24. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko otsailaren 12koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, mahastiak legeztatzekoa.

Kontseiluak, 1999ko maiatzaren 19ko 1493/1999 EE Erregelamenduaren bidez, Europako Batasuneko mahatsondo eta ardoaren merkatuaren antolamendua ezarri zuen. Batzordeak, 1227/2000 EE Erregelamenduaren bidez, Erregelamendu hura aplikatzeko xedapenak garatzen ditu, ekoizpenaren gaitasunari dagokionez. Abuztuaren 4ko 1472/2000 Errege Dekretuko 11, 12 eta 13. artikuluek mahatsondo ekoizpenaren gaitasuna legeztatzen dute. Erregelamendu eta Dekretu horiek mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari aplikatzeko arautegi berri bat osatu dute. Horren aurreikuspenen artean mahastiak legeztatzeko prozedura dago.

Nafarroan mahasti legeztatugabeak atzeman direnez, oso gutxi badira ere, beharrezkoa da prozedura bat irekitzea Nafarroako Mahastien Erregistroan inskribaturik ez dauden mahastien titularrek, ezarririko epean, beren mahastiak inskriba ditzaten, Europako Batasuneko arautegiko baldintzetan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 b) artikuluak eman dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da Nafarroako Mahastien Erregistroan inskribaturik ez dauden mahastiak legeztatzeko prozedurari buruzko arauak ematea, "Nafarroa" Jatorrizko Deiturak eta "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babesturiko aldeetan.

2. artikulua. Zer mahasti inskribatzen ahal diren.

1. Foru Agindu honen arabera Mahastizaintza eta Enologia Zentroko Mahasti Erregistroan inskribatzen ahalko dira landurik dauden mahasti-lurzatiak, ekoizpen egoera egokian, 1998ko irailaren 1a baino lehen landatu badira eta lehenagotik Mahastien Erregistroan inskribaturik ez badaude.

2. 1. idatz-zatian aipatzen diren mahastiak inskribatzen ahalko dira, interesatuak eskaturik, betebehar hauek betetzen badituzte:

a) Eskatzaileak bere ustiategian (baita lehenbiziko gradurainoko senideen ustiategietan ere) inskribaturiko mahastiak kentzeagatik berriro lantzeko eskubiderik badu, eskubide horiek ekarri behar ditu, inskribatu asmo duen eremuaren adinakoak, eta dagokion isuna pagatu, Foru Agindu honetako 5. artikuluarekin bat.

b) Eskatzaileak bere eskubideak eskualdaketaren bidez bereganatu baditu, legeztatu beharreko eremuaren halako 1,5 ekarri beharko du.

c) Eskatzaileak, antzinako eskubide erabiligabeen eta berezko eskubideen titularra bada, agiri batzuk ekarri beharko ditu, 1984ko urriaren 1etik 1998ko abuztuaren 31ra bitarte mahasti-lurzatiak eduki, horiek kendu, berriro lantzeko eskubiderik sortu ez eta kentzeagatik saririk ez duela hartu frogatzen dutenak. Kasu horretan, legeztatu beharreko eremuaren adinako eskubideak ekarri beharko ditu eta Foru Agindu honetako 5. artikuluarekin bat dagokion isuna pagatu.

d) Eskatzaileak Eskualdeko Erreserbatik berriro landatzeko eskubiderik bereganatu badu, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan 4.002 euro pagatu beharko ditu inskribatu beharreko "Errioxako" hektarea bakoitzeko, eta 3.002 euro inskribatu beharreko "Nafarroako" hektarea bakoitzeko, Erreserbatik berriro landatzeko bereganaturiko eskubideengatik.

3. artikulua. Inskribatzeko eskabideak.

1. Legeztaturik gelditzeko eskabidea Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroa izeneko erakunde autonomoko zuzendariari igorriko zaio.

2. Mahastiaren jabeak edo errentariak, jabearen baimena badu, eskatzen ahalko dute inskribatu dadila.

3. Inskribatzeko eskubideak Nafarroako udalerrietako lurzatietarako izanen dira, beti ere "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatua edo "Nafarroa" Jatorrizko Deitura ekoizteko aldeetan badaude.

Lurzatietarako eskabide bana aurkeztu beharko da.

4. Eskabideak aurkezteko epea Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2002ko martxoaren 31n bukatuko.

5. Eskabideko inprimakiak eta beste agiriak Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko bulego nagusian daude, Erriberrin, eta eskualdeetako bulegoetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren arloetako bulegoetan, eta legez gaiturik dauden gainerako erregistro publikoetan ere bai.

4. artikulua. Agiriak.

