24. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I T U R M E N D I

Herrilurrei buruzko ordenantzako aldaketa

Iturmendiko Udalak, uste izanik herrilurretako aprobetxamenduei buruzko ordenantza argitu beharra dagoela nahasketak sor ditzakeelako, 2001eko urriaren 31n egin osoko bilkuran erabaki du, aho batez, 6/1990 Foru Legeko 327. artikuluan oinarrituta, ordenantza horren azalpen eta aldaketa hauek onestea:

a) 47. artikuluan aipatzen den bazkalekuen lur- saria aldatuko da:

Iparberoki: 2.000 pezeta.

Elordi-Gaztainatxikieta: 32.000 pezeta.

Elordi-Karape: 25.000 pezeta.

Sanpedroalde: 10.000 pezeta.

Sarateburu: 55.000 pezeta.

Ilarraldi: 35.000 pezeta.

Axerizuloeta: 98.000 pezeta.

Otadi 1 eta Otadi 2: 105.000 pezeta.

Dendarisoro-Bordalde-Teilalde: 7.000 pezeta.

Erreserba gisara utzitako finkek, adjudikatuz gero, lur-sari hau izanen dute:

Basagale: 10.000 pezeta.

Ereitz: 2.500 pezeta.

Itsasondo: 2.500 pezeta.

b) 43. artikulua interpretatzean, 1988-1993ko ordenantza onestean izandako irizpide bera izanen da kontuan: adjudikazioa ez da interesatu bakoitzaren ahalmen ekonomikoan oinarrituko; ahalmen ekonomiko handiagoa duten pertsonek ez dituzte herrilurretako larre gehiago eskuratuko, horrek beste interesatu batzuekiko bidegabekeria sortzen baitu. Eta enkanteak, hain zuzen, ahalmen ekonomiko handiagoa duten pertsonen alde egiten du.

Iturmendiko Udalaren herrilurretako larreen aprobetxamendua honela esleituko da:

1. Herritarrendako esleipen zuzena eginez.

2. Interesatuek elkar hartuta (esleipen zuzena egin eta geratzen diren lurzatiak).

3. Zozketaz. Geratzen diren lurzatiak. Zer finka interesatzen zaion, finka haren zozketan emanen du izena pertsona bakoitzak. Ondorengo zozketetan, interesatu guztiek hartzen ahal dute parte, nahiz eta aurretik larre bat esleitua izan, betiere beharra badute.

4. Enkanteaz. Geratzen diren lurzatiak. Ahozko posturen bidez eginen da eta 1.000 pezetakoak izanen dira posturak 10.000 pezetako lur-saria edo txikiagoa duten finketan, eta 5.000 pezetakoak, berriz, 10.000 pezeta baino lur-sari handiagoa dutenetan.

Pertsona bati bere beharrak betetzeko adina lur esleitzen bazaio, betiere banaketa proportzionala bada interesatu guztien artean, ezin izanen du ondorengo esleipenetan esku hartu.

c) Esleipena zortzi urtetarako izanen da, erreserbakotzat jotako larreetan izan ezik, horietan urtebetekoa izanen baita.

Kontratu guztietan ezarriko da ezen esleipen hartzaileak utzi eginen duela herrilurretako bere larrean sar dadin Iturmendiko udal mugapean lotu gabe dabilen azienda guztia, baldin eta berea bada gertuen dagoen herrilurra.

Orobat, 2001eko abenduaren 4an egin bilkuran erabaki zen berariazko zehapen bat ezartzea etxeetarako egurra dela eta.

Ordenantzako V. tituluan ezarritako zehapenez gain, arauz kanpoko edozein ekintza (hala nola, besteren egurra, markatu gabeko zuhaitzak edo bere lotekoak ez diren zuhaitzak hartu) egindako pertsonak ezin izanen du egur lote bat hartu arau-haustea egin ondoko urtean.

Iturmendin, bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian. Alkatea, Julen Galarza Otxoa.

Iragarkiaren kodea: A0200371