24. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko urtarrilaren 21ekoa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Juan José Albistur Tomé jauna Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Onkologia Medikoaren Ataleko buru izateko izendapena baliorik gabe uzten duena.

Kasuko deialdian ezarritakoari jarraikiz, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, 2000ko martxoaren 13an eman eta 2000ko apirilaren 17ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (47. zk.) argitaratutako Ebazpenaren bidez, Juan José Albistur Tomé jauna funtzionario izendatu zuen, Onkologia Medikoaren Ataleko buru izateko. Lanpostu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitalean du destinoa, 67494 plantilla-zenbakia.

Oposizioaldiko lehen ariketa kalifikatu zuen Epaimahaiaren erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarrita, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak (95/00 autoak) 2001eko urriaren 1ean epaia eman zuen (epaian 2000. urtea ageri da oker). Horren epaitzak, errekurtso-egilearen asmoa baiesten delarik, hauxe dio: "egintza hori baliorik gabe uzten da, zuzenbidearen aurkakoa baita, eta jarduketetan atzera egitea erabakitzen, Oroit-idazkiaren azalpen eta defentsa egiteko unera arte, ariketa hori berriz ere egin eta kalifikatu beharko baita." Baliogabetze horren ondorioz, hautapen prozesuan gertatutako ondorengo egintzak ere baliorik gabe utzi behar dira, besteak beste, aipatu izendapena."

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2001eko azaroaren 26an emandako Ebazpenaren bidez, aipatu epaian adierazitakoa betearaztea agindu da eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari adierazi zaio epaitza hartan erabakitakoa betearaz dezala, beharrezko diren jarduketen bitartez. Hortaz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak proposaturik, bidezkoa da 2000ko martxoaren 13ko Ebazpenaren bidez egindako izendapena baliorik gabe uztea.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak urriaren 13an emandako 201/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 2001eko urriaren 2an emandako epaia betearaztea eta, horrenbestez, Juan José Albistur Tomé jauna Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Onkologia Medikoaren atalburu izendatzeko egintza baliorik gabe uztea. Erabaki horrek 2002ko urtarrilaren 15etik aurrera izanen ditu ondorioak.

2. Ebazpen hau jakinaraztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleko Langileri Zuzendaritzari eta Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Langileri Zerbitzuari eta interesatuari, eta azken horri adieraztea Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko duela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, hori guztia urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita batean.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

Iragarkiaren kodea: A0200952