Mahastia inskribatzeko eskabideekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo bestela eskatzailearen edo, hala bada, jabearen Identifikazio Fiskalerako Kodea.

b) Eskatzailearen konpromiso espresu eta idatzia, inskribaturiko mahastia zuzenean lantzeko eta gutxienez ere bost urtez ez aldatzeko, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak aintzakotzat harturiko ezinbesteko gorabeherengatik ez bada.

c) Lurzatiak kreditatzen dituzten agiriak, Landa Lurren Katastroko orri gaurkotuaren edo eskritura publikoaren bidez.

d) Lurzatiak eskatzailearenak ez badira, jabearen baimena aurkeztu beharko da lurzatia inskribatzeko.

e) Dirurik pagatu behar bada, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak adierazten duen kontuan dirua sartu duela frogatzen duen ordain-gutuna. Ordainketa hori Nafarroako Foru Komunitatearendako dirusarrera publikotzat joko da.

5. artikulua. 1493/1999 EE Erregelamenduko 2.2.a) eta c) artikuluen arabera eta 2.4 artikuluarekin bat eskaturiko lurzatietarako, legeztaturik gelditzeko eskabidearekin batera, Administrazioaren aginduzko baimena gabe landatzean eginiko arau-hausteagatik bidezko den zehapen prozedurari ekinen zaio. Horretarako Mahatsondo, Ardo eta Alkoholen Estatutuko 25/1970 Legea, hori aplikatzeko Erregelamendua eta kontsumitzaileen defentsaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren arloko arau-hauste eta zehapenak legeztatzen dituen 1945/1983 Errege Dekretua hartuko dira oinarri.

Abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan ezarririko zehapen prozedura erabiliko da. Horren bidez nekazaritza, abeltzaintza eta nekazaritzako elikagaien arloko zehapen prozedura administratiboa onetsi zen.

Prozedura hori bukaturik eta eskatzaileari isunaren zenbatekoa jakinarazirik, horrek pagatu egin beharko du eta ordain-agiria aurkeztu, legeztatzeko espedientearen ebazpenarekin segitzeko.

6. artikulua. Nafarroako Mahastien Erregistroan ez inskribatzeko arrazoiak.

Ez dira Nafarroako Mahastien Erregistroan inskribatuko:

a) Europako Batasuneko eta Estatuko mahastizaintza eta ardogintzari buruzko arautegia betetzen ez duten eskatzaileak. Administrazioaren baimenik gabe 1998ko irailaren 1az geroztik landaturiko mahastiak lurzatiaren jabeak kenduko beharko ditu, legez kanpoko landaketaren arduradunari mahastia kentzeko kostua erreklamatzeko eskubidea galarazi gabe. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak mahastia kendu beharra betetzen ahalko du subsidiarioki, jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epean, lurzatiaren jabeak bere egitekoa egin ez badeza. Hori dena dagozkion isunak galarazi gabe.

b) Mahastiak behin betikoz kentzeko saria hartu duten eskatzaileak edo berriro landatzeko eskubideak eskatu dituztenak, inskribatu nahi duen mahastia landatu aurreko bost kanpainetan.

c) Eskatzailea jabea ez beste duten eskabideak, haren baimena aurkezten ez denean.

d) Hiri lurzorutzat edo lurzoru urbanizagarritzat jotzen diren lurzatiak.

e) Osorik ez dauden eskabideak, akatsak dituztenak edo datuetan faltsukeria atzematen zaienak.

7. artikulua. Inskripzioa mugatzeko irizpideak.

1. Eskabide guztiek kasuan kasuko Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileen indarreko arautegia bete beharko dute, bereziki landaketaren trinkotasunari, barietateari eta antzinako eta ohiko ureztaketa lurretan eta lantzeko gaitasun teknikorik ez duten baratzeetan landatzeko debekuari dagokienez.

2. Inskribatu beharreko mahastiko lurzatiaren gutxieneko eremua 6,5 ha.koa izanen da. Hala ere, oraingo mahastiko lurzati bat osatzen denean, txikiagoak diren eremuak onartuko dira.

3. Berezko eskubiderik aurkezten ez denean, eskatzaileak berriro landatzeko eskubiderik ez du eduki beharko erreserban, salbu eta eskaturikoa osatzeko behar adina ez dituenean.

8. artikulua. Eskabideen gaineko Ebazpena.

1. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroa deritzon erakunde autonomoari dagokio legeztaturik gelditzeko eskabiden gainean ebatzi eta Foru Agindu hau betearazteko behar diren gainerako jarduketak egitea.

2. Eskabideen gainean Ebazpena eman eta Administrazioaren Ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea 2002ko uztailaren 31 artekoa da. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, interesatuak ulertzen ahalko du ukatu egin zaiola eskabidea Administrazioaren isiltasunaren bidez, ez baita bidezko mahastirik legeztatzea mahastiko lurzatiak legeztatzea mahatsondo eta ardoaren merkatuaren antolamenduari buruzko Europako Batasunaren kontra.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hamabian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0201544