguntzen bidez, argitalpenak igorriz eta bestelako jarduera egitarauen bidez.

Nafar Etxeek Espainiatik kanpo egiten dituzten jarduerak mantendu eta bultzatzeak interes soziala duela iritzirik, bidezko da Nafar Etxeei dirulaguntzak emateko beste deialdi bat egitea, horrela kultur eta gizarte jarduerak, inbertsioak, funtzionamendu gastuak eta bestelakoak finantzatzeko.

2002. urterako luzatutako 2001eko Aurrekontu Orokorretan badago horretarako kontusail berariazko bat.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenen arabera, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Espainiatik kanpo dauden Nafar Etxeei eta haien federazioei laguntzak emateko deialdia onestea. Dirulaguntzak honako Foru Agindu honetan bildu diren arauetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

2. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren batean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

E R A N S K I N A

Espainiatik kanpo dauden Nafar Etxeei laguntza emateko 2002ko deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa.-Laguntzak honako helburu hauetan 2001ean sortu gastuak finantzatzeko erabiliko dira:

a) Nafar Etxeek edo haien federazioek egiten dituzten kultur, kirol eta gizarte jarduerak.

b) Hizlarien, artisten edo artista taldeen ekitaldiak, joan-etorriak eta egonaldiak.

c) Entitatearen ohiko jardueraren, lokalen erabilpenaren, alokairuen ondoriozko funtzionamendu gastuak eta finantzaketakoak.

d) Nafar Etxeen egoitzetako eraikitze eta hobetze obrak, baita altzariak paratzekoak ere, eta kultur, kirol edo gizarte jardueretarako ekipamenduak eta informatikako ekipoak eskuratzea.

e) Etxearen egoitzarako edo beste instalazio batzuetarako lokalak edo lurrak eskuratzea.

f) Nafar Etxeek bultzaturiko kultur, hezkuntza edo laguntza proiektuak, beraiek eginak edo beste entitate publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean.

g) Nafarren taldean laguntza bereziki behar duten pertsonei banakako laguntzak emateko planak.

Bigarrena.-Laguntza horiek bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen beste edozein organok xede berberetarako eman ditzakeen beste laguntza batzuekin.

Hirugarrena.-Hona hemen laguntza hauek emateko irizpideak:

-Jatorri, gai, interprete edo esanahiagatik Nafarroari lotutakoak diren kultur jardueren proiektuek izanen dute lehentasuna.

-Lehentasuna izanen dute gazteendako sustaturiko edo beraiei zuzenduriko proiektuek.

-Halaber, lehentasuna izanen dute atzerriko Nafar Etxe batzuen arteko harremanak eta lankidetza dakarten kultur, kirol eta gizarte jardueren proiektuek.

Laugarrena.-Laguntza hauek jaso ditzakete egoitza Espainiatik kanpo duten Nafar Etxeek edo beren federazioek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nortasun juridikoko elkarte edo entitate gisa legez eraturik eta dagokien erregistro ofizialean inskribaturik egotea.

b) Irabazi asmorik ez izatea, eta kultur, kirol edo gizarte jarduerak antolatzea izatea beren xede soziala.

c) Entitatearen izen ofizialean "Nafarroa" hitza izatea edo, bestela, horretatik eratorritako beste hitz bat, edo Nafarroako Foru Komunitatearekin soilik eta garbi lotutakoa.

d) Behar bezala onartutako barne estatutuak izatea.

e) Entitateko ordezkarien hautaketan eta barne funtzionamenduan parte hartze demokratikoa bermatzea.

f) Federazioen kasuan izan ezik, 30 bazkide aktibo eta kotizatzaile baino gehiago izatea.

