24. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

10/2002 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 14koa, Galipentzuko Udalaren 294 metro koadroko herrilurraren onura soziala deklaratu eta bere desafektazioa onesten duena, gero María Luisa Beroiz Gamboa andreari saltzeko.

Galipentzuko Udalak 294 metro koadroko herrilurra desafektatzeko onespena eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Lur hori 4. poligonoko 425. lurzati osoari dagokio eta herrigune berrian dago.

Proposatutako desafektazioaren helburua lurzati hori María Luisa Beroiz Gamboa andreari saltzea da, herriko sarrera eta ondo-ondoko etxebizitzak dituen lurrak urbanizatzeko.

Galipentzuko Udalak zorrotz bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko urtarrilaren hamalauko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Galipentzuko Udalaren 294 metro koadroko herrilurraren onura soziala deklaratu eta bere desafektazioa onestea. Lur hori 4. poligonoko 425. lurzati osoari dagokio eta herrigune berrian dago.

2. artikulua. Baimena ematen zaio Galipentzuko Udalari desafektatutako lurzati hori María Luisa Beroiz Gamboa andreari saltzeko, herriko sarrera eta ondo-ondoko etxebizitzak dituen lurrak urbanizatzeko.

3. artikulua. Desafektazioaren onespena Galipentzuko Udalak gai honetaz onetsitako baldintza plegua hertsiki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinetan adierazten baita herrilur hori herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira. Klausula hori kontratua eratzen duen agiri publikoan agertu beharko da eta Jabetza Erregistroan inskribatu.

4. artikulua. Galipentzuko Udalak espediente honen xede diren lurren mugak jarri beharko ditu, katastroko kartografia ofizialean agertuko da eta aldaketaren berri eman beharko zaie Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0200784