24. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

3/2002 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 7koa, "Saratsako bide-sariaren eremuko azpiegitura handitzeko proiektuak" ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapena egiteko, presakoa dela deklaratu eta "Autopistas de Navarra, S.A." desjabetzapenaren onuradun izendatzen duena.

"(AUDENASA) Autopistas de Navarra, S.A.k", Nafarroako Autobidea eraiki, kontserbatu eta ustiatzeko kontzesioa baitu, behar diren tramiteak hasteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari "Saratsako bide-sariaren eremuko azpiegitura handitzeko proiektuak" bildutako obrak egiteko behar diren ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, kontzesionarioa desjabetzapen onuradun deklara dezan eta desjabetu beharreko ondasunen presako okupazioa erabaki.

A-15 autobideko erabiltzaileentzat bide-sariaren balioa gutxitzearren, 1997ko abendutik aitzina, aipatu sozietateak Nafarroako Gobernuarekin sinatu dituen akordioen ondorioz, nabarmen handitu da trafikoa. Laster, autobide hori ez da nahikoa izanen eta ordainleku batzuetako zerbitzuaren maila gutxituko da, hala nola Saratsakoa, zeina ezinean baitabil eta handitzeko premia baitu. Horretxek justifikatzen du aipatu proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratu beharra.

Orobat, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 2. artikuluan xedatutakoari jarraituz, bidezko da "Autopistas de Navarra, S.A." desjabetzapenaren onuradun izendatzea, legezko ondorio guztiekin.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 2 eta 52. artikuluetan, haren Erregelamenduan bat heldu direnetan eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluan aurreikusiari jarraituz, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko urtarrilaren zazpiko bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. "Saratsako bide-sariaren eremuko azpiegitura handitzeko proiektuak" ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen da, nahitaezko desjabetzapenaren ondorioetarako.

2. artikulua. "Autopistas de Navarra, S.A." izendatu da desjabetzapenaren onuradun. Bereak izanen dira legez dagozkion eskubide eta betebeharrak, espedienteak iraun bitartean ondorio guztiekin.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0200491