Bosgarrena.-Laguntza hauek hartzeko interesa duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan:

a) Elkartea legez eratuta eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta dagoela azaltzen duen ziurtagiria.

b) Entitatearen indarreko estatutuak (ez da beharrezkoa aurkeztea aurretik hala egin bazen eta aldaketarik ez bada izan).

c) Kotizatzen duten bazkideen izen zerrenda, entitateko buruak edo idazkariak ziurtatua.

d) Estatutuen arabera hautaturiko Zuzendaritza Batzordearen osaketa, entitateko buruak edo idazkariak ziurtatua, eratze data adierazita.

e) 2001erako gastu eta dirusarreren aurrekontu arrunt eguneratua.

f) Banku kontuaren zenbakia, titular bakarra entitatea duena, laguntzarik emanez gero horren bidez ordaintzeko.

g) Foru Agindu honen 2. puntuko d), e), f) edo g) letren inguruko laguntzak eskatzen dituzten entitateek aurkeztu beharko dute, halaber, proiektu bakoitza azaltzen duen memoria bat, honakoak behintzat bilduko dituena:

-Proiektuaren motibazioa.

-Bere ezaugarrien azalpen zehatza.

-Gastuen aurrekontua.

-Aurreikusi den finantziazio bidea. Beste diru ekarpen batzuk, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz gain.

-Proiektua gauzatzeko egutegia.

Nafarroako Gobernuak proiektuak diruz lagunduko ditu bestelako finantziaziorik ez duten zatian bakarrik.

Agiriak aurkezteko epea 2002ko apirilaren 8an amaituko da.

Seigarrena.-Nafar Etxeek edo federazioek bultzaturiko jardueren egitarau, argitalpen, iragarki, seinalizazio euskarri eta abarretan, Foru Agindu honen arabera laguntzarik eman bazaie, Nafarroako Gobernuaren laguntza izan dutela agertaraziko da.

Zazpigarrena.-Eskabideak organo kolegiatu batek aztertu eta baloratuko ditu eta laguntzak ematea proposatuko du.

Organo horretan Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Komunikabide zerbitzuko zuzendaria, Komunikabide Zerbitzuko Protokolo Ataleko burua, Komunikabide Zerbitzuko Izapide Administratiboen Bulegoko burua eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Ataleko burua egonen dira.

Eskaerei buruzko txostena egin eta gero, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epean, laguntzak emanen dira aurrekontuan dagoen diruaren arabera, eta ukatu eginen dira arautegia betetzen ez dutenak edo aurrekontuko diru kopurutik kanpo gelditzen direnak.

Entitate onuradunak egindako gastua frogatu beharko du, jatorrizko fakturak 2002ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztuz.

Frogagiriak onartu eta gero, 30 eguneko epean ordainduko dira laguntzak.

Zortzigarrena.-Salbuespen gisa, eskaera justifikatua eginez gero eta onetsitako dirulaguntza onartu ondoren, emandako dirulaguntzaren erdia ordaintzen ahalko da, betiere gastuak justifikatutakoan.

Bederatzigarrena.-Entitateek eska dezakete laguntza jaso duten programetako gastuen artean Espainian sortzen direnak (hegazkin txartelak, egonaldiak, ordainsariak, argitalpenak, garraio-kostuak, e.a.) Nafarroako Gobernuak zuzenean ordain ditzala, horien zenbatekoa eman den dirulaguntzatik kenduta. Horrelako kasuetan, laguntza emateari buruzko ebazpenean zehaztuko da laguntza horren zein zati izanen den Nafarroako Gobernuak zuzenean ordaintzeko Espainian sortutako gastuak.

Hamargarrena.-Laguntza horien zenbatekoa 2002ra luzatutako 2001eko Gastuen Aurrekontuko ondoko lerro hauetan aurrekusitako kontsignazioak mugatuko du:

-Funtzionamenduagatiko eta jarduera kulturalengatiko gastuak: 010002-01400-4810-134300 kontusaila, 132.000 euro gehienez ere.

-Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 010002-01400-7810-126900 kontusaila, 28.069 euro gehienez ere.

Hamaikagarrena.-Oinarri hauetan aurreikusirik ez dauden gaietan dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean oro har ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzkoa).

Hamabigarrena.-Foru Agindu honen oinarrien kontra eta bere aplikazioaren ondoriozko ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Nafarroako Gobernuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: A0202239